Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

39. PASARTEA

Israelgo lehen erregea

Israelgo lehen erregea

Jehobak epaileak ezarri zizkien israeldarrei herria gidatzeko, baina erregea eduki nahi zuten. Horregatik Samueli esan zioten: «Inguruko herrialde guztiek erregeak dituzte. Guk ere bat nahi dugu». Samueli gaizki iruditu zitzaionez, Jehobari horri buruz otoitz egin zion. Jehobak erantzun zion: «Jendeak ez zaitu zu baztertu. Ni baztertu nau. Esaiezu erregea izan dezaketela, baina jakin dezatela erregeak gauza asko eskatuko dizkiela». Hala eta guztiz ere, jendeak esan zuen: «Bost axola guri! Erregea nahi dugu!».

Jehobak lehendabiziko erregea Saul izeneko gizona izango zela esan zion Samueli. Hortaz, Saul Ramara joan zenean Samuel bisitatzera, Samuelek gantzutu egin zuen olioa buruan isuriz.

Geroago, Samuelek israeldarrak elkartu zituen errege berria aurkezteko. Baina ezin izan zuten Saul aurkitu. Ba al dakizu zergatik? Tresneria artean ezkutatuta zegoelako. Azkenik, aurkitu zutenean, jendearen erdian jarri zuten. Saul inor baino altuagoa zen, oso gizon ederra. Samuelek, orduan, esan zuen: «Begiratu Jehobak aukeratu duen erregeari». Jendeak garrasi egin zuen: «Gora erregea!».

Hasiera batean, Saul erregeak Samuelen esana bete eta Jehoba obeditu zuen. Baina, gero, aldatu egin zen. Adibidez, behin, Saulek opariak aldarean jarri zituen nahiz eta hori egiteko baimenik ez zuen. Samuelek berari itxaroteko esana zion, baina Samuel laster etorri ez zenez, Saulek eskaintzak bere kabuz egitea erabaki zuen. Zer egin zuen Samuelek orduan? Honakoa esan zion: «Ez zenuen Jehoba desobeditu behar». Ikasiko ote zuen Saulek bere akatsetik?

Beranduago, Saul amalektarren aurka borrokatzera joan zenean, Samuelek den-denak hiltzeko esan zion. Baina Saulek Agag erregea ez hiltzea erabaki zuen. Jehobak, orduan, esan zion Samueli: «Saulek baztertu egin nau eta ez du nire esana betetzen». Samuelek, oso triste, Sauli esan zion: «Jehobaren esana betetzen ez duzunez, beste errege bat aukeratuko du». Samuelek joateko buelta eman zuenean, Saulek soingaineko ertzetik heldu eta puska bat kendu zion. Hortaz, Samuelek esan zion: «Jehobak horrela kendu dizu erregetza». Jehobak bera maitatu eta obedituko zuen norbaiti emango zion erregetza.

«Opariak egitea baino hobe haren esana egitea» (1 Samuel 15:22).