Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

47. PASARTEA

Jehobak Elias sendotu zuen

Jehobak Elias sendotu zuen

Jezabel asko haserretu zen Baalen profetei gertatutakoa entzutean. Beraz, Eliasi mezu hau bidali zion: «Bihar hilda egongo zara Baalen profetak bezalaxe». Beldurraren beldurrez, Eliasek basamortura ihes egin eta, han, otoitz egin zuen: «Jehoba, ezin dut gehiago jasan. Utzidazu hiltzen». Nekearen ondorioz, loak hartu zuen zuhaitz baten azpian.

Aingeru batek Elias esnatu eta goxo-goxo esan zion: «Jaiki eta jan ezazu». Eliasek harri beroen gainean zegoen opila eta urez betetako pitxarra ikusi zituen. Jan eta edan ondoren, lotara joan zen. Aingeruak berriro esnatu eta esan zion: «Jan ezazu, bidaiarako indartzea behar duzu eta». Beraz, Eliasek zertxobait gehiago jan zuen. Ondoren, 40 egun eta 40 gauez bidaiatu zuen Horeb mendira iritsi arte. Han, Elias leizezulo batera sartu zen lotara. Jehobak, orduan, esan zion: «Zertan ari zara hemen, Elias?». Eliasek erantzun: «Israeldarrek zuri egindako promesa hautsi dute. Zure aldareak suntsitu eta profetak hil dituzte. Ni hil nahian ere badabiltza».

Jehobak esan zion: «Irten eta zaude zutik mendian». Hasieran, haize zakar indartsuak jo zuen. Ondoren, lurrikara izan zen eta, gero, sua. Azkenik, Eliasek ahots lasai eta goxo bat entzun zuen. Aurpegia estali zuen jantziaz eta leizearen kanpoaldean gelditu zen. Orduan, Jehobak ihes zergatik egin zuen galdetu zion. Eliasek erantzun: «Ni naiz gelditzen den profeta bakarra». Baina Jehobak orduan: «Ez zaude bakarrik. Ni gurtzen nauten beste 7.000 lagun daude. Zoaz eta izendatu Eliseo zure ordez profeta izateko». Berehala, Elias Jehobak esandakoa egitera joan zen. Zer uste duzu zuk? Lagunduko ote dizu Jehobak zuri ere bere esana egiten duzunean? Bai, noski! Orain, itzul gaitezen lehorte garaiko gertakizun harrigarri batera.

«Ez eduki ezeren kezkarik, baizik eta, gorabehera guztietan, agertu Jainkoari zeuen eskabideak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez» (Filipoarrei 4:6).