Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

50. PASARTEA

Jehobak Josafat defendatu zuen

Jehobak Josafat defendatu zuen

Josafatek, Judako erregeak, Baalen aldareak eta irudiak suntsitu zituen bere lurraldean. Jendeak Jehobaren legeak ezagutzea nahi zuenez, funtzionarioak eta lebitarrak bidali zituen Judako lurralde guztira hauek irakasteko.

Inguruko nazioak Juda erasotzeko beldur ziren. Izan ere, bazekiten Jehoba bere herriarekin zegoela. Josafat erregeari opariak ere egiten zizkioten. Baina, orduan, moabdarrak, amondarrak eta Sir eskualdekoak Judaren aurka hasi ziren borrokan. Josafatek bazekien Jehobaren laguntza behar zuela. Hortaz, gizon, emakume eta haur guztiak bildu zituen Jerusalemen eta beraien aurrean otoitz egin zuen: «Jehoba, zure laguntzarik gabe ezingo dugu irabazi. Esaguzu, arren, zer egin behar dugun».

Jehobak otoitza erantzun zuen: «Ez izutu. Lagundu egingo zaituztet. Zeuen lekuan jarri, egon bertan geldi eta ikusiko duzue nola salbatzen zaituztedan». Nola salbatu ote zituen Jehobak?

Hurrengo goizean, Josafatek kantariak aukeratu zituen eta gudarostearen aurretik joateko agindu zien. Jerusalemdik gudu-zelaira abiatu ziren Tekoa izeneko lekura.

Kantariak Jehoba pozaren pozez ozenki goresten ari ziren bitartean, Jehobak bere herriaren alde egin zuen borroka. Amondarrak eta moabdarrak hainbeste nahastu zituen, beraien artean borrokatzen hasi zirela. Ez zen bat bera ere bizirik atera! Baina Jehobak Judako jendea, gudariak eta apaizak babestu zituen. Hortaz, inguruko nazioetako jende guztiak izan zuen Jehobak egin zuenaren berri eta bere herria defendatzen jarraitzen zuela jakin zuten. Nola jarraitzen du Jehobak bere herria salbatzen? Era askotara. Ez du gizakiaren laguntzarik behar hau egiteko.

«Oraingoan, borroka ez duzue zuek egingo. Egon bertan geldi, eta ikusiko duzue nola salbatzen zaituzten Jaunak» (2 Kronikak 20:17).