Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

58. PASARTEA

Jerusalem suntsitua

Jerusalem suntsitua

Judako jendeak Jehoba utzi eta jainko faltsuak gurtzen zituen behin eta berriz. Jehobak urteak eman zituen lagundu nahian. Profeta asko bidali zizkien abisua emateko, baina ez zuten kasurik egin. Horren ordez, profetei burla egiten zieten. Hortaz, nola bukatu zuen Jehobak idolatriarekin?

Babiloniako erregea, Nabukodonosor, herri bat bestearen atzetik menperatzen ari zen. Jerusalem garaitu zuen lehen aldian, Joiakin erregea, buruzagiak, gudariak eta artisauak harrapatu eta Babiloniara eraman zituen, baita Jehobaren tenpluko altxorrak ere. Ondoren, Nabukodonosorrek Judako errege egin zuen Sedekias.

Hasiera batean, Sedekiasek Nabukodonosor obeditu zuen. Baina inguruko herriek eta profeta faltsuek Babiloniaren aurka altxatzeko aholkatu zioten. Jeremiasek, orduan, ohartarazi zion: «Heriotza, gosea eta gaixotasunak izango dira Judan bere kontra altxatzen bazara».

Zortzi urtez agintean egon ondoren, Sedekiasek Babiloniaren aurka altxatzea erabaki eta Egiptoko gudarosteari laguntza eskatu zion. Gero, Nabukodonosorrek bere gudarostea Jerusalem erasotzeko bidali zuen eta hiriaren inguruan kanpatu zuten. Jeremiasek, orduan, esan zion Sedekiasi: «Babiloniaren menpe jartzen bazara, zu eta hiria salbatuko zaretela dio Jehobak. Baina ez bazara errenditzen, babiloniarrek Jerusalem erre eta preso hartuko zaituzte». Sedekiasek erantzun zion: «Ez naiz errendituko!».

Urte eta erdi pasa ondoren, harresian zuloa ireki eta hirian sartu zen babiloniarren gudarostea Jerusalemi su emanez. Tenplua erre, jende ugari hil eta milaka hiritar preso eraman zituzten.

Sedekiasek Jerusalemdik ihes egin zuen baina babiloniarrak atzetik bila joan ziren. Jerikotik gertu zegoela, harrapatu eta Babiloniako erregearengana eraman zuten. Nabukodonosorrek aginduta, Sedekiasek bere semeak nola hiltzen zituzten ikusi zuen. Ondoren, erregeak Sedekias itsutu eta presondegian sartu zuen. Bertan hil zen beranduago. Hala ere, Jehobak Judako herriari promestu zion: «70 urte pasa ondoren, Jerusalemera itzularaziko zaituztet».

Zer gertatu zitzaien Babiloniara eraman zituzten gazteei? Izango ote zitzaizkion Jehobari leial?

«Jauna, Jainko ahalguztiduna, zure epaiak egiazkoak eta zuzenak dira!» (Apokalipsia 16:7).