Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

62. PASARTEA

Zuhaitz handiaren moduko erreinua

Zuhaitz handiaren moduko erreinua

Gau batez, Nabukodonosorrek zeharo izutu zuen ametsa izan zuen. Jakintsu guztiei deitu zien ametsaren esanahia jakiteko. Baina inork ezin izan zion argitu. Azkenik, erregeak Danielekin hitz egin zuen.

Nabukodonosorrek esan zion Danieli: «Zeruraino hazi zen zuhaitz bat ikusi nuen ametsean. Munduaren azken ertzetik ere ikus zitekeen. Hosto ederrak eta fruitu ugari zituen. Animaliak haren itzalean atseden hartu eta hegaztiek haren adarretan egiten zituzten habiak. Ondoren, aingeru bat jaitsi zen zerutik honakoa oihukatuz: “Bota zuhaitza eta moztu bere adarrak. Baina utzi zuhaitzondoa bere sustraiekin eta lotu burdinazko eta brontzezko kateez. Zuhaitzaren ulertzeko gaitasuna gizakiarena izatetik abereena izatera aldatuko da eta zazpi urtez biziko da horrela. Bizidun guztiek jakingo dute Jainkoa dela agintaria eta nahi duenari ematen diola erregetza”».

Jehobak ametsaren esanahia Danieli azaldu zion. Ametsa ulertu zuenean, guztiz beldurtuta, esan zuen: «Ene erregea, amets hau zure etsaientzat izatea nahiko nuke, baina zuri buruzkoa da. Zu zara bota zuten zuhaitza. Erregetza galdu eta, basapizti batek bezalaxe, belarra jango duzu. Baina aingeruak zuhaitzondoa bere sustraiekin uzteko agindu zuenez, errege izango zara berriz ere».

Handik urtebetera, jauregiaren teilatu lautik Babilonia zein polita zen ikusten ari zela, Nabukodonosorrek esan zuen: «Hona hemen nik eraiki dudan hiri ederra. Ni bai bikaina!». Hitz egiten ari zen bitartean, ahots batek esan zion zerutik: «Nabukodonosor! Oraintxe galdu duzu zeure erregetza!».

Momentu hartan bertan, burua galdu eta Nabukodonosor basapiztien antzeko bihurtu zen. Jauregitik indarrez bota zuten eta basapiztiekin batera bizi behar izan zuen. Ilea arranoaren lumak bezain luze egin zitzaion. Azkazalek, berriz, hegaztien atzaparrak ziruditen.

Zazpi urteak pasa ondoren, Nabukodonosor gizakiak bezala jokatzen hasi zen eta Jehobak Babiloniako errege egin zuen berriro. Gero, Nabukodonosorrek esan zuen: «Jehoba, zeruko Erregea, goresten dut. Orain badakit Jehoba dela guztiaren agintaria. Harroak beheratu egiten ditu eta nahi duenari ematen dio erregetza».

«Harropuzkeriaren ondoren hondamendia, handikeriaren ostean erorketa» (Esaera Zaharrak 16:18).