Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

63. PASARTEA

Hormako hitz misteriotsuak

Hormako hitz misteriotsuak

Denborarekin, Beltxatzar Babiloniako errege bihurtu zen. Gau batean, mila gonbidaturentzako festa egin zuen. Lurraldeko pertsonarik garrantzitsuenak ziren. Jehobaren tenplutik Nabukodonosorrek eraman zituen urrezko ontziak ekartzeko agindu zien erregeak zerbitzariei. Beltxatzar eta gonbidatuek ontzi haietatik edan eta beraien jainkoak gurtu zituzten. Orduan, bat-batean, gizon baten eskua agertu eta jangelako horman hitz misteriotsuak idazten hasi zen.

Beltxatzar zuri-zuri jarri zen. Aztiei deitu eta promestu zien: «Hitz hauen esanahia azaltzen didana, Babiloniako hirugarren pertsonarik garrantzitsuena egingo dut». Saiatu arren, inork ezin izan zituen hitz haiek azaldu. Gero, erregina etorri zen hau esanez: «Badago Daniel izeneko gizon bat. Nabukodonosorri ametsen esanahia eta asmakizunak argitzen zizkion. Hitz hauen esanahia azalduko dizu».

Daniel erregearen aurrera joan zen. Beltxatzarrek esan zion: «Hitz hauek irakurri eta azaltzen badizkidazu, urrezko lepoko bat emango dizut eta Babiloniako hirugarren gizonik garrantzitsuena egingo zaitut». Danielek erantzun zion: «Ez dut oparirik nahi, baina hitzen esanahia azalduko dizut. Zure aita, Nabukodonosor, harroa zen eta Jehobak apaldu egin zuen. Nahiz eta gertatu zitzaiona badakizun, Jehoba mespretxatu duzu bere tenpluko urrezko ontzietatik ardoa edanez. Hortaz, hauek dira Jainkoak idatzi dituen hitzak: mene, mene, tekel eta parsin. Babilonia mediarrek eta persiarrek menderatuko dutela eta zu ez zarela gehiago errege izango esan nahi dute hitzok».

Babilonia inork ezin zuela menderatu zirudien. Izan ere, hiri hau harresi lodi eta ibai sakon baten bidez zegoen babestuta. Baina gau hartan bertan, mediarrek eta persiarrek eraso egin zuten. Persiako erregeak, Zirok, ibaia desbideratu zuen eta, horrela, bere soldaduek ibaia pasa ahal izan zuten hiriko ateetaraino. Bertara iritsitakoan... ateak irekita aurkitu zituzten! Gudarosteak hiria indarrez hartu zuen eta erregea hil zuten. Orduan, Ziro Babiloniako agintari bilakatu zen.

Urte hartan bertan, Zirok berri hau zabaldu zuen: «Jehobak Jerusalemgo tenplua berreraikitzeko eskatu dit. Lasai joan daitezke lagundu nahi duten judutar guztiak». Beraz, Jehobak promestu bezala, judutar asko etxera itzuli ziren Jerusalem suntsitua izan eta 70 urte pasa ondoren. Zirok, gainera, Nabukodonosorrek tenplutik hartutako zilar eta urrezko ontziak nahiz tresneria bueltatu zituen. Ikusi al duzu nola erabili zuen Jehobak Ziro Bere herria laguntzeko?

«Erori da erori Babilonia handia! Deabruen bizileku bihurtu da» (Apokalipsia 18:2).