Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

64. PASARTEA

Daniel lehoien zuloan

Daniel lehoien zuloan

Babiloniako beste errege bat Dario mediarra izan zen. Dariok Daniel berezia zela ikusi zuen. Hortaz, Daniel lurraldeko gizon garrantzitsuenen arduradun egin zuen. Gizon hauek jeloskor zeudenez, Danielez libratu nahi zuten. Bazekiten Danielek Jehobari egunero hiru aldiz egiten ziola otoitz. Beraz, Dariori honakoa esan zioten: «Ene erregea, jende guztiak zuri bakarrik otoitz egin behar dizula dioen legea egon behar luke. Lege hau betetzen ez duena, izan dadila lehoiez beteriko zulora jaurtia». Dariori ondo iruditu zitzaionez, legea sinatu zuen.

Lege berria entzun orduko, Daniel etxera joan zen. Irekita zegoen leiho baten aurrean belaunikatuz, Jehobari otoitz egin zion. Jeloskor zeuden gizonak etxean zalapartaka sartu zirenean, otoitzean harrapatu zuten. Orduan, Dariorengana korrika joan eta esan zioten: «Danielek ez du zure esana bete. Bere Jainkoari egunero hiru aldiz egiten dio otoitz». Dariok Daniel atsegin zuenez, ez zuen hiltzerik nahi. Horregatik, iluntzera arte ibili zen Daniel salbatzeko moduren baten bila. Baina erregeak ere ezin zuen aldatu dagoeneko sinatua zuen legea. Hortaz, Daniel lehoi basatiz beteriko zulora botatzeko agindu zien bere gizonei.

Danielez hain kezkatuta zegoen, Dariok ezin izan zuela gau osoan lorik egin. Eguna argitu orduko, zulora joan eta oihukatu zuen: «Daniel! Libratu al zaitu zure Jainkoak?».

Dariok, orduan, ahots bat entzun zuen. Daniel zen! Dariori oihukatu zion: «Jehobaren aingeruak lehoien ahoak itxi ditu. Ez didate minik egin». Dariok, poz-pozik, Daniel zulotik ateratzeko agindu zuen. Zauri bakar bat ere ez zuen! Ondoren, erregeak agindu zuen: «Bota itzazue zulora Danielen salatariak!». Gizonak zulora jaurti bezain pronto, lehoiek irentsi egin zituzten.

Hauxe agindu zien Dariok bere herritarrei: «Guztiok errespetatu behar duzue Danielen Jainkoa. Izan ere, Daniel lehoien atzaparretatik libratu du».

Eta zuk? Egiten al diozu egunero otoitz Jehobari Danielek egiten zuen bezala?

«Badaki Jaunak gizon zintzoak probalditik ateratzen» (2 Pedro 2:9).