Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

66. PASARTEA

Esdrasek Jainkoaren Legea irakatsi zuen

Esdrasek Jainkoaren Legea irakatsi zuen

70 bat urte pasata ziren israeldar asko Jerusalemera itzuli zirenetik. Hala ere, beste batzuk Persiar Inperioan zehar bizi ziren oraindik. Horietako bat Esdras apaiz eta lege-maisua zen. Jerusalemgo jendeak Legea ez zuela jarraitzen jakitean, bertara joan nahi izan zuen beraiei laguntzera. Persiako Artaxerxes erregeak honakoa esan zion: «Jainkoak bere Legea irakasteko jakinduria eman dizu. Zoaz eta eraman zurekin joan nahi duen edonor». Beraz, Jerusalemera itzuli nahi zuten beste batzuekin elkartu zen Esdras eta Jehobari otoitz egin zioten bidaia luzean zehar babestu zitzan. Orduan, abiatu egin ziren.

Lau hilabete beranduago, Jerusalemera iritsi ziren. Hango buruzagiek Esdrasi esan zioten: «Israeldarrek ez dute Jehobaren esana bete eta jainko faltsuak gurtzen dituzten emakumeekin ezkondu dira». Zer egin zuen Esdrasek orduan? Belaunikatuz, otoitz egin zuen jendearen aurrean: «Jehoba, gauza asko egin dituzu gure alde, baina guk zure aurka egin dugu bekatu». Damutu arren, israeldarrek gauza txarrak egiten segi zuten. Hortaz, Esdrasek arduradunak eta epaileak aukeratu zituen gertatzen ari zena ikertzeko. Hurrengo hiru hilabeteetan, kanpora bota zituzten Jehoba gurtzen ez zuten guztiak.

12 urte pasa ziren. Denbora horretan, Jerusalemgo harresia berreraikitzen bukatu zuten. Orduan, Esdrasek plazan jendea bildu zuen Jainkoaren Legea irakurtzeko. Liburua ireki zuenean, herri osoa zutitu egin zen. Esdrasek Jehoba goratu zuen eta herritarrek eskuak altxatu zituzten ados zeudela adieraziz. Ondoren, Esdrasek Legea irakurri eta azaldu zuen herriak adi-adi entzuten zuen bitartean. Jehobarengandik berriro urrundu zirela aitortu eta negar egin zuten. Hurrengo egunean, Esdrasek lege-liburutik gehiago irakurri zien. Etxola Jaia laster ospatu behar zutela ikusi zutenean, prestaketak egiten hasi ziren.

Jaia ospatu zuten zazpi egunetan jendea oso pozik egon zen eta Jehobari eskerrak eman zizkioten uzta oparoa izan zutelako. Josueren garaitik ez zen horrelako Etxola Jairik ospatu. Jaia amaitu ondoren, herriak otoitz egin zuen elkartuta: «Jehoba, esklabutzatik askatu gintuzun, zer jan eman zenigun basamortuan geundenean, baita lur zoragarri hau ere. Baina behin eta berriz, ez genuen zure esana bete. Profetak bidali zenizkigun ohartarazteko, baina ez genien kasurik egin. Hala ere, pazientzia izan zenigun eta Abrahami egindako promesa gorde zenuen. Orain, zure esaneko izango garela hitz ematen dizugu». Herriak promesa hau idatziz jarri ondoren, buruzagiek, lebitarrek eta apaizek zigilatu egin zuten.

«Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!» (Lukas 11:28).