Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

72. PASARTEA

Jesus gaztea

Jesus gaztea

Jose eta Maria Nazareten bizi ziren Jesus eta beste seme-alabekin. Josek arotz lanak eginez mantentzen zuen familia eta, gainera, Jehoba eta Legeari buruz irakasten zien. Familiak sinagogara joateko ohitura zuen Jainkoa gurtzeko. Honetaz gain, Jerusalemera joaten ziren urtero Pazkoa ospatzera.

Jesusek 12 urte zituenean, familiak bidaia luzea egin zuen Jerusalemeraino ohi bezala. Pazkoa ospatzera joandako jendez gainezka zegoen hiria. Jaia amaitutakoan, Jose eta Mariak etxera itzultzeko bidaia hasi zuten Jesus taldearekin batera zihoala pentsatuz. Baina, senitartekoen artean bere bila hasi zirenean, ez zuten Jesus aurkitu.

Beraz, Jerusalemera itzuli eta semearen bila ibili ziren hiru egunez. Azkenik, tenplura joan eta... han zegoen Jesus lege-maisuen erdian eserita, adi-adi entzuten eta galdera interesgarriak egiten! Lege-maisuak horren txunditurik zeuden, Jesusi galderak egiten hasi zirela. Bere erantzunekin ere harrituta gelditu ziren. Era honetara, Jehobaren Legea ulertzen zuela ikusi zuten.

Jose eta Maria kezka-kezka eginda egon zirenez, Mariak esan zion: «Seme, toki guztietan ibili gara zure bila! Non egon zara?». Jesusek erantzun zion: «Ez al dakizue nik hemen, neure Aitaren etxean, egon behar dudala?».

Jesus etxera, Nazaretera, itzuli zen gurasoekin. Josek arotz lanak egiten irakatsi zion. Zure ustez, nolakoa ote zen Jesus gazte zela? Haziz zihoan heinean, jakinduriaz ere hazten zihoan eta Jainkoak nahiz gizakiek gero eta gogokoago izan zuten.

«Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da» (Joan 4:34).