Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

73. PASARTEA

Joanek bidea prestatu zuen

Joanek bidea prestatu zuen

Joan, Zakarias eta Elisabeten semea, profeta bihurtu zen hazi zenean. Jehobak Mesias bazetorrela irakasteko erabili zuen. Baina sinagoga edo herrietan irakatsi beharrean, basamortuan predikatzen zuen. Jerusalem eta Judea osotik etortzen zen jendea Joanek irakasten zuena entzutera. Jainkoari atsegin emateko gauza txarrak egiteari utzi behar ziotela irakatsi zien. Profetak esandakoa entzutean, jende asko egindako bekatuengatik damutzen zen eta, ondoren, Joanek Jordan ibaian bataiatzen zituen.

Joanen bizimodua ez zen korapilatsua. Gamelu-ilezko jantzia zuen eta intsektuak nahiz eztia jaten zituen. Jendeari jakin-mina sortzen zion Joanek. Fariseu eta saduzear harroak ere bera ikustera joaten ziren. Joanek esan zien: «Aldatu zuen jokabidea eta damutu. Ez ezazue pentsa bereziak zaretenik Abrahamen semeak zaretela esaten duzuelako. Izan ere, honek ez du esan nahi Jainkoaren semeak zaretenik».

Askok Joanengana jo eta galdetu zioten: «Zer egin behar dugu Jainkoari atsegin emateko?». Joanek erantzun zien: «Bi soineko dituenak, eman diezaiola bat jantzia behar duenari». Ba al dakizu zer irakatsi nahi zien? Jendea maitatu behar zutela Jainkoari atsegin emateko.

Gero, zergalariei esan zien: «Izan zaitezte zintzoak eta ez egin tranparik». Eta soldaduei berriz: «Ez ezazue onartu opari edo dirurik mesedea erosteko eta ez esan gezurrik».

Apaiz eta lebitarrak ere Joanengana gerturatu ziren galdezka: «Nor zara zu, bada? Guztiok jakin nahi dugu». Joanek erantzun zien: «Basamortuan dabilen ahotsa naiz, jendea Jehobarengana zuzentzen ari dena Isaiasek aurresan bezalaxe».

Jendeak asko atsegin zuen Joanek irakasten ziena. Mesias ote zen ere galdetzen zioten euren buruari. Baina Joanek esan zien: «Ni baino ahaltsuagoa den norbait etorriko da. Ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Nik urez bataiatzen dut; hark, ordea, espiritu santuz».

«Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten» (Joan 1:7).