Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

84. PASARTEA

Jesus ur gainean ibili zen

Jesus ur gainean ibili zen

Jesusek gaixoak sendatu eta hildakoak berpizteaz gain, haizea eta euria ere menperatu zitzakeen. Behin, mendian otoitz egin ondoren, Jesusek Galileako aintzirarantz begiratu eta ekaitza ikusi zuen. Apostoluak han zeuden, txalupan, haizearen aurka estututa arraunean. Orduan, Jesus menditik jaitsi eta ur gainean oinez abiatu zen txaluparantz. Apostoluek norbait ur gainean beraiengana gerturatzen ikusi zutenean, beldurtu egin ziren. Baina Jesusek esan zien: «Ni naiz. Ez ikaratu».

Pedrok esan zion: «Jauna, benetan zu bazara, esadazu ur gainean zuregana joateko». Jesusek erantzun zion: «Etor zaitez». Orduan, ekaitzaren erdian, Pedro txalupatik atera eta ur gainean Jesusengana abiatu zen. Baina berarengana gerturatzean, ekaitzari begiratu eta izutu egin zen Pedro. Hondoratzen hasi zenean, oihukatu zuen: «Jauna, salba nazazu!». Jesusek eskutik heldu eta esan zion: «Zergatik izan duzu zalantza? Non duzu fedea?».

Jesus eta Pedro txalupara igo bezain laster, ekaitza baretu egin zen. Imajina al dezakezu nola sentitu ziren apostoluak? Honakoa esan zioten Jesusi: «Egiaz Jainkoaren Semea zara zu».

Baina hau ez zen izan Jesusek eguraldia kontrolatu zuen aldi bakarra. Jesus eta apostoluak aintzira txalupaz zeharkatzen ari ziren batean, ekaitz izugarria hasi zuen Jesus txaluparen atzealdean lo zegoela. Olatuek txalupa astintzen zuten heinean, urez betetzen hasi zen. Apostoluek, orduan, Jesus oihuka esnatu zuten: «Maisu, hiltzeko zorian gaude! Lagundu!». Jesus altxatu eta itsasoari esan zion: «Ixo!». Momentu hartan, haizea eta itsasoa baretu egin ziren. Jesusek galdetu zien apostoluei: «Non duzue fedea?». Gertatutakoa ikusirik, elkarri esan zioten: «Haizeak eta itsasoak ere bere esana egiten dute». Zer ikasi zuten apostoluek? Jesusengan konfiantza osoa izaten bazuten, ez zutela ezeren beldurrik izan behar.

«Berri on horrek Jainkoak fedearen bidez bakarrik onartzen gaituela agertzen digu» (Erromatarrei 1:17).