Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

86. PASARTEA

Jesusek Lazaro berpiztu zuen

Jesusek Lazaro berpiztu zuen

Jesusek Betanian bizi ziren hiru lagun min zituen, Lazaro eta bere bi arrebak, Maria eta Marta. Behin batean, Jesus Jordanen beste aldean zegoen bitartean, Maria eta Martak premia handiko mezua bidali zioten: «Lazaro oso gaixo dago. Etor zaitez azkar, mesedez!». Baina Jesus ez zen berehala abiatu, bi egun itxaron zituen. Bitartean, Lazaro hil egin zen. Ondoren, Jesusek bere ikasleei esan zien: «Goazen Betaniara. Lazaro lotan dago eta esnatzera noa». Apostoluek esan zioten: «Lazaro lotan badago, sendatuko da». Orduan, Jesusek argi eta garbi esan zien: «Lazaro hil egin da».

Lazarok lau egun zeramatzan hilobian Jesus Betaniara iritsi zenerako. Jende ugari etorria zen Marta eta Maria kontsolatzera. Jesus iritsi zela entzun zuenean, Marta korrika joan zen berarengana eta esan zion: «Jauna, hemen izan bazina, nire neba ez zen hilko». Jesusek erantzun zion: «Zure neba berriz biziko da. Sinesten al duzu hau?». Martak orduan: «Badakit, bai, piztuko dela etorkizunean». Jesusek, hortaz, esan zion: «Neu naiz piztuera eta bizia».

Gero, Marta Mariarengana joan zen honakoa esanez: «Hemen dago Jesus!». Maria korrika joan zen Jesusengana eta jendeak jarraitu egin zion. Bere oinetara ahuspeztu zen, negarrari eutsi ezinik. Orduan, esan zion: «Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko». Jesusek Maria asko sufritzen ari zela ikusi zuen eta, bera ere, negarrez hasi zen. Jendeak, Jesusen negar-malkoak ikusi zituenean, esan zuen: «Bai maite zuela!». Baina batzuk elkarri galdezka hasi ziren: «Zergatik ez ote du laguna salbatu?». Zer egingo zuen Jesusek?

Jesus hilobira joan zen. Bertako sarrera harri handi batez estalita zegoen. «Kendu harria!» agindu zuen. Martak, orduan, esan zion: «Jauna, lau egun daramatza hilda, bere gorpuak gaizki usainduko du». Hala ere, harria kendu zuten. Jarraian, Jesusek otoitz egin zuen: «Aita, eskerrik asko entzuteagatik. Badakit beti entzuten didazula, baina ozen eskatzen dizut jende guzti honek zuk bidali nauzula jakiteko». Ondoren, ahots indartsuz esan zuen: «Lazaro, zatoz kanpora!». Ba al dakizu zer gertatu zen? Gertakari harrigarri bat: Lazaro zapiz estalirik atera zen hilobitik! Jesusek, orduan, esan zien: «Kendu zapiak eta utziozue joaten».

Egin zuena ikusi zuen jende asko Jesusengan sinesten hasi zen. Baina batzuk fariseuengana joan ziren gertatutakoa kontatzera. Handik aurrera, fariseuak Lazaro eta Jesus hil nahian ibili ziren. 12 apostoluetako bat, Judas Iskariote, isilka fariseuengana joan eta galdetu zien: «Zenbat ordainduko didazue Jesus aurkitzen laguntzen badizuet?». Zilarrezko 30 txanpon agindu zizkioten. Harrezkero, Jesus haien eskuetara emateko aukera bila hasi zen Judas.

«Jainko salbatzaile dugu Jainkoa, Jainko Jaunari esker libratu gara heriotzatik» (68. Salmoa 21 [68:20NW ]).