Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

87. PASARTEA

Jesusen azken afaria

Jesusen azken afaria

Judutarrek urtero ospatzen zuten Pazkoa Nisanaren 14⁠an. Jehobak, Egiptoko esklabutzatik askatuz, Promestutako lurraldera eraman zituela gogoratzen zien ospakizun honek. Jesus eta bere apostoluek Pazkoa Jerusalemgo etxe bateko goiko gelan ospatu zuten 33. urtean. Afariaren ondoren, Jesusek esan zien: «Zuetako batek saldu egingo nau». Apostoluek, zur eta lur, galdetu zioten: «Nork?». Jesusek erantzun zien: «Ogi hau emango diodan gizonak». Gero, Judas Iskarioteri ogi pusketa bat eman zion. Berehala, Judas altxatu eta joan egin zen.

Ondoren, Jesusek otoitz egin, ogia zatitu eta gelditzen ziren apostoluei eman zien. Hau esan zuen: «Jan ezazue ogia. Honek nire gorputza irudikatzen du, zuen alde emango dudana». Jarraian, ardoarengatik otoitz egin zuen eta bere apostoluei eman zien esanez: «Edan ardoa. Nire odola irudikatzen du, bekatuak barkatuak izateko isuriko dudana. Nirekin batera zeruan erregeak izango zaretela promesten dizuet. Egizue hau urtero ni oroitzeko». Hortaz, Jesusen jarraitzaileak, oraindik ere, urtero biltzen dira ilunabar horretan. Bilera honi Jaunaren Afaria deitzen zaio.

Afariaren ostean, apostoluak beraien artean garrantzitsuena zein ote zen eztabaidatzen hasi ziren. Baina Jesusek esan zien: «Zuen artean garrantzitsuena dena izan dadila apalena, zerbitzariaren pareko».

Honela jarraitu zuen: «Nire lagunak zarete. Horregatik adierazi dizuet nire Aitak zuei esatea nahi duen guztia. Laster nire Aitarengana joango naiz zerura. Zuek hemen geldituko zarete eta jendeak nire ikasleak zaretela jakingo du zuen artean duzuen maitasunarengatik. Nik maitatu zaituztedan bezala elkar maitatu behar duzue».

Amaitzeko, Jesusek otoitz egin zuen. Ikasle guztiak babestu zitzala, elkarlanean bakean ibil zitezela eta Bere izena santutzeko eskatu zion Jehobari. Gero, Jesus eta apostoluek Jehoba goratzeko kantak abestu zituzten eta kanpora irten ziren. Jesus atxilotua izateko ordua gertu zegoen.

«Ez daukazue zuek zertan ezeren ere beldurrik eduki, nire artalde txikitxoa, zeren zuen Aita zerukoari ongi iritzi zitzaion, betiko erreinua zuei ematea» (Lukas 12:32, Biblia, Jose Antonio Uriarte).