Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

88. PASARTEA

Jesus atxilotua

Jesus atxilotua

Jesus eta bere apostoluek Zedron erreka zeharkatu zuten Oliamendira joateko. Gauerdia pasata zen eta ilargi betea zegoen. Getsemani izeneko baratzera iritsi zirenean, Jesusek esan zien: «Gelditu hemen eta erne egon». Gero, Jesus aurreraxeago joan eta belaunikatu egin zen. Erabat larrituta, Jehobari otoitz egin zion: «Egin dadila zure nahia». Ondoren, Jehobak aingeru bat bidali zuen Jesus indartzeko. Apostoluengana itzuli zenean, Jesusek lotan aurkitu zituen. Esan zien: «Esnatu! Hau ez da lotan egoteko garaia! Nire etsaien eskuetara emana izateko ordua iritsi da».

Laster, Judas iritsi zen ezpatak eta makilak zeramatzan gizon-talde handi bat zuzenduz. Bazekien Jesus non aurkitu, askotan izan baitziren baratze honetan. Judasek Jesus nor zen berak adieraziko ziela esan zien soldaduei. Hortaz, Jesusengana zuzen-zuzen joan zen. «Kaixo, Maisu» esan eta, ondoren, muxu eman zion. Jesusek orduan: «Judas, muxu batez saltzen al nauzu?».

Jesusek aurrera egin eta gizonei galdetu zien: «Noren bila zatozte?». Erantzun zioten: «Jesus nazaretarraren bila». Orduan esan zien: «Neu naiz». Une hartan, atzera egin eta lurrera erori ziren gizonak. Berriz ere, Jesusek galdetu zien: «Noren bila zatozte?». Beraiek berriro: «Jesus nazaretarraren bila». Jesusek, beraz, esan zien: «Esan dizuet neu naizela. Utzi, hortaz, gizon hauei joaten».

Pedro gertatzen ari zenaz ohartu zenean, ezpata atera eta apaiz nagusiaren morroiari belarria moztu zion. Baina Jesusek gizonaren belarria ukitu eta sendatu egin zuen. Gero, Pedrori esan zion: «Itzuli ezpata hori bere tokira, ezpataz borrokan ari dena, ezpataz hilko baita». Orduan, soldaduek Jesus hartu eta eskuak lotu zizkioten. Une horretan, apostoluek ihes egin zuten. Ondoren, gizon-taldeak Anas apaiz buruarengana eraman zuen Jesus. Anasek galderak egin zizkion eta, gero, Kaifas apaiz nagusiarengana bidali zuen. Baina zer gertatu zitzaien apostoluei?

«Munduan larrialdirik izango duzue; baina izan adore! Nik garaitua dut mundua» (Joan 16:33).