Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

89. PASARTEA

Pedrok Jesus ukatu zuen

Pedrok Jesus ukatu zuen

Azken afaria izan zuten gelan zeuden artean, hau esan zien Jesusek apostoluei: «Zuek guztiok utzi egingo nauzue gaur gauean». Pedrok esan zion: «Nik ez! Nahiz eta beste guztiek zu utzi, nik ez zaitut sekula utziko!». Baina Jesusek erantzun zion: «Oilarrak kukurruku egin baino lehenago, hiru aldiz esango duzu ez nauzula ezagutzen».

Soldaduek Jesus Kaifasen etxera eraman zutenerako, apostoluen gehiengoa joana zen. Baina apostoluetako bik jendetzaren artean jarraitu zuten Jesus. Bietako bat Pedro zen. Kaifasen etxeko patioan sartu eta su ondora berotzera joan zen. Suaren argitan zegoela, neskame batek Pedroren aurpegia ikusi eta esan zion: «Ezagutzen zaitut! Jesusekin egoten zinen!».

Pedrok erantzun zion: «Gezurra da hori! Ez dakit zertaz ari zaren!». Beraz, ate alderantz joan zen. Baina, segituan, beste neskame batek ikusi zuen eta jendetzari esan zion: «Gizon hau Jesusekin egoten zen!». Pedrok orduan: «Ez dakit Jesus nor den ere!». Hirugarren aldiz, gizon batek esan zuen: «Zu horietako bat zara! Hizkerarengatik antzematen dizut Galileakoa zarela, Jesus bezalaxe». Baina Pedrok zin egin zien: «Ez dut ezagutzen!».

Une hartan, oilarrak kukurruku egin zuen. Pedrok, orduan, Jesus berari begira ikusi zuen. Jesusen hitzak gogoratu eta kanpora irten zen. Lur jota, negarrari eman zion.

Bien bitartean, Jesus Kaifasen etxean epaitzeko bildu zen Sanedrina edo Biltzar Nagusia. Jesus hiltzea erabakia zuten eta, orain, hori egiteko arrazoiren baten bila zebiltzan. Hala ere, ezin izan zuten bere aurkako ezer aurkitu. Azkenik, Kaifasek Jesusi zuzenean galdetu zion: «Jainkoaren Semea al zara?». Jesusek esan zion: «Bai, neu naiz». Kaifasek hortaz: «Ez dugu froga gehiagoren beharrik. Jainkoa iraindu du!». Epaileak ados zeuden: «Gizon honek heriotza merezi du!». Orduan, Jesusi begiak estalirik, listuka eta joka hasi zitzaizkion esanez: «Profeta bazara, esaguzu nork jo zaituen!».

Egunak argitu zuenean, Jesus Sanedrina biltzen zen aretora eraman zuten eta, berriz ere, galdetu zioten: «Jainkoaren Semea al zara?». Jesusek erantzun zien: «Zuek hala diozue». Beraz, Jainkoa iraintzeagatik errudun zela erabaki zuten eta Pontzio Pilato erromatar agintariaren jauregira eraman zuten. Zer gertatu zen ondoren? Ikus dezagun.

«Badator ordua –hobeto esan, heldua da–, nor bere aldetik sakabanatu eta bakarrik utziko nauzuena. Baina ni ez nago bakarrik, nirekin baitago Aita» (Joan 16:32).