Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

92. PASARTEA

Jesus arrantzaleei agertu zitzaien

Jesus arrantzaleei agertu zitzaien

Jesus apostoluei azaldu eta denbora batera, Galileako aintziran arrantzan egitea erabaki zuen Pedrok. Tomas, Santiago, Joan eta beste jarraitzaile batzuk berarekin abiatu ziren. Gau osoan arrantzan aritu arren, ez zuten ezertxo ere harrapatu.

Hurrengo goizean goiz, gizon bat ikusi zuten urertzean zutik. Handik galdetu zien: «Arrantzatu al duzue zerbait?». Beraiek erantzun: «Ez!». Gizonak orduan: «Bota sarea txaluparen eskuinera». Hala egitean, horrenbeste arrain hartu zituzten sarean, ezin izan zutela atera. Bat-batean, gizon hura Jesus zela ohartu zen Joan eta esan zuen: «Jauna da!». Pedrok berehala uretara salto egin eta ertzeraino egin zuen igeri. Beste jarraitzaileek txalupaz jarraitu zioten.

Hondartzara iristean, ogia eta arraina sutan prestatzen ari zela ikusi zuten. Harrapatutako arrain batzuk ekartzeko eskatu zien Jesusek hauek ere jateko. Orduan esan zien: «Zatozte gosaltzera».

Gosaria amaitu ondoren, Jesusek Pedrori galdetu zion: «Arrantza baino maiteago al nauzu?». Pedrok erantzun zion: «Bai, Jauna, badakizu maiteago zaitudala». Jesusek orduan: «Elika itzazu nire arkumeak». Jesusek galdetu zion berriro: «Pedro, maite al nauzu?». Honek esan zion: «Jauna, badakizu baietz». Jesusek jarraian: «Zaindu nire arditxoak». Jesusek hirugarren aldiz galdetzean, Pedrok oso triste erantzun zion: «Jauna, zuk dena dakizu, badakizu maite zaitudala». Jesusek orduan: «Elikatu nire arditxoak». Gero esan zion: «Segi niri jarraitzen».

«Jesusek esan zien: “Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet”. Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten» (Mateo 4:19, 20).