Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

98. PASARTEA

Kristautasuna nazio askotara zabaldu zen

Kristautasuna nazio askotara zabaldu zen

Apostoluek berri onak lur osoan zabaltzeko Jesusek eman zien agindua bete zuten. Antiokiako anaiek Paulo eta Bernabe predikatzeko bidaia bat egitera bidali zituzten 47. urtean. Bi berri-emaile sutsuek Asia Txikian edo gaur egungo Turkian zehar bidaiatu zuten, Derbe, Listra eta Ikoniora joanez, esate baterako.

Paulo eta Bernabek jende guztiari predikatzen zioten, aberats nahiz behartsu, gazte nahiz zahar. Askok Kristori buruzko egia onartu zuten. Sergio Paulo Zipreko kontsulordeari predikatu ziotenean, azti bat Paulo eta Bernabe geldiarazten saiatu zen. Hortaz, Paulok esan zion aztiari: «Jehobak zigortu egingo zaitu!». Momentu hartantxe, aztia itsu gelditu zen. Gertatutakoa ikustean, Sergio Paulo kontsulordea sinesten hasi zen.

Paulo eta Bernabek leku guztietan predikatzen zuten: etxez etxe, merkatuetan, bideetan eta sinagogetan. Listran gizon herren bat sendatu zutenean, miraria ikusi zutenak Paulo eta Bernabe adoratzen saiatu ziren jainkoak zirelakoan. Baina bi gizonek ez zieten hori egiten utzi: «Gurtu Jainkoa bakarrik, gu gizasemeak besterik ez gara!». Orduan, judu batzuk etorri eta Pauloren aurka ipini zuten jendetza. Hortaz, harrikatu, hiriaren kanpoaldera arrastaka eraman eta, hilda zegoelakoan, han utzi zuten. Baina Paulo oraindik bizirik zegoen! Berehala, anai-arrebak berarengana joan eta hirira eraman zuten berriro. Beranduago, Paulo Antiokiara itzuli zen.

Paulok beste bidaia bat egin zuen 49. urtean. Asia Txikiko anai-arrebak ikustetik itzuli ondoren, berri onak are urrunago zabaldu zituen, Europan. Filipo, Tesalonika, Atenas eta beste leku batzuetara joan zen. Berarekin Timoteo izeneko gaztea, Silas eta Lukasek bidaiatu zuten. Elkarrekin egin zuten lan kongregazioak sortzen eta indartzen. Honetaz gain, Paulo urte eta erdi egon zen Korinton hango anai-arrebak sendotuz. Predikatu, irakatsi eta gutunak idatzi zizkien kongregazio askori. Gainera, dendak egiten ere jardun zuen. Denborarekin, Efeso zeharkatuz, Paulo Antiokiara itzuli zen.

Gero, 52. urtean, Paulok hirugarren bidaiari ekin zion Asia Txikitik hasiz. Hainbat urte pasa zituen Efeson irakasten, gaixoak sendatzen eta kongregazioei laguntzen. Gainera, egunero hitzaldiak egiten zituen eskola-areto batean. Jende askok berak esandakoa entzun eta bizimodua aldatu zuen. Ondoren, iparraldera joan zen, Filiporaino, eta Korintora jaitsi zen ondoren. Azkenik, lurralde askotan berri onak zabaldu ondoren, Paulo Jerusalemera joan zen.

«Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle» (Mateo 28:19).