Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

101. PASARTEA

Paulo Erromara bidalia

Paulo Erromara bidalia

Pauloren predikatzeko hirugarren bidaia Jerusalemen amaitu zen. Han atxilotu egin zuten. Honakoa esan zion Jesusek gauean izan zuen ikuskari batean: «Erromara joango zara predikatzera». Orduan, Paulo Jerusalemdik Zesareara eraman zuten eta, han, bi urte egon zen kartzelan. Epaitua izateko Festo agintariarengana eraman zutenean, Paulok esan zuen: «Epaitu nazala enperadoreak Erroman». Festok orduan: «Enperadorearengana joan nahi duzula esan duzunez, enperadorearengana joango zara». Beraz, Erromara zihoan ontzi batean bidali zuten Paulo berarekin bi kristau zihoazelarik, Lukas eta Aristarko.

Itsasoan zirela, ekaitz bortitz batek harrapatu zituen. Ontzian zeuden guztiek hil egingo zirela pentsatu zuten ekaitza egun asko irauten ari zelako. Baina, Paulok esan zuen: «Adiskideok, aingeru batek honakoa esan dit amets batean: “Ez beldurtu, Paulo. Erromara iritsiko zara eta zurekin ontzian doazen guztiak bizirik aterako dira”. Izan ezazue adore ez gara hilko eta!».

Ekaitzak 14 egunez jo zuen gogor. Azkenik, lur lehorra azaldu zen, Malta uhartea. Baina ontzia hondarretan sartuta gelditu eta txiki-txiki egin zen. Hala ere, ontzian zihoazen 276 lagunak onik atera ziren. Batzuk igerian joan ziren lur-hertzeraino. Beste batzuk, berriz, ontzi pusketen gainean iritsi ziren lehorrera. Maltako biztanleak guztiez arduratu ziren eta su handi bat piztu zuten berotu zitezen.

Hiru hilabete pasata, soldaduek Erromara eraman zuten Paulo beste ontzi batean. Anai-arrebak zain zituen han. Haiek ikustean, Jainkoari eskerrak eman zizkion eta adorea jaso zuen. Nahiz eta preso egon, etxea alokatu eta bertan bizitzeko baimena eman zioten, soldadu bat zaintzaile zuela. Bi urte eman zituen horrela. Jendea bisitan joaten zitzaion Paulori eta, egoera hartaz baliatuz, Jainkoaren Erreinuari eta Jesusi buruz hitz egiten zien. Gainera, Asia Txikiko eta Judeako kongregazioei eskutitzak idatzi zizkien. Garbi dago Jehobak berri onak nazioei zabaltzeko erabili zuela Paulo.

«Gauza guztietan Jainkoaren zerbitzari garela agertzen dugu, jasaten dugun guztian eroapen handia erakutsiz: atsekabe, beharrizan eta estuasunetan» (2 Korintoarrei 6:4).