Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

57 IKASGAIA

Zer gertatzen da bekatu larriren batean erortzen bagara?

Zer gertatzen da bekatu larriren batean erortzen bagara?

Jehoba bihotzez maite dugu eta bera minduko duen ezer ez egiten saiatzen gara. Hala ere, noizbehinka hutsegiteak egiten ditugu. Baina, egia da bekatu batzuk besteak baino larriagoak direla (1 Korintoarrei 6:9, 10). Bekatu larriren batean erortzen bazara, gogoratu Jehobak maitatzen jarraitzen zaituela. Zu barkatzeko eta laguntzeko prest dago.

1. Zer egin behar dugu Jehobaren barkamena jasotzeko?

Jehoba maite dutenak, oso triste sentitzen dira bekatu larri bat egin dutela konturatzen direnean. Baina, Jehobak bere herriari promestutako hitzetan kontsolamendua aurkitzen dute: «Zuen bekatuak gorria baino gorriago badira ere, elurra bezain zuri geldituko dira» (Isaias 1:18). Bihotzez damutzen bagara, Jehobak guztiz barkatuko gaitu. Nola erakusten dugu damututa gaudela? Egin duguna asko sentitzen dugulako, gaizki dagoena egiteari uzten diogu. Gainera, Jehobari barkatzeko eskatzen diogu. Ondoren, bekatu egitera eraman gaituzten pentsamendu edo ohitura txarrak aldatzen gogor saiatzen gara. Eta azkenik, Jehobaren arau garbien arabera bizitzen saiatzen gara (Irakurri Isaias 55:6, 7).

2. Nola erabiltzen ditu Jehobak adindunak bekatu egin dugunean laguntzeko?

Bekatu larrian erori bagara, kongregazioko adindunei deitzeko esaten digu Jehobak (Irakurri Santiago 5:14, 15). Adindunek Jehoba eta bere zerbitzariak maite dituzte. Jehobarekin dugun harremana berreskuratzen laguntzeko trebatuak izan dira (Galaziarrei 6:1NWT).

Nola laguntzen digute adindunek bekatu larri batean erori bagara? Bi edo hiru adindunek Bibliako printzipioak erabiliz zuzenduko gaituzte. Gainera, aholku eta gomendio praktikoak emango dizkigute bekatuan berriro ez erortzen laguntzeko. Bestalde, espiritualki osasuntsu egon arte, kongregazioan gauza batzuk denbora batez guk ez egitea erabaki dezakete. Bekatu larrian erori den pertsona damutzen ez bada, adindunek kanporatzea erabakiko dute kongregazioa eragin txarretatik babesteko.

SAKONDUZ

Bekatu larri batean erori bazara, Jehobak eskainitako laguntzagatik sentitzen duzun esker ona sakondu ezazu.

3. Bekatuak aitortzeak Jehobarekin dugun adiskidetasuna berreskuratzen laguntzen digu

Egiten ditugun bekatu guztiek Jehoba mintzen dute. Beraz, arrazoizkoa da hauek berari aitortzea. Irakurri 32. Salmoa 1-5 eta aztertu elkarrekin:

  • Bekatuak ezkutatu beharrean, zergatik da ona guretzat Jehobari aitortzea?

Gure bekatuak Jehobari aitortu ondoren, adindunei laguntza eskatzen badiegu, askoz hobeto sentituko gara. Ikusi BIDEOA eta aztertu elkarrekin:

  • Nola lagundu zioten adindunek Canon-i Jehobarengana itzultzen?

Adindunekin argi eta garbi hitz egin behar dugu. Azken finean, gu laguntzeko prest daude. Irakurri Santiago 5:16 eta aztertu elkarrekin:

  • Adindunei egia kontatzen badiegu, zergatik izango da beraientzat errazagoa gu laguntzea?

Zure bekatua aitortu, adindunei egia esan eta Jehobaren laguntza maitekorra onartu.

4. Kanporatzearen emaitza onak

Bekatu larri batean erori den pertsona batek ez baditu Jehobaren arauak jarraitu nahi, ezin da kongregazioaren parte izan. Kanporatua izango da eta ez dugu berarekin harremanik izango, ezta hitz egingo ere. Irakurri 1 Korintoarrei 5:6, 11 eta 2 Joan 9-11 eta aztertu elkarrekin:

  • Legamiak ogia altxatzen duen bezala, zer eragin du damutu ez den bekatari batek kongregazioan?

Kanporatuak izan diren asko kongregaziora itzuli dira. Zergatik? Jaso duten diziplina mingarria izan arren, zentzuz jokatzera eraman dituelako (141. Salmoa 5). Ikusi BIDEOA eta aztertu elkarrekin:

  • Nola lagundu zion Sonja-ri kanporatua izateak?

Kanporatzearen antolaketak ...

  • nola ohoratzen du Jehobaren izena?

  • nola erakusten du Jehoba arrazoitsua eta maitekorra dela?

5. Damutzen garenean Jehobak barkatzen gaitu

Pertsona bat damutzen denean Jehoba nola sentitzen den ulertzen laguntzeko, Jesusek adibide bat erabili zuen. Irakurri Lukas 15:1-7 eta aztertu elkarrekin:

  • Zer irakasten dizu honek Jehobari buruz?

Irakurri Ezekiel 33:11 eta aztertu elkarrekin:

  • Zer urrats eman behar ditugu benetan damututa gaudela erakusteko?

Artzain baten antzera, Jehoba ardi bakoitzaz bihotzez arduratzen da.

ZER DIO JENDEAK? «Adindunei nire bekatua kontatzen badiet, kanporatua izango naizenaren beldur naiz».

  • Zer esango zenioke horrela sentitzen den norbaiti?

LABURPENA

Bekatu larri batean erori bagara baina, bihotzez damututa bagaude eta gaizki dagoena egiteari uzten badiogu, Jehobak barkatuko gaitu.

Berrikuspena

  • Jehobari gure bekatuak kontatzeak nola laguntzen gaitu?

  • Zer egin behar dugu Jehobak gure bekatuak barkatzeko?

  • Bekatu larri batean erortzen bagara, zergatik eskatu behar diegu laguntza adindunei?

Helburuak

GEHIAGO IKASTEKO

Ikusi nola sentitu zuen gizon batek Isaias 1:18​an deskribatzen den Jehobaren errukia.

Ez jarri zalantzan Jehobaren errukia (5:02)

Ikasi nola azaldu ahal diozun kanporatzearen antolaketa Lekukoa ez den norbaiti.

«Baztertzen al dituzte Jehobaren lekukoek kongregazioaren parte izandakoak?» (Web artikulua)

«Jehobarengana itzuli behar nuen» bizipenean egiatik aldendu zen gizon bati buruz hitz egiten da. Ikusi nola sentitu zuen Jehobak berarengana erakarri zuela.

«Bibliak bizitzak aldatzen ditu» (La Atalaya edo La Tour de Garde, 2012 apirilak 1)