Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Zer ikasi dezakegu Jesusen mirariak aztertzean?

Zer ikasi dezakegu Jesusen mirariak aztertzean?

Zer ikasi dezakegu Jesusen mirariak aztertzean?

Agian hurrengoa jakiteak harrituko zaitu: Jesusen lurreko bizitzari buruzko jatorrizko bilbia-pasarteetan, «mirari» hitza ez da sekula agertzen. dyʹna·mis hitz grekoa batzuetan «mirari» itzultzen da eta literalki «indar» esan nahi du (Lukas 8:46). «Trebetasun» ere esan nahi dezake (Mateo 25:15). Aditu baten arabera, hitz greko honek «egindako ekintza boteretsua eta, bereziki, ekintza hori burutzeko behar izan den indarra azpimarratzen du. Ekinean dagoen Jainkoaren boterearen adierazpena da ekintza hau».

Honekin erlazionatuta dagoen beste hitz greko bat teʹras da eta «gauza harrigarri» edo «egintza harrigarri» itzultzen da (Joan 4:48; Eginak 2:19). Adierazpen honek ikusleengan duen eragina azpimarratzen du. Askotan jendetza eta Jesusen jarraitzaileak harrituta gelditzen ziren honen ekintza boteretsuak ikustean (Markos 2:12; 4:41; 6:51; Lukas 9:43).

Jesusen mirariekin lotuta dagoen hirugarren hitz greko bat se·meiʹon da, hau da, «seinale». Robert Deffinbaugh teologoak hitz honi buruz honakoa esaten du: «Mirariaren esanahi sakonenean jartzen du arreta. Seinaleak Jesus gure Jaunari buruzko egiak transmititzen dituzten mirariak dira».

Trikimailu magikoak ala Jainkoak emandako boterea?

Bibliaren arabera, Jesusen mirariak ez ziren jendea entretenitzeko trikimailu magikoak. Jesusek mirari horiek «Jaungoikoaren poderio» handiaren bidez egiten zituen. Adibidez, deabru batek menpean hartuta zuen mutiko bat askatu zuen (Lukas 9:37-44, Evangelioa San Lucasen Guissan, J. J. V. Oteiza, euskara batura egokituta). Ezinezkoa ote da horrelako ekintzak egitea «biziki indartsu» den Jainko Ahalguztidunarentzat? (Isaias 40:26). Ez, noski!

Ebanjelioetan Jesusen 30 mirari baino gehiago azaltzen dira. Baina badakigu askoz ere gehiago egin zituela. Adibidez, Mateo 14:14⁠ak dio: «Jendetza handia ikusi zuen Jesusek eta, errukiturik, gaixoak sendatu zizkien». Baina bertsetean ez da azaltzen zenbat sendatu zituen.

Jesusen mirariek Jainkoaren Semea eta promestutako Mesias zela argi utzi zuten. Bibliaren arabera, Jainkoak Jesusi mirariak egiteko boterea eman zion. Pedro apostoluak Jesusi buruz hau esan zuen: «Jainkoak Jesus Nazaretarra zuen aurrean sinesgarri egin zuen, mirariak eta egintza ahaltsu eta harrigarriak haren eskuz eginez» (Eginak 2:22). Beste batean ere, honakoa esan zuen Jesusi buruz: «Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen» (Eginak 10:37, 38).

Jesusen mirariak eta mezua guztiz lotuta zeuden. Markos 1:21-27 pasarteak Jesusen mirariek eta irakaspenek jendearengan zuten eragina azaltzen du. Esaterako, 22. bertsetak jende guztia «haren irakaspenaz txunditurik» zegoela esaten du. Eta 27. bertsetak, espiritu gaizto bat bota zuenean, jendea «guztiz ikaraturik» gelditu zela dio. Beraz, Jesusen mirariek eta mezuak promestutako Mesias zela argi frogatu zuten.

Jesusek Mesias zela esan baino gehiago egin zuen. Bere hitzez eta ekintzez gain, Jainkoaren boterearekin egin zituen mirariek Mesias zela argi utzi zuten. Bere autoritatea zalantzan jarri zutenean, Jesusek ausardiaz erantzun zuen: «Badut neure alde Joanena baino balio handiagoko testigantza: nik betetzeko Aitak nire gain utzitako egintzak, hain zuzen; nik egiten ditudan egintzek testigatzen dute nire alde eta Aitak bidali nauela frogatzen» (Joan 5:36).

Jesusen mirariak benetakoak ziren frogak

Zergatik dakigu Jesusen mirariak benetakoak izan zirela? Ikusi ditzagun froga batzuk.

Mirariak egitean, Jesusek ez zuen inoiz bere buruan arreta jarri. Horren ordez, mirari bakoitzak Jainkoari ohorea eta aintza ematen ziola ziurtatu zuen. Adibidez, gizon itsu bat sendatu aurretik, sendaketa hori «Jainkoaren egintzak honengan» agertzeko gertatuko zela esan zuen (Joan 9:1-3; 11:1-4).

Jesus mirariak egin zitzaketela esaten zutenen aldean oso desberdina zen. Ez zen magoa, ezta fede sendatzailea ere, eta ez zituen trikimailuak, sineskeriak edo amuletoak erabiltzen jendea sendatzeko. Begira zer modu sinplean sendatu zituen bi gizon itsu: «Jesusek, gupidaturik, begiak ukitu zizkien, eta une berean ikusmena etorri zitzaien berriro. Eta Jesusen ondoren joan ziren» (Mateo 20:29-34). Mirari hau ez zuen besteen miresmena jasotzeko egin. Gainera, lekuko askoren aurrean egin zituen bere mirariak. Ez zituen argiak, muntaiak edo bestelako osagarriak erabili. Gaur egun, ordea, mirariak egiten dituztela esaten dutenek ezin dituzte frogatu (Markos 5:24-29; Lukas 7:11-15).

Jesusek askotan berarengan fedea erakutsi zutenak sendatu zituen. Baina norbaitek federik ez bazuen ere, hau sendatu zezakeen. Horixe gertatu zen Galileako Kafarnaum herrian: «Arratsean, deabrudun asko eraman zizkioten Jesusi. Honek deabruak bere hitzez bota eta gaixo guztiak sendatu zituen» (Mateo 8:16).

Jesusek jendeari laguntzeko egin zituen mirariak, ez inoren jakin-mina asetzeko (Markos 10:46-52; Lukas 23:8). Ez zituen sekula bere probetxurako egin (Mateo 4:2-4; 10:8).

Fidagarriak al dira Ebanjelioak?

Lau Ebanjelioak irakurtzen ditugunean, Jesusen mirariak ezagutzen ditugu. Fidagarria al da pasarte hauek Jesusi buruz diotena? Bai, hala da.

Aurretik aipatu dugun bezala, Jesusek jende askoren aurrean egin zituen mirariak. Ebanjelio batzuk lekuko horien gehiengoa bizirik zegoen garaian idatzi ziren. Ebanjelioen idazleen zintzotasunari buruz, The Miracles and the Resurrection (Mirariak eta berpizkundea) liburuak honakoa dio: «Ez litzateke zuzena izango Ebanjelioen idazleak beraien sinesmenak bultzatzeko gezurretan ari zirela esatea. […] Idazle zintzoak ziren».

Kristauen aurka zeuden juduek ez zuten inoiz esan Ebanjelioetan dauden mirariak ez zirenik inoiz gertatu. Zalantzan jarri zuten gauza bakarra Jesusen boterea nondik zetorren izan zen (Markos 3:22-26). Aurrerago ere kristauen aurkariek ezin izan zuten Jesusen mirariak gertatu ez zirenik frogatu. Guztiz kontrakoa, lehen eta bigarren mendeko idazki batzuek Jesusen mirariei egiten diete erreferentzia. Beraz, argi dago Ebanjelioetako pasarteetako mirariak fidagarriak direla.

Nolakoa izan zen Jesus?

Ebanjelioetan irakurtzen ditugun mirariak ondo ulertzeko, mirari horiek egin zituen gizona ondo ezagutu behar dugu. Ebanjelioek Jesus oso maitekorra eta errukiorra izan zela erakusten digute, baita besteez arduratzen zela ere.

Adibidez, legendun bat Jesusengana etorri eta erreguka esan zion: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Jesusek, «errukiturik», eskua luzatu eta ukitu egin zuen, esanez: «Nahi dut, izan zaitez garbi». Berehala alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen (Markos 1:40-42). Argi dago, beraz, Jesusek jendea maite zuelako eta beraiez arduratzen zelako egiten zituela mirariak.

Jesus Nain izeneko herri batera joan zenean, hildako bat, ama alargun baten seme bakarra, lur ematera zeramatela ikusi zuen. Zer egin zuen? Emakumea ikustean, «errukitu» egin zen eta esan zion: «Ez egin negarrik». Orduan, bere semea berpiztu zuen (Lukas 7:11-15).

Zer ikasgai kontsolagarri atera dezakegu Jesusen mirarietatik? Jesus errukitsua zenez, besteei laguntzen saiatzen zela. Horregatik, mirari hauek etorkizunerako esperantza ematen digute. Hebrearrei 13:8⁠ak dio: «Jesu Kristo bat bera da atzo, gaur eta beti». Orain zeruan Errege da eta lurrean egin zituenak baino askoz ere mirari gehiago egiteko prest dago. Laster, Jesusek bere boterea erabiliko du gizaki leial guztiak sendatzeko. Jehobaren lekukoek pozik lagunduko dizute etorkizun eder honi buruz gehiago ikasten.

[Irudiak]

Jesusen mirariek «Jaungoikoaren poderio handia» zuela erakutsi zuten

[Irudia]

Jesus oso maitekorra eta errukiorra izan zen