Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Otoitza: Zeri buruz?

Otoitza: Zeri buruz?

ASKOREN ustez, aitagurea kristau otoitz guztietatik errepikatuena da. Hala izan badaiteke ere, gutxien ulertzen denetakoa da. Milioika lagunek otoitz honen hitzak egunero behin eta berriro errepikatzen dituzte. Baina Jesusek ez zuen nahi otoitz hau horrela erabilia izan zedin. Zergatik dakigu hori?

Otoitz hori irakatsi aurretik, Jesusek honakoa esan zuen: «Otoitz egitean, ez esan gauza bera behin eta berriz» (Mateo 6:7NWT). Otoitz hori hitzez hitz ikasi eta errepikatu behar zela irakasten ariko balitz, ez al litzateke aurretik aipatu zuenaren kontrakoa esaten ariko? Otoitz egiterakoan zer gaiek izan behar duten lehentasuna irakasten ari zen Jesus. Azter dezagun zehatz-mehatz esan zuena. Otoitza Mateo 6:9-13 pasartean irakurri dezakegu.

«Gure Aita zerukoa, agertu santu zeure izena».

Otoitzak bere Aitari, Jehobari, egin behar zitzaizkiola gogorarazi zien Jesusek bere jarraitzaileei. Baina, ba al dakizu zergatik den Jainkoaren izena hain garrantzitsua eta zergatik izan behar duen santutua?

Giza historiaren hasieratik, Jainkoaren izen sakratua gezurrekin zikindua izan da. Jainkoaren aurkariak, Satanasek, Jehoba gezurti eta berekoi izateaz salatu du eta bere sorkuntzaren gain agintzeko eskubiderik ez duela esan du (Hasiera 3:1-6). Satanasen alde jarri direnek, Jainkoa bihozgabea, krudela eta mendekaria dela irakasten dute, edo are gehiago, ez dela gauza guztien Sortzailea. Beste batzuek, bere izena eraso dute biblia-itzulpenetatik Jehobaren izena kenduz eta bere erabilera debekatuz.

Jainkoak injustizia horiek guztiak kenduko dituela erakusten du Bibliak (Ezekiel 39:7). Hau egitean, zure beharrak bete eta zure arazo guztiak ere konponduko ditu. Nola? Jesusen otoitzaren hurrengo hitzek erantzuten dute hau.

«Etorrarazi zeure erregetza [erreinua]».

Gaur egun nahasmen handia dago erlijio-irakasleen artean Jainkoaren Erreinuari buruz. Baina ez zen gauza bera gertatzen Jesusen entzuleekin. Izan ere, bazekiten profetek aspalditik aurresana zutela Jainkoak aukeratutako Salbatzailea, hau da, Mesias, mundua aldatuko zuen Erreinu baten agintaria izango zela (Isaias 9:5, 6 [9:6, 7, NWT]; Daniel 2:44). Erreinu honek Jainkoaren izena santutuko du Satanasen gezurrak agerian utziz eta, ondoren, Satanas eta bere ekintzekin bukatuz. Gainera, gerrak, gaixotasunak eta goseteak, baita heriotza bera ere, kenduko ditu (46. Salmoa 10 [46:9, NWT]; 72. Salmoa 12-16; Isaias 25:8; 33:24). Jainkoaren Erreinua etor dadin otoitz egiten duzunean, promes hauek guztiak betetzeko eskatzen ari zara.

«Betearazi lurrean zeure nahia, zeruan betetzen den bezala».

Jainkoaren nahia zeruan bezala lurrean ere zalantzarik gabe beteko dela aditzera ematen dute Jesusen hitz hauek. Jainkoaren Semeak Satanas eta bere gudarostea garaitu eta lurrera jaurtiz, Jainkoaren nahia geldiezina dela frogatu zen zeruan, hau da, Jainkoaren bizitokian (Apokalipsia 12:9-12). Hirugarren eskari honek, aurreko biekin batera, garrantzia zeri eman behar diogun ikusten laguntzen digu: Jainkoaren nahiari eta ez gureari. Azken finean, bere nahia beti da kreazio guztiaren onerako. Jesusek beraz, nahiz eta perfektua izan, honakoa esan zion bere Aitari: «Egin bedi zure nahia, ez nirea» (Lukas 22:42).

«Emaguzu gaur egun honetako ogia».

Jesusek, ondoren, gure beharrei buruz ere otoitz egin dezakegula erakutsi zuen. Egunero behar ditugun gauzei buruz Jehobari otoitz egitea ez dago gaizki. Izan ere, hau egiteak Jainkoa «denei bizia eta arnasa eta gainerako guztia ematen dizkiena» dela gogorarazten digu (Eginak 17:25). Bibliak aita maitekor bat dela esaten du, bere seme-alaben beharrak asetzea atsegin duena. Baina guraso on batek egingo lukeen bezala, ez die beraien txarrerako den ezer emango, nahiz eta hauek askotan eskatu.

«Barkatu gure erruen zorra».

Zor al diogu zerbait Jainkoari? Bere barkamena behar al dugu? Gaur egun askorentzat bekatua ez da existitzen edo honek duen seriotasuna gutxiesten dute. Baina Bibliak gure arazo okerrenen jatorria dela irakasten du, hauen artean, heriotza. Jatorriz bekatariak garenez, askotan egiten dugu bekatu eta, betirako bizi nahi badugu, Jainkoaren barkamena behar dugu (Erromatarrei 3:23; 5:12; 6:23). Lasaigarria da Bibliak esaten duena jakitea: «Ona zara zu, Jauna, eta barkabera» (86. Salmoa 5).

«Gorde gaitzazu gaiztoarengandik».

Konturatzen al zara Jainkoaren babesaren zenbaterainoko premia dugun? Askok «gaiztoa», hau da, Satanas, existitzen dela sinestea baztertzen dute. Baina, Jesusek Satanas benetakoa dela eta «mundu honetako buruzagia» dela esan zuen (Joan 12:31; 16:11). Satanasek kontrolpean duen mundua usteldu du eta zu ere usteltzeko irrikaz dago, era honetara zure Aita Jehobarekin adiskidetasun estua izan ez dezazun (1 Pedro 5:8). Baina, Jehoba Satanas baino askoz ere indartsuagoa da eta bera maite dutenak babestu nahi ditu.

Noski, beste gai askori buruz otoitz egin ahal diogu Jainkoari. Gogoratu, 1 Joan 5:14⁠ak honakoa esaten digu Jainkoari buruz: «Bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, entzun egiten digu». Beraz, ez kezkatu zure arazoak Jainkoari esateko txikiegiak direla pentsatuz (1 Pedro 5:7).

Eta, zer esan dezakegu otoitz egiteko momentu eta tokiari buruz? Ba al dute garrantzirik?