Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Benetan existitu al zen Edengo lorategia?

Benetan existitu al zen Edengo lorategia?

Benetan existitu al zen Edengo lorategia?

EZAGUTZEN al duzu Adam eta Eba eta Edengo lorategiaren historia? Mundu osoko pertsona askok ezagutzen du. Zergatik ez duzu zuk zeuk irakurtzen? Hasiera 1:26-3:24 pasartean aurkituko duzu. Hementxe daude gertatu zenaren ideia garrantzitsuenak:

Jehobak * gizona lur hautsez sortu zuen, Adam deitu zion eta Eden deitzen zen eskualdeko lorategi batean ezarri zuen. Jainkoak berak landatu zuen lorategi hau. Ondo loreztatuta eta fruitu gozodun arbolez beteta zegoen. Erdian «ongiaren eta gaizkiaren ezagutzaren zuhaitza» zegoen. Jainkoak arbola horretatik jatea debekatu zuen eta desobedientziaren ondorioa heriotza izango zen. Denborarekin, Jehobak Adami lagun bat egin zion: Eba izeneko emakumea bere saihetsezur batetik sortuz. Jainkoak lan bikaina eman zien: lorategia zaintzea eta lurra seme-alabez betetzea.

Eba bakarrik zegoen batean, suge batek hitz egin zion debekatutako fruitutik jateko esanez. Sugearen arabera, Jainkoa gezurretan ari zitzaion eta fruitua jaten bazuen, Jainkoa bezalakoa izango zen. Orduan, sugeari sinetsi eta debekatutako fruitua jan zuen. Beranduago, Adamek ere gauza bera egin zuen. Segidan, Jehobak Adam, Eba eta sugea epaitu zituen. Bikotea paradisutik bota zuen eta aingeruak jarri zituen inor sartu ez zedin.

Antzina batean, eskoladun, aditu eta historialari askok Hasiera liburuko pasartea defendatzen zuten. Gaur egun, ordea, modan dago horrelako gauzak zalantzan jartzea. Baina zeintzuk dira pasarte hau zalantzan jartzeko arrazoiak? Aztertu ditzagun jendeak esaten dituen lau argudio.

1. Edengo lorategia benetako leku bat bazen, non zegoen?

Zergatik uste dute batzuek Edengo lorategia ez zela existitu? Filosofiak eragin handia izan du jendearen pentsamoldean. Mendeetan zehar, teologoek Jainkoaren paradisua nonbaiten existitzen jarraitzen zuela espekulatu zuten. Momentu batean, elizak greziar filosofoen ideiak onartu zituen. Hauen arabera, lurrean ezin zitekeen ezer perfekturik egon. Zeruan bakarrik egon zitezkeen gauza perfektuak. * Beraz, teologoek paradisua zerutik gertu egon beharko zuela ondorioztatu zuten. Batzuen arabera, Edengo lorategia oso altua zen mendi tontor batean zegoen, lurreko inperfekziotik urrun. Beste batzuek, berriz, Ipar edo Hego Poloan zegoela esaten zuten eta beste batzuen ustez ilargian edo ilargitik gertu zegoen. Ez da harritzekoa, beraz, paradisuaren pasartea fantasiazko kutsu batez inguraturik egotea. Gaur egungo aditu batzuek Edengo lorategiaren kokapena zentzugabea dela eta ez zela inoiz existitu esaten dute.

Baina Bibliak paradisuari buruz egiten duen deskribapena oso desberdina da. Hasiera 2:8-14 pasartean, lekuari buruzko hainbat ezaugarri zehatz agertzen dira. Adibidez, Edengo eskualdeko ekialdean kokatuta zegoen. Ibai batek ureztatzen zuen eta, gero, lau adarretan banatzen zen. Lau ibai hauen izenak eta ibai-bideak ere aipatzen ditu. Xehetasun hauetan oinarrituz, biblia-aditu asko Edengo lorategiaren kokapenaren bila aritu dira, baina ez dute aurkitu. Esan nahi al du honek Edengo lorategiaren eta bere ibaien deskribapena ez dela benetakoa, ipuin bat besterik ez dela?

Pentsatu honetan: Edengo lorategiaren garaitik 6.000 urte pasa dira eta gauza asko aldatu dira. Adibidez, seguruenik Eden zegoen lurraldean lurrikarak egotea oso ohikoa da eta, agian, ibaien ibilbidea aldatu egin da. Bestalde, ez dugu ahaztu behar Noeren garaiko uholdeak lurraren topografia aldatuko zuela. * Beraz, Edengo lorategia zehazki non zegoen jakitea ezinezkoa da. Gainera, Moisesek Edengo lorategiari buruz idatzi zuenean, jadanik ez zen existitzen.

Hala ere, badaude ezagutzen ditugun datu batzuk: Hasiera liburuko pasarteak Edengo lorategia benetako leku bat zela adierazten du. Aipatzen dituen lau ibaietariko bi, Eufrates eta Tigris, gaur egun existitzen dira. Eta beraien iturburuak eremu berdinean daude. Gainera, ibaiek zeharkatzen zituzten lurraldeen izenak aipatzen ditu, baita hauen ezaugarriak ere. Pasarte hau antzinako israeldarrentzat zuzenduta zegoen eta, dudarik gabe, beraientzat oso ezagunak izango ziren xehetasun horiek.

Horrelakoak al dira ipuinak eta kondairak? Aipatzen al dituzte baieztatu daitezkeen xehetasunak? Normalean, ipuinak honela hasten dira: «Behin batean, leku urrun batean, bazen». Kontaketa historiko batek, berriz, xehetasun garrantzitsuak ematen ditu, Edengo pasarteak bezala.

2. Posible al da Jainkoak Adam lur hautsetik eta Eba Adamen saihetsezur batetik sortzea?

Gaur egungo zientzialariek giza gorputza hainbat elementuz osatuta dagoela aurkitu dute. Esaterako, hidrogenoa, oxigenoa eta karbonoa. Elementu hauek guztiak lurrazalean daude. Baina nola elkartu ziren elementu hauek izaki bizidun bat sortzeko?

Zientzialari askok bizia bere kabuz agertu zela esaten dute. Beraien arabera, organismo sinpleak milioika urtetan zehar eboluzionatu eta izaki konplexu bihurtu ziren. Baina, ba al dago sinplea den izaki bizidunik? Zelula bakarreko organismoak ere oso konplexuak dira. Inork ezin izan du frogatu bizia bere kabuz sor daitekeenik. Guztiz kontrakoa. Izaki bizidun guztiek erakusten dute gu baino askoz ere adimentsuagoa den norbaitek diseinatu dituela (Erromatarrei 1:20). *

Sinfonia eder bat entzutean, artelan polit bat begiratzean edo makina konplexu bat ikustean pentsatuko al genuke gauza hauek guztiak ez dituela inork sortu? Ez, noski! Gauza hauek konplexuak eta ederrak diren arren, giza gorputza askoz ere konplexuagoa da. Gauza hauek ez dituela inork egin esatea zentzugabea da. Bestalde, Hasiera liburuko pasarteak lurreko izakien artetik gizakia bakarrik dagoela Jainkoaren irudira egina esaten du (Hasiera 1:26). Horregatik, musika, artea eta teknologia sortzeko dugun gaitasuna Jehobaren sormenaren islara da. Orduan, zergatik harritu beharko gintuzke Jainkoak gizakia zoruko elementuetatik sortu izanak?

Bestalde, Jainkoarentzat Eba gizonaren saihetsezurretik sortzea ez zen zaila izango. * Jainkoak Eba sortzeko beste moduren bat erabili zezakeen, baina erabili zuenak esanahi berezia zuen. Berak gizona eta emakumea ezkontzea eta beraien artean lotura estua sortzea nahi zuen, «haragi bat bera» izango balira bezala (Hasiera 2:24, oharra). Jainkoak gizona eta emakumea bata bestea zaintzeko eta elkarlanean aritzeko sortu zituen. Eta horrek Jainkoaren jakinduria eta digun maitasuna erakusten du.

Gainera, nabarmena da, gaur egungo genetista askoren arabera, gizaki guztiok seguruenik bikote bakar baten ondorengoak garela. Hortaz, badirudi Hasiera liburuko pasartea ez dela hain zentzugabea, ezta?

3. Biziaren zuhaitza eta ongiaren eta gaizkiaren ezagutzaren zuhaitzak ipuinak dirudite.

Hasiera liburuko pasarteak ez du irakasten zuhaitz hauek botere berezirik zutenik. Baina Jehobak esanahi sinbolikoa eman zien.

Gizakiok ere gauza batzuei esanahi sinbolikoa ematen diegu. Adibidez, epaile batek norbait auzitegiaren kontrako delitu bat egiteagatik kondenatu dezake. Esan nahi al du horrek auzitegiko mahaiei, aulkiei eta paretei errespetu falta adierazi dienik? Noski ezetz! Auzitegiak irudikatzen duen sistema juridikoari errespetu falta erakutsi diola esan nahi du. Beste adibide bat koroa eta errege makilarena da. Erregeek beraien agintearen sinbolo bezala erabili ohi dituzte.

Zer esanahi sinboliko dute orduan bi zuhaitzek? Teoria konplexu asko esan izan dira. Baina benetako esanahia sinplea izan arren, oso sakona da. Ongiaren eta gaizkiaren ezagutzaren zuhaitzak ondo eta gaizki dagoena erabakitzeko eskubidea irudikatzen du eta eskubide hori Jainkoak bakarrik du (Jeremias 10:23). Horregatik izan zen delitu bat Adamek eta Ebak zuhaitz horretatik fruitua lapurtzea. Biziaren zuhaitzak, bestalde, Jainkoak bakarrik eman dezakeen oparia irudikatzen du: betiko bizia (Erromatarrei 6:23).

4. Hitz egiten duen sugeak ipuin bateko pertsonaia dirudi.

Egia da pasartearen zati hau nahasgarria izan daitekeela. Baina Bibliak dioen beste guztiak Edengo lorategian zer gertatu zen ulertzen lagundu gaitzake.

Sugeak hitz egiten zuela zirudien. Nork edo zerk egin zuen hori? Antzinako israeldarrek Edenen gertatu zena ulertzen laguntzen zieten beste gertakizun batzuk ezagutzen zituzten. Adibidez, bazekiten izaki espiritualek animaliei hitz egiten duten itxura eman ahal dietela. Gainera, Moisesek Balaami gertatutakoa idatzi zuen. Aingeru batek, Jainkoaren aginduz, Balaamen astemeari hitz eginarazi zion (Zenbakiak 22:26-31; 2 Pedro 2:15, 16).

Gainera, bazekiten deabruek ere botere bereziak dituztela. Adibidez, Moisesek Egiptoko apaiz batzuk Jehobaren hainbat mirari imitatzen ikusi zituen. Esaterako, makilak suge bihurtzen. Nondik zetorren beraien boterea? Dudarik gabe, deabruengandik (Irteera 7:8-12).

Azkenik, israeldarrek Moisesek idatzitako Job liburua zuten. Liburu honen bidez asko ikasi zuten Jainkoaren etsai nagusiari buruz. Satanasek zalantzan jarri du Jehobaren zerbitzari guztion leialtasuna (Job 1:6-11; 2:4, 5). Hau guztia kontutan hartuta, seguruenik, israeldarrak ondorio honetara iritsiko ziren: Eba engainatu eta Jainkoa desobeditzera bultzatu zuen sugearen atzean Satanas zegoela.

Baina Deabrua sugearen atzean zegoena zela erakusten duten froga gehiago daude. Adibidez, beranduago, Jesusek Satanasi «gezurti» eta «gezurraren aita» deitu zion (Joan 8:44). Zergatik deitu zion «gezurraren aita»? Sugearen atzean zegoena zela bazekielako. Eta honek esan zuen historiako lehen gezurra. Jainkoak Adami eta Ebari debekatutako fruitutik jaten bazuten hil egingo zirela esan zien. Baina sugeak honako gezurra esan zien: «Ez zarete inolaz ere hilko» (Hasiera 3:4). Eta dudarik balego, Jesusek aurrerago Joan apostoluari Satanas «antzinako sugea» zela adierazi zion (Apokalipsia 1:1; 12:9).

Egia esan, espiritu batek suge bati hitz egiten duen itxura emateko gaitasuna edukitzea ez da aparteko gauza. Ez al dute berdin egiten sabel hiztunek panpinekin eta efektu bereziak egiten dituzten adituek?

Frogarik sendoena

Ez al zaizu iruditzen Hasiera liburuko pasartea zalantzan jartzeak ez duela oinarririk? Izan ere, froga sendoak ditu bere alde. Ikusi dezagun beste bat.

Biblian Jesu Kristori «testigu leial eta egiazkoa» deitzen zaio (Apokalipsia 3:14). Gizon perfektua zenez, ez zuen inoiz gezurrik esan eta ez zen inor engainatzen saiatu. Gainera, lurrera etorri aurretik, «mundua mundu izan baino lehen» ere, bere Aitarekin batera zeruan bizi zen (Joan 17:5). Gizakia sortua izan zenerako, Jesus bizirik zegoen. Beraz, bere hitzak pisu handia du.

Eta zer esan zuen Edengo lorategiari buruz? Jesusek Adam eta Ebari buruz hitz egin zuenean, benetako jendeaz hitz egin zuen. Izan ere, hauek aipatu zituen ezkontzari buruzko Jehobaren arauak azaldu zituenean (Mateo 19:3-6). Hasiera liburuko pasartea ipuin bat besterik ez bada, Jesus gezurti bat izango litzateke edo bere burua engainatuta izango luke. Baina bi aukera horiek erabat ezinezkoak dira! Aipatu dugun bezala, Jesusek zerutik Edenen gertatutako guztia ikusi zuen. Ba al dago hau baino froga sendoagorik?

Hasiera liburuko pasartea sinistuko ez bagenu, oso zaila izango litzateke Jesusengan benetako fedea izatea. Gainera, ezingo genuke Bibliaren mezu osoa ulertu ezta Jainkoaren promesak ere. Ikus dezagun zergatik.

[Oin-oharrak]

^ § 3 Biblian Jehoba Jainkoaren izen propioa da.

^ § 7 Ideia hau ez da Biblian inon agertzen. Izan ere, Jainkoak sortu zuen guztia perfektua izan zela irakasten du. Inperfekzioa beste iturri batetik etorri zen (Deuteronomioa 32:4, 5NWT). Jehobak lurraren sorkuntza bukatu zuenean, «guztia oso ona zela» esan zuen (Hasiera 1:31).

^ § 9 Jainkoak lurrera uholdea bidali zuenean, Edengo lorategia guztiz suntsitua izan zen. Kristo aurreko zazpigarren menderako Ezekiel 31:18⁠aren arabera, Edengo zuhaitzak aspaldi desagertu ziren. Beraz norbaitek Edengo lorategia aurkitu nahi izango balu, ezingo luke lortu.

^ § 14 Ikusi Biziaren jatorria: Aztertzea merezi duten bost galdera liburuxka, Jehobaren lekukoek argitaratuta.

^ § 16 Ikerlariek saihetsezurrek duten birsortzeko gaitasun txundigarria aurkitu dute. Beste hezurrak ez bezala, berriro hazi daitezke, betiere ehun konektiboaren mintza kaltetuta ez baldin badago.