Saltatu edukira

Jehoba ohoratzen duten erabakiak hartu

Jehoba ohoratzen duten erabakiak hartu

Jehoba ohoratzen duten erabakiak hartu

«Nondik ibiliko aztertzen [du] zentzudunak» (ES 14:15).

1, 2. a) Zein da gure ardura nagusia erabakiak hartzean? b) Zer galdera aztertuko ditugu?

 UNEORO hartzen ditugu. Hauetako asko, ez dira oso garrantzitsuak. Baina beste batzuek gure bizitza guztiz aldatu dezakete. Zeri buruz hitz egiten ari gara? Erabakiei buruz. Hartzen ditugun erabaki guztietan, txikiak nahiz handiak izan, gure ardura nagusia Jainkoa ohoratzea da (Irakurri 1 Korintoarrei 10:31).

2 Erraza egiten zaizu erabakiak hartzea ala erronka bat da zuretzat? Jehobarekin harreman estua izateko, zer den ona eta zer txarra ikasi behar dugu. Horrela, hartzen ditugun erabakiak gure sinesmenetan egongo dira oinarrituta, ez besteenetan (Erm 12:1, 2; Heb 5:14). Zer beste arrazoirengatik ikasi behar dugu erabaki onak hartzen? Zergatik da zaila batzuetan erabakiak hartzea? Eta zer urrats eman ditzakegu gure erabakiekin Jainkoa ohoratzen dugula ziurtatzeko?

Zergatik hartu behar dira erabakiak?

3. Zerk ez luke gure erabakietan eraginik izan behar?

3 Biblia-printzipioak jarraitzeko orduan, ezin dugu zalantzarik egin. Bestela, gure eskolakide edo lankideek gure sinesmenez ez gaudela erabat konbentzituta eta erraz manipulatu gaitzaketela pentsatu dezakete. Gezurrak esan, engainatu edo lapurtzen badute, agian, berdin jokatzeko edo eurek egindakoa ezkutatzeko eskatu ahal digute (Ir 23:2). Hala ere, Jainkoa ohoratzen duten erabakiak hartzen dakien pertsonak, Biblian oinarritutako kontzientziaren arabera jokatzen du beti. Beraz, ez du beldurra edo onartua izateko desirak bere erabakietan eraginik izaten uzten (Erm 13:5).

4. Zergatik nahi izan dezakete besteek guragatik erabakiak hartzea?

4 Baina guregatik erabakiak hartu nahi dituzten guztiek ez dute intentzio txarrarekin egiten. Guri lagundu nahi diguten lagunek ere behin eta berriz beraien aholkuak jarraitzeko esan ahal digute. Gurasoen etxean bizi ez bagara ere, agian gure senideek hartzen ditugun erabakietan eragina izan nahi dute. Adibidez, pentsatu dezagun osasun tratamenduei buruzko erabakietan. Bibliak argi debekatzen ditu odolaren erabilera batzuk (Eg 15:28, 29). Baina osasun tratamendu batzuei buruz ez du argibide zehatzik ematen, norberak gauza hauei buruz pentsatu eta bere erabakia hartu behar du. Maite ditugunek gai hauei buruz iritzi argiak izan ditzakete. Hala ere, erabaki bat hartzerakoan, bataiatutako kristau bakoitzak «nork bere zama eraman beharko» duela gogoratu behar du (Ga 6:4, 5). Gure ardura nagusia ez da gai honetan gure senideak poztea, baizik eta Jainkoaren aurrean kontzientzia garbia izatea (1 Tm 1:5).

5. Nola lortu dezakegu gure fedea ez hondoratzea?

5 Zalantza egitea arriskutsua da. Zergatik? Bibliak esaten duen bezala, zalantza egiten duen pertsona «bere jokabide guztietan aldakorra» delako (St 1:8). Pentsatu dezagun lema edo norabidea zuzentzeko pieza ez duen txalupa batean. Ekaitz baten aurrean noraezean ibiliko da eta seguruenik hondoa joko du. Erabakiak hartzen ez dakien pertsona antzeko egoeran dago. Besteen iritziei bere erabakietan eragina izaten uzten badie, erraza izango da azkenean bere fedeak hondoa jotzea. Jehobarekin duen harremana ere kaltetu dezake eta besteei errua bota (1 Tm 1:19). Nola lortu dezakegu hau ez gertatzea? Fedean sendo egonez (Irakurri Kolosarrei 2:6, 7). Sendotasun hori lortzeko Biblian dugun fedea erakusten duten erabakiak hartzen ikasi behar dugu (2 Tm 3:14-17). Baina zerk oztopatu dezake erabaki onak hartzea?

Zergatik da zaila batzuetan erabakiak hartzea?

6. Zer eragin izan dezake beldurrak gugan?

6 Huts egitearen edo lotsaraziko gaituen zerbait egitearen beldurrak erabat geldiarazi gaitzake. Kezka horiek ulergarriak dira. Inork ez du arazoak edo lotsa sortuko dituen erabakirik hartu nahi. Kasu horietan Jainkoari eta bere Hitzari diogun maitasunak beldur gutxiago izaten lagunduko digu. Nola? Erabaki garrantzitsuak hartu aurretik, maitasun horrek Jainkoaren Hitza eta biblia-argitalpenak aztertzera bultzatuko gaituelako. Horrela akats gutxiago egingo ditugu. Zergatik? Bibliak honakoa dio bere aholkuei buruz: «Egokiak dira heldugabeei zuhurtasuna emateko, gazteei ezaguera eta bereizmena» (Es 1:4).

7. Zer ikasi dezakegu Dabid erregearen eredutik?

7 Orduan, beti hartuko al ditugu erabaki zuzenak? Ez. Izan ere, denok egiten ditugu akatsak (Erm 3:23). Dabid erregea, esaterako, gizon zuhur eta leiala zen. Hala ere, batzuetan erabaki txarrak hartu zituen, bere burua eta beste batzuk kaltetuz (2 Sm 12:9-12). Baina Dabidek ez zuen pentsatu egindako akatsen erruz ezingo zituela Jehoba ohoratuko zuten erabaki gehiago hartu (1 Erg 15:4, 5). Dabiden antzera, Jehobak damutzen bagara gure bekatuak barkatuko dituela gogoratu behar dugu, baita bera maitatzen eta obeditzen dutenei lagunduko diela ere. Horrela, iraganeko akatsek ez geldiaraztea lortuko dugu (Sal 51:3-6, 9-12 [51:1-4, 7-10, NWT]).

8. Zer ikasten dugu Paulo apostoluak ezkontzeari buruz esan zuenetik?

8 Erabakiak hartzeak sortzen digun antsietatea txikitu dezakegu. Nola? Egoera batzuetan erabaki on bat baino gehiago dagoela onartuz. Azter dezagun Paulo apostoluak ezkontzeari buruz esan zuena. Jainkoak inspiratuta, hurrengoa idatzi zuen: «Gazte grinatsu batek bere neskatxarekin ez dela ongi jokatzen ari eta ezkondu egin behar duela uste badu, bete dezala bere asmoa, eta ezkon daitezela; ez du bekaturik egiten. Baina beste batek, inork behartu gabe eta bere buruaren jabe dela, andregaiarekin ez ezkontzeko erabaki sendoa bere baitan hartzen badu, oso ongi egingo du» (1 Ko 7:36-38). Paulok ez ezkontzea gomendatu zuen arren, bi aukerak egokiak zirela esan zuen.

9. Kontuan hartu behar al dugu besteek gure erabakiak nola ikusten dituzten? Azaldu.

9 Kontuan hartu behar al dugu besteek gure erabakiak nola ikusten dituzten? Neurri batean bai. Ikus dezagun Paulok idoloei eskainitako haragia jateari buruz esan zuena. Berak bazekien haragi hura jatea ez zegoela gaizki. Baina kontzientzia ahula zuen norbait horregatik mintzen bazen, erabaki hura gaizki zegoela esan zuen Paulok. Zein izan zen orduan bere erabakia? «Nire senideari janariren bat jatea erorbide gertatzen bazaio, ez dut inoiz haragirik jango, nire senidea erorbidean ez jartzeko» (1 Ko 8:4-13). Guk ere gure erabakiek besteen kontzientzian izango duten eragina kontuan hartu behar dugu. Baina, noski, gure ardura nagusia gure erabakiek Jehobarekin dugun adiskidetasunean izango duten eragina izan behar du (Irakurri Erromatarrei 14:1-4). Zer biblia-printzipiok lagunduko digute Jainkoa ohoratuko duten erabakiak hartzen?

Erabaki onak hartzeko sei urrats

10, 11. a) Zer egin dezakegu familian harroak ez izateko? b) Zer gogoratu behar dute adindunek kongregazioari eragingo dioten erabakiak hartzerakoan?

10 Ez izan harroa. Erabaki bat hartu aurretik honakoa galdetu behar diogu geure buruari: «Ba al dut erabaki hau hartzeko eskubiderik?». Salomon erregeak hurrengoa idatzi zuen: «Harrokeria non, desohorea han; zuhurtzia apaltasunaren lagun» (Es 11:2).

11 Gurasoek beraien haurrei erabaki batzuk hartzen uzten diete. Baina horrek ez die nahi dutena egiteko askatasuna ematen (Kol 3:20). Emazte eta amek ere beraien familietan erabaki batzuk hartu ditzakete. Baina ez dute ahaztu behar senarra dela familiaren burua (Es 1:8; 31:10-18; Ef 5:23). Antzera, senarrek ere Jesus, euren burua, errespetatu behar dute (1 Ko 11:3). Adindunek kongregazioan erabakiak hartzen dituzte. Hala ere, Biblian «idatzirik dagoena baino harantzago» ez joatea ziurtatu behar dute (1 Ko 4:6). Gainera, morroi leialaren jarraibideak zehatz-mehatz segi behar dituzte (Mt 24:45-47). Askoz ere arazo gutxiago izango ditugu apaltasunez dagozkigun erabakiak bakarrik hartzen baditugu.

12. a) Zergatik egin behar dugu ikerketa? b) Nola egin dezakegu ikerketa?

12 Ikerketa egin. Salomonek hurrengoa idatzi zuen: «Saiatuaren egitasmoak irabazia, zalapartaka dabilenarenak pobrezia» (Es 21:5). Adibidez, negozio aukera berri bat zabaldu al zaizu? Ez utzi emozioek kontrola zaitzaten. Horren ordez, ondorengoa egin ezazu: gaiari buruzko ahal duzun informazio guztia bilatu, adituen iritzia eskatu eta biblia-printzipioetan pentsatu (Es 20:18). Ikerketa antolatzeko, prestatu itzazu bi zerrenda. Batean alde onak eta bestean alde txarrak idatzi. Erabakia hartu aurretik, «gastuen kontuak atera» (Lk 14:28). Ez pentsatu irabaziko duzun diruan bakarrik. Erabaki honek Jehobarekin duzun harremanean izango duen eraginean ere pentsatu behar duzu. Ikerketa egiteak, denbora eta esfortzua eskatzen du. Baina hau egiten badugu, ez ditugu erabakiak azkarregi hartuko eta etorkizunean arazo gutxiago izango ditugu.

13. a) Zer baieztatzen digu Santiago 1:5⁠ak? b) Nola lagunduko digu otoitzean jakinduria eskatzeak?

13 Jakinduria eskatu otoitzean. Gure erabakiek Jainkoa ohoratu dezaten, bere laguntza eskatu behar dugu. Santiagok hurrengoa idatzi zuen: «Zuetakoren bat jakinduria beharrean badago, eska diezaiola Jainkoari eta eman egingo dio, eskuzabal ematen baitu, inori ezer aurpegira bota gabe» (St 1:5). Denok behar dugu Jainkoaren jakinduria erabakiak hartzean. Beraz, ez dugu eskatzeaz lotsatu behar. Azken finean, dena dakitela uste dutenek erraz hartzen dituzte erabaki txarrak. Hortaz, eskatu dezagun jakinduria otoitzean eta bilatu ditzagun biblia-printzipioak. Horrela, espiritu santuak erabaki bat hartzeko ditugun benetako arrazoiak ulertzen lagunduko digu (Heb 4:12; irakurri Santiago 1:22-25).

14. Zergatik ez genuke erabakiak hartzea atzeratu behar?

14 Hartu erabakia. Egia da azkarregi erabakitzea ez dela ona. Lehenengo ikerketa egin eta otoitzean jakinduria eskatu behar dugu. Zentzudunak «nondik ibiliko aztertzen» du (Es 14:15). Baina gauza horiek egin ondoren, ez dugu erabakia atzeratu behar. Batzuetan, jendeak aitzakiak asmatu ditzake erabaki bat ez hartzeko (Es 22:13). Baina hau egiten duena erabaki bat hartzen ari da: bere bizitza besteen eskuetan uztea.

15, 16. Zer egin behar dugu lanari ekiteko?

15 Ekin lanari. Ez da nahikoa erabakiak hartzearekin bakarrik; emaitza onak lortzeko lanari ekin behar zaio. Salomonek idatzi zuen: «Egin dezakezun guztia egizu gogoz» (Koh 9:10). Horregatik, arrakasta izan dezan, gure erabakia aurrera eramateko behar den guztia egiteko prest egon behar dugu. Demagun berri-emaile batek aitzindari izateko erabakia hartu duela. Erabaki honek ez du arrakastarik izango denbora gehiena lanean edo aisialdian pasatzen badu. Horren ordez, predikatze-lanean beharrezkoa den denbora eman behar du.

16 Erabakirik onenak, normalean, zailenak dira praktikan jartzeko. Zergatik? «Mundu osoa Gaiztoaren esku» dagoelako (1 Jn 5:19). Hala da, «goiko espiritu gaiztoen» eta «mundu ilun honetako aginte, ahalmen eta botereen aurka» borroka egin behar dugu (Ef 6:12). Eta Paulo apostoluak eta Judasek Jainkoa ohoratu nahi dutenek borroka horretan parte hartu beharko dutela adierazi zuten (1 Tm 6:12; Ju 3).

17. Zer espero du Jehobak hartzen ditugun erabakiei buruz?

17 Erabakiaren emaitzak aztertu eta beharrezkoak diren aldaketak egin. Erabakiek ez dute beti espero dugun emaitza izaten. Izan ere, ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean (St 4:13, 14). Hala ere, erabaki batzuk ezin dira aldatu hauek arrakasta izatea zaila iruditu arren. Adibidez, ezkontzean eta Jehobari geure burua eskaintzean egiten ditugun botoak betetzea ez da aukerazkoa. Jainkoak promes horiei eustea espero du (Irakurri 15. Salmoa 1, 2, 4). Baina erabaki gehienak ez dira hain garrantzitsuak. Beraz, pertsona zuhurrak noizbehinka hartutako erabakiak berrikusten ditu. Iraganeko erabaki bat aldatu behar dugula konturatzen bagara, ez gaitezen harroak edo burugogorrak izan eta egin dezagun (Es 16:18). Guretzat garrantzitsuena Jehoba ohoratzen jarraitzea da.

Irakatsi besteei Jainkoa ohoratuko duten erabakiak hartzen

18. Nola irakatsi ahal diete gurasoek seme-alabei erabaki onak hartzen?

18 Seme-alabei Jehoba ohoratuko duten erabakiak nola hartu irakatsi ahal diete gurasoek. Hau egiteko modurik onena eredu ona jartzea da (Lk 6:40). Egokia denean, gurasoek erabaki bat hartzerakoan eman zituzten urratsak azaldu ahal dizkiete euren seme-alabei. Erabaki batzuk hartzen ere utzi ahal diete. Noski, emaitza onak lortuz gero, zoriondu egin beharko lituzkete. Eta erabaki txarra hartzen badute? Agian gurasoek semea edo alaba ondorioetatik babestu nahiko dute. Baina honela ez diote ikasten lagunduko. Imajinatu guraso batzuek euren semeari gidatzeko baimena ateratzen laguntzen diotela. Orduan semeak trafiko lege bat hautsi eta isuna jasotzen du. Gurasoek isuna ordaindu dezakete. Baina semeari isuna ordaintzeko lan egiteko eskatzen badiote, seguruenik, bere ekintzen erantzule izaten ikasiko du (Erm 13:4).

19. Zer irakatsi behar diegu gure ikasleei eta nola?

19 Jesusek bere jarraitzaileei besteei irakasteko esan zien (Mt 28:20). Zein da biblia-ikasleei irakatsi ahal diegun gauza garrantsitzuenetariko bat? Erabaki onak nola hartu. Hau lortzeko, ezin diegu zer egin behar duten esan. Horren ordez, Biblian aholkuak bilatzen erakutsi behar diegu. Honela, euren kabuz erabakiak hartzen ikasiko dute. Azken finean, «guztiok eman beharko diogu Jainkoari nork bere buruaren kontu» (Erm 14:12). Beraz, denok ikasi behar dugu Jainkoa ohoratuko duten erabakiak hartzen.

Zer erantzungo zenuke?

• Zergatik ikasi behar dugu erabakiak hartzen?

• Zer eragin izan dezake beldurrak gugan eta nola gainditu dezakegu?

• Zer sei urrats eman ditzakegu Jainkoa ohoratuko duten erabakiak hartzeko?

[Ikasketako galderak]

[Taula/Irudia]

Erabaki onak hartzeko urratsak

1 Ez izan harroa

2 Ikerketa egin

3 Jakinduria eskatu otoitzean

4 Hartu erabakia

5 Ekin lanari

6 Erabakiaren emaitzak aztertu eta beharrezkoak diren aldaketak egin

[Irudia]

Zalantza egiten duen pertsona ekaitz batean lemarik gabeko txalupan doan gizonaren antzekoa da