Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

ZERK lagundu zion jokozale eta lapur bati bere adikzioak atzean utzi eta bizimoduaz aldatzen? Ikusi berak dioena.

«Zaldien lasterketak izugarri gustatzen zitzaizkidan» | RICHARD STEWART

JAIOTZE-URTEA: 1965

JATORRIZKO HERRIALDEA: JAMAIKA

HISTORIA: JOKOZALE ETA KRIMINALA

NIRE IRAGANA: Kingston-en hazi nintzen, Jamaikako hiriburuan, jende asko bizi den eremu behartsu batean. Langabezia handia zen eta delitu asko zeuden. Jendea izututa bizi zen gangsterrengatik eta ia egunero tiroketak entzuten nituen.

Nire amak gogor lan egiten zuen nik eta nire anai-arreba txikiek heziketa on bat jaso genezan. Baina niri zaldien lasterketak izugarri gustatzen zitzaizkidan, eta ez eskola. Askotan piper egin eta hipodromora joaten nintzen. Zaldiz eta guzti ibiltzen nintzen.

Denbora gutxira, diru asko gastatzen hasi nintzen zaldi-lasterketetan. Bizimodu moralgabea neraman, emakumezalea nintzen eta marihuana erretzen nuen. Bizimodu hau mantentzeko, lapurretan ibiltzen hasi nintzen. Pistola ugari izatera ere iritsi nintzen eta lapurreta askotan parte hartu nuen. Eskerrak ez nuela inor hil.

Azkenean, poliziek harrapatu eta kartzelara eraman ninduten. Bertatik atera nintzenean, delitu egiten jarraitu nuen. Are gehiago, nire bizimoduak okerrera egin zuen. Zintzo itxura izan arren, izaera egoskorra eta krudela nuen, eta erraz haserretzen nintzen. Neure buruaz bakarrik arduratzen nintzen.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Nire bizitzaren garai nahasi hartan, ama Biblia aztertzen hasi zen eta, denborarekin, Jehobaren lekuko egin zen. Jakin-mina piztu zidan ama pertsona hobea bihurtu zela ikusteak. Aldaketa hauek zergatik egin zituen jakin nahi nuenez, Lekukoekin Biblia aztertzen hasi nintzen.

Jehobaren lekukoek irakasten zutena, beste erlijioekin konparatuta, oso ezberdina zela konturatu nintzen. Gainera, esaten zuten guztia Biblian oinarritzen zuten. Etxez etxe predikatzen zuten bakarrak ziren, lehen kristauek bezala (Mateo 28:19; Eginak 20:20). Baina egiazko erlijioa aurkitu nuela konbentzitu ninduena benetan elkar maite zutela ikustea izan zen (Joan 13:35).

Biblia aztertzen nindoan heinean, aldaketa handiak egin behar nituela konturatu nintzen. Jehobak sexu moralgabekeria gorroto duela ikusi nuen eta, beraz, bera poztu nahi banuen, gorputza zikintzen duten jarrerak aldatu behar nituela ohartu nintzen (2 Korintoarrei 7:1; Hebrearrei 13:4). Jehobak sentimenduak dituela eta nire ekintzek bera mindu edo poztu dezaketela ikasteak hunkitu ninduen (Esaera Zaharrak 27:11). Marihuana erretzeari eta pistolak erabiltzeari uztea erabaki nuen. Gainera, nire izaera hobetzen saiatu nintzen. Baina gehien kostatu zitzaidana bizimodu moralgabea eta apustu egiteari uztea izan zen.

Hasiera batean, ez nuen nire lagunek Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen ari nintzela jakiterik nahi. Baina Mateo 10:33⁠ko Jesusen hitzak irakurri eta gero, nire pentsatzeko modua aldatu egin zen: «Jendearen aurrean ukatzen nauena ukatu egingo dut nik ere zeruko Aitaren aurrean». Aipu honek, nire lagunei Lekukoekin Biblia aztertzen ari nintzela esaten lagundu zidan. Lagunak zur eta lur gelditu ziren. Ezin zuten sinetsi ni bezalako norbaitek kristau izan nahi zuenik. Hala ere, aldatzeko prest nengoela azaldu nien.

NIRE ONERAKO IZAN DA: Nire ama poz-pozik jarri zen biblia-printzipioen arabera bizitzen hasi nintzela ikusi zuenean. Orain bera ez da egin ahal izango nituzkeen gauza txarrengatik gehiago kezkatzen. Amankomunean dugun honakoari buruz hitz egiten dugu: Jehobarenganako dugun maitasuna. Batzuetan, atzera begiratuz, ezin dut sinetsi Jainkoaren laguntzarekin aldaketak egiteko gai izango nintzenik. Jada ez nau erakartzen aurretik neraman bizimodu moralgabe eta materialistak.

Bibliaren mezuari erantzun izan ez banio, ziurrenik orain hilda edo espetxean egongo nintzateke. Gaur egun, familia zoragarria eta zoriontsua dut. Izugarri pozten nau laguntzen nauen emaztearekin eta zintzoa den alabarekin Jehoba zerbitzatzea. Asko eskertzen diot Jehobari hain maitekorra den anaiartearen parte izateagatik, baita norbaitek niri Bibliaren egia irakasteko ahaleginak egin izanagatik ere. Asko baloratzen dut besteei Bibliari buruz irakasteko aukera izatea. Baina Jehobari gehien eskertzen diodana, berarengana maitasunez erakarri ninduela da.

[Iruzkina]

«Jehobak sentimenduak dituela eta nire ekintzek bera mindu edo poztu dezaketela ikasteak hunkitu ninduen»

[Irudia]

Nire emaztea eta alabarekin

[Irudia]

Ama pertsona hobea bihurtu zela ikusi nuen