Saltatu edukira

BIBLIARI BURUZKO ELKARRIZKETAK

Zergatik uzten du Jainkoak sufrimendua izaten?

Zergatik uzten du Jainkoak sufrimendua izaten?

Ondorengoa Jehobaren lekuko batek izan dezakeen ohiko elkarrizketa bat da. Imajinatu dezagun Miren izeneko Lekuko batek Ainara izeneko emakumea bisitatzen duela.

ZER SENTITZEN DU JAINKOAK SUFRITZEN IKUSTEN GAITUENEAN?

Miren: Kaixo, Ainara. Pozten naiz zu berriro ikusteaz.

Ainara: Baita ni ere.

Miren: Elkarrekin egon ginen azkeneko aldian, Jainkoak sufritzen ikusten gaituenean zer sentitzen duen aztertu genuen. Zeure buruari hori askotan galdetu diozula esan zenidan, batez ere zure amak kotxe-istripua izan zuenetik. Honetaz ari garela, zer moduz dago?

Ainara: Egunak eta egunak ditu. Gaur, adibidez, ondo dago.

Miren: Pozten naiz. Seguruenik zaila izango da zuretzat ama horrela ikustea.

Ainara: Bai, hala da. Oraindik zenbat sufritu beharko duen galdetzen diot neure buruari batzuetan.

Miren: Normala da horrela sentitzea. Horregatik, Jainkoa boteretsua bada, sufrimendua izaten zergatik uzten duen ikusi nahiko nuke zurekin gaur.

Ainara: Ondo iruditzen zait.

Miren: Bibliak honi buruz zer esaten duen ikusi aurretik, aztertu dezagun zer ikasi genuen aurreko aldian.

Ainara: Ondo da.

Miren: Adibidez, biblia-garaiko gizon zintzo batek Jainkoari sufrimendua izaten zergatik uzten zuen galdetu ziola ikusi genuen. Baina, Jainkoa ez zen haserretu hori galdetu ziolako eta ez zion fede gehiago behar zuela esan.

Ainara: Bai, hori berria izan zen niretzat.

Miren: Gainera, Jehobak gu sufritzen ikustea gorroto duela ikusi genuen. Adibidez, Bibliaren arabera, bere herriak sufritzen zuenean, «hunkitu egiten zen». * Ez al gaitu kontsolatzen Jainkoa gu sufritzen ikustean hunkitu egiten dela jakiteak?

Ainara: Bai, noski.

Miren: Azkenik, Jainkoa oso boteretsua dela eta sufrimendua kendu dezakeela ikusi genuen.

Ainara: Hori da ulertzen ez dudana. Zergatik uzten ditu gauza txar guztiak gertatzen, kentzeko boterea badu?

NOR ARI ZEN EGIA ESATEN?

Miren: Erantzuna aurkitzeko, jo dezagun Bibliako Hasiera liburura. Ezagutzen al duzu Adam eta Eba eta debekatutako fruituaren pasartea?

Ainara: Bai, katekesian ikasi nuen. Jainkoak arbola batetik ez jateko esan zien. Baina ez zioten kasurik egin eta arbola horren fruitua jan zuten.

Miren: Hori da. Baina zer gertatu zen Jainkoari desobeditu aurretik? Hori jakiteak zergatik sufritzen dugun ulertzen lagunduko digu. Irakurriko duzu, mesedez, Hasiera 3:1-5?

Ainara: Bai. Honela dio: «Sugea zen Jainko Jaunak egindako piztiarik maltzurrena. Sugeak esan zion emakumeari: “Jainkoak debekatu egin dizue, beraz, baratzeko arbola guztietako fruituetarik jatea?”. Emakumeak erantzun: “Ez, jan dezakegu baratzeko arboletako fruituetarik. Baratze erdian dagoen zuhaitzaz bakarrik esan digu Jainkoak: ‘Ez jan horretatik, ezta ukitu ere, hil nahi ez baduzue’”. “Ez zarete inolaz ere hilko”, esan zion sugeak. “Ongi daki Jainkoak, hartatik jan dezazuenean, begiak zabalduko zaizkizuela, eta bera bezalako bihurtuko zaretela, dena ezagutzeko ahalmena lortuz”».

Miren: Mila esker. Aztertu ditzagun bertset hauek sakonago. Hasteko, suge batek Ebarekin hitz egin zuen. Bibliako beste pasarte batek sugearen bidez hitz egiten ari zena Satanas Deabrua zela esaten du. * Satanasek Jainkoak esan zienari buruz galdetu zion Ebari. Zer esan zien Jainkoak gertatuko zela fruitua jaten bazuten? Konturatu al zara?

Ainara: Hil egingo zirela.

Miren: Hala da. Baina, Satanasek esan zituen hurrengo hitzekin, salaketa larriagoa egin zuen Jainkoaren aurka. Begira zer esan zuen: «Ez zarete inolaz ere hilko». Satanas Jainkoari gezurti deitzen ari zitzaion!

Ainara: Pasartearen zati hau entzuten dudan lehenengo aldia da.

Miren: Jainkoari gezurti deitzea salaketa oso larria zen eta Satanas egia edo gezurra esaten ari zen jakiteko denbora behar zen. Badakizu zergatik?

Ainara: Mmm... Egia esan, ez nago ziur.

Miren: Beno, jarri dezagun adibide bat ulertzeko. Imajinatu zu baino indartsuagoa naizela esaten dizudala. Nola jakin dezakegu hori horrela den ala ez?

Ainara: Proba bat eginez.

Miren: Bai, hori da. Agian gauza pisutsu bat aukeratu eta altxatzeko gai nor den ikusi dezakegu. Indartsuagoa nor den frogatzea erraza da, ezta?

Ainara: Bai.

Miren: Baina, imajinatu indartsuagoa naizela esan beharrean, zintzoagoa naizela esaten dizudala. Hori frogatzea ez da hain erraza, ezta?

Ainara: Ez, ez dut uste.

Miren: Azken finean, zintzotasuna ezin da frogatu proba sinple batekin.

Ainara: Ez, noski.

Miren: Egia jakiteko modu bakarra dago. Denbora behar da besteek biotako nor den zintzoagoa ikusteko.

Ainara: Zentzuzkoa dirudi.

Miren: Itzuli gaitezen Hasiera liburuko pasartera berriro. Esan al zuen Satanasek Jainkoa baino indartsuago zenik?

Ainara: Ez.

Miren: Hala esan izan balu, Jainkoak azkar frogatuko zukeen oker zegoela. Baina, Satanasek Jainkoa baino zintzoagoa zela esan zuen. Azken batean, honakoa esaten ari zitzaion Ebari: «Jainkoak gezurra esan dizu. Baina ni egia esaten ari naiz».

Ainara: Ze interesgarria.

Miren: Jainkoak bazekien egia nork esaten zuen jakiteko denbora beharko zela; denborak erakutsiko zuen nor zen gezurtia.

GAI GARRANTZITSU BAT

Ainara: Baina Eba hil zenenean, ez al zen argi gelditu Jainkoa egia esaten ari zela?

Miren: Zentzu batean, bai. Baina, Satanasen hitzen atzean bazegoen zerbait gehiago. Begiratu zer dioen 5. bertsetak. Ikusten al duzu zer gehiago esan zion Satanasek Ebari?

Ainara: Fruitutik jatean, begiak zabalduko zitzaizkiela.

Miren: Eta Jainkoa bezalakoak izango zirela ere esan zion, «dena ezagutzeko», hau da, ongia eta gaizkia ezagutzeko ahalmena lortuz. Beraz, Jainkoak gizakiei gauza onak ezkutatzen zizkiela adierazi zuen Satanasek.

Ainara: Hara.

Miren: Eta hau ere salaketa larria izan zen.

Ainara: Zer esan nahi duzu?

Miren: Hitz hauekin, benetan esaten ari zena gizaki guztiak Jainkoaren gidarik gabe hobeto egongo liratekeela zen. Oraingoan ere, Jehobak bazekien Satanas oker zegoela frogatzeko modurik onena zein zen: Deabruari mundua denbora batez agintzen uztea. Horregatik ikusten dugu hainbeste sufrimendu gure inguruan. Satanas da munduaren benetako agintaria. * Baina, badira berri onak.

Ainara: A bai?

Miren: Bai. Bibliak bi gauza zoragarri irakasten ditu Jainkoari buruz. Lehenengoa honakoa da: Jainkoak sufritzen dugunean lagundu egin nahi digu. Adibidez, ikusi dezagun Dabid erregeak idatzi zuena 31. Salmoa 8⁠an [31:7, NWT]. Dabidek bere bizitzan sufrimendu asko jasan behar izan zuen. Baina begira zer esan zion Jainkoari otoitzean. Irakurriko duzu zuk, mesedez?

Ainara: Bai. Dio: «Pozaren pozez jauzi egingo dut zure maitasunagatik, ikusi baituzu nire atsekabea, arduratu baitzara nire larrialdiaz».

Miren: Beraz, Dabidentzat oso kontsolagarria izan zen Jehobak pasatzen ari zen guztia ikusten zuela jakitea. Jainkoak, gizakiek ez bezala, guztia ikusten du, baita min handia egiten diguten sentimenduak ere. Ez al zaitu honek kontsolatzen?

Ainara: Bai, oso hunkigarria da.

Miren: Bibliak irakasten duen bigarren gauza zoragarri bat Jainkoak ez duela sufrimendua betiko izaten utziko da. Gainera, laster Satanasen aginte gaiztoa suntsituko duela dio. Eragiten ari den kalte guztia konponduko du, baita zure ama eta zu sufritzen ari zareten guztia ere. Baina nola dakigu hori gertatzeko gutxi falta dela? Ondo iruditzen bazaizu, datorren astean erantzun dezakegu galdera hau.

Ainara: Ondo iruditzen zait.

Ba al duzu galderarik Bibliako gairen bati buruz? Jakinmina pizten al dizu Jehobaren lekukoen sinesmen edo jardueraren batek? Hala bada, galdetu beldurrik gabe Jehobaren lekukoei. Beraiek gustura hitz egingo dute zurekin.

^ § 17 Ikusi Epaileak 2:18.

^ § 26 Ikusi Apokalipsia 12:9.

^ § 55 Ikusi Joan 12:31; 1 Joan 5:19.