AZALEKO GAIA | BIBLIAREN BIZIRAUPEN HISTORIA
Historia garrantzitsu bat
Ez dago Biblia bezalako beste liburu erlijiosorik. Denboran zehar, jendearen sinesmenetan eraginik handiena izan duen liburua izan da. Bestalde, ez dago hainbeste kritika eta azterketa jasan duen beste libururik.
Adibidez, aditu batzuk zalantzan jartzen dute gaur egungo Bibliak jatorrizko testuaren kopia fidagarriak direla. «Ezin gara ziur egon jatorrizko testua zehaztasunez transmititu denik», dio ikasketa erlijiosoko irakasle batek. «Akatsez beteriko kopiak besterik ez ditugu, eta gehienak originalak idatzi zirenetik mende batzuk beranduago egin ziren. Dirudienez milaka desberdintasun dituzte».
Beste batzuek euren sinesmen erlijiosoengatik Biblia egiazkoa dela zalantzan jartzen dute. Faizal, adibidez, kristaua ez zen familia batean hezi zen eta Biblia liburu sakratua dela, baina aldatua izan dela, irakatsi zioten. «Ondorioz, ez nuen konfiantzarik Biblian berari buruz hitz egin nahi zidatenean», dio berak. «Izan ere, ez zuten Biblia originala. Aldatuta zegoen!».
Inporta al du Biblia aldatua izan ote den edo ez? Hausnartu hurrengo galderetan: Bibliak etorkizunerako dituen promesa zoragarrietan konfiantza izango al duzu, testu originalean agertzen ote ziren ziur ez bazaude? (Erromatarrei 15:4). Gaur egungo Bibliak gizakiak eginiko eta akatsak dituzten kopiak baldin badira, erabiliko al zenituzke Bibliako printzipioak lana, familia edo adorazioari buruzko erabaki garrantzitsuak hartzeko?
Bibliako liburu originalak desagertu egin ziren, baina antzinako kopiak aztertu ditzakegu, milaka biblia-eskuizkribu barne. Nola izan zen posible eskuizkribuek hondatzearen, aurkaritzaren eta testua aldatzeko ahaleginen aurrean bizirautea? Nola sendotu dezake honek gaur egun eskuragarri ditugun Biblietan duzun konfiantza? Aztertu ditzagun galdera hauen erantzunak hurrengo biziraupen historian.