Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Beteko diren promesak

Beteko diren promesak

Jesusek aurresan bezala, Jainkoaren Erreinuaren berri onak lur osoan predikatzen ari dira (Mateo 24:14). Daniel Biblia liburuak Erreinu hau Jainkoaren gobernu bat dela azaltzen du. 2. kapituluan bata bestearen atzetik aginduko zuten giza erreinuak aipatzen dira. Gobernu hauek antzinako Babiloniatik gaur egun arte aginduko zuten. 44. bertsetak ondoren gertatuko dena azaltzen digu:

«Inoiz suntsituko ez den erreinu bat ezarriko du zeruko Jainkoak. Eta erreinu hau ez da beste herriren baten eskuetara aldatuko. Beste erreinu guzti horiek suntsitu eta desagerraraziko ditu eta berak bakarrik iraungo du betiko» (Daniel 2:44NWT).

Profezia honek eta beste batzuek Jainkoaren Erreinuak giza gobernu guztiak ordezkatu eta lurrari oreka eta ordena ekarriko dizkiola aurresaten dute. Nolakoa izango da bizitza Erreinu horren agindupean? Ikus ditzagun hemendik gutxira beteko diren promesa zoragarrietako batzuk.

  • EZ DA GERRARIK EGONGO

    46. Salmoa 9, 10 [46:8, 9, NWT]: «Ikus Jaunaren egintzak […]: mundu osoan guduak geldiarazi, uztaiak puskatu, lantzak apurtu, babeskiak sutan erre».

    Imajinatu dauzkagun baliabideak eta abileziak armak egiteko erabili beharrean, jendeari laguntzeko erabiltzen direla. Nolakoa izango litzateke mundua? Jainkoaren Erreinuari esker, gerrarik gabeko mundu batean bizitzea posible izango da.

  • EZ DA GAIXOTASUNIK EGONGO

    Isaias 33:24, Ol: «Bizilagun batek ere ez du “Akiturik [gaixorik] nago” esango».

    Imajinatu bihotzeko gaixotasunak, minbizia, diabetesa eta beste gaixotasun guztiak desagertzen direla. Ez genuke ospitalerik eta botikarik beharko. Hauxe da etorkizunean gertatuko dena lurreko biztanleek osasun perfektua izango dutenean.

  • EZ DA JANARI ESKASIARIK EGONGO

    72. Salmoa 16: «Izan bedi gari ugari lurraldean, mendi gainetan kulunkan».

    Lurrak behar adina janari emango du, eta hau ondo banatuko da. Gosea eta desnutrizioa betirako desagertuko dira.

  • EZ DA MINIK, SUFRIMENDURIK, EZTA HERIOTZARIK ERE EGONGO

    Apokalipsia 21:4: «[Jainkoak] haien begietako malkoak xukatuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik, lehengo mundua betiko desagertua baita».

    Pertsonak perfektuak izango dira, eta paradisu bihurtutako lurrean betirako biziko dira. Horixe da gure sortzaile maitekorrak, Jehobak, promestu diguna.

PROMESA HAUEK BENETAN BETEKO DIRA

Politegia ote da hau guztia egia izateko? Pertsona gehienek Bibliak promesten eta deskribatzen duena erakargarria dela onartzen dute, baina zaila egiten zaie betirako bizi gaitezkeela ulertzea. Hau ez da harritzekoa, ez delako betirako bizi izan den gizakirik existitu.

Gizakiak denbora asko darama bekatuaren eta heriotzaren eraginpean. Ondorioz, pertsona askok minez eta sufritzen bizitzea naturala dela uste dute. Baina hau ez da inolaz ere gure Sortzaileak, Jehobak, guretzat pentsatuta zuena.

Bere promesetan dugun konfiantza indartzeko, Jainkoak honakoa esan zuen bere hitzari buruz: «Ez da niregana itzultzen bere eragina izan gabe, baizik eta nik nahi dudana egiten du eta nik ezarritako helburua betetzen» (Isaias 55:11).

Jehoba «gezurrik ez dioen Jainkoa» dela dio Bibliak (Titori 1:1-2). Bera denez promesa zoragarri hauek guztiak egin dizkiguna, honako galderetan pentsatu beharko genuke: «Posible ote da paradisu bihurtutako lurrean betirako bizitzea? Zer egin behar dugu Jainkoaren promesez gozatzeko?». Hurrengo artikuluek galdera horiek erantzuten lagunduko dizute.