Saltatu edukira

10. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Bataiatzeko zein oztopo ditut?

Bataiatzeko zein oztopo ditut?

«Felipe eta irena, biak uretara jaitsi ziren eta Felipek bataiatu egin zuen» (EG 8:38).

sn 7. KANTA Kristau eskaintza

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer galdu zuten Adam eta Ebak, eta zer ondorio ekarri ditu beraien erabakiak?

 NORK uste duzu erabaki behar duela ondo eta gaizki dagoena? Adam eta Ebak ongiaren eta gaizkiaren ezagutzaren zuhaitzeko fruitua jan zutenean, Jehoba eta bere arauetan konfiantzarik ez zutela argi utzi zuten. Euren kabuz erabaki zuten zer zegoen gaizki eta ondo (Has 3:22). Baina pentsatu zer galdu zuten: Jehobarekin zuten adiskidetasuna eta betirako bizitzeko aukera. Gainera, euren ondorengoek bekatua eta heriotza jaso dute (Erm 5:12). Euren erabakiak zoritxarra besterik ez du ekarri.

Jesus onartu ondoren, Etiopiako irenak lehenbailehen baiatu nahi zuen (Ikusi 2 eta 3 paragrafoak)

2, 3. a) Nola erantzun zuen Etiopiako irenak Felipek predikatu zionean? b) Zer bedeinkapen jasotzen digu bataiatzean, eta zer galdera aztertuko ditugu?

2 Konparatu dezagun Adam eta Ebak izan zuten jarrera Etiopiako irenak Felipek predikatu ondoren eman zuen erantzunarekin. Irenak asko eskertu zuen Jehobak eta Jesusek bere alde egin zutena, horregatik, segituan bataiatu zen (Eg 8:34-38). Geure burua Jainkoari eskaintzen diogunean eta, irenak egin zuen bezala, bataiatzen garenean, ondorengoa argi uzten dugu: Jehobak eta Jesusek gure alde egin dutena eskertzen dugula. Gainera, Jehobarengan konfiantza dugula erakusten dugu, baita ondo eta gaizki dagoena berak bakarrik erabaki dezakeela ere.

3 Hausnartu Jehoba zerbitzatzen dugunean jasotzen ditugun bedeinkapenetan. Alde batetik, Jehobak Adam eta Ebak galdu zuten guztia bueltatuko digu, baita betirako bizitzeko aukera ere. Jesu Kristorengan dugun fedeari esker, Jehobak gure bekatuak barkatu eta kontzientzia garbia ematen digu (Mt 20:28; Eg 10:43). Gainera, Jehobaren zerbitzarien familiaren parte gara eta etorkizun zoragarria dugu (Jn 10:14-16; Erm 8:20, 21). Bedeinkapen guzti hauek jakin arren, Jehoba ezagutzen duten batzuek Etiopiako irenaren eredua jarraitzeko orduan zalantza egiten dute. Zer oztopo izan ditzakete bataiatzeko? Eta nola gainditu ditzakete oztopo horiek?

BATAIATZEKO OZTOPO BATZUK

Bataiatzeko batzuek dituzten oztopoak

Konfiantza falta (Ikusi 4-8 paragrafoak) b

4, 5. Zer oztopo izan zituzten Avery eta Hannah-k?

4 Konfiantza falta. Averyren gurasoak Jehobaren lekukoak dira. Gainera, bere aitak oso izen ona du aita eta adindu bezala. Hala ere, Averyk bataiatzea atzeratzen zuen. Zergatik? «Ez nuen uste nire aita bezain ona izateko gai izango nintzenik», dio berak. Gainera, Averyk ez zuen pentsatzen etorkizunean agian emango zizkioten ardurak bete ahalko zituenik. «Besteen aurrean otoitz egitea, hitzaldiak ematea edo predikazioan aurrea eramatea eskatuko ote zidaten beldur nintzen».

5 Hannah-k 18 urterekin konfiantza falta handia zuen. Bere gurasoek Jehoba zerbitzatzen zuten. Baina, hala ere, ez zuen uste Jehobaren arauen arabera bizi ahalko zuenik. Zergatik? Hannah-k oso autoestimu baxua zuelako. Batzuetan, sentimendu negatiboek bere burua nahita zauritzera eramaten zuten eta honek okerrago sentiarazten zuen. «Ez nion inoiz egindakoa inori kontatu, ezta nire gurasoei ere», dio berak. «Egiten nuenagatik Jehobak bere zerbitzari bezala nahi ez ninduela pentsatzen nuen».

Lagunen eragina (Ikusi 6. paragrafoa) c

6. Bataiatzeko zer oztopo izan zuen Vanessak?

6 Lagunen eragina. Vanessak 22 urte ditu eta honakoa dio: «Oso lagun on bat nuen eta ia hamar urtez ezagutzen genuen elkar». Baina Vanessaren lagunak ez zion bataiatzeko helburua betetzen laguntzen. Honek Vanessa asko mindu zuen. Berak dio: «Zaila egiten zait lagunak egitea; beraz, harreman hori hautsiz gero, berriro lagun min bat izango ez nuen beldur nintzen».

Akats larri bat egiteko beldurra ((Ikusi 7. paragrafoa) d

7. Zer beldur zuen Makaylak, eta zergatik?

7 Akats larri bat egiteko beldurra. Makaylak bost urte zituen bere neba kanporatua izan zenean. Hazi ahala, bere nebaren jarrerak gurasoengan izan zuen eragina ikusi zuen. Makaylak dio: «Bataiatu ondoren akats bat egin, kanporatua izan eta nire gurasoei sufrimendu gehiago ekartzeko beldur nintzen».

Oposizioari beldurra (Ikusi 8. paragrafoa) e

8. Zerk kezkatzen zuen Miles?

8 Oposizioari beldurra. Miles-en aita eta amaordeak Jehoba zerbitzatzen dute, baina bere ama ez da Lekukoa. Berak dio: «18 urtez amarekin bizi izan naiz eta bataiatu nahi nuela esateko beldur nintzen. Aita Lekukoa egin zenean nola erreakzionatu zuen gogoratzen nuen. Eta nire kasuan gauza bera gertatzeak kezkatzen ninduen».

NOLA GAINDITU DITZAKEZU OZTOPOAK?

9. Zer gertatuko da Jehobaren maitasun eta pazientziari buruz ikasten baduzu?

9 Adam eta Ebak Jehoba ez zerbitzatzea erabaki zuten bihotzez maite ez zutelako. Hala ere, Jehobak seme-alabak izaten eta euren arauen arabera hezten utzi zien. Adam eta Ebak Jehobarengandik urruntzeagatik jaso zituzten ondorioek argi utzi zuten euren erabakia akats galanta izan zela. Beraien seme nagusiak bere anaia hil zuen eta denborarekin biolentzia eta berekoikeria mundu osoan zabaldu ziren (Has 4:8; 6:11-13). Bitartean, Jehobak bera zerbitzatu nahi duten Adam eta Ebaren ondorengoak salbatzeko bide bat ireki zuen (Jn 6:38-40, 57, 58). Zenbat eta gehiago ikasi Jehobaren pazientzia eta maitasunari buruz, orduan eta handiagoa izango da berari diozun maitasuna. Adam eta Ebak hartutako erabakia baztertu eta zeure burua Jehobari eskaintzea nahi izango duzu.

Oztopo hauek gainditzeko egin dezakezuna

(Ikusi 9-16 paragrafoak) f

10. Zergatik lagundu zaitzake Jehoba zerbitzatzen 19. Salmoa 8⁠an hausnartzeak?

10 Jarraitu Jehobari buruz ikasten. Jehobari buruz zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta ziurrago egongo zara bera leialki zerbitzatu dezakezula. Lehen aipatutako Averyk dio: «Konfiantza irabazteko asko lagundu zidan 19. Salmoa 8⁠ko [19:7NWT] hitzak ikertzeak eta hausnartzeak» (Irakurri). Averyk Jehobak promesa hau nola bete zuen ikusi zuenean, Jainkoarekiko zuen maitasuna sendotu zen. Baina maitasunak ez digu konfiantza irabazten laguntzen bakarrik, Jehobaren nahia egiten ere laguntzen digu. Lehen aipatutako Hannah-k honakoa dio: «Nire Biblia irakurketa eta ikasketari esker, nire burua zauritzen dudanean Jehoba ere mintzen dudala konturatu nintzen» (1 P 5:7). Hannah-k Jainkoaren Hitza praktikan jarri zuen (St 1:22). Zein izan zen ondorioa? Berak dio: «Jehoba obeditzeak ekartzen dizkidan emaitza onak ikusi nituenean, bera gehiago maitatzen hasi nintzen. Orain ziur nago Jehobak beti gidatuko nauela bere laguntza behar dudanean». Hannah-k bere burua zauritzeko irrika gainditu zuen eta bere burua Jehobari eskaini eta bataiatu zen.

(Ikusi 11. paragrafoa) g

11. Zer egin zuen Vanessak lagun onak egiteko, eta zer ikasi dezakegu?

11 Ondo aukeratu zure lagunak. Lehen aipatutako Vanessa, bere lagunak Jehoba zerbitzatzen laguntzen ez ziola konturatu zen; beraz, bere laguna izateari utzi zion. Baina Vanessa ez zen hor geratu. Esfortzu handiak egin zituen kongregazio barruan lagun berriak egiteko. Noe eta bere familiaren ereduak asko lagundu zion Vanessari. Berak dio: «Jehoba maite ez zuten pertsonez inguratuta egon arren, beraien artean denbora pasatzeak indarberritzen zituen». Bataiatu ondoren, Vanessak aitzindaritza hasi zuen eta orain honakoa dio: «Honi esker, lagun onak egin ditut ez nire kongregazioan bakarrik, baita beste kongregazioetan ere». Zuk ere lagun onak egin ditzakezu Jehobaren zerbitzuan lanpetuta baldin bazaude (Mt 24:14).

(Ikusi 12-15 paragrafoak) h

12. Zer beldur mota falta zitzaien Adam eta Ebari, eta zer ondorio jaso zituzten?

12 Zure beldurrak kontrolatu. Beldur mota batzuk onak dira guretzat. Esaterako, Jehoba mintzeko beldurra izan beharko genuke (Sal 111:10). Adam eta Ebak beldur mota hau izan balute, ez ziratekeen Jehobaren aurka errebelatuko. Baina errebelatu ziren. Eta honen ondoren, begiak zabaldu zitzaizkien bekatariak zirela konturatuz. Ondorioz, euren ondorengoek bekatua eta heriotza jasoko zuten. Euren egoera ikusi edo ulertzen zutenez, biluzik egoteagatik lotsatu eta estaltzeko beharra izan zuten (Has 3:7, 21).

13, 14. a) 1 Pedro 3:21⁠aren arabera, zergatik ez diogu izan behar gehiegizko beldurra heriotzari? b) Zer arrazoi ditugu Jehoba maitatzeko?

13 Jehobari desleial izateko beldurra izan behar dugun arren, ez diogu heriotzari gehiegizko beldurrik izan behar. Izan ere, Jehobak guri betiko bizitzeko aukera eman digu. Bekatu egin arren bihotzez damutzen bagara, Jehobak barkatuko digu. Bere Semearen erreskatean dugun fedearengatik barkatuko digu eta gure bekatuak ahaztuko ditu. Gure fedea erakusteko modurik garrantzitsuenetariko bat, geure burua Jainkoari eskaintzea eta bataiatzea da (Irakurri 1 Pedro 3:21).

14 Jehoba maitatzeko arrazoi asko ditugu. Egunero gauza onak emateaz gain, berari eta bere helburuei buruzko egia ere azaltzen digu (Jn 8:31, 32). Kongregazioa eman digu gida eta babesa jasotzeko. Gainera, orain gure arazoei aurre egiten laguntzen gaitu eta etorkizunean egoera perfektuan betirako bizitza izateko esperantza ematen digu (Sal 68:19; Ap 21:3, 4). Jehobak, dagoeneko, digun maitasuna modu askotan erakutsi digu. Honetan hausnartzen dugunean, guk ere bera gero eta gehiago maite dugu. Ondorioz, hainbeste maite gaituenari desleial izateko beldur orekatsua garatzen dugu.

15. Nola gainditu zuen Makaylak akats larri bat egiteari zion beldurra?

15 Lehen aipatutako Makaylak akats larri bat egiteko beldurra gainditu zuen Jehoba zein barkabera den ulertu zuenean. «Inperfektuak garela eta akatsak egiten ditugula konturatu nintzen. Baina aldi berean, Jehobak maite gaituela eta erreskatean oinarrituz barkatzen digula ere ulertu nuen». Makaylak, Jehobari zion maitasunarengatik, bere burua Jainkoari eskaini eta bataiatu zen.

(Ikusi 16. paragrafoa) i

16. Zerk lagundu zion Miles-i oposizioari zion beldurra gainditzen?

16 Ama bataiatzeko bere erabakiaren aurka egongo zela uste zuen Miles-ek. Horregatik, eskualde arduradunari aholkua eskatu zion. «Bera ere Lekukoa ez zen guraso batekin hazi zen», dio Miles-ek. «Amari nire erabakia ulertzen laguntzeko eta aitak behartzen ez ninduela azaltzeko zer esan ahal nuen pentsatzen lagundu zidan». Miles-en amak ez zuen ondo erreakzionatu. Ondorioz, Miles-ek etxetik joan behar izan zuen, baina bere erabakiari eutsi zion. Berak dio: «Jehobak nigatik egin dituen gauza onetan pentsatzeak nire bihotza ukitu zuen. Jesusen erreskatean sakonki hausnartzen nuenean Jehobak zenbat maite nauen konturatu nintzen. Ondorioz, neure burua Jehobari eskaintzea eta bataiatzea erabaki nuen».

EUTSI ZURE ERABAKIARI

Jainkoak gure alde egin duena eskertzen dugula erakutsi dezakegu (Ikusi 17. paragrafoa)

17. Zer aukera dugu?

17 Ebak Edengo zuhaitzeko fruitua jan zuenean bere Aita baztertu zuen. Adamek berdina egin zuenean, Jehobak bere alde egin zuen guztia eskertzen ez zuela argi utzi zuen. Denok dugu Adam eta Eba bezalakoak ez garela erakusteko aukera. Jehobak gure alde egiten duen guztiagatik eskertuta gaudela frogatu dezakegu. Bataiatzean, ondo eta gaizki dagoena erabakitzeko autoritatea Jehobak bakarrik duela sinesten dugula erakusten dugu. Gure Aita maite eta berarengan konfiantza dugula azaltzen dugu.

18. Nola izan dezakezu arrakasta Jehoba zerbitzatzean?

18 Bataiatu ondoren dugun erronka Jehobaren arauen arabera bizitzea da eta ez gure arauen arabera. Baina urtero, milioika lagunek hori egiten dute, eta zuk berdina lortu dezakezu. Horretarako, Jainkoaren Hitzean, Biblian, duzun ulermena sakontzen, anai-arrebekin erregularki elkartzen eta zure Aita maitekorrari buruz ikasi duzuna besteekin partekatzen jarraitu behar duzu (Heb 10:24, 25). Erabakiak hartzerakoan, entzun Jehobak bere Hitzaren eta erakundearen bitartez ematen dizkizun aholkuei (Is 30:21). Horrela arrakasta izango duzu (Es 16:3, 20).

19. Zer izan behar dugu gogoan, eta zergatik?

19 Jehobaren gida zuretzat zein lagungarria den gogoan baduzu, berari eta bere arauei diezun maitasuna haziko da. Orduan, Satanasek eskaintzen dizun ezerk ez zaitu Jehobaren zerbitzutik aldenduko. Imajinatu zeure burua hemendik mila urtera. Atzera begiratzean, bataioa gogoratzean, hartu duzun erabakirik onena izan dela sentituko duzu!

sjj 28. KANTA O, Jehoba, nor da zure laguna?

a Inoiz hartuko duzun erabakirik garrantzitsuena bataiatuko zaren ala ez da. Zergatik da hain garrantzitsua erabaki hau? Artikulu honetan, galdera hau erantzungo da. Bestalde, bataiatzea ala ez pentsatzen ari diren pertsona askok, erabaki hau hartzeko oztopoak dituzte. Artikulu honetan oztopo horiek gainditzeko laguntza ere aztertuko da.

b IRUDIAREN AZALPENA: Konfiantza falta: Gaztetxo bat urduri jartzen da komentatzean

c IRUDIAREN AZALPENA: Lagunen eragina: Lekuko gazte batek lagun txar bat du eta beste Lekukoak ikustean lotsatu egiten da.

d IRUDIAREN AZALPENA: Akats larri bat egiteko beldurra: Bere neba kanporatua denean eta etxetik joaten denean, neska gazte bat bera ere akats larri bat egiteko beldur da.

e IRUDIAREN AZALPENA: Oposizioari beldurra: Mutil gazte bat otoitz egiteko urduri dago sinesgabea den bere ama begira dagoen bitartean.

f IRUDIAREN AZALPENA: Konfiantza falta: Gaztetxo bat ikasketa pertsonala hobetzen saiatzen da.

g IRUDIAREN AZALPENA: Lagunen eragina: Lekuko gazte batek Lekuko izateaz harro egoten ikasten du.

h IRUDIAREN AZALPENA: Akats larri bat egiteko beldurra: Neska gazte bat egia maitatzera eta bataiatzera iristen da.

i IRUDIAREN AZALPENA: Oposizioari beldurra: Mutil gazte batek sinesgabea den bere amari ausardiaz bere sinesmenak azaltzen dizkio.