Saltatu edukira

IKASKETARAKO ARTIKULUA 44

Izan adiskidetasun sendoak amaiera heldu aurretik

Izan adiskidetasun sendoak amaiera heldu aurretik

«Adiskideak beti zaitu maite» (ES 17:17).

sjj 101. KANTA Elkartuta zerbitzatzen

ZER AZTERTUKO DUGU? a

Lagun onak beharko ditugu larrialdi handian zehar (Ikusi 2. paragrafoa) c

1, 2. 1 Pedro 4:7, 8 bertseten arabera, zerk lagunduko gaitu zailtasunei aurre egiten?

 AZKEN egunetako amaierara iristen ari garen heinean, agian une latzei egin beharko diegu aurre (2 Tm 3:1). Adibidez, Mendebaldeko Afrikako herrialde batean, liskar handiak egon ziren hauteskundeak eta gero. Sei hilabete baino gehiagoz, anai-arrebak ezin izan ziren seguru ibili inguruan zeuden gatazkengatik. Zerk lagundu zien honelako zailtasunei aurre egiten? Batzuk leku seguruago batean bizi ziren anai-arreben etxeetan babestu ziren. Anaia batek honakoa esan zuen: «Une horietan asko eskertu nuen lagunak gertu izatea. Elkarri animatzeko aukera izan genuen».

2 Larrialdi handia hasten denean, asko eskertuko dugu maite gaituzten lagun onak izatea (Ap 7:14). Horregatik da hain garrantzitsua orain adiskidetasun sendoak izatea (Irakurri 1 Pedro 4:7, 8). Asko ikasi dezakegu Jeremiasen eredutik. Jerusalem suntsitua izan aurretik, bere lagun minek bizirauten lagundu zioten. b Nola imitatu dezakegu Jeremiasen eredua?

IKASI DEZAGUN JEREMIASEN EREDUTIK

3. a) Zerk eragin zezakeen Jeremias besteengandik isolatuta bizitzea? b) Zer jakinarazi zion Jeremiasek Baruki eta zer emaitza izan zuen honek?

3 40 urtez gutxienez, Jeremias desleial izan zirenen artean bizi izan zen. Horien artean, bere bizilagunak eta ziurrenik bere jaioterriko, Anatot-eko, senitarteko batzuk egongo ziren (Jr 11:21; 12:6). Hala ere, Jeremias ez zen jendearengandik isolatuta bizi. Izan ere, bere idazkari leialari, Baruki, nola sentitzen zen azaldu zion. Ez hori bakarrik, bere sentimenduak idatzita utzi zituenez, guk ere ezagutu ditzakegu (Jr 8:21; 8:23 [9:1NWT]; 20:14-18; 45:1). Barukek Jeremiasi gertatutako guztia idazten zihoan heinean, biek elkar maitatzen eta errespetatzen ikasi zuten (Jr 20:1, 2; 26:7-11).

4. Zer egiteko eskatu zion Jehobak Jeremiasi, eta nola sendotu zuen honek Jeremias eta Baruken arteko adiskidetasuna?

4 Urte askotan zehar, Jeremiasek israeldarrei ausardiaz ohartarazi zien Jerusalemi gertatuko zitzaionaz (Jr 25:3). Jendea damutzera eramateko beste ahalegin batean, Jehobak Jeremiasi ohartarazpen hauek erroilu batean idazteko eskatu zion. Jainkoak emandako eginkizun honek, ziurrenik, hilabeteak iraun zituen (Jr 36:1-4). Jeremias eta Baruk elkarlanean aritu ziren Jainkoak emandako eginkizun hau betetzen eta, dudarik gabe, euren fedea sendotuko zuten elkarrizketak izango zituzten.

5. Nola dakigu Baruk Jeremiasen lagun ona izan zela?

5 Erroilua idazten amaitu ondoren, Jeremiasek bere lagun Barukengan konfiantza erakutsi zuen honek pertsona guztiei mezua eman zienean (Jr 36:5, 6). Barukek ausardiaz bete zuen eginkizun arriskutsu hau. Jeremias bere lagunarengatik oso harro sentituko zen Baruk tenplura joan zenean eta erroilua jende guztiari irakurri zionean (Jr 36:8-10). Printzeek Barukek egindakoaren berri izan zutenean, beraiei erroiluaren mezua irakurtzeko agindu zioten Baruki (Jr 36:14, 15). Printzeek Jeremiasek esandakoa Joiakim erregeari esatea erabaki zuten. Beranduago, Jeremias eta Barukengan pentsatuz, hurrengoa esan zioten Baruki: «Zoaz eta ezkutatu Jeremias eta biok, eta ez dezala jakin inork ere non zaudeten» (Jr 36:16-19). Hori bai aholku bikaina!

6. Zer egin zuten Jeremias eta Barukek pertsekuzioaren aurrean?

6 Joiakim erregea Jeremiasen hitzak entzutean hain haserre jarri zen, non erroilua erre zuen eta Jeremias eta Baruk atxilotu zituen. Baina Jeremias ez zen izutu. Beste erroilu bat hartu, Baruki eman eta Jehobaren mezua diktatu zion. Orduan Barukek «Judako errege Joiakimek sutan erretako liburuan idatzirik zegoen guztia berridatzi zuen» (Jr 36:26-28, 32).

7. Zer gertatu zitzaien ziurrenik Jeremias eta Baruki elkarrekin lan egin zutenean?

7 Elkarrekin zailtasun bati aurre egiten dioten pertsonak askotan harreman estuagoa izatera iristen dira. Ziurrenik, Joiakim erregeak erretako erroilua berridazten denbora elkarrekin pasa zutenez, Jeremias eta Barukek elkar hobeto ezagutuko zuten eta beraien arteko adiskidetasuna sendotuko zen. Zer ikasten dugu bi gizon leial hauengandik?

BIHOTZEZ KOMUNIKATU GAITEZEN

8. Zerk zaildu dezake adiskidetasun estuak izatea eta zergatik ez genuke amorerik eman behar?

8 Iraganean norbaitek mindu bagaitu, agian zaila egiten zaigu gure sentimenduei buruz besteekin hitz egitea (Es 18:19, 24). Edo beharbada, adiskidetasun estuak izateko denbora eta energia falta zaigula sentitu dezakegu. Hala ere, ez dugu amorerik eman behar. Zailtasunak datozenean anai-arrebak gure alboan egotea nahi badugu, orain da beraiekin adiskidetasun estua lantzeko garaia. Hau lortzeko modu garrantzitsu bat pentsatzen eta sentitzen dugunaz beraiekin hitz egitea da (1 P 1:22).

9. a) Nola erakutsi zuen Jesusek bere lagunengan konfiantza zuela? b) Nola lagundu dezake komunikazio irekia izateak gure adiskidetasunak sendotzen? Jarri adibide bat.

9 Jesusek bere lagunengan konfiantza zuela erakutsi zuen zintzotasunez eta ezer ezkutatu gabe beraiekin hitz egitean (Jn 15:15). Jesus imitatu dezakegu besteei gure poztasun, kezka eta dezepzioei buruz hitz egiten diegunean. Norbaitek hitz egiten dizunean arretaz entzuten badiozu, beharbada antzeko pentsamendu, sentimendu eta helburuak dituzuela konturatuko zara. Ikus dezagun 29 urte dituen Cindy arrebaren eredua. Bera 60 urte baino gehiago dituen Marie-Louise izeneko aitzindari baten laguna egin zen. Ostegun goizero, elkarrekin ateratzen ziren predikatzera eta gai desberdinei buruz hitz egiten zuten. Cindy-k honakoa dio: «Lagunekin elkarrizketa sakonak izatea asko gustatzen zait, beraiek hobeto ezagutzen eta ulertzen laguntzen didalako». Giro goxo batean dugun komunikazio irekiak adiskidetasuna sendotzen du. Beraz, izan gaitezen Cindy bezala eta eman dezagun lehen pausoa elkarrizketa irekiak eta goxoak izanez (Es 27:9).

ELKARREKIN PREDIKATU DEZAGUN

Lagun onek elkarrekin predikatzen dute (Ikusi 10. paragrafoa)

10. Esaera Zaharrak 27:17 aipuaren arabera, zer gertatu daiteke anai-arrebekin predikatzen dugunean?

10 Jeremias eta Baruken kasuan bezala, gure anai-arrebekin predikatzen dugunean eta euren ezaugarri onak ikusten ditugunean, beraiengandik ikasi eta gertuago sentitzen gara (Irakurri Esaera Zaharrak 27:17). Adibidez, nola sentitzen zara zurekin predikatzen ari den anaiak edo arrebak bere fedea ausardiaz defendatzen duela, edo Jehoba eta bere nahiari buruz bihotzez konbentzituta hitz egiten duela ikusten duzunean? Ziurrenik berarengandik oraindik gertuago sentituko zara.

11, 12. Nola lagundu gaitzake elkarrekin predikatzeak adiskidetasunak sendotzen? Jarri adibide bat.

11 Elkarrekin predikatzeak anai-arrebengana gerturatzen gaitu. Ikus ditzagun bi adibide. 23 urte dituen Adeline izeneko arreba batek bere lagun Candice-ri gutxi predikatzen den eremu batera elkarrekin joateko eskatu zion. Adelinek honakoa dio: «Motibazio handiagoa izan eta predikazioaz gehiago disfrutatu nahi genuen. Biok espiritualki pilak kargatzeko beharra genuen». Nola lagundu die elkarrekin predikatzeak? «Egun bakoitzaren amaieran, hurrengo gauzei buruz hitz egiten genuen: nola sentitzen ginen, izandako elkarrizketek nola animatu gintuzten eta predikazioan Jehobaren gida nola ikusi genuen. Elkarrizketa sakon hauetaz asko gozatu genuen eta elkar hobeto ezagutu genuen», dio Adelinek.

12 Laïla eta Marianne Frantziako bi arreba ezkongabe dira eta Afrika Erdiko Errepublikako hiriburura, Banguira, predikatzera joan ziren bost astez. Laïlak honakoa dio: «Mariannek eta biok zailtasunak izan genituen, baina komunikazio ona eta benetako maitasunari esker, gure adiskidetasuna sendotu egin zen. Mariannek egokitzeko zuen gaitasunak, bertako pertsonengan erakusten zuen maitasunak eta sutsu predikatzen zuela ikusteak berarengan sentitzen nuen miresmena handitu zuen». Ez dugu beste herrialde batera joan beharrik bedeinkapen hauetaz gozatzeko. Gure kongregazioko eremuan anaia edo arreba batekin predikatzen dugun bakoitzean, bera hobeto ezagutzeko aukera izaten dugu eta gure adiskidetasuna sendotzen dugu.

EZAUGARRI ONETAN ARRETA JARRI DEZAGUN ETA BARKABERAK IZAN GAITEZEN

13. Zer gertatu daiteke anai-arrebekin predikatzen dugunean?

13 Batzuetan, anai-arrebekin predikatzen dugunean, beraien ezaugarri onak ikusteaz gain, beraien akatsak ere ikusten ditugu. Zerk lagunduko gaitu egoera honetan? Ikus dezagun Jeremiasen eredua. Zerk lagundu zion besteen ezaugarri onak ikusten eta beraien akatsei ez erreparatzen?

14. Zer ikasi zuen Jeremiasek Jehobarengandik eta nola lagundu zion honek?

14 Jeremiasek bere izena daraman Bibliako liburua idatzi zuen eta ziurrenik 1 eta 2 Erregeak liburuak ere idatzi zituen. Dudarik gabe, eginkizun honi esker, Jehobak gizaki inperfektuei erakutsitako errukia ikusi ahal izan zuen. Adibidez, Jeremiasek Akab erregearen bizipena ezagutzen zuen. Akab bere ekintza txarrez damutu zenean, Jehobak bere familiaren suntsipena ikusiko ez zuela esan zion (1 Erg 21:27-29). Era berean, Manasesek Akabek baino gauza okerragoak egin zituela jakin zuen Jeremiasek. Manasesek Jehoba askoz ere gehiago mindu zuen arren, Jehobak barkatu egin zion Manases damutu zelako (2 Erg 21:16, 17; 2 Kro 33:10-13). Pasarte hauek Jeremiasi bere lagunekin Jainkoaren pazientzia eta errukia erakusten lagunduko zioten (Sal 103:8, 9).

15. Nola imitatu zuen Jeremiasek Jehobaren pazientzia Baruk distraitu zenean?

15 Ikus dezagun zer egin zuen Jeremiasek Baruk denbora batez bere eginkizunetik distraitu zenean. Bere laguna galdutzat eman beharrean, Jeremiasek argia, baina, aldi berean, atsegina zen Jainkoaren mezua jakinarazi zion Baruki (Jr 45:1-5). Zer ikasi dezakegu pasarte honetatik?

Lagun onek elkarri barkatzen diote (Ikusi 16. paragrafoa)

16. Esaera Zaharrak 17:9 aipuaren arabera, zer egin behar dugu gure adiskidetasunak sendo mantentzeko?

16 Errealistak izanik, ezin dugu anai-arrebengandik perfekzioa espero. Beraz, adiskidetasunak egiterakoan, gogor saia gaitezen hauek sendo mantentzen. Lagun batek akats bat egiten badu, argiak, baina, aldi berean, atseginak izan beharko dugu Jainkoaren Hitzean oinarritutako aholku bat ematen (Sal 141:5NWT). Eta mintzen bagaitu, barkatu egin behar dugu. Laguna barkatu ondoren, saihestu dezagun gertatutakoa etorkizunean berriro ere gogora ekartzen (Irakurri Esaera Zaharrak 17:9). Oso garrantzitsua da garai zail hauetan anai-arreben gauza onetan arreta jartzea eta ez beraien ahulezietan. Era horretara, beraiekin dugun adiskidetasuna sendotu egingo da. Hau egitea ezinbestekoa da larrialdi handian lagun onak beharko ditugulako.

ERAKUTSI DEZAGUN MAITASUN LEIALA

17. Nola erakutsi zuen Jeremiasek garai zailetan lagun ona izan zela?

17 Jeremias profetak garai zailetan lagun ona izan zela erakutsi zuen. Adibidez, ikus dezagun nola lagundu zion Ebed-Meleki. Jeremias lokatzez beteriko putzu batera bota zutenean bertan hiltzeko, errege-jauregiko goi funtzionario zen Ebed-Melekek salbatu egin zuen. Baina Jeremias salbatu ondoren, Ebed-Melek printzeek kalte egingo zioten beldur zen. Jeremias ez zen isilik geratu gertatutakoa entzun ondoren, Ebed-Melek nolabait bere kabuz moldatuko zela esperoz. Nahiz eta preso egon, Jeremiasek ahal zuen guztia egin zuen Jehobaren promes lasaigarria bere lagun Ebed-Meleki jakinarazteko (Jr 38:7-13; 39:15-18).

Lagun onek garai zailetan elkarri laguntzen diote (Ikusi 18. paragrafoa)

18. Esaera Zaharrak 17:17 aipuaren arabera, zer egin dezakegu anaia edo arreba batek zailtasunak dituenean?

18 Gaur egun, anai-arrebek hainbat zailtasunei aurre egin behar diete. Adibidez, anai-arreba asko hondamendi naturalengatik edo gizakiak eragindako arazoengatik sufritzen ari dira. Kasu hauetan, gutako batzuok anai-arreba hauek gure etxean geratzera gonbidatu ditzakegu. Beste batzuek, beharbada, ekonomikoki lagundu dezakete. Baina guztiok egin dezakeguna Jehobari anai-arrebak laguntzeko eskatzea da. Anai-arrebaren bat desanimatuta dagoela jakiten dugunean, agian ez dugu jakingo zer esan edo zer egin, baina guztiok laguntza eskaini dezakegu. Beraiekin denbora pasa dezakegu, entzuten ditugunean ulerkorrak eta atseginak izan gaitezke, eta kontsolatu gaituen Biblia aipuren bat beraiekin partekatu dezakegu, besteak beste (Is 50:4). Garrantzitsuena lagunek behar gaituztenean beraien aldamenean egotea da (Irakurri Esaera Zaharrak 17:17).

19. Nola lagunduko digute etorkizunean orain egiten ditugun adiskidetasunek?

19 Orain hartu behar dugu anai-arrebekin adiskidetasun sendoak egiteko eta mantentzeko erabakia. Zergatik? Gure etsaiek gu banatzen saiatuko direlako gezurrak eta informazio okerra erabiliz. Gainera, gu elkarren aurka jartzen saiatuko dira ziurrenik. Baina beraien ahaleginek huts egingo dute. Ezin izango dute gure maitasun lotura hautsi, ezta sortu ditugun adiskidetasunak kaltetu ere. Izan ere, adiskidetasun hauek ez dute munduaren amaieraraino bakarrik iraungo, betirako baizik!

sjj 24. KANTA Zatoz Jehobaren mendira

a Mundu honen amaiera gertu dagoenez, guztiok anai-arrebekin dugun adiskidetasuna sendotu behar dugu. Artikulu honetan, Jeremiasen bizipenetik zer ikasi dezakegun aztertuko dugu. Gainera, garai zailak iristen direnean, orain adiskidetasun estuak izateak nola lagundu gaitzakeen ikusiko dugu.

b Jeremiasen liburuko gertakariak ez daude ordena kronologikoan.

c IRUDIEN AZALPENAK 3. orrialdea: Irudi honek larrialdi handian gertatu daitekeena erakusten du. Hainbat anai-arreba etxe baten ganbaran elkartzen dira babestuta egoteko. Lagunak direnez, elkar kontsolatu dezakete garai zail horietan. 4, 5 orrialdeak: Anai-arreba berberek larrialdi handia hasi aurretik adiskidetasun sendoak sortu zituzten.