Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

IKASKETARAKO ARTIKULUA 11

Bataiatzeko prest al zaude?

Bataiatzeko prest al zaude?

«Orain zuek salbatzen zaituzten bataioko ura» (1 P 3:21).

sjj 28. KANTA O, Jehoba, nor da zure laguna?

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer egin behar du norbaitek etxe bat eraikitzen hasi aurretik?

 IMAJINATU norbaitek etxe bat eraikitzea erabakitzen duela. Oso argi du nolakoa izatea nahi duen. Zer egingo du? Berehala dendara materialak erostera joan eta etxea eraikitzen hasi? Ez. Hori egin aurretik, garrantzitsuagoa den zerbait egin behar du: Etxeak izango duen kostua kalkulatu. Zergatik? Etxea bukatzeko nahiko diru duen jakin behar duelako. Aldez aurretik kontu handiz kostua kalkulatzen badu, aukera gehiago izango ditu etxea amaitzeko.

2. Lukas 14:27-30 pasartearen arabera, zertan pentsatu beharko zenuke arretaz bataiatu aurretik?

2 Eraman al zaitu Jehobari diozun maitasun eta estimuak bataioan pentsatzera? Hala bada, etxea eraiki nahi duen pertsonaren antzeko erabakia duzu aurrean. Zergatik diogu hori? Aztertu ditzagun Lukas 14:27-30 pasarteko Jesusen hitzak (Irakurri). Jesus bere jarraitzaile izateak zer esan nahi duen azaltzen ari zen. «Gastuen kontuak» ateratzeko prest egon behar dugu, hau da, erronka eta sakrifizio batzuk egiteko prest egon behar dugu (Lk 9:23-26; 12:51-53). Beraz, bataiatu aurretik, honek zure bizitzan izango duen eraginean arretaz pentsatu behar duzu. Horrela, bataiatu ondoren Jainkoa leialki zerbitzatzen jarraitzeko hobeto prestatuta egongo zara.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Jesusen jarraitzaile izatearen kostua aztertu ondoren, merezi al du bataiatzeak? Bai noski! Izan ere, bataioari esker bedeinkapen asko jaso ahal izango dituzu, bai orain, baita etorkizunean ere. Artikulu honetan, bataioaren inguruko galdera garrantzitsu batzuk aztertuko ditugu. Honek bataiatzeko prest zauden jakiten lagunduko dizu.

ZER JAKIN BEHAR DUZU ESKAINTZA ETA BATAIOARI BURUZ?

4. a) Zer da eskaintza? b) Zer esan nahi du Mateo 16:24⁠ak aipatzen duen «norberak bere buruari uko egitea» adierazpenak?

4 Zer da eskaintza? Bataiatu aurretik egin beharreko gauza bat da. Zeure burua eskaintzen duzunean, Jehobari bihotz-bihotzez otoitz egiten diozu zure bizitza bera betiko zerbitzatzeko erabiliko duzula esanez. Horrela, zeure buruari «uko» egiten diozu (Irakurri Mateo 16:24). Orain Jehobarena zara eta hori izugarrizko ohorea da (Erm 14:8). Zeure burua eskaintzean, honakoa esaten diozu Jehobari: Momentu horretatik aurrera, zure lehentasuna bera zerbitzatzea izango dela eta ez zure nahiak asetzea. Eskaintza boto bat da, Jainkoari egiten diozun promesa zintzoa. Berak ez gaitu boto hau egitera behartzen. Baina egiten dugunean, guk betetzea espero du (Sal 116:12, 14).

5. Zer lotura dago eskaintza eta bataioaren artean?

5 Zer lotura dago eskaintza eta bataioaren artean? Eskaintza pertsonala eta pribatua da, Jehoba eta zure arteko kontua. Bataioa, berriz, publikoa da eta jendaurrean egiten da, normalean biltzarretan. Bataiatzean, dagoeneko zeure burua Jehobari eskaini diozula erakusten diezu besteei. b Beraz, bataiatzean honakoa jakinarazten duzu: Jehoba «bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz» maite duzula eta bera betiko zerbitzatzeko prest zaudela (Mk 12:30).

6-7. 1 Pedro 3:18-22 partearen arabera, zer bi arrazoiengatik da beharrezkoa bataioa?

6 Benetan beharrezkoa al da bataiatzea? Aztertu 1 Pedro 3:18-22 pasarteko hitzak (Irakurri). Arkak Noek Jainkoarengan fedea zuela erakutsi zion jendeari. Era berean, bataioak zeure burua Jehobari eskaini diozula erakusten dio jendeari. Baina benetan beharrezkoa al da bataioa? Bai, Pedrok honen arrazoiak azaldu zituen. Lehenengo, «salbatzen gaituelako». Bataioak salbatu gaitzake gure ekintzekin honakoa erakusten badugu: Jesusengan fedea dugula eta gure alde hil, zerura berpiztu eta orain Jainkoaren eskuin aldean dagoela sinesten dugula.

7 Bigarren arrazoia, bataioak «kontzientzia garbia» izateko aukera ematen dizula da. Geure buruak Jainkoari eskaintzen diogunean eta bataiatzen garenean, berarekin harreman berezi bat hasten dugu. Bihotzez damutu garenez eta Jesusen eskaintzan fedea dugunez, Jainkoak gure bekatuak barkatzen ditu. Beraz, kontzientzia garbia izan dezakegu bere aurrean.

8. Zertan oinarritu behar duzu baiatzeko erabakia?

8 Zertan oinarritu behar duzu bataiatzeko erabakia? Biblia arretaz aztertu duzunez, Jehobari buruzko gauza asko ikasi dituzu; esaterako, bere izaera eta gauzak egiteko modua. Ikasi duzunak bihotza ukitu dizu eta bera asko maitatzera eraman zaitu. Beraz, Jehobari diozun maitasunak bataiatzeko erabakiaren oinarri nagusia izan behar du.

9. Mateo 28:19, 20⁠ak dioen bezala, zer esan nahi du «Aitaren eta Semearen eta espiritu santuaren izenean» bataiatzeak?

9 Bestalde, bataiatzeko zure erabakia onartu dituzun Bibliako egietan ere egon behar du oinarrituta. Aztertu dezagun Jesusek ikasleak egiteko agindua eman zuenean esan zuena (Irakurri Mateo 28:19, 20). Jesusen arabera, bataiatzen direnek «Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean» egin behar dute. Zer esan nahi du honek? Jehoba, bere seme Jesus eta espiritu santuari buruzko Bibliako egiak bihotz-bihotzez sinetsi behar dituzula. Egia hauek indar handia dute eta zure bihotza ukitu dezakete (Heb 4:12). Aztertu ditzagun hauetako batzuk.

10-11. Aitari buruzko zer egia ikasi eta onartu dituzu?

10 Hausnartu ezazu Aitari buruz ikasi dituzun egietan: «Jehoba» du izena eta bera da lur osoaren gain goren-gorena eta egiazko Jainkoa (Sal 83:18NWT; 2 Kro 15:3). Gure Sortzailea da eta berarengandik dator salbamena (Sal 3:9 [3:8, NWT]; 36:10 [36:9, NWT]). Gu bekatu eta heriotzatik salbatzeko antolaketak egin ditu eta betirako bizitzeko aukera eman digu (Jn 17:3). Zure eskaintza eta bataioak Jehobaren lekuko zarela erakuste dute (Is 43:10-12). Jehobaren adoratzaileen mundu mailako familiaren parte izango zara. Hauek Jainkoaren «izena» eramateaz eta besteei erakusteaz harro daude (Sal 86:12, Euskal Biblia, Jaime Kerexeta).

11 Zer-nolako ohorea den Bibliak Aitari buruz duena jakitea! Egia baliotsu hauek onartzen dituzunean, Jehobari zeure burua eskaintzera eta bataiatzera bultzatua sentituko zara.

12-13. Semeari buruzko zer egia ikasi eta onartu dituzu?

12 Nola erantzun zenuen Semeari buruzko hurrengo egiak ikasi zenituenean? Jesus unibertsoko bigarren izakirik garrantzitsuena da. Bere bizia gure alde gogo onez eskaini zuen. Gure ekintzekin eskaintzan fedea dugula erakusten dugunean, gure bekatuak barkatuak izan daitezke eta Jainkoarekin adiskidetasuna eta betiko bizia lortu ditzakegu (Jn 3:16). Jesus gure Apaiz Nagusia da. Eskaintzaren bedeinkapenez gozatzen eta Jainkoarekin harreman estua izaten lagundu nahi digu (Heb 4:15; 7:24, 25). Jainkoaren Erreinuaren Errege denez, Jainkoak bere izena santutzeko, gaiztakeria kentzeko eta etorkizuneko paradisuan bedeinkapenak zabaltzeko erabiliko du (Mt 6:9, 10; Ap 11:15). Jesus gure eredua da (1 P 2:21). Bere bizitza Jainkoaren nahia egiteko erabili zuen eta guk imitatu egin behar dugu (Jn 4:34).

13 Bibliak Jesusi buruz irakasten duena onartzen duzunean, Jainkoaren Seme maitea maitatzen hasiko zara. Maitasun horrek zure bizitza Jainkoaren nahia egiteko erabiltzera bultzatuko zaitu, Jesusek egin zuen bezala. Ondorioz, zeure burua Jehobari eskaini eta bataiatu nahiko duzu.

14-15. Espiritu santuari buruzko zer egia ikasi eta onartu dituzu?

14 Zer pentsatu zenuen espiritu santuari buruzko ondorengo egiak jakin zenituenean? Ez da pertsona bat, Jainkoaren indarra baizik. Jehobak Biblia idazleak inspiratzeko erabili zuen, baita guri orain bertan irakurtzen duguna ulertzen eta praktikan jartzen laguntzeko ere (Jn 14:26; 2 P 1:21). Gainera, bere espirituaren bitartez, Jehobak arrunta ez den indarra ematen digu (2 Ko 4:7). Espirituak berri onak predikatzeko eta tentazioei, desanimoari eta arazoei aurre egiteko indarra ematen digu. «Espirituaren fruitua» osatzen duten ezaugarri ederrak erakusten ere laguntzen digu (Ga 5:22). Jainkoak berarengan sinesten dutenei esku zabaltasunez ematen die bere espiritua eskatzen badiote (Lk 11:13).

15 Jehobaren zerbitzariok ziur egon gaitezke espiritu santuak Jainkoa zerbitzatzen lagunduko digula. Zenbat kontsolatzen gaituen honek! Espiritu santuari buruz ikasi dituzun egiak onartzeak, zeure burua Jainkoari eskaintzera eta bataiatzera eramango zaitu.

16. Zer aztertu dugu orain arte?

16 Jainkoari zeure burua eskaintzeko eta bataiatzeko erabakia oso inportantea da. Aztertu dugun bezala, honek dakarren kostua onartzeko prest egon behar duzu; hau da, erronkak eta sakrifizioak. Baina jasoko dituzun bedeinkapenak egingo dituzun sakrifizioak baino askoz ere handiagoak izango dira. Bataioak salbatu eta Jainkoaren aurrean kontzientzia garbia izatera eraman zaitzake. Hala ere, bataiatzeko duzun arrazoi nagusia Jainkoari diozun maitasuna izan behar da. Gainera, Aita, Semea eta espiritu santuari buruz ikasi dituzun egiak bihotz-bihotzez sinetsi behar dituzu. Hau guztia aztertu ondoren, bataiatzeko prest zaudela esango al zenuke?

ZER EGIN BEHAR DUZU BATAIATU AURRETIK?

17. Zer pauso eman behar dituzu bataiatu aurretik?

17 Bataiatzeko prest zaudela sentitzen baduzu, zalantzarik gabe dagoeneko Jehobarekin harreman ona izateko hainbat pauso eman dituzu. Biblia aztertzeko ohitura duzunez, Jehoba eta Jesusi buruz asko ikasi eta fedea garatu duzu (Heb 11:6). Bibliako Jehobaren promesetan konfiantza osoa duzu eta ziur zaude Jesusen eskaintzan duzun fedeak bekatu eta heriotzatik salbatu zaitzakeela. Zure bekatuengatik, hau da gaizki egindako gauzengatik, bihotz-bihotzez damutu zara eta Jehobari barkamena eskatu diozu. Zure bizimodua aldatu duzu lehen zenuen jokabide okerra Jainkoak atsegin duenarekin ordezkatuz (Eg 3:19). Zure fedeaz hitz egiteko gogotsu zaude. Bataiatu gabeko berri emaile izatera iritsi eta kongregazioarekin predikatzen hasi zara (Mt 24:14). Jehoba zutaz oso harro dago beharrezko pauso hauek eman dituzulako eta horregatik oso zoriontsu egin duzu (Es 27:11).

18. Zer gehiago egin behar duzu bataiatu aurretik?

18 Bataiatu aurretik, oraindik egin beharreko beste gauza batzuk daude. Lehenago aztertu dugun bezala, zeure burua Jainkoari eskaini behar diozu. Horretarako, bakarrik zaudenean bihotz-bihotzez Jehobari otoitz egin behar diozu zure bizitza bere nahia egiteko erabiliko duzula promestuz (1 P 4:2). Orduan, adindun taldearen koordinatzaileari bataiatu nahi duzula esan. Honek, beste adindun batzuei zurekin biltzeko eskatuko die. Baina ez urduritu, gogoratu anaia hauek ezagutzen eta maitatzen zaituztela. Ikasi dituzun oinarrizko Biblia irakaspenak zurekin berrikusiko dituzte. Ziur egon nahi dute irakaspen hauek ondo ulertzen dituzula eta badakizula zein garrantzitsuak diren eskaintza eta bataioa. Prest zaudela uste badute, hurrengo biltzarrean bataiatu zaitezkeela esango dizute.

ZER EGIN BEHARKO DUZU BATAIATU ONDOREN?

19-20. Zer egin behar duzu bataiatu ostean, eta zerk lagunduko dizu hori lortzen?

19 Bataiatu ondoren, zer egin behar duzu? Gogoratu eskaintza Jehobari egiten diogun boto bat dela eta berak guk honi eustea espero du. Beraz, bataioaren ostean, zure eskaintzarekin bat egiten duen bizimodua izan behar duzu. Zer egin behar duzu hori lortzeko?

20 Zure kongregazioarengandik gertu mantendu. Bataiatutako kristaua zarenez, orain mundu mailako «anaitasun» baten parte zara (1 P 2:17, Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria, Joanes Leizarraga, euskara batura egokituta). Kongregazioko anai-arrebak zure familia espirituala dira. Bileretara joateko ohitura izanez, beraiekin duzun adiskidetasuna estutuko da. Jainkoaren Hitza irakurri eta hausnartzeko denbora hartu egunero (Sal 1:1, 2). Biblia pasarte bat irakurri ondoren, gelditu eta pentsatu irakurri duzun horretan zure bihotza ukitu dezan. «Egin otoitz aspertu gabe» (1 Ts 5:17). Bihotzez egindako otoitzek Jehobarengana hurbilduko zaituzte. «Bilatu lehendabizi Jainkoaren Erregetza» (Mt 6:33, oharra). Nola? Predikazioari zure bizitzan lehentasuna emanez. Erregularki predikatzen baduzu, zure fedea sendo mantentzea lortuko duzu eta besteei betirako bizitzeko esperantza izaten lagunduko diezu (1 Tm 4:16).

21. Zer lortuko duzu bataioari esker?

21 Zeure burua Jehobari eskaini eta bataiatzeko erabakia inoiz hartuko duzun erabakirik garrantzitsuena da. Egia da erabaki honek gastu batzuk ekarriko dituela, baina mereziko ote du? Bai, zalantzarik gabe! Izan ere, mundu zahar honetako zailtasun guztiak «une batekoak eta arinak» dira (2 Ko 4:17). Bestalde, zure bataioak orain zoriontsuagoa izatera eramango zaitu eta etorkizunean egiazko bizia lortuko duzu (1 Tm 6:19). Beraz, arren, pentsatu kontu handiz, otoitz egin Jehobari eta erantzun ondorengo galdera: «Bataiatzeko prest al nago?».

sjj 50. KANTA Nire eskaintza otoitza

a Bataioan pentsatzen ari al zara? Hala bada, artikulu hau zuretzat bereziki prestatua izan da. Gai honen inguruko galdera garrantzitsu batzuk aztertuko ditugu. Zure erantzunek bataiatzeko prest zauden ikusten lagunduko dizute.