Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Noiz bihurtu zen Jesus Apaiz Nagusi eta noiz izan zen itun berria balioztatua?

Frogek argi erakusten dute Jesus 29. urtean bataiatu zenean bihurtu zela Apaiz Nagusi. Zer froga ditugu? Bataiatu zenean, Jesusek bere buruaren eskaintza Jainkoaren «nahia» irudikatzen duen aldarean eskaini zuen (Ga 1:4; Heb 10:5-10). Aldare sinboliko hori Jesus bataiatu ondoren sortu zenez, tenplu espiritual handia ere seguruenik momentu horretan sortu zen. Zer irudikatzen du tenplu honek? Jesusen eskaintzan oinarrituta guk Jehoba modu egokian gurtzea posible egiten duen guztia. Aldarea tenplu espiritualaren atal garrantzitsua da (Mt 3:16, 17; Heb 5:4-6).

Tenplu espiritual handiak apaiz nagusi bat behar zuen. Beraz, Jehobak Jesus «Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen» (Eg 10:37, 38; Mk 1:9-11). Hala ere, nola egon gaitezke ziur Jesus hil eta berpiztu aurretik Apaiz Nagusi izateko izendatu zuela Jehobak? Aaron eta honen ondoren apaiz nagusi izan zirenen adibideak galdera hau erantzuten lagunduko digu.

Jehobak Moisesi emandako legearen arabera, apaiz nagusia soilik sartu zitekeen tabernakuluko eta, aurrerago, tenpluko «Toki santu-santuan». Toki hau errezela edo gortina baten bidez zegoen toki santutik bereizita. Apaiz nagusiak Barkamen Egunean bakarrik zeharkatzen zuen gortina hau (Heb 9:1-3, 6, 7). Aaron eta bere ondorengoak gortina zeharkatuz toki santu-santura pasa ahal izateko, aurretik apaiz nagusi izateko gantzutuak izan behar zuten. Era berean, Jesusek hil aurretik izan behar zuen Apaiz Nagusi izendatua, gero, «errezelean barrena», hau da, «bere gorputzean barrena», zeruan bizitzera pasa ahal izateko (Heb 10:20). Horregatik, Paulo apostoluak esan zuen moduan, Jesus «apaiz nagusi bezala» agertu zen eta, orduan, «etxola lehengoa baino hobea eta bikainagoa [...], ez giza eskuz egina» zeharkatu eta «zeruan bertan» sartu zen (Heb 9:11, 24).

Noiz izan zen itun berria balioztatua? Jesus zerura igo eta bere bizitza perfektuaren balioa gure alde Jehobari aurkeztu zioenean, itun berria balioztatzeko edo legeztatzeko prozesua martxan jarri zuen. Prozesu hau hiru pausotan egin zen. Zeintzuk?

Lehenengo, Jesus Jehobaren aurrean aurkeztu zen; gero, Jesusek bere eskaintzaren balioa aurkeztu zion Jehobari; eta azkenik, Jehobak Jesusek isuritako odolaren balioa onartu zuen. Itun berria ez zen indarrean ipini hiru pauso horiek eman arte.

Bibliak ez du zehatz-mehatz esaten Jehobak noiz onartu zuen Jesusen eskaintzaren balioa. Beraz, ezin dugu zehaztu noiz balioztatu zen itun berria. Baina badakigu Jesus Mendekoste-eguna baino hamar egun lehenago igo zela zerura (Eg 1:3). Denbora tarte labur horretako momenturen batean, Jehobari bere eskaintzaren balioa aurkeztu zion eta Jehobak onartu egin zuen (Heb 9:12). Itun berria indarrean zegoenaren froga argi eta garbi ikusi zen Mendekoste-egunean (Eg 2:1-4, 32, 33). Argi dago orduan itun berria indarrean eta martxan zegoela.

Laburbilduz, itun berria Jehobak Jesusek isuritako odolaren balioa onartu eta gantzutuak itunaren parte egin ondoren balioztatu zen. Orduan jarri zen indarrean ituna Jesus, Apaiz Nagusia, itun honen Bitartekaria zelarik (Heb 7:25; 8:1-3, 6; 9:13-15).