Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

36. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Giza arrantzale izateko prest al zaude?

Giza arrantzale izateko prest al zaude?

«Ez beldurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara» (LK 5:10).

sjj 73. KANTA Emaguzu kemena

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer gonbidapen luzatu zien Jesusek lau arrantzaleri eta zer egin zuten?

PEDRO, Andres, Santiago eta Joan arrantza-negozioan ibiltzen ziren. Imajina ezazu zenbat harrituko zituen Jesusen honako gonbidapenak: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet». * Zer egin zuten? Bibliak dio: «Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten» (Mt 4:18-22). Erabaki hark beraien bizitza betiko aldatu zuen. Arrainak harrapatu beharrean, «giza arrantzale» izango ziren (Lk 5:10). Gaur egun, Jesusek egia maite duen bihotz oneko jendeari gonbidapen bera luzatzen dio (Mt 28:19, 20). Onartu al duzu giza arrantzale izateko Jesusen gonbidapena?

2. a) Nork pentsatu beharko luke ondo giza arrantzale izan nahi duen? b) Zerk lagunduko digu pauso hori ematen?

2 Agian bada denboratxo bat Biblia ikasten ari zarela eta, dagoeneko, bizitzan aldaketak egin dituzu. Orain berri-emaile izan nahi duzun erabaki behar duzu. Jesusen gonbidapena onartzeko zalantza egiten baduzu, lasai egon eta ez desanimatu. Seguruenik erabaki hau oso garrantzitsua dela dakizulako egiten duzu zalantza. Egia da Pedro eta bere lagunek «besterik gabe» sareak utzi zituztela esaten duela Bibliak. Baina, ez zuten erabaki hau pentsatu gabe hartu. Jesus ezagutu eta Mesias zela onartu zutenetik, sei hilabete baino gehiago pasa ziren erabaki hori hartzerako (Jn 1:35-42). Modu berean, ziurrenik Jehoba eta Jesusi buruzko gauza asko ikasi dituzu honezkero eta espiritualki aurrera egiten jarraitu nahiko duzu. Baina berri-emaile izan nahi duzun edo ez erabaki aurretik, gai honi buruz ondo pentsatu beharko zenuke. Zerk lagundu zien Pedro, Andres eta besteei erabakia hartzen?

3. Zer ezaugarrik indartuko dute Jesusen gonbidapena onartzeko duzun desira?

3 Jesusen lehen jarraitzaileak ausartak eta diziplinatuak ziren. Gainera, berri onak zabaltzeko gogo bizia zuten eta oso trebeak ziren predikatze-lanean. Dudarik gabe ezaugarri hauek giza arrantzale onak izaten lagundu zieten. Artikulu honetan predikatze-lanean onak izateko ezaugarri hauek nola garatu ditzakegun aztertuko dugu.

INDARTU PREDIKATZEKO DUZUN GOGOA

Pedro eta beste batzuk giza arrantzale bihurtu ziren. Ezinbesteko lan honek gaur egun jarraitzen du. (Ikusi 4 eta 5 paragrafoak)

4. Zerk bultzatzen zuen Pedro arrantzale izatera?

4 Pedro familia mantentzeko arrantzalea zen. Baina berarentzat ez zen lan hutsa. Dirudienez, arrantza maite zuen (Jn 21:3, 9-15). Giza arrantza maitatzen ere ikasi zuen. Jehobaren laguntzarekin, Pedro oso trebea bihurtu zen eginkizun honetan (Eg 2:14, 41).

5. ⁠Lukas 5:8-11⁠ pasartean oinarrituta, zeren beldur zen Pedro eta zerk lagundu gaitzake antzeko sentimenduak gainditzen?

5 Jehoba maite dugulako predikatzen dugu; hau da lan hau burutzeko dugun arrazoi nagusia. Predikatzeko gai ez garela sentitzen badugu, Jehobari diogun maitasunak sentimendu hau gainditzen lagunduko digu. Jesusek Pedro giza arrantzale izatera gonbidatu zuenean, honakoa esan zion: «Ez beldurtu» (Irakurri Lukas 5:8-11). Pedrok ez zion beldurrik Jesusen jarraitzaile izatean agian gertatuko zitzaionari. Baina, Jesusek mirari baten bidez zenbat arrain harrapatzen lagundu zien ikustean, zur eta lur geratu zen eta berarekin batera lan egiteko duina ez zela sentitu zuen. Pedroren antzera, beharbada zu ere beldurturik sentitzen zara. Agian Jesusen jarraitzailea izateko egin behar dituzun gauza guztietan pentsatzeak larritu egiten zaitu. Hala bada, Jehoba, Jesus eta lagun hurkoari diezun maitasuna indartu ezazu. Horrela egiten baduzu, giza arrantzale izateko Jesusen gonbidapena onartzeko gogoa piztuko zaizu (Mt 22:37, 39; Jn 14:15).

6. Zer beste arrazoi ditugu predikatzeko?

6 Aztertu ditzagun predikatzera bultzatzen gaituzten beste arrazoi batzuk. Jesusen agindua obeditu nahi dugu: «Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle» (Mt 28:19, 20). Gainera, pertsonak «nekatuak eta lur jota» daude eta Erreinuari buruzko egia ezagutzeko izugarrizko beharra dute (Mt 9:36). Honetaz gain, Jehobak gizaki guztiek egia ezagutu dezaten eta salbatu daitezen nahi du (1 Tm 2:4).

7. Nola erakusten du Erromatarrei 10:13-15 pasarteak predikatze-lana inportantea dela?

7 Gure predikatze-lanak jendea salba dezake. Honetan pentsatzeak predikatzera bultzatuko gaitu. Arrantzale batek harrapatzen dituen arrainak saldu edo jaten ditu. Baina guk jendea «harrapatzen» dugu, hau da, ikasleak egiten ditugu beraien bizia salbatu dezaten (Irakurri Erromatarrei 10:13-15; 1 Tm 4:16).

TREBATU PREDIKATZE-LANEAN

8, 9. Zer jakin behar du arrantzaleak eta zergatik?

8 Jesusen garaian, israeldar arrantzaleek zer motatako arrain edo itsas animaliak harrapatu zitzaketen jakin behar zuten (Lb 11:9-12). Arrain horiek non egon zitezkeen ere jakin behar zuten. Arrainak janari asko dagoen eta gustukoa duten uretan ibili ohi dira. Arrantzara joateko ordua ere garrantzitsua da. Behin, Pazifikoko irla bateko anaia batek misiolari bat arrantzara gonbidatu zuen. Misiolariak goizeko bederatzietan elkartuko zirela esatean, hara zer esan zion anaiak arrainak harrapatzeko ordu egokiari buruz: «Ez duzu ulertzen. Arrainarentzat egokia den orduan joan behar dugu, ez guretzako egokia den orduan».

9 Modu berean, lehen mendeko giza arrantzaleak «arrainak» zeuden lekuetara joaten ziren, han aurkituko zituzten orduetan. Adibidez, Jesusen jarraitzaileak tenpluan, sinagogetan, etxez etxe eta merkatuak zeuden plaza nagusietan predikatzen zuten (Eg 5:42; 17:17; 18:4). Guk ere gure eremuko jendearen ohiturak ezagutu behar ditugu. Jendea non eta zer ordutan egon ohi den kontuan hartu eta gure planak aldatzeko prest egon behar dugu (1 Ko 9:19-23).

ARRANTZALE TREBEAK ... 1. arrainak dauden tokietan eta garai aproposean aritzen dira lanean (Ikusi 8 eta 9 paragrafoak)

10. Zer tresna ematen dizkigu Jehobaren erakundeak?

10 Arrantzaleek tresna egokiak behar dituzte eta hauek erabiltzen jakin behar dute. Guk ere predikatzeko tresna egokiak izan behar ditugu eta hauek erabiltzen jakin behar dugu. Jesusek predikatzeko argibideak eman zizkien bere jarraitzaileei. Zer eraman, non predikatu eta zer esan adierazi zien (Mt 10:5-7; Lk 10:1-11). Gaur egun, Jehobaren erakundeak Irakasteko tresna-sorta eman digu. Tresna hauek oso emaitza onak ematen ari dira. * Eta, gainera, erakundeak hauek erabiltzen irakasten digu. Trebakuntza honek predikatzean geure buruan konfiantza handiagoa edukitzen eta irakasle onak izaten laguntzen digu (2 Tm 2:15).

ARRANTZALE TREBEAK ... 2. tresna egokiak erabiltzeko trebatuak daude (Ikusi 10. paragrafoa)

IZAN AUSARTAGOA

11. Zergatik izan behar dute giza arrantzaleek ausartak?

11 Arrantzaleek ausartak izan behar dute. Itsasoan espero ez dituzten eguraldi aldaketak jasaten dituzte eta askotan ekaitzak bat-batean harrapatzen ditu. Gauez ere egiten dute lan. Modu berean, giza arrantzaleek ere ausardia behar dute. Predikatzen eta besteei Jehobaren lekukoak garela esaten hasten garenean, agian familia aurka jarriko zaigu, lagunek burla egingo digute eta batzuek ez dute gure mezua entzun nahi izango. Baina honek ez gaitu harritzen. Izan ere, predikatzean jendea aurka izango zutela esan zien Jesusek bere jarraitzaileei (Mt 10:16).

12. ⁠Josue 1:7-9⁠ pasartea kontuan hartuta, zerk lagunduko digu ausartagoak izaten?

12 Nola izan zaitezke ausartagoa? Lehenengo, Jesusek predikatze-lana zerutik zuzentzen jarraitzen duela sinetsi ezazu (Jn 16:33; Ap 14:14-16). Ondoren, Jehobak zainduko gaituela hitzeman digunez, indartu ezazu promes horretan duzun fedea (Mt 6:32-34). Gero eta fede indartsuagoa izan, orduan eta ausartagoa izango zara. Pedro eta bere lagunek fede handia erakutsi zuten Jesus jarraitzeko arrantza utzi zutenean. Era berean, zuk ere fede handia erakutsi duzu lagunei eta senideei Jehobaren lekukoekin Biblia ikasten eta beraien bileretara joaten hasi zarela esan diezunean. Zalantzarik gabe, Jehobaren arau zuzenen arabera bizitzeko, aldaketa nabariak egin dituzu zure jokabide eta bizimoduan. Fedea eta ausardia behar dira horretarako, bai horixe! Ausartagoa izaten jarraitzen duzun heinean, ziur egon Jehoba «zurekin izango [dela] zure ibilera guztietan» (Irakurri Josue 1:7-9).

ARRANTZALE TREBEAK ... 3. eguraldi aldaketen aurrean ausardiaz ibiltzen dira lanean (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak)

13. Nola lagundu zaitzake hausnarketa eta otoitzak ausartagoa izaten?

13 Zer gehiago egin dezakezu ausartagoa izateko? Eskatu otoitzean ausardia eta kemena (Eg 4:29, 31). Jehobak zure otoitzak erantzungo ditu eta ez zaitu sekula utziko. Beti zure ondoan dago zu laguntzeko prest. Gainera, Jehobak iraganean beste batzuk nola salbatu dituen hausnartu dezakezu. Pentsa ezazu zailtasunak gainditzen ere nola lagundu dizun eta zure bizimodua aldatzeko zenbateko indarra eman dizun. Ziur egon Itsaso Gorrian zehar bere herria gidatu zuenak Jesu Kristoren jarraitzailea izaten lagundu zaitzakeela (Ir 14:13). Mantendu ezazu salmogileak Jehobarengan zuen fede berdina: «Jauna nire alde, ez naiz beldur: zer egin dezake nire kontra gizakiak?» (Sal 118:6).

14. Zer ikasten duzu Masae eta Tomoyori gertatutakoaz?

14 Ausartagoak izateko beste modu bat, Jehobak lotsatiei ausartak izaten nola lagundu dien aztertzea da. Ikus dezagun Masae izeneko arrebari gertatutakoa. Lotsatia zen eta predikatze-lanean ezin izango zuela sekula parte hartu sentitzen zuen. Ezezaguni hitz egitea izugarrizko mendia eskalatzea bezalakoa egiten zitzaion, guztiz gaindiezina. Hau ikusita, gogor saiatu zen Jainkoari eta lagun hurkoari zion maitasuna handitzen. Garai hauen premia handian pentsatu eta otoitzean predikatzeko gogoa indartzeko laguntza eskatu zuen. Bere beldurra gainditu eta aitzindari erregularra izatera ere iritsi da. Jehobak berri-emaile berriak «kementsu» izaten lagundu ditzake. Pentsa ezazu zer gertatu zitzaion Tomoyo arrebari. Etxez etxe predikatzen hasi zenean, aurkitu zuen lehen etxekoandreak oihu eginez esan zion: «Ez dut Jehobaren lekukoei buruz ezertxo ere jakin nahi!» eta danbateko batez atea itxi zuen. Tomoyok ez zuen beldurrik izan eta honakoa esan zion berarekin zihoan arrebari: «Entzun al duzu? Txintik esan gabe Jehobaren lekuko garela esan du. Ezagutu gaitu, zein ondo!». Tomoyo, orain, aitzindari erregularra da.

IZAN DIZIPLINATUA

15. Zer da diziplinatua izatea eta zergatik da kristauontzako garrantzitsua?

15 Arrantzale onak diziplinatuak dira. Hiztegi baten arabera, norberarekin diziplinatua izatea «egin behar dena norbere buruari eginaraztea da». Arrantzaleek diziplinatuak izan behar dute goizean goiz jaikitzeko, lana bukatu arte arrantzan egoteko eta eguraldi txarra egon arren lanean jarraitzeko. Guk ere diziplinatuak izan behar dugu lana burutu arte irauteko (Mt 10:22).

16. Nola izan gaitezke geure buruarekin diziplinatuak?

16 Geure buruarekin diziplinatuak izatea ez dugu berezkoa. Horren ordez, askotan gure joera ahalik eta ahaleginik txikiena egitea da. Diziplinatua izateak geure burua menpean izatea eskatzen du. Beraz, geure burua trebatu behar dugu zailak egiten zaizkigun gauzak egiteko. Jehobak hau egiten laguntzen digu bere espiritu santua emanez (Ga 5:22, 23).

17. 1 Korintoarrei 9:25-27 pasartearen arabera, nola deskribatu zuen Paulok diziplinatua izateko egin behar zuen ahalegina?

17 Paulo apostolua diziplinatua zen. Hala ere, ondo zegoena egiteko bere gorputza «menpean» jarri behar izaten zuela onartu zuen (Irakurri 1 Korintoarrei 9:25-27). Besteei diziplinatuak izatearen eta «guztia duintasunez eta ordenaz» egitearen premia adierazi zien (1 Ko 14:40). Diziplinatuak izan behar dugu ohitura espiritual onak mantentzeko. Ohitura hauen artean, arrantza sinbolikoan parte hartzea dago (Eg 2:46).

EZ ITXARON

18. Zerk egiten gaitu Jehobarentzat arrakastatsu?

18 Arrantzale arrakastatsua arrain asko harrapatzen duena da. Baina predikatze-lana kontrakoa da. Arrakasta ez da Jehobaren lekuko izaten lagundu diegunen kopuruaren araberakoa (Lk 8:11-15). Berri onak predikatzen eta besteei irakasten jarraitzen badugu, Jehobarentzat arrakastatsuak izango gara. Zergatik? Jehobari eta bere Semeari obeditzen ariko garelako (Mk 13:10; Eg 5:28, 29).

19, 20. Predikatzen jarraitzeko zer arrazoi garrantzitsu dugu?

19 Herrialde batzuetan, arrantza hilabete zehatz batzuetan bakarrik baimentzen da. Leku horietan, denboraldiaren amaiera gerturatu ahala, arrantzaleek arrainak harrapatzeko duten premia handitu egiten da. Giza arrantzaleok predikatzen jarraitzeko beste arrazoi bat dugu: mundu honen amaiera ziztu bizian dator! Biziak salba ditzakeen predikatze-lana egiteko oso denbora gutxi dago. Ez itxaron bizitzan dena perfektua izan arte ezinbestekoa den lan honetan parte hartzeko (Koh 11:4).

20 Ekin lanari orain eta indartu predikatzeko duzun gogoa, sakondu zure biblia-ezagutza eta izan ausartagoa eta diziplinatua. Munduan zehar zortzi milioi giza arrantzale baino gehiago daude. Beraiekin elkarlanean aritu eta Jehobak ematen duen poza biziko duzu (Ne 8:10). Predikatu ezazu ahal duzun guztia Jehobak lana amaitu dela esan arte. Nola indartu dezakegu giza arrantzaleok predikatze-lanean aritzeko dugun gogoa? Hurrengo artikuluan hiru modu ikusiko ditugu.

sn 47. KANTA Zabaldu berri onak

^ § 5 Jesusek arrantzale apal eta langileak gonbidatu zituen bere jarraitzaile izateko. Gaur egun ere, Jesusek ezaugarri horiek dituen jendea gonbidatzen du giza arrantzale izatera. Jesusen gonbidapena onartzeko zalantza egiten duten biblia-ikasleek zer egin behar duten aztertuko dugu artikulu honetan.

^ § 1 ZER ESAN NAHI DU? «Giza arrantzale» direnek berri onak zabaltzen dituzte eta besteei Jesu Kristoren ikasle izateko irakasten diete.

^ § 10 Ikusi aldizkari honen 2018⁠ko urriaren aleko 11-16 orrialdeetako «Enseñemos la verdad» («Enseignons la vérité») artikulua.