Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

46. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Izan kementsu, Jehoba zure laguntzailea baita

Izan kementsu, Jehoba zure laguntzailea baita

«Ez zaitut utziko, ez baztertuko» (HEB 13:5).

sn 33. KANTA Ez izan beldur!

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zerk kontsolatzen gaitu bakarrik edo arazoekin larrituta sentitzen garenean? (118. Salmoa 5-7)

SENTITU al zara noizbait arazoren baten aurrean bakarrik, inoren laguntzarik gabe? Jende asko sentitu da horrela, baita Jehobaren zerbitzari leialak ere (1 Erg 19:14). Noizbait hau gertatzen bazaizu, gogoratu Jehobaren promesa: «Ez zaitut utziko, ez baztertuko». Beraz, konfiantza osoz esan dezakegu: «Jauna dut neure alde, ez naiz beldur» (Heb 13:5, 6). Hitz hauek Paulo apostoluak idatzi zizkien Judean 61. urte inguruan bizi ziren kristauei. Bere hitzek 118. Salmoa 5-7 pasarteko sentimenduak gogorarazten dizkigute (Irakurri).

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan eta zertarako?

2 Salmogilearen antzera, Paulok bazekien bere bizitzan bizitakoagatik Jehoba bere alde zegoela eta bere laguntzailea zela. Adibidez, Hebrearrei gutuna idatzi baino bi urte lehenago, itsas bidaia arriskutsu batean ekaitz zakar batetik bizirik atera zen (Eg 27:4, 15, 20). Bidaia hartan zehar eta aurreko urteetan, Jehobak modu askotan lagundu zion Paulori. Horietako hiru modu aztertuko ditugu: Jesus eta aingeruen bidez, agintea dutenen bidez eta beste kristauen bidez. Jehobak laguntza eskatzeko egiten ditugun otoitzak erantzungo dituela promestu digu. Paulori gertatutakoa aztertzeak promesa horretan dugun konfiantza handituko du.

JESUSEN ETA AINGERUEN LAGUNTZA

3. Zer galdetu zion agian Paulok bere buruari eta zergatik?

3 Paulok laguntza behar zuen. 56. urte inguruan, jendetza batek Jerusalemgo tenplutik arrastaka atera zuen eta bera hiltzen saiatu zen. Hurrengo egunean, Sanedrinaren aurrera ekarri zutenean, bere etsaiek ia txikitu egin zuten (Eg 21:30-32; 22:30; 23:6-10). Une horretan, Paulok bere buruari agian honakoa galdetu zion: «Noiz arte jasan ahal izango dut tratu txar hau?».

4. Nola lagundu zuen Jehobak Paulo Jesusen bidez?

4 Zer laguntza jaso zuen Paulok? Atxilotua izan zen hurrengo gauean «Jauna», hau da, Jesus agertu zitzaion eta esan zion: «Izan bihotz! Jerusalemen nire testigu izan zaren bezala, halaxe behar duzu izan Erroman ere» (Eg 23:11). Zein hitz animagarriak! Jesusek Jerusalemen emandako testigantzagatik zoriondu zuen. Gainera, Erromara bizirik iritsiko zela eta han testigantza gehiago eman ahal izango zuela promestu zion. Honelako promesa jaso ondoren, Paulo haurtxo bat bere aitaren besoetan sentitzen den bezain seguru sentituko zen.

Ekaitz bortitz bat jasaten ari diren bitartean, aingeru batek Paulori itsasontzian dauden guztiak bidaia arriskutsu horretatik bizirik aterako direla ziurtatzen dio (Ikusi 5. paragrafoa)

5. Nola lagundu zuen Jehobak Paulo aingeru baten bidez? (Ikusi azaleko irudia)

5 Zer beste zailtasun izan zituen Paulok? Jerusalemen gauza hauek gertatu eta pare bat urtera, Paulo Italiara bidean zihoan. Hain zakarra zen itsasoan aurkitu zuten ekaitza, non tripulazioak eta bidaiariek hil egingo zirela pentsatu zuten. Hala ere, Paulok ez zuen beldurrik. Zergatik? Itsasontzian zeuden guztiei esan zien: «Bart gauean, nire jabea den eta nik zerbitzatzen dudan Jainkoaren aingerua agertu zait, eta hau esan dit: “Ez beldurtu, Paulo! Enperadorearen aurrean agertu behar duzu, eta ontzian zurekin doazen guztiak ere bizirik aterako direla agintzen dizu Jainkoak”». Jehobak aingeru bat erabili zuen Jesusek lehenago egindako promes bera errepikatzeko. Eta hala izan zen, Paulo Erromara iritsi zen (Eg 27:20-25; 28:16).

6. Jesusen zer promesak indartzen gaitu eta zergatik?

6 Zer laguntza jasotzen dugu guk? Paulori lagundu zion bezala, Jesusek guri ere lagunduko digu. Adibidez, Jesusek bere jarraitzaile guztiei honakoa promesten die: «Ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte» (Mt 28:20). Jesusen hitzek indartu egiten gaituzte. Zergatik? Egun batzuk jasateko zailak direlako. Esaterako, maite dugun norbait hiltzen denean, sentitzen dugun minak ez du egun gutxi batzuk bakarrik irauten. Seguruenik urtetan sentituko gara triste. Beste batzuek zahartzaroak dakartzan egun txarrei aurre egin behar diete. Eta beste batzuek egun oso zailak jasaten dituzte deprimiturik sentitzen direlako. Hala ere, aurrera egiteko indarra dugu Jesus «egunero», baita egunik beltzenetan ere, gurekin dagoela jakinda (Mt 11:28-30).

Aingeruek lagundu eta gidatu egiten gaituzte predikatzen dugunean (Ikusi 7. paragrafoa)

7. ⁠Apokalipsia 14:6⁠aren arabera, nola laguntzen digu Jehobak gaur egun?

7 Jehobak aingeruen bidez laguntzen digula ziurtatzen digu Jainkoaren Hitzak (Heb 1:7, 14). Adibidez, aingeruek gida eta laguntza ematen digute «nazio, arraza, hizkuntza eta herri guztiei» berri onak zabaltzen dizkiegunean (Irakurri Apokalipsia 14:6; Mt 24:13, 14).

AGINTEA DUTENEN LAGUNTZA

8. Nola lagundu zuen Jehobak Paulo komandante baten bidez?

8 Zer laguntza jaso zuen Paulok? 56. urtean Jesusek Erromara iritsiko zela ziurtatu zion Paulori. Baina Jerusalemgo judutar batzuek Paulo bidean erasotzea eta hiltzea antolatu zuten. Klaudio Lisias erromatar komandanteak honen berri jakin zuenean, Paulori lagundu zion. Berehala, soldadu talde handi batek Paulo babesteko eta Zesareara eramateko agindu zuen, Jerusalemdik 105 bat kilometroko ibilbidea eginez. Zesarean Felix gobernariak Paulo «Herodesen jauregian giltzapean gorde zezatela agindu zuen». Paulo hil nahi zuten juduek ezin izango zioten kalterik egin (Eg 23:12-35).

9. Nola lagundu zion Festo gobernariak Paulori?

9 Bi urte beranduago, 58. urtean, Paulo oraindik Zesarean atxilotuta zegoen. Felixen ordez Festo zen gobernari berria. Juduek Paulo Jerusalemera epaitua izatera ekartzeko erregutu zioten Festori, baina ezetz esan zien. Agian bazekien juduek «bidean zelata jartzea» pentsatua zutela Paulo «garbitzeko» (Eg 24:27-25:5).

10. Paulok enperadoreak epaitzea nahi zuela esan zionean, zer egin zuen Festo gobernariak?

10 Gero, Paulo Zesarean epaitu zuten. Festok, «juduei atsegin ematearren», galdetu zion Paulori: «Nahi al duzu Jerusalemera joan, zure arazoa han epai dezadan?». Paulok bazekien Jerusalemen juduek ziurrenik hil egingo zutela. Bizia salbatzeko eta predikatzen jarraitzeko zer egin behar zuen ere bazekien: Erromara joan. Beraz, esan zuen: «Enperadoreagana jotzen dut!». Festok, kontseilukoekin hitz egin ondoren, erantzun zion: «Enperadoreagana jo duzu, enperadoreagana joango zara». Festoren erabakiak Paulo etsaien eskuetatik libratu zuen. Laster, Erroman izango zen, bera hil nahi zuten juduengandik urrun (Eg 25:6-12).

11. Isaiasen zein hitz animagarritan pentsatuko zuen Paulok agian?

11 Paulo Italiara bidaia egiteko itxaroten ari zen bitartean, agian Isaias profetak Jehobaren aurka zeudenei emandako abisu inspiratuan pentsatuko zuen: «Asmatu egitamuak [egitasmoak]: bertan behera geldituko dira. Proposatu nahi duzuena: alferrik izango da, Jainkoa gurekin baitago» (Is 8:10). Paulok bazekien Jehobak lagundu egingo ziola eta honek etorkizunean izango zituen probei aurre egiteko indarra emango zion.

Iraganean egin zuen bezala, Jehobak agintea dutenak bere zerbitzariak babestera bultzatu ditzake (Ikusi 12. paragrafoa)

12. Nola jokatu zuen Juliok Paulorekin eta zertaz konturatuko zen agian Paulo?

12 Paulok Italia aldera hasi zuen itsas bidaia. Presoa zenez, Julio izeneko erromatar ofizial militarraren agintepean jarri zuten. Handik aurrera, Juliok Paulori tratu duina edo tratu txarra emateko boterea izango zuen. Nola erabiliko zuen bere boterea? Hurrengo egunean, lehorreratu zirenean, «Juliok Paulo gizabidez hartu zuen eta bere adiskideengana joateko [...] baimena eman zion». Beranduago, Juliok Pauloren bizia ere salbatu zuen. Nola? Itsasontzia hondoratzera zihoanean, soldaduek preso guztiak hil nahi izan zituzten ihes egin ez zezaten. Baina, Juliok ez zien beraien asmoa betetzen utzi. Zergatik? «Paulo bizirik atera nahi» izan zuelako. Paulok, seguruenik, Jehobaren eskua ikusi zuen ofizial atsegin honen laguntza eta babesean (Eg 27:1-3, 42-44).

Ikusi 13. paragrafoa

13. Nola erabili ditzake Jehobak agintea dutenak?

13 Zer laguntza jasotzen dugu guk? Bere helburuarekin bat datorrenean, Jehobak bere espiritu santu boteretsua erabili dezake agintean daudenek bere nahia egiteko. Salomon erregeak idatzi zuen: «Erregearen bihotza ubidea da Jaunaren eskuetan: nahi duen alderantz zuzentzen du» (Es 21:1). Zer esan nahi du esaera honek? Gizakiek ubideak egin ditzakete ura nahi duten aldera zuzentzeko. Jehobak ere, bere espirituaren bidez, bere helburuarekin bat datorren aldera zuzendu ditzake agintarien pentsamenduak. Hau gertatzean, agintea dutenak Jainkoaren herriari laguntzeko erabakiak hartzera bultzatuta sentitzen dira (Konparatu Esdras 7:21, 25, 26).

14. ⁠Eginak 12:5⁠a kontuan hartuta, nori buruz egin dezakegu otoitz?

14 Zer egin dezakegu guk? Batzuetan agintea dutenek gure kristau bizimoduan eta zerbitzuan eragina duten erabakiak hartzen dituzte. Hau gertatzean, «erregeen eta agintea duten guztien alde» otoitz egin dezakegu (1 Tm 2:1, 2; Ne 1:11). Lehen mendeko kristauek bezala, sutsu egin dezakegu otoitz preso dauden gure anai-arreben alde (Irakurri Eginak 12:5; Heb 13:3). Presondegiko anai-arreben zaintzaileei buruz ere egin dezakegu otoitz. Jehobari beraien pentsamenduetan eragina izateko eskatu ahal diogu. Horrela, agian, Juliok bezala jokatuko dute eta preso dauden anai-arrebak «gizabidez» tratatuko dituzte (Eg 27:3).

ANAI-ARREBEN LAGUNTZA

15, 16. Nola lagundu zion Jehobak Paulori Aristarko eta Lukasen bidez?

15 Zer laguntza jaso zuen Paulok? Erromarako bidaian, Paulok Jehobaren laguntza behin eta berriz jaso zuen anai-arreben bidez. Aztertu ditzagun adibide batzuk.

16 Pauloren bi lagun leialek, Aristarko eta Lukasek, berarekin Erromara bidaiatzea erabaki zuten. * Bibliak ez du esaten Jesusek Aristarko eta Lukasi Erromara bizirik iritsiko zirela promestu zienik. Beraz, beraien bizia jokoan ipini zuten bidaia arriskutsu hartan. Baina Paulo laguntzearren, hori egiteko prest egon ziren. Bidaia gogor horretan zeuden bitartean jakin zuten bizirik aterako zirela. Hortaz, Aristarko eta Lukas Paulorekin batera Zesarean itsasontzira igo zirenean, Paulok bihotzez eskertuko zion Jehobari otoitzean bi anaia ausart hauen bidez laguntzea (Eg 27:1, 2, 20-25).

17. Nola erabili zituen Jehobak anai-arrebak Paulori laguntzeko?

17 Bidaian zehar, anai-arrebek askotan lagundu zioten Paulori. Adibidez, Sidoneko portuan, Juliok «bere adiskideengana joateko eta haiengandik laguntza hartzeko baimena eman zion». Beranduago, Potzuoli hirian, Paulo eta bere lagunek «senideak aurkitu» eta astebete egin zuten beraiekin. Paulo eta bere lagunak zaintzen zituzten bitartean, zalantzarik gabe, leku horietako kristauak bizipen animagarriak entzuteaz izugarri poztuko ziren (Konparatu Eginak 15:2, 3). Indarberrituak izan ondoren, Paulo eta bere lagunak bidaia jarraitu zuten (Eg 27:3; 28:13, 14).

Pauloren antzera, Jehobak anai-arreben bidez lagundu gaitzake (Ikusi 18. paragrafoa)

18. Zerk bultzatu zuen Paulo Jainkoari eskerrak ematera eta gogoa bizkortzera?

18 Erromara bidean oinez zihoala, Paulok hiru urte lehenago hiri horretako kongregazioari idatzi zien hitzetan pentsatuko zuen: «Aspaldiko urte hauetan zuek ikusi nahian bainago» (Erm 15:23). Hau idatzi zuenean ez zuen usteko preso gisa ikusiko zituenik. Baina Erromako anai-arrebak ongietorria ematera bidera atera zirela ikustean, zer-nolako poza izango zuen Paulok! «Haiek ikustean, Jainkoari eskerrak eman zizkion Paulok, eta gogoa bizkortu zitzaion» (Eg 28:15). Paulok anai-arrebak han egoteagatik Jainkoari eskerrak ematea azpimarratzekoa da. Zergatik? Jehobak berriz ere anai-arreben bidez laguntzen ari zitzaiola ikusi zuelako.

Ikusi 19. paragrafoa

19. 1 Pedro 4:10⁠aren arabera, nola erabil zaitzake Jehobak beharrean dagoenari laguntzeko?

19 Zer egin dezakegu guk? Ba al dakizu zure kongregazioko anaia edo arrebaren bat gaixo egoteagatik edo beste arazo batengatik sufritzen ote dagoen? Edo hil al zaio maite duen norbait? Anaia edo arrebaren bat beharrean dagoela jakiten badugu, hitz atsegin eta goxoren bat esaten laguntzeko eskatu ahal diogu Jehobari. Gure hitz eta ekintzak izan daitezke behar duen laguntza (Irakurri 1 Pedro 4:10). * Laguntzen badiogu, aztertu dugun Jehobaren promesean konfiantza berreskuratu dezake: «Ez zaitut utziko, ez baztertuko». Ziur egon honek asko poztuko zaituela!

20. Zergatik esan dezakegu konfiantza osoz «Jauna dut neure alde»?

20 Paulo eta bere lagunek bezala, guk ere arazoak izan ditzakegu. Aldi berean, badakigu kemena izan dezakegula Jehoba gurekin dagoelako. Jesus eta aingeruen bidez laguntza ematen digu. Gainera, bere helburuarekin bat badator, agintea dutenen bidez lagundu gaitzake. Eta gutako askok bizi izan dugun bezala, Jehobak bere espiritu santuaren bidez anai-arreben bihotzak ukitzen ditu guri laguntzeko. Beraz, Pauloren antzera, konfiantza osoz esan dezakegu: «Jauna dut neure alde, ez naiz beldur: zer egin dezake nire kontra gizakiak?» (Heb 13:6).

sjj 38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu

^ § 5 Nola lagundu zion Jehobak Paulo apostoluari arazoei aurre egiten? Artikulu honek hiru modu aztertzen ditu. Jehoba iraganean bere zerbitzarien laguntzailea nola izan zen ikusiko dugu. Honek Jehobarengan dugun konfiantza indartuko digu arazoak jasaten ditugun bitartean.

^ § 16 Aristarko eta Lukasek aurretik ere Paulorekin bidaiatu zuten. Gizon leial hauek Paulo Erroman preso egon zenean ere bere ondoan egon ziren (Eg 16:10-12; 20:4; Kol 4:10, 14).