Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

47. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Zuzendua izateko prest al zaude?

Zuzendua izateko prest al zaude?

«Azkenik, senideok, jarraitu pozten, zuzenduak izaten» (2 KO 13:11NW ).

sjj 54. KANTA «Hona hemen bidea»

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. ⁠Mateo 7:13, 14⁠aren arabera, zer zentzutan gaude bidaia batean?

GUZTIOK gaude bidaia batean. Gure helmuga Jehobak maitasunez aginduko duen mundu berrian bizitzea da. Egunero saiatzen gara bizira daraman bidean ibiltzen. Baina Jesusek esan bezala, bidea meharra eta, batzuetan, jarraitzeko zaila da (Irakurri Mateo 7:13, 14). Inperfektuak garenez, bide horretatik urruntzea erraza da (St 3:2).

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan? (Ikusi « Apaltasunak gure urratsak zuzentzen laguntzen digu» taula ere)

2 Bizira daraman bide meharrean ibiltzen jarraitzeko pentsaera, jarrera eta ekintzak aldatzeko prest egon behar dugu. Paulo apostoluak Korinton bizi ziren kristauak «zuzenduak izaten» jarraitzera animatu zituen (2 Ko 13:11NW ). Aholku hau guretzako ere bada. Artikulu honetan honakoa ikusiko dugu: 1) Bibliak aldaketak egiten eta lagun helduek bizirako bidean ibiltzen nola laguntzen diguten; 2) Jehobaren erakundeak emandako gida jarraitzea erronka noiz izan daitekeen eta 3) apaltasunak aldaketak egiten nola lagundu gaitzakeen Jehobaren zerbitzuan poza galdu gabe.

UTZI JAINKOAREN HITZAK ZUZENDU ZAITZAN

3. Nola lagundu zaitzake Jainkoaren Hitzak?

3 Gure pentsamendu eta sentimenduak aztertzen saiatzen garenean, erronka baten aurrean aurkitzen gara. Zergatik? Bihotzak engainatu egin gaitzakeelako. Horregatik, zaila izan daiteke nora zuzentzen gaituen jakitea (Jr 17:9). Erraza da geure burua engainatzea (St 1:22). Beraz, Jainkoaren Hitza erabili behar dugu geure burua aztertzeko eta gure «barneko pentsamendu eta asmo guztiak» zeintzuk diren jakiteko (Heb 4:12, 13). Zentzu batean, Jainkoaren Hitza X izpien makina bezalakoa da: barnean duguna ikusten laguntzen digu. Baina apalak izan behar dugu Bibliako edo Jainkoaren ordezkarien aholkuak segitzeko.

4. Nola dakigu Saul harroputz bihurtu zela?

4 Saul erregearen ereduak apalak ez garenean zer gertatu daitekeen erakusten digu. Saul harroputz bihurtu zen eta aldatu behar zuenik ez zuen onartu (Sal 36:2, 3 [36:1, 2, NW ]; Hab 2:4). Hau argi geratu zen Saulek amalektarrak garaitu ondoren. Jehobak jarraibide zehatzak eman zizkion, baina Saulek ez zituen obeditu. Samuel profetak egindakoari buruz hitz egin zionean, ez zuen onartu nahi izan bere errua. Horren ordez, kontu hura ez zela hain garrantzitsua esateaz gain, beste batzuei leporatu zien errua (1 Sm 15:13-24). Lehenago ere antzeko jarrera izan zuen (1 Sm 13:10-14). Tamalez, bere bihotza harrokeriaz betetzen utzi zuen. Pentsaera aldatu ez zuenez, Jehobak gaitzetsi eta baztertu egin zuen.

5. Zer ikasi dezakegu Saulen eredu txarretik?

5 Saul bezalakoak izan nahi ez dugunez, geure buruari honakoa galdetu beharko genioke: «Jainkoaren Hitzean aholkuren bat irakurtzean, ibiltzen al naiz praktikan ez jartzeko aitzakien bila? Egiten ari naizena hain txarra ez dela pentsatzen al dut? Besteei leporatzen al diet egiten ari naizenaren errua?». Hauetakoren bati baietz esan badiogu, pentsaera eta jarrera aldatu behar ditugu. Bestela, bihotza harrokeriaz beteko zaigu eta Jehobak ez du gure laguna izan nahiko (St 4:6).

6. Aipatu Saul eta Dabiden arteko desberdintasunak.

6 Ikus ditzagun Saul erregearen eta Dabid erregearen arteko desberdintasunak. Dabidek «Jaunaren hitza» maite zuen (Sal 1:1-3). Bazekien Jehobak apalak salbatzen dituela eta harroputzen aurka dagoela (2 Sm 22:28). Beraz, pentsaera aldatzen utzi zion Jainkoaren Hitzari. Hau idatzi zuen: «Bedeinkatu nahi dut Jauna, berak baitit aholku ematen, gauez ere ene barrua berak hezten» (Sal 16:7).

JAINKOAREN HITZA

Bidetik ateratzean, Jainkoaren Hitzak abisua ematen digu. Apalak bagara, Jainkoaren Hitzari gure pentsamendu okerrak zuzentzen utziko diogu. (Ikusi 7. paragrafoa)

7. Zer egingo dugu apalak baldin bagara?

7 Apalak bagara, ezer txarrik egin baino lehen Jainkoaren Hitzari gure pentsamendu okerrak zuzentzen utziko diogu. Jainkoaren Hitza «hona hemen bidea, hemendik ibili» esaten digun ahotsaren antzekoa izango da. Txarra den zerbait egiten badugu, abisua emango digu (Is 30:21). Jehobari entzutea lagungarria izango zaigu hainbat modutan (Is 48:17). Adibidez, ez dugu lotsarik pasa beharko norbaitek zuzendu behar gaituelako. Eta Jehobarengana gerturatuko gara seme-alabak bezala tratatzen gaituela konturatuko garelako (Heb 12:7).

8. Santiago 1:22-25 pasartean esan bezala, nola erabili dezakegu Jainkoaren Hitza ispilua balitz bezala?

8 Jainkoaren Hitza ispilua bezalakoa izan daiteke guretzako (Irakurri Santiago 1:22-25). Gehienok ispiluari begiratzen diogu goizero etxetik irten aurretik. Horrela, beste inork ikusi baino lehen, aldaketaren bat egin behar dugun ikusten dugu. Modu berean, Biblia egunero irakurtzean, pentsaera eta jarrera aldatzeko moduak ikusten ditugu. Askori lagungarria egiten zaie eguneko aipua goizero etxetik irten aurretik irakurtzea. Irakurtzen dutenari pentsaeran eragina izaten uzten diote. Gero, egunean zehar, Jainkoaren Hitzeko aholkuak praktikan jartzeko moduak bilatzen dituzte. Honetaz gain, egunero aztertu behar dugu Jainkoaren Hitza, baita honetan hausnartu ere. Bizira daraman bide meharrean ibiltzen jarraitu nahi badugu, hau da egin dezakegun gauza inportanteenetako bat.

ENTZUN LAGUN HELDUEI

LAGUN HELDUAK

Kristau heldu batek maitasunez aholku bat eman ahal digu. Eskertuta al gaude lagunak abisua emateko ausardia izanaz? (Ikusi 9. paragrafoa)

9. Zergatik zuzendu beharko zintuzke agian lagun batek?

9 Hasi al zara inoiz Jehobarengandik urruntzen zintuen bidean ibiltzen? (Sal 73:2, 3). Lagun heldu batek zu zuzentzeko ausardia izan bazuen, entzun al zenion eta jarraitu al zenuen bere aholkua? Hala bada, zuzen jokatu zenuen eta, dudarik gabe, zure lagunak abisua emanaz oso eskertuta egongo zara (Es 19:20).

10. Zer egin beharko zenuke lagun batek zuzentzen bazaitu?

10 Jainkoaren Hitzak honakoa gogorarazten digu: «Hobeagoak dira maitatzen duenaren zauriak» (Es 27:6, BJU). Zer esan nahi du honek? Pentsatu adibide honetan. Imajinatu trafiko handiko kale bat gurutzatzeko zain zaudela. Mugikorrari begira arreta galduta duzu eta, begiratu gabe, kalea gurutzatzen hasten zara. Orduan, lagun batek besotik heldu eta, tiraka, espaloira eramaten zaitu. Oso gogor heldu dizunez, besoa ubeltzen zaizu. Baina ekintza azkar honek auto batek harrapatzetik salbatzen zaitu. Nahiz eta besoan duzun ubelduak denbora batez mina eman, haserretuko al zinateke zure lagunak gogor heldu dizulako? Ez, noski! Bere laguntzarengatik eskertuta egongo zara. Modu berean, lagun batek zure hizkera edo ekintzak Jainkoaren arau zuzenekin bat ez daudela esaten badizu, agian hasieran minduta sentituko zara. Baina ez haserretu aholku bat eman dizulako. Haserretzea tontakeria izango litzateke (Koh 7:9). Horren ordez, eskertu ezazu zure lagunak horretaz hitz egiteko ausardia izana.

11. Zergatik baztertu lezake norbaitek lagun batengandik jasotako aholkua?

11 Zergatik baztertu lezake norbaitek lagun batek maitasunez emandako aholkua? Harrokeriagatik. Harroek ez dute egia entzun nahi. Horregatik, entzun nahi dutena esaten dien jendez inguratzea gustatzen zaie. (2 Tm 4:3, 4NW ). Zuhurragoak edo inportanteagoak direla uste dutenez, ez dutela aholkurik behar pentsatzen dute. Baina, Paulok idatzi zuen: «Norbait zerbait delakoan badago, ezer ez delarik, bere burua engainatzen du» (Ga 6:3). Salomon erregeak ederki azaldu zuen: «Hobe, gazte behartsu baina zuhurra, aholkurik nahi ez duen errege zahar eta zoroa baino» (Koh 4:13).

12. Galaziarrei 2:11-14 pasartean gertatutakoa kontuan izanda, zer ikasten dugu Pedro apostoluak ezarritako eredutik?

12 Ikus dezagun Pedrok zer egin zuen Paulok besteen aurrean zuzendu zuenean (Irakurri Galaziarrei 2:11-14). Pedro haserretu egin zitekeen Paulok aholkua emateko moduagatik eta jendearen aurrean esateagatik. Baina Pedrok zuhur jokatu zuen. Aholkua onartu zuen eta ez zen erresumindu. Horren ordez, beranduago «anaia maite» deitu zion Paulori (2 P 3:15).

13. Zer hartu behar dugu kontuan aholkatzean?

13 Lagun bati noizbait aholkuren bat emateko beharra ikusten baduzu, zer eduki behar duzu kontuan? Ezer esan baino lehen, galdetu zeure buruari: «“Zuzenegi” izaten ari al naiz?» (Koh 7:16). Zuzenegia denak besteak Jehobaren arauen arabera epaitu beharrean, bere arauen arabera epaitzen ditu, seguruenik erruki gutxi erakutsiz. Zeure burua aztertu ondoren, oraindik aholkua eman behar diozula uste al duzu? Hala bada, arazoa zehazki zein den esaiozu eta erabili galderak egin duena gaizki dagoela ulertzen laguntzeko. Ziurtatu esaten duzuna Biblian oinarrituta dagoela. Gogoratu ez dela zure erantzukizuna zure laguna epaitzea, baizik eta egiten ari denaz Jehobak zer sentitzen duen ulertzen laguntzea (Erm 14:10). Jainkoaren Hitzeko jakindurian konfiantza izan eta, aholkatzean, imitatu Jesusen errukia (Es 3:5; Mt 12:20). Zergatik? Guk besteekin jokatzen dugun modu berean jokatuko duelako Jehobak gurekin (St 2:13).

JAINKOAREN ERAKUNDEAREN JARRAIBIDEAK SEGI

JAINKOAREN ERAKUNDEA

Jainkoaren erakundeak bideo, argitalpen eta bileren bidez Jainkoaren Hitzean dauden aholkuak praktikan jartzen laguntzen digu. Batzuetan, Zuzendari-batzordeak lana antolatuta dagoen modua aldatzen du. (Ikusi 14. paragrafoa)

14. Zer ematen digu Jainkoaren erakundeak?

14 Jehobak bere erakundearen lurreko alderdiaren bidez zuzentzen gaitu bizirako bidean. Erakundeak bideo, argitalpen eta bileren bidez Jainkoaren Hitzean dauden aholkuak praktikan jartzen laguntzen digu guztioi. Ematen digun informazioa Biblian oinarrituta dagoenez, fidagarria da. Zuzendari-batzordeko anaiek predikatze-lana hobekien egiteko moduari buruz erabakiak hartzen dituztenean, espiritu santuan jartzen dute konfiantza. Hala ere, erabaki hauek sarritan berrikusten dituzte aldaketaren bat egin behar den ikusteko. Zergatik? «Mundu honen eszenatokia aldatzen» ari delako eta Jainkoaren erakundeak egoera berrietara egokitu behar duelako (1 Ko 7:31NW ).

15. Zer erronka izan dituzte berri-emaile batzuek?

15 Irakaskuntzari eta arau moralei buruz Biblian oinarritutako gida jasotzean, zalantza egin gabe segituan jarraitzen dugu. Baina Jainkoaren erakundeak gure bizimoduko beste alderdi batzuetan eragina duten aldaketak egitean, zer egiten dugu? Adibidez, azken urteotan adoraziorako tokiak eraiki eta mantentzeko kostua izugarri handitu da. Horregatik, Zuzendari-batzordeak ahalik eta kongregazio gehienek bilera-areto bera erabiltzeko jarraibidea eman du. Ondorioz, kongregazioak bateratu eta areto batzuk saldu egin dira. Aurreztutako diruarekin behar handiena dagoen tokietan bilera-aretoak eraikitzen ari dira. Aretoak saldu eta kongregazioak bateratu diren tokian bizi bazara, agian zaila egiten ari zaizu egoera berrira egokitzea. Izan ere, berri-emaile batzuk urrutirago bidaiatu behar dute bileretan egoteko. Bilera-aretoa eraikitzeko eta mantentzeko gogor lan egin zuten batzuek ere aretoa zergatik saldu behar den pentsatuko dute agian. Beraien denbora eta ahaleginak alferrik galdu direla sentitu dezakete. Baina, hala ere, antolaketa berria onartu dute eta horregatik zoriondu behar ditugu.

16. Nola laguntzen digu Kolosarrei 3:23, 24⁠eko aholkuak pozik egoten?

16 Jehobarentzat lanean gaudela eta bere erakundea zuzentzen ari dela gogoratzen badugu, pozik egoten jarraituko dugu (Irakurri Kolosarrei 3:23, 24). Dabid erregeak eredu bikaina ezarri zuen tenplua eraikitzeko dohaintzak ematean. Hau esan zuen: «Nor naiz ni eta nor nire herria zuri borondatezko emaitza hauek egin ahal izateko? Zuregandik dator dena eta zure eskutik hartua eman dizugu» (1 Kro 29:14). Dohaintzak egitean, guk ere dagoneko eman diguna ematen diogu Jehobari. Hala ere, Jehoba asko pozten da denbora, indarra eta dirua bere lana egiteko ematen dugunean (2 Ko 9:7).

BIDE MEHARREAN IBILTZEN JARRAITU

17. Zergatik ez zara desanimatu behar zure urratsak zuzendu behar badituzu?

17 Bizira daraman bide meharrean ibiltzen jarraitzeko, Jesusen urratsei jarraitu behar diegu (1 P 2:21). Zure urratsak zuzendu behar dituzula badirudi, ez desanimatu. Izan ere, aldatu behar duzula onartzeak Jehobaren gida jarraitu nahi duzula erakusten du. Ez ahaztu Jehobak inperfektuak garela badakiela. Beraz, guk Jesusen eredua modu perfektuan imitatzerik ez du espero.

18. Zer egin behar dugu gure helburua lortzeko?

18 Jarri dezagun guztiok arreta etorkizunean eta prest egon gaitezen gure pentsaera, jarrera eta ekintzak zuzentzeko (Es 4:25; Lk 9:62). Segi dezagun apalak izaten; jarraitu dezagun «pozten, zuzenduak izaten» (2 Ko 13:11NW ). Hau egiten badugu, «maitasunaren eta bakearen Jainkoa [gurekin] izango da». Eta, horrela, helmugara iristeaz gain, bidaiaz gozatuko dugu!

sn 29. KANTA Prestu joka dezagun

^ § 5 Batzuoi agian zaila egiten zaigu pentsaera, jarrera eta ekintzetan aldaketak egitea. Artikulu honek guztiok zuzenketak zergatik egin behar ditugun eta hauek egitean poza ez galtzeko zer egin dezakegun aztertuko du.

^ § 76 IRUDIAREN AZALPENA: Anaia gazte batek erabaki txar bat hartu ondoren gertatutakoa kontatzen dio zaharragoa den anaia bati (eskuinean). Honek lasai-lasai entzuten dio aholkuren bat eman behar dion erabakitzeko.