Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

51. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehobak etsita daudenak salbatzen ditu

Jehobak etsita daudenak salbatzen ditu

«Hurbil dago Jauna bihotz-hautsiengandik eta salbatzen ditu etsita daudenak» (SAL 34:19 [34:18, NW ]).

sjj 30. KANTA Ene Jainkoa, Aita eta lagun mina

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

BIZITZA motza dela eta kezkaz josita dagoela pentsatu dezakegu noizbehinka (Jb 14:1). Beraz, normala da batzuetan etsita sentitzea. Antzinako Jehobaren zerbitzari asko ere horrela sentitu ziren. Batzuk hain etsita zeuden, hil nahi izan zutela (1 Erg 19:2-4; Jb 3:1-3, 11; 7:15, 16). Baina Jehobak behin eta berriz kontsolatu eta indartu zituen. Beraien bizipenak gu kontsolatzeko eta gure ikasbiderako idatzi ziren (Erm 15:4).

2 Artikulu honetan, proba latzak jasan zituzten Jehobaren zerbitzari batzuen bizipenak aztertuko ditugu: Jose Jakoben semea, Noemi eta bere erraina Rut, 73. Salmoa idatzi zuen lebitarra eta Pedro apostolua. Nola indartu zituen Jehobak eta zer ikasi dezakegu beraien bizipenetatik? Erantzunak honakoa ziurtatzen digu Jehobari buruz: «Hurbil dago Jauna bihotz-hautsiengandik eta salbatzen ditu etsita daudenak» (Sal 34:19 [34:18, NW ]).

JOSEK INJUSTIZIA LATZAK JASAN ZITUEN

3, 4. Zer gertatu zitzaion Joseri gazte zenean?

3 Josek 17 bat urte zituenean, bi amets izan zituen. Jainkoarengandik zetozen bi amets hauek egunen batean bere familiak errespetatuko zuen pertsona inportante bat izango zela adierazten zuten (Has 37:5-10). Baina ametsak izan eta gutxira, bizitza erabat aldatu zitzaion. Garai hartan bere anaiek ez zuten errespetatzen eta esklabo izateko saldu zuten. Gero, Potifar izeneko egiptoar funtzionarioaren esklabo bihurtu zen (Has 37:21-28). Denbora gutxian, etxean bere aitaren seme kuttuna izatetik, Egipton Jehoba adoratzen ez zuen funtzionarioaren esklabo soila izatera pasa zen (Has 39:1).

4 Orduan egoerak okerrera egin zuen. Potifarren emazteak, gezurra esanez, bortxatzen saiatzea leporatu zion Joseri. Potifarrek egia ote zen ikertu gabe, Jose kartzelaratu eta kateatu zuen (Has 39:14-20; Sal 105:17, 18). Imajinatu nola sentituko zen Jose gaztea salaketa faltsu hura jasotzean. Eta pentsatu horrelako salaketak Jehobaren izenean izango zuen eragin txarrean. Josek bazituen bai etsita egoteko arrazoiak.

5. Zer egin zuen Josek etsipenean ez erortzeko?

5 Hasieran esklabo izatean eta gero kartzelan egotean, Josek ezin zuen ezer egin bere egoera aldatzeko. Zerk lagundu zion etsipenean ez erortzen? Egin ez zitzakeen gauza guztietan pentsatu ordez, eman zizkioten lanak ahalik eta hobekien betetzen saiatu zen. Eta guztiaren gainetik, Jehoba pozten saiatu zen. Horregatik, Josek egiten zuen guztia bedeinkatu zuen Jehobak (Has 39:21-23).

6. Nola kontsolatuko zuten Jose bere ametsek?

6 Seguruenik, lehen izan zituen amets profetikoetan pentsatzeak ere animatu egingo zuen Jose. Amets hauek bere familia berriro ikusiko zuela eta egoera hobetu egingo zela erakusten zuten. Eta horixe gertatu zen. Josek 37 bat urte zituenean, amets hauek modu harrigarrian betetzen hasi ziren! (Has 37:7, 9, 10; 42:6, 9).

7. ⁠1 Pedro 5:10⁠aren arabera, zerk lagunduko digu zailtasunei aurre egiten?

7 Zer ikasten dugu? Mundua krudela dela eta jendeak gurekin modu bidegabean jokatuko duela gogorarazten digu Joseren bizipenak. Agian, anaia edo arreba batek ere mindu gaitzake. Baina, Jehoba gure harkaitza edo babeslekua bada, ez gara etsipenean eroriko edo ez diogu bera zerbitzatzeari utziko (Sal 62:7, 8 [62:6, 7, NW ]; irakurri 1 Pedro 5:10). Gogoratu, gainera, Josek 17 bat urte zituela Jehobak amets hauek eman zizkionean. Beraz, Jehobak bere zerbitzari gazteengan konfiantza osoa dauka. Gaur egun ere, gazte asko Jose bezalakoak dira eta Jehobarengan fedea dute. Hauetariko batzuk bidegabekeriaz atxilotu dituzte Jainkoari dioten leialtasuna hautsi nahi ez izateagatik.

BIHOTZ-HAUTSITA ZEUDEN BI EMAKUME

8. Zer gertatu zitzaien Noemi eta Ruti?

8 Gosete latz baten ondorioz, Noemi eta bere familiak Juda atzean utzi eta beste lurralde batera joan ziren bizitzera, Moabera. Han Noemiren senarra, Elimelek, hil egin zen eta bere bi semeekin bakar-bakarrik gelditu zen. Denborarekin, bi semeak Rut eta Orpa izeneko emakume moabdarrekin ezkondu ziren. Hamar urte beranduago, Noemiren semeak hil egin ziren, seme-alabarik izan gabe (Rt 1:1-5). Imajinatu zein etsita egongo ziren hiru emakume haiek! Noski, Rut eta Orpa berriro ezkondu zitezkeen, baina nork zainduko zuen zahartzen ari zen Noemi? Lur jota zegoenez, honakoa esan zuen: «Ez deitu niri gehiago Noemi –zorioneko–, Mara –zoritxarreko– baizik, Jainko Ahaltsuak zoritxarrez bete bainau». Bihotz-hautsirik, Noemik Belenera itzultzea erabaki zuen eta Rut berarekin joan zen (Rt 1:7, 18-20).

Jainkoak, Noemi eta Ruten bidez, bere zerbitzariak tristura eta etsipena gainditzen lagundu ditzakeela erakutsi zuen. Ez al dizu zuri ere lagunduko? (Ikusi 8-13 paragrafoak) *

9. ⁠Rut 1:16, 17, 22⁠aren arabera, nola lagundu zion Rutek Noemiri?

9 Zerk lagundu zion Noemiri? Besteek erakutsi zioten maitasun leialak. Adibidez, Rutek maitasun hau erakutsi zion berarekin geratuz (Irakurri Rut 1:16, 17, 22). Gero, Belenen, Rutek gogor lan egin zuen Noemi eta berarentzako garagar aleak jasotzen. Honen ondorioz, laster emakume gazte onek izen ona irabazi zuen (Rt 3:11; 4:15).

10. Nola erakutsi zien maitasuna Jehobak Noemi eta bestelako behartsuei?

10 Jehobak Noemi eta Rut bezalako behartsuei laguntzeko, errukia erakusten zuen lege bat eman zien israeldarrei. Uzta biltzerakoan soro bazterrak ez jasotzeko esan zien. Horrela, utzitakoa jaso ahal izango zuten behartsuek (Lb 19:9, 10). Era honetara, Noemi eta Rutek ez zuten eskean ibili behar izan eta janaria modu duinean lortu zuten.

11, 12. Nola egin zituen Boozek zoriontsu Noemi eta Rut?

11 Rutek garagar aleak jasotzen zituen soroa Booz izeneko gizon aberatsarena zen. Rutek Noemiri erakutsitako maitasun eta leialtasunagatik hunkituta, Booz Rutekin ezkondu zen. Noemiren familiaren lurrak berriro erosi zituen, horrela Ruten seme-alabek jaso zitzaten (Rt 4:9-13). Bikoteak seme bat izan zuen, Obed, eta hau Dabid erregearen aitona izan zen (Rt 4:17).

12 Imajinatu zer-nolako poza sentituko zuen Noemik Obed txikia besoetan zuela! Jehobari bihotzez eskerrak emango zizkion. Baina onena etortzeko dago oraindik Noemi eta Rutentzat. Berpizkundean, Obed Jesu Kristoren arbasoa izan zela jakingo dute!

13. Zer ikasi dezakegu Noemi eta Ruti gertatutakoaz?

13 Zer ikasten dugu? Zailtasunak izaten ditugunean etsita sentitu gaitezke, baita bihotz-hautsita ere. Agian ez dugu irtenbiderik ikusten. Horrelakoetan, gure zeruko Aitarengan konfiantza osoa erakutsi eta gure anai-arrebengandik gertu egon behar dugu. Noski, agian Jehobak ez digu arazoa kenduko. Noemiri, adibidez, ez zizkion senarra eta semeak itzuli. Baina Jehobak arazoei aurre egiten lagunduko digu, agian gure anai-arreben maitasun ekintzen bidez (Es 17:17).

IA-IA ESTROPEZU EGIN ZUEN LEBITARRA

73. Salmoko idazleak ia-ia estropezu egin zuen Jehobari lehentasuna ematen ez ziotenen itxurazko arrakasta ikustean. Guk ere estropezu egin dezakegu. (Ikusi 14-16 paragrafoak)

14. Zergatik zegoen lebitar bat oso desanimatuta?

14 ⁠73. Salmoaren idazlea lebitar bat izan zen. Jehobaren adoraziorako lekuan zerbitzatzeko ohore paregabea zuen. Baina bere bizitzako une batean, oso desanimatuta sentitu zen. Zergatik? Gaiztoei eta harroei inbidia izaten hasi zelako. Ez zituen beraiek egiten zituzten gauzak txarrak egin nahi, baina itxuran dena zuten: aberastasunak eta bizimodu eroso eta arazorik gabea (Sal 73:2-9, 11-14). Hau ikustean, lebitarra oso desanimatuta sentitu zen eta honakoa esan zuen: «Alferrik gorde dut bihotza garbi eta errugabea naizela agertzeko eskuak garbitu». Argi dago arrisku espiritual handian aurkitzen zela.

15. ⁠73. Salmoa 16-19, 22-25⁠ pasarteen arabera, nola gainditu zuen lebitarrak etsipena?

15 Irakurri 73. Salmoa 16-19, 22-25«Lebitarra Jainkoaren santutegian sartu» zen. Han, Jehobaren beste zerbitzarien artean, lasai eta argi pentsatzeko gai izan zen eta otoitz egin zuen. Ondorioz, oker zegoela ikusten hasi zen, eta horrela jarraituz gero, Jehobarekin zuen adiskidetasuna galduko zuela konturatu zen. Gaiztoen oinak «irristalekuan jarriak» zeudela eta «ikaragarrizko azkena» izango zutela antzeman zuen. Inbidia eta etsipena ez sentitzeko, lebitarrak Jehobaren ikuspuntua izan behar zuen. Hau egitean, berriz lasai eta zoriontsu sentitu zen. Jehobaz aparte, «ez [zuela] beste pozik lurrean» esan zuen.

16. Zer ikasten dugu lebitarrari gertatutakoaz?

16 Zer ikasten dugu? Nahiz eta gaiztoak itxuran zoriontsu izan, ez diegu inbidiarik izan behar. Zoriontasun hau azalekoa da. Ez du iraungo; ez dute etorkizunik (Koh 8:12, 13). Inbidia badiegu, desanimatu egingo gara eta, gainera, Jehobarekin dugu adiskidetasuna ere galdu dezakegu. Beraz, noizbait lebitarra bezala sentitzen hasten bazara, egin ezazu berak egin zuena. Jehobak maitasunez ematen digun gida jarraitu eta Jehobaren nahia egiten dutenekin elkartu. Guztiaren gainetik Jehoba maitatzen baduzu, benetan zoriontsu izango zara eta «egiazko bizia» eskuratzeko bidean egongo zara (1 Tm 6:19).

PEDROREN AHULEZIEK LUR JOTA UTZI ZUTEN

Pedro lur jota egotetik Jehobaren zerbitzuan buru-belarri aritzera pasa zen. Honetan hausnartzeak geure buruari eta besteei laguntzen erakusten digu. (Ikusi 17-19 paragrafoak)

17. Zer arrazoi zuen Pedrok lur jota sentitzeko?

17 Pedro apostolua pertsona bizi-bizia zen. Baina, batzuetan, odol berokoa zen eta pentsatu gabe esan eta egiten zituen gauzak. Horregatik, beranduago damutu egiten zen. Adibidez, Jesusek apostoluei sufritu ondoren hil egingo zutela esan zienean, Pedrok errieta egin zion esanez: «Ez zaizu horrelakorik gertatuko» (Mt 16:21-23). Jesusek, orduan, Pedro zuzendu zuen. Jesus atxilotzera etorri zirenean, Pedrok pentsatu gabe jokatu zuen eta apaiz nagusiaren morroiari belarria moztu zion (Jn 18:10, 11). Jesusek, berriz ere, zuzendu egin zuen. Gainera, Pedrok harrokeriaz, nahiz eta besteek huts egin, berak ez ziola inola ere huts egingo esan zion (Mt 26:33). Baina Pedro ez zen berak uste zuen bezain indartsu. Gau hartan bertan, beldurrak jota, Jesus hiru aldiz ukatu zuen. Lur jota «kanpora irtenik, negarrari eman zion saminki» (Mt 26:69-75). Jesusek inoiz barkatuko ote zion pentsatuko zuen.

18. Nola lagundu zion Jesusek Pedrori lur jota zegoenean?

18 Nahiz eta Pedro lur jota egon, ez zion Jehoba zerbitzatzeari utzi. Estropezu egin ondoren, altxatu eta beste apostoluekin batera Jehoba zerbitzatzen jarraitu zuen (Jn 21:1-3; Eg 1:15, 16). Zerk lagundu zion altxatzen? Alde batetik, Jesusek lehenago bere alde otoitz egin zuela gogoratuko zuen. Bere fedea gal ez zezan eta itzuli ondoren bere senideak sendotzeko eskatu zuen otoitzean. Eta Jehobak bere Semeak bihotzetik egindako otoitz hura erantzun zuen. Bestetik, Jesus Pedrori azaldu zitzaion, dudarik gabe, animatzeko (Lk 22:32; 24:33, 34; 1 Ko 15:5). Beste behin, apostoluek arrakastarik gabe gau osoa arrantzan eman ondoren, Jesus agertu zitzaien. Une hartan zenbat maite zuen erakusteko aukera eman zion Pedrori. Jesusek bere lagun maiteari barkatu eta lan gehiago eman zion (Jn 21:15-17).

19. ⁠103. Salmoa 13, 14⁠aren arabera, zerk lagunduko digu gure bekatuak Jehobaren ikuspuntutik ikusten?

19 Zer ikasten dugu? Jesusek Pedrorekin jokatu zuen moduak, bere Aita bezalaxe oso errukitsua dela erakusten du. Beraz, akatsen bat egiten dugunean, ez dugu pentsatu behar Jehobak ez digula inoiz barkatuko. Gogoratu Satanasek guk hori pentsatzea nahi duela. Gure Aita errukitsua eta maitekorra da. Hortaz, gogor saia gaitezen bera imitatzen bekatu egiten dugunean edo besteek gure aurka egiten dutenean (Irakurri 103. Salmoa 13, 14).

20. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

20 Jose, Noemi eta Rut, lebitarra eta Pedroren ereduek Jehoba «bihotz-hautsiengandik» hurbil dagoela ziurtatzen digute (Sal 34:19 [34:18, NW ]). Batzuetan zailtasunak jasango ditugu eta etsita sentituko gara. Nahiz eta Jehobak hau gertatzen utzi, bere laguntzarekin irauten badugu, gure fedea sendotuko da (1 P 1:6, 7). Orain arte inperfekzioengatik edo egoera zailengatik desanimatuta eta etsita daudenak Jehobak nola laguntzen dituen ikusi dugu. Hurrengo artikuluak honi buruz gehiago hitz egingo du.

sn 23. KANTA Jehoba, gure indarra

^ § 5 Jose, Noemi eta Rut, lebitar bat eta Pedro apostoluak zailtasun ugari izan zituzten eta horregatik etsita sentitu ziren. Artikulu honetan, Jehobak nola lagundu eta indartu zituen ikusiko dugu. Gainera, beraien eredutik eta Jainkoak maitasunez lagundu zien modutik ikasi dezakeguna ikusiko dugu.

^ § 56 IRUDIAREN AZALPENA: Noemi, Rut eta Orpa beraien senarren heriotzagatik triste eta etsita zeuden. Beranduago, Rut, Noemi eta Booz Obeden jaiotzagatik asko poztu ziren.