Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

52. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Desanimatuta zaudenean, aurrera egin dezakezu!

Desanimatuta zaudenean, aurrera egin dezakezu!

«Jar zaitez Jaunaren eskuetan; sendo eutsiko dizu» (SAL 55:23 [55:22, NW ]).

sn 38. KANTA Jarri Jehobaren eskutan

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer eragin izan dezake gugan desanimaturik egoteak?

EGUNERO ditugu arazoak eta ahal dugun guztia egiten dugu hauei aurre egiteko. Baina, ez al diegu arazoei hobeto aurre egiten desanimatuta ez gaudenean? Desanimatuta egotea lapur batekin konparatu dezakegu; konfiantza, ausardia eta poza lapurtzen dizkigu. Gainera, Esaera Zaharrak 24:10⁠ak dio: «Larrialdian adorea galdu baduzu, larri zabiltza indarrez!». Beraz, desanimaturik gaudenean, ahul sentitu gaitezke eta askoz ere zailagoa da zailtasunen aurrean irautea.

2. Zergatik sentitu gaitezke desanimatuta eta zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Desanimatuta egoteko arrazoi desberdinak egon daitezke. Batzuetan, barne-arazoak dira, adibidez, egiten ditugun akatsak, gure ahuleziak eta gaixotasunak. Beste batzuetan, berriz, kanpotik datoz. Agian Jehobaren zerbitzuan asko gustatuko litzaiguken eginkizun bat ez jasotzeak desanimatu gaitzake edo eremu zailetan predikatzeak. Artikulu honetan, desanimatuta ez egoteko egin ditzakegun hainbat gauza aztertuko ditugu.

INPERFEKZIO ETA AHULEZIAK

3. Zer egin dezakegu gure inperfekzio eta ahuleziengatik gaizki sentitzen garenean?

3 Erraza da gure inperfekzio eta ahuleziengatik gaizki sentitzea. Ondorioz, Jehobak ez gaituela mundu berrian onartuko pentsatu dezakegu. Jarrera hori edukitzea oso kaltegarria izan daiteke. Orduan, nola ikusi beharko genituzke gure akatsak? Bibliak dio izaki guztiek, Jesu Kristok ezik, egin dutela «bekatu» (Erm 3:23). Baina, Jehoba ez da gure akatsen bila ibiltzen eta ez du perfektuak izaterik espero. Horren ordez, lagundu nahi digun Aita maitekorra da. Gainera, gurekin pazientzia du. Badaki gure zailtasunak gainditzen eta gure buruari buruzko ikuspuntu orekatsua izaten gogor saiatzen garela, nahiz eta zaila izan. Horregatik, guri laguntzeko prest dago (Erm 7:18, 19).

Jehobak ezagutzen ditu iraganean egin genituen gauza onak, baita orain egiten ari garenak ere (Ikusi 5. paragrafoa) *

4, 5. ⁠1 Joan 3:19, 20⁠ kontuan hartuta, zerk lagundu zien bi arrebari etsipenean ez erortzen?

4 Ikus ditzagun Deborah eta Mariaren bizipenak. * Haurra zenean, Deborah-ren familiak mespretxatu egiten zuen eta egiten zituen gauza onengatik ez zuten ia inoiz zoriontzen. Beraz, handitzean bere buruari buruzko ikuspuntu txarra zuen. Akats txikiak egiten zituenean, ez zuela ezer ondo egiten pentsatzen zuen. Mariak antzeko arazoa zuen. Bere senideek mespretxatu egiten zuten. Ondorioz, ezertarako balio ez zuela sentitzen zuen. Bataiatu ondoren ere, Jehobaren lekuko izateko duina ez zela pentsatzen zuen!

5 Hala ere, bi arreba hauek ez zioten Jehoba zerbitzatzeari utzi. Zergatik? Jehobari otoitz egin eta nola sentitzen ziren adierazi ziotelako (Sal 55:23 [55:22, NW ]). Gainera, honakoa ulertu zuten: gure Aita maitekorrak badakiela gure iraganeko bizipenek eta pentsamendu negatiboek nolabait guregan eragina dutela. Baina, ditugun ezaugarri onak ere ikusten ditu, nahiz eta guk ez ikusi (Irakurri 1 Joan 3:19, 20).

6. Nola sentitu daiteke norbait berriro akats berdina egiten badu?

6 Norbait errotuta duen ohitura txar bat uzten saiatzen ari bada eta, hala ere, berriro akats berdina egiten badu, etsipenean erori daiteke. Noski, bekatu egitean errudun sentitzea normala da (2 Ko 7:10). Halere, orekatsuak izan behar dugu eta ez genuke geure burua kondenatu behar honakoa pentsatuz: «Ez dut ezertarako balio. Jehobak ez dit inoiz barkatuko». Hori ez da egia eta horrela pentsatzeak Jehoba zerbitzatzea uztea eragin dezake. Gogoratu Esaera Zaharrak 24:10⁠eko ideia: desanimatuta bagaude, indarra faltako zaigu. Horren ordez, konpondu gauzak Jehobarekin otoitz eginez eta bere barkamena eskatuz (Is 1:18). Benetan damututa zaudela ikusten duenean, barkatu egingo dizu. Honetaz gain, jo adindunengana. Beraiek, pazientziaz, espiritualki sendatzen lagunduko dizute (St 5:14, 15).

7. Zergatik ez dugu etsita sentitu behar ahuleziaren batekin borroka egiten badugu?

7 Jean-Luc Frantziako adinduna da eta ahuleziaren batekin borrokan dabiltzanei honakoa esaten die: «Jehobaren aurrean zuzena dena ez da inoiz akatsik egiten ez duena, baizik eta bere akatsengatik gaizki sentitu eta beti damutzen dena» (Erm 7:21-25). Beraz, ahuleziaren batekin borrokan ari bazara, ez kondenatu zeure burua. Gogora ezazu gutako inork ezin duela Jainkoaren aurrean zuzena izatea irabazi. Horregatik, nahiz eta ez merezi, denok behar dugu erreskateak posible egiten duen Jainkoaren barkamena (Ef 1:7; 1 Jn 4:10).

8. Desanimatuta gaudenean, norengana joan gaitezke laguntza eske?

8 Jo dezagun gure anai-arrebengana animatu gaitzaten! Hitz egiteko beharra dugunean, entzun egingo digute eta hitz animagarriekin indarberrituko gaituzte (Es 12:25; 1 Ts 5:14). Joy izeneko Nigeriako arreba batek desanimatuta egoteagatik asko sufritu du. Berak dio: «Non egongo nintzateke anaiarterik gabe? Anai-arrebak dira Jehobari egiten dizkiodan otoitzen erantzuna. Bihotz-hautsita dauden beste batzuk animatzen ere irakatsi didate». Hala ere, kontuan izan dezagun gure anai-arrebek ez dutela beti jakingo noiz gauden desanimatuta. Beraz, eman dezagun lehen pausoa anaia edo arreba heldu bati laguntza behar dugula esanez.

GAIXOTASUNAK

9. Nola animatzen gaituzte 41. Salmoa 4⁠ak eta 94. Salmoa 19⁠ak?

9 Jo Jehobarengana laguntza bila. Ondo sentitzen ez garenean, oso zaila izan daiteke positiboak izatea, bereziki luzaroan gaixotasun batekin borrokan ari bagara. Nahiz eta Jehobak ez gaituen mirari baten bidez sendatzen, kontsolatu eta behar dugun indarra ematen digu iraun dezagun (Irakurri 41. Salmoa 4 [41:3, NW ]; 94:19). Adibidez, anai-arrebak erabili ditzake etxeko lanekin edo erosketekin guri laguntzeko, baita gurekin otoitz egiteko ere. Edo bere Hitzeko ideia kontsolagarriak gogoratzen lagundu gaitzake, esaterako, mundu berrian gaixotasunik gabeko bizitza perfektua izateko itxaropena (Erm 15:4).

10. Zergatik ez zuen Isang-ek etsita egoten jarraitu?

10 Isang, Nigeriako anaia bat, istripu baten ondorioz elbarri geratu zen. Medikuak ez zela gehiago ibiliko esan zion. Isang-ek dio: «Etsita nengoen, bihotz-hautsita». Baina horrela sentitzen jarraitu al zuen? Ez! Zerk lagundu zion? «Emazteak eta biok Jehobari otoitz egiten eta bere Hitza aztertzen jarraitu genuen. Ez genituen ohitura hauek sekula utzi». Honakoa ere dio: «Genituen gauza onak eskertzen ere jarraitu nahi genuen, hauen artean, Jainkoaren mundu berrian bizitzeko dugun esperantza».

Muga fisikoak dituztenek predikatzeko moduak eta poza aurkitu ditzakete (Ikusi 11-13 paragrafoak)

11. Zerk lagundu zion Cindy-ri poza edukitzen nahiz eta gaixo egon?

11 Cindy Mexikon bizi da eta medikuek heriotzara eraman zezakeen gaixotasun bat zuela esan zioten. Zer egin zuen egoera honi aurre egiteko? Tratamendua jasotzen ari zen bitartean, bere helburua egunero testigantza ematea zen. Honakoa dio: «Hau egiteak ebakuntzan, minean edo zein gaizki sentitzen nintzen pentsatu beharrean, besteengan pentsatzen lagundu zidan. Honakoa egiten nuen: mediku eta erizainekin hitz egitean familiari buruz galdetzen nien. Gero, horrelako lanbide zaila zergatik aukeratu zuten galdetzen nien. Horrela, bihotzera iritsiko zitzaizkien gaiak aukeratzea erraza zen. Hainbatek gaixoek normalean zer moduz zeuden ez zietela galdetzen esan zidaten eta askok eskertu zidaten beraietaz arduratzea. Batzuek beraien helbidea eta telefono zenbakia ere eman zidaten. Jehobak nire bizitzako garai latz horietan lagunduko zidala banekien. Baina harritu egin ninduen zenbaterainoko poza eman zidan ikusteak!» (Es 15:15).

12, 13. Nola predikatu ahal izan dute gaixo edo adineko anai-arreba batzuek eta zer emaitza lortu dituzte?

12 Gaixo daudenak edo adinekoak direnak desanimatuta sentitu daitezke ezin dutelako predikatze-lanean nahi luketen guztia egin. Hala ere, askok predikatzeko moduak aurkitu dituzte. Estatu Batuetan, Laurel izeneko arreba arnasa hartzen laguntzen zion makina baten barruan 37 urtez egon zen etzanda. Gainera, minbizia, ebakuntza larriak eta azaleko gaixotasun kronikoak izan zituen. Baina, nahiz eta arazo larri hauek izan, ez zion predikatzeari utzi. Etxera etortzen ziren erizain eta zaintzaileei egiari buruz hitz egiten zien. Zein izan zen emaitza? Gutxienez 17 laguni Jehoba ezagutzen lagundu zien! *

13 Richard-ek, Frantziako adindun batek, aholku praktiko bat du etxean edo zahar egoitzan irten ezinik daudenentzat: «Argitalpenen erakusgailu txiki bat jartzea gomendatzen diet. Jendea pasatzean jakin-mina piztu eta elkarrizketak sortzen ditu. Etxez etxe predikatu ezin duten anai-arreba maiteak animatu ditzake honek». Etxetik atera ezin direnek eskutitzak idatzi eta telefonoz ere predikatu dezakete.

GUSTATUKO LITZAIGUKEN EGINKIZUNA EZ JASOTZEA

14. Zer eredu bikain ezarri zuen Dabid erregeak?

14 Agian kongregazioan edo eskualdean eginkizun zehatzen bat jasotzea gustatuko litzaiguke. Baina adina, osasuna edo beste arrazoiren batengatik ez gara aukeratuak izan. Egoera honetan baldin bagaude, Dabid erregearen eredutik ikasi dezakegu. Dabid irrikan zegoen Jainkoaren tenplua eraikitzeko. Baina, Jehobak beste bat aukeratu zuen eginkizun horretarako. Hala ere, Dabidek gogoz lagundu zion aukeratutakoari, urre eta zilar kopuru handiak emanez. Zer-nolako eredu bikaina guretzako! (2 S 7:12, 13; 1 Kro 29:1, 3-5).

15. Zerk lagundu zion Hugues-i lur jota zegoenean aurrera egiten?

15 Osasun arazoen ondorioz, Hugues izeneko Frantziako anaia batek adinduna izateari utzi behar izan zion. Etxeko lan errazak ere ezin zituen egin. Hau dio: «Hasieran lur jota nengoen eta ezertarako balio ez nuela sentitzen nuen. Denborarekin, nire mugak onartzearen garrantzia ikusi nuen eta Jehobaren zerbitzuan egin nitzakeen gauzekin pozik egoten ikasi nuen. Ez dut amore emango. Nekatuta zeuden Gedeon eta bere 300 gizonek bezala, borrokan jarraituko dut!» (Ep 8:4).

16. Zer ikasi dezakegu aingeruen eredutik?

16 Aingeru leialak eredu bikainak dira. Behin, Akaben erregealdian, Jehobak errege maltzur hura engainatzeko ideiak eskatu zizkien bere aingeruei. Hauetariko batzuek ideia desberdinak eman zituzten. Baina, Jainkoak aingeru bat aukeratu eta bere ideiak arrakasta izango zuela esan zion (1 Erg 22:19-22). Desanimatu al ziren beste aingeruak, agian hau pentsatuz: «Zertarako galdu dut alferrik denbora ideiak emanez?». Ez noski! Aingeruak apal-apalak dira eta ohore guztia Jehobari eman nahi diote (Ep 13:16-18; Ap 19:10).

17. Zer egin dezakegu Jehobaren zerbitzuan eginkizunen bat jaso ez dugulako desanimatuta bagaude?

17 Gogoratu ohorerik handiena Jehobaren lekuko izatea eta bere Erreinuari buruz berri ematea dela. Jehobaren zerbitzuan eginkizunak joan eta etorri egiten dira. Baina hauek ez dira Jainkoaren aurrean baliotsuak egiten gaituztenak. Gakoa apaltasuna da. Apalak bagara, Jehobak eta gure anai-arrebek maitatu egingo gaituzte. Beraz, erregutu Jehobari apala izaten laguntzeko. Hausnartu Bibliako apaltasun ereduetan. Eta gogotsu zerbitzatu zure anai-arrebei zure esku dagoen guztia eginez (Sal 138:6; 1 P 5:5).

EREMU ZAILA

18, 19. Nola aurkitu dezakezu poza eremu zailean?

18 Eremu batzuetan jendeak ez du gure mezuan interesik edo zaila izaten da jendea etxean aurkitzea. Zure eremua horrelakoa baldin bada, sentitu al zara inoiz desanimatuta? Horrelako egoeretan, zer egin dezakegu pozik jarraitzeko edo poza handiagotzeko? Aholku praktiko batzuk « Nola lortu dezakezu poz handiagoa predikatze-lanean?» taulan aurkituko dituzu. Predikatze-lanari buruzko ikuspuntu egokia izatea ere garrantzitsua da. Zer esan nahi du honek?

19 Gogora ezazu predikatzeko arrazoi nagusia Jainkoaren izena eta bere Erreinuaren mezua zabaltzea dela. Jesusek argi esan zuen gutxi batzuek jarraituko zutela bizirako bidea (Mt 7:13, 14). Predikatzen ari garenean Jehoba, Jesus eta aingeruekin elkarlanean aritzeko ohorea dugu (Mt 28:19, 20; 1 Ko 3:9; Ap 14:6, 7). Jehobak bera zerbitzatu nahi dutenak erakartzen ditu (Jn 6:44). Beraz, norbaitekin hitz egiten dugunean gure mezua entzun nahi ez badu, agian hurrengoan entzungo digu.

20. Zer ikasi dezakegu Jeremias 20:8, 9⁠tik desanimatuta gaudenean aurrera egiteko?

20 Jeremias profetaren eredutik ere asko ikasi dezakegu. Predikatzeko zuen eremua oso latza zen, jendeak iraindu eta iseka egiten baitzion «egun guztian» (Irakurri Jeremias 20:8, 9). Behin hain zegoen desanimatuta, non amore eman nahi izan zuen. Baina aurrera egin zuen. Zergatik? Jehobaren hitza bere barruan suaren antzekoa zenez, ezin izan ziolako eutsi! Geure buru-bihotzak Jainkoaren Hitzarekin betetzen ditugunean, berdin gertatzen zaigu. Horregatik egunero Biblia aztertu eta bere mezuan hausnartu behar dugu. Ondorioz, gure poza handiagoa izango da eta jendeak agian entzun egingo digu (Jr 15:16).

21. Nola egin dezakegu aurrera desanimatuta gaudenean?

21 Lehen aipatutako Deborah-k dio: «Desanimatuta sentitzea Satanasek erabili dezakeen arma boteretsua da». Baina, Satanasen armak ez dira ezertxo ere Jehobarentzat. Beraz, desanimatuta zaudenean, erregutu Jehobari laguntzeko. Inperfekzio eta ahuleziei aurre egiten lagunduko dizu. Gaixo zaudenean, ez zaitu bakarrik utziko. Bere zerbitzuko eginkizunei buruzko ikuspuntu orekatsu izaten eta zure predikatze-lana modu positiboan ikusten ere lagunduko dizu. Hortaz, zure Aita maiteari otoitz egin eta esaiozu zehatz-mehatz nola sentitzen zaren. Nahiz eta desanimatuta egon, bere laguntzarekin aurrera egingo duzu!

sn 6. KANTA Jainkoaren zerbitzariaren otoitza

^ § 5 Denok sentitzen gara desanimatuta batzuetan. Artikulu honetan, bihotz-hautsita sentitzen garenean egin ditzakegun gauza zehatz batzuk aztertuko ditugu. Ikusiko dugun bezala, nahiz eta desanimatuta egon, Jehobaren laguntzarekin aurrera egin dezakegu.

^ § 4 Izen batzuk aldatu egin dira

^ § 12 Irakur ezazu Laurel Nisbet-en bizipena ¡Despertad! (Réveillez-vous!) aldizkariko 1993⁠ko urtarrilak 22⁠ko alean.

^ § 69 IRUDIAREN DESKRIBAPENA: Denbora batez desanimatuta egon den arreba batek iraganean Jainkoaren zerbitzuan egindako gauzetan pentsatzen du eta Jehobari otoitz egiten dio. Ziur dago egin duena eta egiten ari dena Jehobak ondo gogoratzen duela.