Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Jarri bihotza zure eginkizunean!

Jarri bihotza zure eginkizunean!

NOLA sentitzen zara lagun min baten gutun animagarria jasotzen duzunean? Timoteok horrelako gutuna jaso zuen. Paulok idatzi zion gutun hau Bibliako Timoteori bigarrena liburua da. Dudarik gabe, Timoteo irrikan egongo zen toki lasai batean bere lagun maiteak idatzi ziona irakurtzeko. Agian, honakoa pentsatuko zuen: «Nola ote dago Paulo? Emango al dit nire eginkizunetan lagunduko didan aholkurik? Lagunduko al dit gutun honek hobeto predikatzen eta irakasten, eta besteei laguntzen?». Ikusiko dugun bezala, Timoteok galdera hauen erantzunak eta askoz gehiago ere aurkitu zuen gutun baliotsu honetan. Artikulu honetan, eskutitz honen aholku lagungarriak aztertuko ditugu.

«DENA JASATEN DUT»

Timoteo bere lagunaren gutuna irakurtzen hasi zenean, segituan nabarituko zuen Pauloren bihotz-bihotzeko ardura. Goxotasunez, Paulok «ene seme maite» deitu zion (2 Tm 1:2). Timoteok 65. urte inguruan jaso zuen gutun hau. Seguruenik, 30 urte baino gehiago zituen eta, ordurako, esperientziadun kristau adinduna zen. Hamar urte baino gehiago Paulorekin elkarlanean aritu zen eta gauza asko ikasi zituen.

Paulo probak leialtasunez jasaten ari zela jakiteak, asko animatuko zuen Timoteo. Paulo Erroman atxilotuta zegoen eta laster hil egingo zuten (2 Tm 1:15, 16; 4:6-8). Timoteok Pauloren ausardia ikusiko zuen honako hitzetan: «Dena jasaten dut» (2 Tm 2:8-13). Paulok proben aurrean sendo iraun zuela ikusteak Timoteo indartu zuen bezala, gu ere asko indartuko gaitu.

«INDARBERRI DEZAZULA [...] DOHAINA»

Timoteok Jainkoaren zerbitzuan zuen eginkizuna oso baliotsua zen eta Paulok horrela ikusteko eskatu zion, honakoa esanez: «Indarberri dezazula [...] Jainkoak eman zizun dohaina» (2 Tm 1:6). Paulok «dohaina» hitzerako khaʹri·sma hitz grekoa erabili zuen. Hitz honek doako eta merezi gabeko oparia esan nahi du. Noiz jaso zuen Timoteok dohain hau? Kongregazioan modu berezi batean zerbitzatzeko aukeratua izan zenean (1 Tm 4:14).

Zer egin behar zuen Timoteok bere dohainarekin? Paulok dohain hori indarberritzeko esan zion. «Indarberritu» hitzerako a·na·zo·py·reʹo hitz grekoa erabili zuen. Hiztegi baten arabera, hitz greko honek «berpiztu, bizkortu edo sua bizitu» esan nahi du. Hortaz, adierazpen hau irakurtzean, Timoteok agian etxeko suan pentsatuko zuen. Batzuetan sua itzali egiten zen, gori-gori zeuden ikatz zatiak bakarrik geldituz. Hauek indarberritu edo bizitu egin behar ziren, berriz ere sugarrak eta beroa sortzeko. Beraz, lan bat indar berriekin edo gogotsu egitea esan nahi du ideia honek. Hitz gutxitan, Paulo Timoteori honakoa esaten ari zitzaion: «Jarri bihotza zure eginkizunean!». Gaur egun, guk ere gauza bera egin behar dugu: gure zerbitzuan sutsu lan egin.

«ZAINDU GORDAILU EDER HAU»

Paulok bere lagun minari bidali zion eskutitzean, bere zerbitzuan arrakasta izaten lagunduko zion beste adierazpen bat esan zion: «Zaindu gordailu eder hau, guregan bizi den Espiritu Santuaren indarraz» (2 Tm 1:14). Zer gordailu edo altxor zuen Timoteok? Aurreko bertsetean Paulok «hitz osasungarriak» zirela esan zuen, hau da, idazkietan aurkitzen den egia (2 Tm 1:13). Timoteo kristau zerbitzaria zenez, kongregazioko anai-arrebei eta eremuko jendeari egia erakutsi behar zien (2 Tm 4:1-5). Gainera, adindun izendatua izan zen Jainkoaren artaldea zaintzeko (1 P 5:2). Jaso zuen altxorra, hau da, irakatsi behar zuen egia, Jehobaren espiritu santuan eta bere Hitzean konfiantza osoa izanez zaindu zezakeen (2 Tm 3:14-17).

Gaur egun, guk ere altxor bat jaso dugu: besteei erakusten diegun egia (Mt 28:19, 20). Altxor hau asko estimatu behar dugu. Nola? Otoitz eginez eta Jainkoaren Hitza aztertzeko ohitura ona izanez (Erm 12:11, 12; 1 Tm 4:13, 15, 16). Agian, beste eginkizun bat ere izan dezakegu, adibidez, kongregazioko adinduna edo denbora osoko zerbitzaria izatea. Eginkizun hauek betetzeko Jehobaren beharra dugula argi ikusten dugu eta honek apalak izatera bultzatu behar gaitu. Beraz, gure altxorra zaintzeko balio handia eman behar diogu eta, gainera, konfiantza osoa izan behar dugu Jehobak gure eginkizunean lagunduko digula.

«ENTZUN ZENIDANA, AHOLKATU [...] GIZON FIDAGARRIEI»

Timoteoren eginkizunaren barne, berak egiten zituen lanak egiteko besteak prestatzea zegoen. Horregatik, Paulok honakoa eskatu zion: «Entzun zenidana, aholkatu zeuk, besteei ere irakasteko gai izango diren gizon fidagarriei» (2 Tm 2:2). Timoteok beste anaia batzuei aholkatu edo irakatsi behar zien berak ikasitako guztia. Hortaz, gaur egun, kongregazioko arduradun bakoitza hau egiten saiatzea oso garrantzitsua da. Kongregazioko arduradun batek lan bat egiten badaki, ez du berarentzat bakarrik gordetzen; besteei ere lan hori egiten erakusten die. Ez du besteak itzal egingo dioten beldurrik, agian gehiago dakitelako edo trebeagoak direlako. Horregatik, lan hori egiteko oinarrizkoa baino gehiago erakusten die. Besteak espiritualki hazi daitezen, zentzu ona eta bereizmena izaten lagundu nahi die. Horrela, prestatu dituen gizon fidagarriak kongregazioari hobeto laguntzeko gai izango dira.

Dudarik gabe, Timoteok bihotzez estimatuko zuen Paulok bidali zion gutun animagarri hura. Erraz imajinatu dezakegu Timoteo behin eta berriz aholku baliotsu haiek irakurtzen eta bere eginkizunetan praktikan nola ipini zitzakeen hausnartzen.

Guk ere aholku hauek jarraitu nahi ditugu. Nola? Gogor saiatu behar dugu gure dohaina indarberritzen, dugun altxorra zaintzen eta gure esperientzia eta ezagutza besteei erakusten. Horrela, Paulok Timoteori esan zion bezala, guk ere gure zerbitzua ongi bete ahal izango dugu (2 Tm 4:5).