Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Noiz etorriko da munduaren azkena? Jesusek esan zuena

Noiz etorriko da munduaren azkena? Jesusek esan zuena

Aurreko artikuluan ikusi dugun bezala, Bibliak munduaren azkena aipatzen duenean, ez du esan nahi gure planeta edo gizadia desagertuko direnik. Horren ordez, oraingo sistema ustelaren eta honen alde egiten dutenen suntsipenari buruz ari da. Baina esaten al du Bibliak noiz amaituko den sistema gaizto hau?

AZTERTU DITZAGUN JESUSEK AZKENARI BURUZ ESAN ZITUEN BI ADIERAZPEN:

«Zain egon, beraz, ez baitakizue, ez egunik, ez ordurik» (MATEO 25:13).

«Kontuz, bada! Egon erne! Ez baitakizue ordua noiz den» (MARKOS 13:33).

Beraz, lurrean inork ez daki zehazki noiz etorriko den sistema honen azkena. Baina Jainkoak «zein egunetan edo ordutan gertatuko den» ezarri du (Mateo 24:36). Esan nahi al du honek ez dagoela azkena gertu dagoen ala ez jakiteko modurik? Ez, noski. Jesusek azkena gertu egongo zela adieraziko zuten gertakari batzuk aipatu zizkien bere dizipuluei.

SEINALEA

Gertakari horiek «munduaren bukaeraren» edo amaieraren seinalea izango ziren. Jesusek esan zuen: «Jaikiko da herria herriaren kontra, eta erreinua erreinuaren kontra, […] eta goseteak, eta lurdardarak toki askotan izango dira» (Mateo 24:3, 7, Ur). «Izurrite» edo epidemiak izango zirela ere esan zuen (Lukas 21:11). Ikusten al duzu Jesusen profezia hau gaur egun betetzen?

Gaur egun, jendeak asko sufritzen du gerra, gosete, lurrikara eta gupidagabe erasotzen gaituzten gaixotasunen ondorioz. 2004​an, adibidez, lurrikara handi batek Ozeano Indikoa jo zuen tsunami bat eraginez eta 225.000 lagun inguru hil ziren. Hiru urtetan, COVID-19 pandemiak 6,9 milioi heriotza inguru eragin zituen mundu osoan. Jesusen arabera, mota honetako gertakariek sistemaren azkena gertu egongo zela adieraziko zuten.

AZKEN EGUNAK

Bibliak munduaren azkenaren aurreko garaiari «azken egun[ak]» deitzen dio (2 Pedro 3:3, 4, EABLB). Azken egunetan jendeak arau moralak baztertuko zituela esaten du 2 Timoteori 3:1-5 pasarteak (Ikusi « Munduaren azkena baino lehentxeago» taula). Ikusten al duzu berekoia, diruzalea, basatia edo bihotz-gogorra den pertsonarik gaur egun? Honek ere munduaren azkenetik oso gertu bizi garela frogatzen du.

Zenbat iraungo dute azken egunek? Bibliaren arabera, «denbora gutxi». Ondoren, Jainkoak «lurra hondatzen dutenak» suntsituko ditu (Apokalipsia 11:15-18; 12:12).

LURRA LASTER PARADISU BIHURTUKO DA

Jainkoak eguna eta ordua zehaztu ditu sistema gaizto honekin amaitzeko (Mateo 24:36). Baina albiste on gehiago daude: Jainkoak ez du inor suntsitua izaterik nahi (2 Pedro 3:9). Jainkoa bere arauak ezagutzeko eta obeditzeko aukera ematen ari zaigu. Zergatik? Mundu honen azkena iristean biziraun dezagun nahi duelako. Are gehiago, berak ezarri duen mundu berrian bizi gaitezen nahi du, paradisu bihurtutako lurrean.

Jainkoak mundu mailako irakaskuntza programa bat antolatu du. Programa honen bitartez, Jainkoak aginduko duen mundu berri horren parte izateko zer egin behar dugun ikasi dezakegu. Jesusek Jainkoaren Erreinuaren berri onak «mundu guztian» predikatuko zirela esan zuen (Mateo 24:14). Mundu mailan, Jehobaren lekukoek milioika ordu pasatzen dituzte Bibliaren itxaropen mezua jendeari predikatzen eta irakasten. Jesusek munduaren azkena etorri baino lehen lur osoan predikatze kanpaina hau egingo zela esan zuen.

Giza gobernuen agintaritza ia amaitzear dago eta albiste onak daude: munduaren azkenetik bizirik atera zaitezke, baita Jainkoak promestutako lurreko paradisuan egon ere. Hurrengo artikuluak mundu berri horretan bizitzeko egin behar duzuna azalduko du.

Jesusen azken egunei buruzko profeziak itxaropena ematen digu