Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

4. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Bihotzez maitatzen jarraitu

Bihotzez maitatzen jarraitu

«Maita ezazue elkar bihotzez senide on bezala» (ERM 12:10).

sjj 109. KANTA Bihotz-bihotzez maitatu

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zerk erakusten du familia askotan ia ez dagoela maitasunik?

AZKEN egunetan familietan ez zela maitasunik egongo eta jendea «bihotz-gogor» izango zela aurresan zuen Bibliak (2 Tm 3:1, 3). Profezia hau gaur egun betetzen ari da. Adibidez, milioika bikote dibortziatu egiten dira. Askotan, gurasoak elkarrekin haserre daudenez, haurrak ez dira maitatuak sentitzen. Familia batzuk nahiz eta etxe berean bizi, bata bestearentzat ezezagunak dira. Familia aholkulari batek honakoa dio: «Amak, aitak eta haurrek ez dute elkarrekin hitz egiten eta denbora gehiena ordenagailu, tableta, mugikor eta bideojokoetan ematen dute. Familia hauek nahiz eta etxe berean bizi, ez dira ia ezagutzen».

2, 3. a) Erromatarrei 12:10⁠aren arabera, nor maitatu behar dugu bihotzez? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Ez dugu mundu honetako jende asko bezala bihotz-gogor bihurtu nahi (Erm 12:2). Horren ordez, gure senide eta kongregazioko anai-arrebak bihotzez maitatzen ikasi behar dugu (Irakurri Erromatarrei 12:10). Zer da bihotzeko maitasuna? Jatorrizko hitz grekoak familia-kideen arteko harreman estu eta goxoa adierazten du. Maitasun mota hau da gure familia espiritualean ere erakutsi behar duguna. Gure kristau anai-arrebak bihotzez maitatzen ditugunean, benetako adorazioan funtsezkoa den batasuna mantentzen laguntzen dugu (Mi 2:12).

3 Azter ditzagun Bibliako eredu batzuk maitasun mota hau garatzen eta erakusten ikasteko.

JEHOBA «BIHOZBERA» DA

4. Nola adierazten du Santiago 5:11⁠k Jehobak zenbat maite gaituen?

4 Bibliak Jehobaren ezaugarri ederrak erakusten dizkigu. Adibidez, «Jainkoa maitasuna» dela dio (1 Jn 4:8). Jehoba horrelakoa dela jakiten dugunean, bere adiskideak izan nahi dugu. Gainera, Bibliak Jehoba «bihozbera» dela esaten du (Irakurri Santiago 5:11). Ez al da hau Jehobak gure alde zer-nolako sentimenduak dituen esateko modu zoragarria?

5. Nola erakusten du Jehobak errukiorra dela eta nola imitatu dezakegu?

5 Santiago 5:11⁠k Jehoba bihozbera izateaz gain, errukiorra dela ere esaten du. Ezaugarri honek berarengana gerturatzen gaitu (Ir 34:6). Jehobak gure akatsak barkatuz errukitsua dela erakusten du (Sal 51:3 [51:1, NW ]). Biblian norbaiti erruki izatea barkatzea baino gehiago da. Errukia barne-barneko sentimendua da, norbait larri dagoela ikustean pertsona horri laguntzera bultzatzen gaituena. Jehobak oso ondo deskribatzen du gu laguntzeko duen irrika: ama batek bere haurrari laguntzekoa baino askoz ere handiagoa da (Is 49:15). Larrialdietan gaudenean, Jehobaren errukiak gu laguntzera bultzatzen du (Sal 37:39; 1 Ko 10:13). Era berean, gure anai-arrebek mintzen gaituztenean, barkatuz eta haserrea alde batera utziz erakusten diegu errukia (Ef 4:32). Errukia erakusteko beste modu garrantzitsu bat anai-arrebei arazoak dituztenean laguntzea da. Maitasunak besteekin errukiorrak izatera bultzatzen gaituenean Jehoba imitatzen dugu, bera baita bihozbera izatearen eredurik handiena (Ef 5:1).

JONATAN ETA DABID «ADISKIDE MIN EGIN ZIREN»

6. Azaldu Jonatan eta Dabiden arteko adiskidetasuna.

6 Biblian bihotzez elkar maite zuten gizaki inperfektuen pasarteak agertzen dira. Ikus dezagun Jonatan eta Dabiden eredua. Bibliak dio: «Jonatan eta David adiskide min egin ziren; Jonatanek bere burua bezain maite izan zuen David» (1 S 18:1). Jehobak Dabid aukeratu zuen Saulen ondoren errege izateko. Horren ondoren, Saul jeloskortu eta Dabid hiltzen saiatu zen. Baina, Jonatanek ez zion bere aitari bere saiakeran lagundu. Horren ordez, Jonatan eta Dabidek beti adiskide izango zirela eta elkarri lagunduko ziotela hitz eman zuten (1 S 20:42).

Jonatan eta Dabid lagun minak ziren, nahiz eta Jonatan Dabid baino askoz nagusiagoa izan (Ikusi 6-9 paragrafoak)

7. Zerk oztopatu zezakeen Jonatan eta Dabiden arteko adiskidetasuna?

7 Jonatan eta Dabid adiskide minak izatea benetan aipagarria da. Zergatik? Adiskidetasun hori oztopatu zezaketen hainbat gauza zeudelako. Adibidez, Jonatan Dabid baino 30 bat urte nagusiagoa zen. Jonatanek bera baino askoz gazteagoa edo bizitzan esperientzia gutxiago zuen beste baten adiskide izatea ezinezkoa zela pentsatu zezakeen. Baina, horren ordez, Dabidi errespetu handia izan zion.

8. Zergatik uste duzu Jonatan Dabiden lagun mina zela?

8 Jonatan jeloskor egon zitekeen. Saulen semea izanda, hurrengo erregea izateko eskubidea zuela pentsatu zezakeen (1 S 20:31). Baina Jonatan apala eta Jehobari leiala zen. Beraz, Dabid hurrengo erregea izateko Jehobaren erabakiaren guztiz alde egon zen. Dabidekin ere leial jokatu zuen, nahiz eta honek Saul haserre bizian jarri (1 S 20:32-34).

9. Arerio moduan ikusten al zuen Jonatanek Dabid? Azaldu.

9 Jonatanek Dabid bihotzez maite zuenez, ez zuen arerio moduan ikusten. Jonatan arkulari trebea eta gudari ausarta zen. Saul eta biek «arranoak bezain bizkorrak» eta «lehoiak bezain indartsuak» izatearen ospea zuten (2 S 1:22, 23). Beraz, Jonatanek bazuen zertaz harro egon. Baina bera ez zen lehiakorra eta ez zuen suminik gorde. Horren ordez, Jonatanek Dabiden ausardia eta Jehobarengan zuen konfiantza miresten zituen. Izan ere, Dabidek Goliat hil zuzenean hasi zen Jonatan Dabid bere burua bezainbeste maitatzen. Nola erakutsi ahal diegu bihotzeko maitasun hau gure anai-arrebei?

NOLA ERAKUTSI DEZAKEGU BIHOTZEKO MAITASUNA?

10. Zer esan nahi du «bihotzez eta sutsu» maitatzeak?

10 Bibliak «batak bestea bihotzez eta sutsu» maitatzeko esaten du (1 P 1:22). Jehobak eredua jartzen digu, guri digun maitasuna oso sutsua baita. Beraz, berari leial mantentzen bagara, ezerk ez du hautsiko berarekin dugun lotura hori (Erm 8:38, 39). «Sutsu» itzuli den hitz grekoak maitasuna erakusteko ahalegin handiak egiten dituen pertsonaren ideia adierazten du. Batzuetan gure anai-arrebei maitasuna erakustea ez da erraza eta, horregatik, ahalegin handiak egin behar ditugu. Besteek haserretu egiten gaituztenean, «elkar maitekiro» eramaten jarraituko dugu. «Espirituak ematen duen batasunari» eusten badiogu, «elkartzen [gaituen] bakeaz» gozatuko dugu (Ef 4:1-3). Bake hau mantentzen saiatzen bagara, ez dugu gure anai-arreben akatsetan arreta jarriko. Jehobak ikusten dituen bezala ikusten saiatuko gara (1 S 16:7; Sal 130:3).

Paulok Ebodia eta Sintikeri bat etortzeko eskatu zien. Batzuetan gure kasuan ere ez da erraza anai-arrebekin ondo konpontzea (Ikusi 11. paragrafoa)

11. Zergatik izan daiteke zaila batzuetan bihotzez maitatzea?

11 Ez da beti erraza gure anai-arrebei bihotzeko maitasuna erakustea, batez ere beraien ahuleziak ezagutzen ditugunean. Dirudienez, lehen mendeko kristau batzuentzat hau erronka handia izan zen. Adibidez, Ebodia eta Sintikek Paulorekin batera berri onen alde borrokatzeko arazorik ez zuten izan seguruenik. Baina, antza denez, beraien artean ondo konpontzeko zailtasunak izan zituzten. Horregatik, Paulok Jaunarengatik bat etortzeko eskatu zien (Flp 4:2, 3).

Adindun gazte eta zaharragoak lagun minak izan daitezke (Ikusi 12. paragrafoa)

12. Nola garatu dezakegu bihotzeko maitasuna?

12 Nola garatu dezakegu gure anai-arrebenganako bihotzeko maitasuna? Anai-arrebak hobeto ezagutzen ditugunean, ulertzea eta bihotzeko maitasuna erakustea errazagoa egingo zaigu. Adinak eta jatorriak ez dute oztopo izan behar. Gogoratu, Jonatan Dabid baino 30 bat urte nagusiagoa zen eta, hala ere, lagun minak ziren. Ba al dago kongregazioan zure laguna izan daitekeen anaia edo arreba nagusiago edo gazteagorik? Bere laguna izaten saiatzen bazara, anaiarte osoa maitatzen duzula erakutsiko duzu (1 P 2:17).

Ikusi 12. paragrafoa *

13. Zergatik izan dezakegu kongregazioko batzuekin besteekin baino harreman estuagoa?

13 Kongregazioko anai-arrebak bihotzez maitatu behar ditugunez, esan nahi al du honek guztien lagun minak izan behar dugunik? Ez, hori ezinezkoa da. Normala da batzuekin besteekin baino harreman estuagoa izatea, agian gauza berdinak atsegin ditugulako. Adibidez, Jesusek bere apostolu guztiei «adiskide» deitu zien, baina Joani estima berezia zion (Jn 13:23; 15:15; 20:2). Hala ere, Jesusek ez zion faboritismorik erakutsi Joani. Esaterako, Joanek eta bere anaia Santiagok Jainkoaren Erreinuan toki garrantzitsu bat eskatu ziotenean, Jesusek erantzun zien: «Nire eskuin ezkerretan eseri ahal izate hori, ez dago nire esku inori ematea» (Mk 10:35-40). Jesus imitatuz, ez genuke faboritismorik erakutsi behar gure lagun minei (St 2:3, 4). Hori eginez gero, ez genuke kongregazioan bakea egoten lagunduko (Ju 17-19).

14. ⁠Filipoarrei 2:3⁠aren arabera, zerk lagunduko digu lehiakorrak ez izaten?

14 Elkar bihotzez maite badugu, kongregazioan ez da giro lehiakorrik egongo. Gogoratu Jonatan ez zela Dabidekin lehian ibili eta ez zela saiatu Dabiden ordez errege izaten. Denok imitatu dezakegu Jonatanen eredua. Ez dugu gure anai-arreben trebeziengatik jeloskor izan behar. Horren ordez, «apaltasunez besteak norbera baino hobeak direla» pentsatu behar dugu (Irakurri Filipoarrei 2:3). Gogoratu gutako bakoitzak egin dezakeela zerbait kongregazioari laguntzeko. Apal mantentzen bagara, gure anai-arreben ezaugarri onak ikusiko ditugu eta beraien eredu leialak asko lagunduko digu (1 Ko 12:21-25).

15. Zer ikasten duzu Tanya eta bere familiaren bizipenetik?

15 Ustegabeko ezbehar bat gertatzen zaigunean, Jehobak gure anai-arreben bihotzeko maitasunaren eta laguntza praktikoaren bitartez kontsolatzen gaitu. Ikus dezagun Estatu Batuetan, 2019⁠ko nazioarteko biltzarrean, familia bati gertatutakoa. Tanyak hiru seme-alaba ditu eta larunbateko programaren ostean gertatu zitzaiona kontatzen du: «Hotelera bidean beste auto batek kontrola galdu, gure bidean sartu eta elkar jo genuen. Inor ez zen zauritu, baina autotik atera eta errepidean geratu ginen harrituta, zer egin jakin gabe. Norbaitek bere autora joateko esan zigun bertan babesteko. Biltzarretik zetorren gure anaietako bat zen, eta ez zen bakarra izan. Suediako beste bost delegatu ere geratu egin ziren. Arrebek nire alaba eta bioi behar-beharrezkoak genituen besarkadak eman zizkiguten. Lasai egoteko, ondo egongo ginela esan nien, baina hala ere ez gintuzten bakarrik utzi. Anbulantzia heldu ostean ere, gurekin geratu eta behar genuen guztia genuela ziurtatu zuten. Momentu zail hauetan Jehobaren maitasuna sentitu genuen. Bizipen honek anai-arrebei diegun maitasuna indartu zuen, baita Jehobari diogun maitasuna eta esker ona ere». Gogoratzen al duzu beharrean zeunden momenturen bat eta anai-arrebek bihotzeko maitasuna nola erakutsi zizuten?

16. Zergatik erakutsi behar diogu elkarri bihotzeko maitasuna?

16 Pentsa dezagun zer ondorio on lortzen ditugun elkarri bihotzeko maitasuna erakusten diogunean. Anai-arrebak kontsolatzen ditugu zailtasunak dituztenean. Jainkoaren herriaren batasuna indartzen dugu. Jesusen jarraitzaileak garela frogatzen dugu eta, honek, bihotz oneko pertsonak benetako adoraziora erakartzen ditu. Eta guztiaren gainetik, gure «Aita errukitsua eta kontsolamendu ororen iturri den Jainkoa», Jehoba, goratzen dugu (2 Ko 1:3). Jarrai dezagun guztiok bihotzeko maitasuna garatzen eta erakusten!

sjj 130. KANTA Barkatzeko prest egon

^ § 5 Jesusek bere jarraitzaileak elkar maitatzeagatik ezagunak izango zirela esan zuen. Guztiok saiatzen gara maitasun hau erakusten. Gure familiako kide maiteak bihotzez maitatzen ditugun bezainbeste maitatu behar ditugu gure anai-arrebak. Artikulu honek kongregazioko anai-arrebak gehiago maitatzen lagunduko digu.

^ § 55 IRUDIEN AZALPENA: Gazteagoa den adindun batek zaharragoa den adindun baten esperientziatik asko ikasi du. Zaharragoa den adindunak ongietorria ematen dio bere etxera. Bi bikoteak maitasuna eta eskuzabaltasuna erakusten diote elkarri.