BIZIPENA
Jehobari ez zaiola inoiz ezetz esan behar ikasi genuen
TIFOI baten ondoren, ibaia hazi-hazi eginda zihoan eta lokatza eta harri handiak zeramatzan bidean. Beste aldera pasa behar genuen, baina uraren indarrak zubia suntsitu zuen. Harvey nire senarra, amisera hizkuntzako itzultzailea eta hirurok izututa eta laguntzarik gabe sentitzen ginen. Beste aldean anaiek urduritasun handiarekin ikusten gintuzten bitartean, ibaia zeharkatzen hasi ginen. Lehenengo gure auto txikia kamioneta txiki baten atzeko aldean sartu genuen. Ez genuen soka edo katerik autoa mugitu ez zedin eusteko. Orduan, kamioneta poliki-poliki uretan sartu zen. Beste aldera iristea amaiezina iruditu zitzaigun. Denbora osoan Jehobari otoitz egiten aritu ondoren, beste aldera onik iritsi ginen. 1971 zen eta Taiwaneko ekialdeko kostan ginen, gure jaioterrietatik milaka kilometrotara. Gure bizipena kontatuko dizuet.
JEHOBA MAITATZEN IKASI GENUEN
Harvey lau anaietatik zaharrena zen. Bere familiak, 30. hamarkadako krisialdi ekonomikoan, Midland Junction-en, Australiako ekialdean, ezagutu zuen egia. Harvey Jehoba maitatuz hazi zen eta 14 urterekin bataiatu zen. Laster ikasi zuen kongregazioko eginkizunei ez zaiela inoiz ezetz esan behar. Behin, mutikoa zenean, bileran Talaia irakurtzeko eskatu ziotenean, ezetz esan zuen, hori egiteko gai ez zela pentsatuz. Baina Harvey-rekin hitz egiten ari zen anaiak honela arrazoitu zuen: «Jehobaren erakundean norbaitek zerbait egiteko eskatzen dizunean, zu hori egiteko gai zarela pentsatzen duelako da» (2 Ko 3:5).
Nik Ingalaterran ezagutu nuen egia, ama eta ahizpa zaharrenarekin batera. Aitari hasieran ez zitzaizkion Jehobaren lekukoak gustatzen, baina denborarekin bera ere Lekuko egin zen. Nire aitaren borondatearen kontra, bederatzi urterekin bataiatu nintzen. Nire helburua lehenengo aitzindari eta, gero, misiolari izatea zen. Hala ere, aitak ez zidan utziko aitzindari izaten 21 urterekin adin nagusitasunera heldu arte. Nik, noski, ez nuen hainbeste itxarongo. Nire ahizpa
zaharrena Australiara bizitzera joana zen. Beraz, 16 urte bakarrik nituenean, aitaren onespenarekin, berarekin bizitzera joan nintzen. Azkenean, 18 urte bete nituenean hasi nuen aitzindaritza.Australian Harvey ezagutu nuen. Biok misiolari izateko helburua genuen eta 1951n ezkondu ginen. Bi urtez elkarrekin aitzindari izan ondoren, eskualde-lana hasteko eskatu ziguten. Gure eskualdea Australia mendebaldean zegoen eta oso handia zen. Horregatik, bidaia luzeak egin behar izaten genituen lurralde lehor eta isolatuetan zehar.
GURE AMETSA BETE ZEN
1954ean Galaadera gonbidatu gintuzten, 25. ikastaldera. Misiolari izateko gure ametsa betetzear zegoen! Itsasontziz New Yorkera iritsi eta Biblia sakonki aztertzen hasi ginen. Ikasgaien artean gaztelera ikastea zegoen. Baina, Harvey-rentzat oso zaila zen, ezin baitzuen «erre» letra ondo ahoskatu.
Eskolan ginela, Japonian zerbitzatu nahi zutenei japoniar hizkuntza klaseetan izena emateko eskatu zieten irakasleek. Baina guk gure eginkizuna Jehobaren erakundeak aukeratzea erabaki genuen. Handik gutxira, Albert Schroeder-ek, Galaadeko irakasleetako batek, izenik eman ez genuela ikusi zuenean, honakoa esan zigun: «Pentsatu berriro». Izena eman gabe jarraitzen genuela ikustean, Schroeder anaiak esan zigun: «Irakasle guztion artean kurtsoan apuntatu zaituztegu. Ikus dezagun japoniera ikasteko gai zareten». Harvey-ri errazagoa egin zitzaion japoniera ahoskatzea gaztelera baino.
1955ean iritsi ginen Japoniara eta lurralde osoan 500 berri-emaile besterik ez zeuden. Harvey-k 26 urte zituen eta nik 24. Kobe hirira bidali gintuzten eta bertan lau urtez zerbitzatu genuen. Orduan, berriz ere, ibiltari-lanera gonbidatu gintuzten eta oso pozik geunden. Nagoya hiritik gertu zerbitzatzen genuen eta guztia gustatzen zitzaigun: anai-arrebak, janaria, paisaia... Handik gutxira, hala ere, Jehobari ezetz ez esateko beste aukera bat izan genuen.
EGINKIZUN BERRIAK, ERRONKA BERRIAK
Ibiltari-lanean hiru urte pasa ondoren, Japoniako sukurtsalak Taiwanera joateko prest ote ginen galdetu zigun. Amis herriari predikatzera joango ginen. Gainera, Amis jatorriko Lekuko batzuk apostata bihurtu zirenez, Taiwaneko * Japonian egiten genuen lana maite genuenez, oso erabaki zaila izan zen. Baina, Harvey-k eginkizunei ez zaiela inoiz ezetz esan behar ikasia zuenez, joatea onartu genuen.
sukurtsalak japoniera ondo hitz egiten zuen anaia bat behar zuen apostasia hura gelditzeko.1962ko azaroan iritsi ginen. Taiwanen 2.271 berri-emaile zeuden, gehienak Amis herrikoak. Baina, lehenengo, txinera ikasi behar genuen. Ikasteko liburu bakar bat eta ingelesa hitz egiten ez zuen irakasle bat soilik genituen. Baina, hala ere, ikasi egin genuen.
Taiwanera iritsi bezain laster, Harvey-ri lurraldeko lana gainbegiratzeko eginkizuna eman zioten. Sukurtsala txikia zen. Hortaz, Harvey-k bulegoko lanak egiteaz gain, hilabeteko hiru astetan Amis anaiekin lan egiteko denbora izaten zuen. Noizean behin, ibiltari-lanean ere ibiltzen zen eta hitzaldiak ematen zituen biltzarretan. Hitzaldiak japonieraz eman zitzakeen eta Amis anai-arrebek ulertu ahal izango zioten. Baina gobernuak erlijio-bilerak txineraz egitea bakarrik uzten zuen. Beraz, Harvey-k, nahiz eta hizkuntzarekin oraindik borrokan ibili, txineraz ematen zituen hitzaldiak eta anaia batek amiserara itzultzen zituen.
Taiwan gerra-legearen menpe zegoenez, anaiek biltzarrak egiteko baimenak lortu behar zituzten. Baimenak lortzea ez zen erraza eta poliziak askotan hauek ematea atzeratzen zuen. Poliziak biltzarreko asterako baimenik ematen ez bazuen, Harvey komisaldegira joan eta bertan esertzen zen baimena lortu arte. Kanpotar bat han eserita ikusteaz lotsatu egiten zirenez, poliziak segituan ematen zion baimena.
IGO NUEN LEHEN MENDIA
Anai-arrebekin igarotzen genituen asteetan, ordubete edo gehiago ibiltzen ginen mendiak igoz eta ibaiak zeharkatuz. Oraindik ere gogoratzen dut igo behar izan nuen lehen mendia. Gosari arin baten ondoren, goizeko bost eta erdietan autobusa hartu genuen urrutiko herri batera joateko. Gero, ibai zabal bat zeharkatu genuen eta mendi aldapatsu bat igotzen hasi ginen. Aldapa oso gogorra zen eta aurretik zihoan anaiaren oinak nire begi parean ikusten nituen.
Goiz hartan Harvey-k bertako anaiekin predikatu zuen. Bien bitartean, japoniera hitz egiten zuen jendea bizi zen herrixka batean predikatu nuen nik bakarrik. Ordu bata aldera zorabiatuta sentitzen hasi nintzen, ordu asko jan gabe eman bainituen. Azkenean Harvey-rekin aurkitu nintzenean, beste anaiak ez zeuden berarekin. Harvey-ri aldizkari batzuen truke hiru arrautza gordin eman zizkioten. Arrautza gordinak jaten erakutsi zidan: alde bakoitzean zulo bana egin eta zurrupatu. Ez zirudien oso goxoa, baina bat probatu nuen. Eta nork jango zuen hirugarrena? Nik, Harvey-k ez baitzuen uste ni zorabiatuko banintz, gainean eramateko gai izango zenik.
EZOHIKO BAINUA
Eskualde-biltzar batean ezohiko bizipen bat izan nuen. Bilera-aretoaren ondoan zegoen anaia baten etxean geunden. Amis herriarentzat
gorputza garbitzea oso garrantzitsua denez, eskualde-arduradunaren emazteak bainua prestatu zigun. Harvey lanpetuta zegoenez, ni hasteko esan zidan. Bainurako hiru ontzi zeuden: ur hotzez beteriko bat, ur beroz beteriko beste bat eta hutsik zegoen palangana bat. Zur eta lur gelditu nintzen arrebak bilera-aretoaren pare-parean jarri zituela ikustean. Han anaiak biltzarrerako prestaketak egiten zebiltzan. Gortinaren bat ba ote zuen galdetu nion eta gardena zen plastikozko bat ekarri zidan! Etxearen atzeko aldera joatea pentsatu nuen, baina antzarrak zeuden hesira gerturatzen zen edonori kosk egiteko prest. Orduan, pentsatu nuen: «Anaiak lanpetuegi daude ni zertan ari naizen ikusteko. Eta ez badut bainua hartzen, haserretu egingo dira. Aurrera ba!». Eta bainua hartu nuen.ARGITALPENAK AMISERAZ
Amis anai-arrebek espiritualki aurrera egiteko arazoak zituztela konturatu zen Harvey. Zein zen arrazoia? Askok ez zekiten irakurtzen eta ez zituzten argitalpenak beraien hizkuntzan. Ez zen denbora asko amisera idazten hasia zela karaktere latindarrak erabiliz. Beraz, oso praktikoa zirudien anai-arrebei beraien ama-hizkuntzan irakurtzen irakastea. Hau erronka handia zen. Baina, denborarekin, anai-arrebak Jehobari buruz beraien hizkuntzan ikasteko gai izan ziren. Beraien hizkuntzako argitalpenak 60. hamarkadaren amaieran eskuragarri egin zituzten eta 1968an Talaia amiseraz argitaratzen hasi zen.
Baina gobernuak ez zuen nahi inork txineraz idatzirik ez zegoen argitalpenik banatzea. Beraz, arazoak ez edukitzeko, amiserazko Talaia modu desberdinetan argitaratu zen. Adibidez, denbora batez, Talaia ale bera bi hizkuntzatan idatzia zegoen: mandarineraz eta amiseraz. Horrela, norbaitek galdetzen bazuen, itxuran aldizkariarekin txinera erakusten ariko ginen bertako jendeari. Ordudanik, Amis herriko jendeak Bibliako egiak ikasi ditzan, Jehobaren erakundeak amisera hizkuntzan argitalpen asko argitaratu ditu (Eg 10:34, 35).
GARBIKETA GARAIA
60. eta 70. hamarkadetan zehar, anai-arreba asko ez ziren Jehobaren arauen arabera bizitzen
ari. Ez zituztenez biblia-printzipioak guztiz ulertzen, batzuek bizimodu moralgabea zuten, mozkortu egiten ziren eta tabakoa eta beste droga batzuk erabiltzen zituzten. Harvey-k kongregazio asko bisitatu zituen gauza hauei buruzko Jehobaren ikuspuntua anai-arrebei ulertzen laguntzeko. Bisita hauetariko batean izan genuen hasieran aipatu dudan bizipena.Anai-arreba apalak aldaketak egiteko prest zeuden, baina, tamalez, beste asko ez. Taiwaneko berri-emaileen kopurua 2.450etik 900era jaitsi zen 20 urtetan zehar. Oso desanimagarria izan zen hura. Baina bagenekien Jehobak ez zuela inoiz garbia ez zen erakunde bat bedeinkatuko (2 Ko 7:1). Denborarekin, kongregazioak ohitura txarretatik garbi gelditu ziren eta, orain, Jehobaren bedeinkapenarekin Taiwanen 11.000 berri-emaile baino gehiago daude.
80. hamarkadatik aurrera, Amis kongregazioen fedea sendotu egin zen eta Harvey-k denbora gehiago pasa ahal izan zuen txinera hitz egiten zutenekin. Oso pozik zegoen arreba batzuen senarrei Jehobaren lekuko izaten lagundu zielako. Gizon hauetariko batek Jehobari lehenengoz otoitz egin zionean, oso zoriontsu sentitu zela esan zidan Harvey-k. Ni ere oso pozik nago bihotz oneko emakume askori Jehobarengana hurbiltzen lagundu dietelako. Nire biblia-ikastaro baten seme eta alabarekin Taiwaneko sukurtsalean zerbitzatzeko poztasuna ere izan dut.
MOMENTU TRISTEA
Orain, tamalez, nire kidea falta zait. Ia 59 urte ezkonduta egon ondoren, nire Harvey maitea 2010eko urtarrilaren 1ean hil zen minbiziarekin borrokatu ondoren. 60 urte inguru pasa zituen denbora osoko zerbitzuan! Izugarri botatzen dut faltan. Baina oso zoriontsu izan naiz bi herrialde txundigarritan berarekin zerbitzatzeaz. Asiako bi hizkuntza zail hitz egiten eta, Harvey-ren kasuan, idazten ere ikasi genuen.
Lau bat urte beranduago, nire adinagatik hoberena Australiara bueltatzea izango zela erabaki zuen Zuzendari-batzordeak. Hasiera batean pentsatu nuen: «Ez dut Taiwan utzi nahi». Baina Harvey-k Jehobaren erakundeari ez zaiola inoiz ezetz esan behar irakatsi zidan. Beraz, Australiara joan nintzen. Denborarekin ulertu dut itzultzea hoberena izan dela.
Gaur egun, astean zehar Australasiako sukurtsalean zerbitzatzen dut eta, asteburuetan, kongregazioarekin predikatzen dut. Betelen pozik egiten ditut bisitaldi-gidatuak japonieraz eta txineraz. Jehobak promestu duen berpizkundea iristeko irrikan nago. Harvey-k Jehobari ez zaiola inoiz ezetz esan behar ikasi zuen eta orain tokirik hoberenean dago: Jehobaren oroimenean (Jn 5:28, 29).
^ § 14 Nahiz eta orain txinera izan hizkuntza ofiziala Taiwanen, japoniera izan zen hizkuntza ofiziala urte askotan. Beraz, Taiwaneko talde etniko askok japoniera ere hitz egiten zuten.