Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

9. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Anaia gazteok, nola irabazi dezakezue besteen konfiantza?

Anaia gazteok, nola irabazi dezakezue besteen konfiantza?

«Gizon gazteen lagunartea duzu ihintza bezala» (SAL 110:3NW ).

sn 4. KANTA Izan Jehobaren aurrean izen ona

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Nolakoak dira bataiatutako gure anaia gaztetxoak?

ANAIA gazteok, oso lagungarriak izan zaitezkete kongregazioan. Izan ere, zuetariko asko indarrez eta energiaz beterik zaudete (Es 20:29). Kongregazioan egiten duzuna oso baliotsua da. Agian kongregazioko laguntzaile izateko gogotsu zaude. Baina, sentitu al duzu noizbehin besteek eginkizun garrantzitsuak jasotzeko gazteegia zarela edo ez zaudela prest pentsatzen dutela? Gaztetxoa izan arren, kongregazioko anai-arreben konfiantza eta errespetua irabazteko gauza asko egin ditzakezu oraintxe bertan.

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Artikulu honetan Dabid erregearen bizitzan jarriko dugu arreta. Gainera, Judako bi erregeri gertatutakoa aztertuko dugu, Asa eta Josafat. Zer erronka izan zituzten hiru gizon hauek? Zer egin zuten hauen aurrean? Eta zer ikasi dezakete anaia gazteek beraien eredutik? Ikus dezagun.

DABID ERREGEARENGANDIK IKASI DEZAKEZUNA

3. Aipatu gazteek adinekoei laguntzeko modu bat.

3 Gaztea zenean, Dabidek besteek asko estimatu zituzten abileziak garatu zituen. Argi dago Jehobarekin adiskidetasun estua zuela. Gainera, asko saiatu zen musikari trebea izateko. Abilezia hau, Sauli, Jainkoak izendatutako erregeari laguntzeko erabili zuen (1 Sm 16:16, 23). Gazteok, ba al duzue kongregazioko anai-arrebei laguntzeko trebetasunen bat? Zuetariko askok badituzue. Adibidez, konturatu al zara zenbat eskertzen duten adineko anai-arrebek tableta edo beste gailu batzuk erabiltzen laguntzen diezunean? Teknologiari buruz dakizunak asko lagunduko die ikasketa pertsonalean eta bileretan.

Dabid arduratsua eta fidagarria izan zen aitaren artaldea zaintzen zuenean, nahiz eta ardiak hartz baten erasotik babestu behar izan (Ikusi 4. paragrafoa).

4. Dabid imitatuz, nolakoak izan behar dute anaia gazteek? (Ikusi azaleko irudia)

4 Bere eguneroko bizitzan, Dabidek arduratsua eta fidagarria zela erakutsi zuen. Adibidez, mutiko gaztea zenean, gogor egin zuen lan bere aitaren ardiak zaintzen. Hau eginkizun arriskutsua zen. Dabidek geroago honakoa esan zion Saul erregeari: «Nik, zure zerbitzari honek, gure aitaren artaldea zaintzen nuenean, lehoi nahiz hartzen batek etorri eta artaldetik ardiren bat harrapatzen zidanean, ondoren joaten nintzaion, jo eta hagin artetik kentzen nion» (1 Sm 17:34, 35). Dabidek bazekien ardiak zaintzea bere ardura zela eta horregatik ausardiaz borrokatu zuen hauek babesteko. Nola imitatu dezakete anaia gaztetxoek Dabid? Ematen zaien edozein eginkizun betetzeko gogor lan eginez.

5. ⁠25. Salmoa 14⁠aren arabera, zer da anaia gazteek egin dezaketen gauzarik inportanteena?

5 Dabidek gazte-gaztetatik garatu zuen Jehobarekin adiskidetasun estu-estua. Adiskidetasun hau Dabiden ausardia edo musika jotzeko zuen abilezia baino askoz ere garrantzitsuagoa zen. Jehoba ez zen Dabiden Jainkoa bakarrik; bere adiskidea ere bazen, bere lagun mina (Irakurri 25. Salmoa 14). Anaia gazteok, egin dezakezuen gauzarik inportanteena Jehobarekin duzuen adiskidetasuna estutzea da. Horrela egiten baduzue, agian ardura gehiago jaso ahal izango dituzue kongregazioan.

6. Zer pentsatzen zuten batzuek Dabidi buruz?

6 Dabidek izan zuen erronka bat honakoa izan zen: batzuek gazteegia eta arduragabea zela pentsatzen zuten. Adibidez, Dabidek bere burua Goliatekin borroka egiteko eskaini zuenean, Saul erregea geldiarazten saiatu zen honakoa esanez: «Mutil koskor bat baino ez haiz hi» (1 Sm 17:31-33). Lehenago, bere anaia berak ere, arduragabea zela esan zion (1 Sm 17:26-30). Baina Jehobak ondo ezagutzen zuen Dabid; bazekien ez zela gazteegia edo arduragabea. Eta Dabidek bere lagunarengan, Jehobarengan, konfiantza izan zuenez, Goliat hiltzeko gai izan zen (1 Sm 17:45, 48-51).

7. Zer ikasi dezakezu Dabidi gertatutakoaz?

7 Zer ikasi dezakezu Dabidi gertatutakoaz? Alde batetik, pazientzia izan behar duzula. Txikitatik ezagutzen zaituztenek, agian, denbora beharko dute hazten ari zarela ikusteko. Baina ziur egon Jehobak itxura baino gehiago ikusten duela; ondo ezagutzen zaitu eta badaki zer egiteko gai zaren (1 Sm 16:7). Bestetik, estutu Jainkoarekin duzun adiskidetasuna. Nola egin zuen hau Dabidek? Jehobaren sorkuntza arretaz begiratuz eta honek Jehobari buruz irakasten zizkion gauzetan hausnartuz (Sal 8:3, 4; 139:14; Erm 1:20). Azkenik, jo Jehobarengana behar duzun indar bila. Adibidez, egiten al dizu burla eskolakideren batek Jehobaren lekuko izateagatik? Hala bada, egin otoitz Jehobari arazo honi aurre egiten laguntzeko. Gero, bere Hitzean eta Biblian oinarritutako gure argitalpen eta bideoetan aurkitzen dituzun aholkuak praktikan jarri. Jehobak arazo bat konpontzen nola lagundu dizun ikusten duzun bakoitzean, berarengan duzun konfiantza handitu egingo da. Are gehiago, besteek Jehobarengana jotzen duzula ikusten duten heinean, zugan duten konfiantza handitu egingo da.

Anaia gaztetxoek modu askotan lagundu ditzakete apaltasunez besteak (Ikusi 8 eta 9 paragrafoak)

8, 9. a) Zerk lagundu zion Dabidi errege izan aurretik pazientziaz itxaroten? b) Zer ikasi dezakete anaia gazteek Dabiden eredutik?

8 Ikus dezagun Dabidek aurre egin behar izan zuen beste erronka bat. Errege izateko izendatua izan ondoren, urte asko itxaron behar izan zituen Judan errege izan aurretik (1 Sm 16:13; 2 Sm 2:3, 4). Zerk lagundu zion denbora horretan zehar pazientzia izaten? Erabat desanimatuta egon beharrean, bere eskuetan zegoena egiteko erabili zuen bere denbora. Adibidez, Israeldik ihes egin eta filistear lurraldean bizi izan zen garaian, egoera hura Israelen etsaien aurka borrokatzeko erabili zuen. Hau egitean Judako mugak babestu zituen (1 Sm 27:1-12).

9 Zer ikasi dezakezue anaia gazteok Dabiden eredutik? Jehoba eta anai-arrebak zerbitzatzeko zuen esku dagoen guztia egin behar duzuela. Ikus dezagun Ricardo izeneko anaia baten bizipena. * Hamar bat urterekin aitzindari erregularra izatearekin amesten zuen. Baina adindunek oraindik ez zegoela prest esan zioten. Desanimatu edo haserretu beharrean, denbora gehiago eman zuen predikatze-lanean. Ricardok dio: «Atzera begira, hobetzeko beharra nuela eta hau egitea nire onerako izan zela konturatzen naiz. Interesa agertzen zuten guztiengana ondo prestatuta itzultzeaz ziurtatu nintzen. Nire lehen biblia-ikastaroa zuzentzeko aukera ere izan nuen. Gero eta gehiago predikatu, orduan eta lasaiago egiten nuen». Ricardo, orain, aitzindari erregular trebea eta kongregazioko laguntzailea da.

10. Zer egin zuen Dabidek behin erabaki inportante bat hartu aurretik?

10 Aztertu dezagun Dabiden beste bizipen bat. Bere gizonekin batera ihesean zebilen garaian, euren familiak etxean utzi zituzten borrokara joateko. Kanpoan ziren bitartean, etsai batzuek beraien etxeei eraso egin eta euren familiak bahitu zituzten. Eskarmentu handiko soldadua zenez, Dabidek bahituak erreskatatzeko estrategia prestatu zezakeela pentsatu zezakeen. Baina, horren ordez, Jehobarengana jo zuen gida bila. Abiatar izeneko apaizaren bidez, Dabidek Jehobari galdetu zion: «Joango al naiz lapur-talde horren ondoren?». Jehobak hala egiteko esan zion bahituak berreskuratuko zituela ziurtatuz (1 Sm 30:7-10). Zer ikasi dezakezu gertakari honetatik?

Anaia gaztetxoek adindunengana jo beharko lukete aholku bila (Ikusi 11. paragrafoa)

11. Zer egin dezakezu erabakiak hartu aurretik?

11 Galdetu beste batzuei erabakiak hartu aurretik. Eskatu aholkua zure gurasoei. Esperientzia duten adindunek ere aholku onak emango dizkizute. Jehobak konfiantza du izendatutako gizon hauengan eta zuk ere izan dezakezu. Jehobak kongregazioei ematen dizkien «dohainak» dira (Ef 4:8). Beraien fedea imitatu eta ematen dizkizuten aholku onak jarraitzen badituzu, erabaki onak hartuko dituzu. Ikusi dezagun orain zer ikasi dezakegun Asa erregearengandik.

ASA ERREGEARENGANDIK IKASI DEZAKEZUNA

12. Zer ezaugarri zituen Asa erregeak agintzen hasi zenean?

12 Gizon gaztea zenean, Asa erregea apala eta ausarta zen. Adibidez, bere aita Abiasen ondoren errege bihurtu zenean, lurraldea idolatriatik garbitu zuen. Gainera, Jehobarengana, «beren arbasoen Jainkoarengana, jotzera eta haren irakaspenak eta aginduak betetzera eragin zien Judakoei» (2 Kro 13:28-14:6 [14:1-7, NW ]). Eta Zerah etiopiarrak Juda milioi bat gudarirekin indarrez hartu zuenean, Asak, zentzuz jokatuz, Jehobarengana jo zuen laguntza bila. Honakoa eskatu zion: «Jauna, zuk bakarrik lagun diezaiokezu ahulari indartsuaren aurrean. Lagun iezaguzu, beraz, gure Jainko Jaun horrek, zu baitzaitugu eusle bakarra». Asaren hitz eder hauek Jehobaren salbatzeko gaitasunean zenbateko konfiantza zuen adierazten dute. Asak bere zeruko Aitarengan uste osoa izan zuen eta Jehobak etiopiarrak garaitu zituen (2 Kro 14:7-11 [8-12, NW ]).

13. Zer gertatu zitzaion Asari beranduago eta zergatik?

13 Milioi bat soldaduko gudarosteari aurre egitea erronka galanta izango zen. Baina Jehobarengan konfiantza izan zuenez, Asak arrakasta izan zuen. Tamalez, hain beldurgarria ez zen beste erronka baten aurrean, Asak ez zuen Jehobarengana jo. Israelgo Baxa errege gaiztoaren mehatxua jaso zuenean, Siriako erregearengana jo zuen laguntza bila. Desastre hutsa izan zen erabaki hura! Hanani profetaren bidez, Jehobak Asari esan zion: «Zergatik hartu duzu lagun Siriako erregea, Jauna, zeure Jainkoa, hartu beharrean? Horregatik egin dizu eskutik ihes Siriako erregearen gudarosteak». Handik aurrera, Asak etengabe gerran ibili behar izan zuen (2 Kro 16:7, 9; 1 Erg 15:32). Zer ikasi dezakezu?

14. a) Nola erakutsi dezakezu Jehobarengan konfiantza? b) 1 Timoteori 4:12⁠aren arabera, zer izango zara besteentzat Jehobarengan konfiantza erakusten baduzu?

14 Jarraitu apala izaten eta Jehobarengan konfiantza jartzen. Bataiatu zinenean, Jehobarengan fede eta konfiantza handia erakutsi zenuen eta Jehobak pozik eman zizun ongietorria bere familiara. Baina Jehobarengan konfiantza izaten jarraitu behar duzu, hor dago koska. Agian erraza dirudi Jehobarengan konfiantza izatea erabaki garrantzitsuak hartu behar ditugunean. Baina erabaki guztietan hartu behar duzu Jehoba kontuan, bai aisialdiari buruzkoak direnean, baita lana edo bizitzako helburuei buruzkoak direnean ere. Ez fidatu zure jakindurian. Horren ordez, erabakiak hartzen lagunduko dizuten biblia-printzipioak bilatu eta hauen arabera jokatu (Es 3:5, 6). Horrela eginez gero, Jehoba poztu eta kongregazioko anai-arreben errespetua irabaziko duzu (Irakurri 1 Timoteori 4:12).

JOSAFAT ERREGEARENGANDIK IKASI DEZAKEZUNA

15. ⁠2 Kronikak 18:1-3⁠ eta 19:2 bertseten arabera, zer akats egin zituen Josafat erregeak?

15 Noski, guztiok bezala zu ere inperfektua zara eta, noizean behin, akatsak egingo dituzu. Hala ere, honek ez luke oztopo izan behar Jehobaren zerbitzuan ahal duzun guztia egiteko. Azter dezagun Josafat erregearen eredua. Ezaugarri on asko zituen. Gizon gaztea zenean, «bere aitaren Jainkoarengana jo zuen eta beronen aginduak bete» zituen. Are gehiago, Judako herri guztietara gizonak bidali zituen Jehobari buruz irakastera (2 Kro 17:4, 7). Baina bihotz onekoa izan arren, Josafatek batzuetan erabaki txarrak hartu zituen. Hauetariko baten ondorioz, Jehobaren ordezkari batek zuzendu egin behar izan zuen (Irakurri 2 Kronikak 18:1-3; 19:2). Zer ikasi dezakezu pasarte honetatik?

Langile eta fidagarriak diren anaia gaztetxoek izen ona irabazten dute (Ikusi 16. paragrafoa)

16. Zer ikasi dezakezu Rajeev-i gertatutakoaz?

16 Onartu eta jarraitu aholkua. Agian, beste mutil gazte askori bezala, zaila egiten zaizu Jehobaren zerbitzua zure bizitzako lehentasuna izatea. Hala bada, ez etsi. Ikus dezagun Rajeev izeneko anaia gazteari gertatutakoa. Nerabe zeneko garaiari buruz honakoa dio: «Batzuetan galduta sentitu nintzen. Beste gazte askorentzat bezala, niretzako garrantzitsuagoak ziren kirola eta ondo pasatzea bileretara edo predikatze-lanera joatea baino». Zerk lagundu zion Rajeev-i? Berataz arduratuta zegoen adindun batek aholku eman zion. Rajeev-ek dio: «1 Timoteori 4:8⁠ko printzipioan arrazoitzen lagundu zidan». Rajeev-ek apaltasunez aholkua onartu zuen eta bere lehentasunak aztertu zituen. «Helburu espiritualak nire lehentasuna izatea erabaki nuen». Zein izan zen ondorioa? «Aholkua jaso eta urte gutxi batzuetara kongregazioko laguntzaile izateko baldintzak bete nituen».

POZTU JEHOBA ZUTAZ HARRO EGON DADIN

17. Zer sentitzen dute kongregazioko anai-arrebek Jehoba zerbitzatzen duten mutiko gazteei buruz?

17 Anaia gazteok, kongregazioko anai-arrebek zuek asko estimatzen zaituztete elkarrekin «bat eginik» Jehoba zerbitzatzen duzuelako (So 3:9). Ematen dizkizueten lanak egiteko erakusten duzuen irrika eta gogo-bizia maite dituzte. Beraien errespetua eta konfiantza irabazi duzue (1 Jn 2:14).

18. ⁠Esaera Zaharrak 27:11⁠ren arabera, zer sentitzen du Jehobak bera zerbitzatzen duten mutilengatik?

18 Anaia gazte, ez ahaztu inoiz Jehobak maite zaituela eta zugan konfiantza duela. Azken egunetan gizon gaztez osatutako armada bat izango zela aurresan zuen. Hauek gogo onez eskainiko zuten euren burua (Sal 110:1-3NW ). Badaki maite duzula eta ahal duzun hobekien zerbitzatu nahi duzula. Beraz, izan pazientzia besteekin, baita zeure buruarekin ere. Akatsen bat egiten duzunean, onartu aholkuak eta zuzenketa, Jehobarengandik datozela ulertuz (Heb 12:6). Gogor lan egin ematen dizkizuten eginkizunetan. Eta garrantzitsuena dena, poztu zure zeruko Aita egiten duzun guztiarekin, zutaz harro egon dadin (Irakurri Esaera Zaharrak 27:11).

sjj 135. KANTA «Izan zuhur» seme-alabok

^ § 5 Bataiatutako anaia gazteek espiritualki aurrera egiten duten heinean, Jehobaren zerbitzuan gehiago egin nahi dute. Kongregazioko laguntzaile izendatuak izateko, anai-arreben errespetua irabazi eta mantendu behar dute. Zer egin dezakete anaia gazteek hori lortzeko?

^ § 9 Izen batzuk aldatu egin dira.