Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Zer esan nahi izan zuen Paulo apostoluak honakoa esatean: «Legeaz naiz legeari hila»? (Ga 2:19, BS)

Paulok idatzi zuen: «Legeaz naiz legeari hila, Jainkoarentzat bizitzeko» (Ga 2:19, BS).

Moisesen Legea jarraitu beharrik ez zegoela azpimarratzen ari zen bitartean idatzi zituen Paulok hitz hauek. Galazia erromatar probintziako kristau batzuk maisu faltsuen eragina jasotzen ari ziren. Salbamena lortzeko, Moisesen Legeak esaten zuena jarraitu behar zela esaten zuten gizon horiek, batez ere, zirkunzisioari buruzko legeak. Baina Paulok bazekien Jainkoak, ordurako, ez ziela bere zerbitzariei zirkunzidatuak egoteko eskatzen. Arrazoiketa sendo bat erabiliz, irakaspen horiek faltsuak zirela frogatu zuen eta anai-arrebek Jesu Kristoren eskaintzan zuten fedea indartu zuen (Ga 2:4; 5:2).

Bibliak argi eta garbi esaten du pertsona bat hiltzen denean ez dela ezertaz jabetzen eta bere inguruko ezerk ez duela berarengan eragiten (Koh 9:5). «Legeari hila» zela esatean, Paulok Moisesen Legeak handik aurrera ez zuela berarengan eraginik izango esan nahi izan zuen. Horren ordez, Paulo ziur zegoen erreskatean zuen fedearen bidez «Jainkoarentzat bizitze[n]» hasia zela.

Legeak eragin zuen Pauloren egoeraren aldaketa. Nolatan? Honakoa esana zuen: «Jainkoak ez duela inor onartzen legea betetzeagatik, Jesu Kristogan sinesteagatik baizik» (Ga 2:16). Egia da, Legeak zeregin inportante bat bete zuen. Paulok galaziarrei honakoa azaldu zien: «Huts egiteak salatzeko erantsia izan zen, harik eta agintzaria [promesa] egin zitzaion ondorengoa etorri arte» (Ga 3:19). Hala da, Legeak agerian utzi zuen gizaki bekatari eta inperfektuek ezin zutela Legea modu perfektuan bete. Gainera, behin betiko eskaintza perfektu bat behar zutela argi utzi zuen. Beraz, Legeak jendea ondorengoarengana, hau da, Kristorengana bideratu zuen. Norbaitek Jesu Kristorengan fedea bazuen, Jainkoak pertsona hori onartu eta zuzena zela esan zezakeen (Ga 3:24). Paulok Legearen bidez Jesus onartu eta berarengan fedea ipini zuenez, Jainkoak zuzentzat jo zuen. Horregatik, Paulo Legeari zegokionez hil egin zen, baina Jainkoarentzat bizitzen hasi zen. Legeak ez zuen ordurako berarengan eraginik, baina Jainkoak bai.

Paulok antzeko ideia azaldu zuen erromatarrei idatzi zien gutunean: «Senideok, zuek ere hil zen Kristoren gorputzeko eginak izan zaretenez gero, legearentzat hilda zaudete [...]. Baina orain, lotuak gintuen legearentzat hilak gaudelarik, legetik aske gaude» (Erm 7:4, 6). Orduan, zertaz ari zen hitz egiten Paulo bertset hauetan eta Galaziarrei 2:19⁠an? Ez zen Legeak kondenatutako bekatari bezala hiltzeaz ari. Horren ordez, askatua izateari buruz hitz egiten ari zen. Legeak ez zuen berarengan eta bera bezalakoak zirenengan gehiago aginduko. Izan ere, Kristoren eskaintzan zuten fedeari esker askatuak izan ziren.