Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

28. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Ez ibili elkarren lehian, bakea bultzatu

Ez ibili elkarren lehian, bakea bultzatu

«Ez gaitezela izan harroxko, elkarren lehian eta elkarren inbidian ibiliz» (GA 5:26).

sn 53. KANTA Elkartuta zerbitzatzen

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer eragin izan dezake jendearengan espiritu lehiakorrak?

GAUR egungo munduan, jendea bata bestearekin lehia bizian aritzen da, euren ekintzek besteengan zer eragin duten kontuan hartu gabe. Adibidez, enpresari bat bere aurkarien aurretik joateko edozer gauza egiteko prest egon daiteke. Kirolari batek beste taldeko jokalaria nahita lesionatu dezake partidua irabazteko. Ikasle batek unibertsitate ezagun batean sartzeko azterketan tranpa egin dezake. Kristauok horrelako gauzak egitea gaizki dagoela onartzen dugu, «giza grinetatik sortzen diren egintzak» baitira (Ga 5:19-21). Baina, posible izan al daiteke anai-arreba batzuek konturatu gabe kongregazioan espiritu lehiakorra bultzatzen aritzea? Giro lehiakorrak kongregazioko batasunean eragina duenez, galdera hau erantzutea inportantea da.

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Artikulu honetan, anai-arreben arteko lehia bultzatu dezaketen ezaugarri negatiboak aztertuko ditugu. Gainera, espiritu lehiakorrean erori ez ziren Biblia garaiko gizon-emakume leialen eredua ikusiko dugu. Baina, lehenik, aztertu dezagun zerk bultzatu gaitzakeen horrela jokatzera.

GURE MOTIBAZIOA ZEIN DEN AZTERTU

3. Zer galdetu beharko genioke geure buruari?

3 Noizean behin, ona da gure motibazioa zein den aztertzea. Honakoa galdetu ahal diogu geure buruari: «Besteak baino hobea naizela pentsatzen dudanean soilik sentitzen al naiz ondo? Zein da kongregazioan gogor lan egiteko dudan motibazioa? Onena izatea? Anaia edo arreba zehatz bat baino hobeagoa izatea? Edo, besterik gabe, Jehobari dudan onena ematea?». Zergatik da beharrezkoa galdera hauek egitea? Ikusi dezagun Jainkoaren Hitzak esaten duena.

4. ⁠Galaziarrei 6:3, 4⁠aren arabera, zergatik ez dugu besteekin konparatu behar?

4 Bibliak besteekin ez konparatzeko eskatzen digu (Irakurri Galaziarrei 6:3, 4). Zergatik? Alde batetik, gure anai-arrebak baino hobeagoak garela pentsatzen badugu, harroputz bihurtu gaitezkeelako. Beste aldetik, besteekin konparatzean gutxiago garela pentsatzen badugu, seguruenik desanimatu egingo garelako. Era batera edo bestera ez ginateke orekatsuak izango (Erm 12:3). Grezian bizi den Katerina * izeneko arreba batek honakoa dio: «Itxuran, predikazioan trebeagoak zirenekin, lagunak egiten erraztasun handiagoa zutenekin eta politagoak zirenekin konparatzen nintzen. Ondorioz, ez nuela ezertarako balio sentitzen nuen». Gogoratu dezagun Jehobak ez gintuela gure edertasunagatik, hitz egiteko gaitasunagatik edo oso ezaguna izateagatik erakarri. Horren ordez, bera maitatzeko eta bere Semea entzuteko prest egoteagatik erakarri gintuen (Jn 6:44; 1 Ko 1:26-31).

5. Zer ikasten dugu Hyun izeneko anaiaren bizipenetik?

5 Geure buruari galdetu ahal diogun beste zerbait honakoa da: «Nola ezagutzen naute? Bakegilea izateagatik ala beti gatazkatan ibiltzeagatik?». Ikusi dezagun Hego Korean bizi den Hyun izeneko anaiaren bizipena. Garai batean, adinduna zelarik, kongregazioan ardurak zituztenak bere lehiakideak zirela uste zuen. Berak dio: «Anaia hauekin kritikoa nintzen eta, askotan, esaten zutenarekin ez nengoen ados». Zer ondorio izan zuen honek? «Nire jarrerak kongregazioan zegoen batasuna hautsi zuen», onartzen du. Lagun batzuek bere arazoa ulertzen lagundu zioten. Hyunek beharrezko aldaketak egin zituen eta gaur egun adindun bikaina da. Bakea bultzatu beharrean lehian ibiltzeko joera badugu, zerbait aldatu behar dugu.

EZ ERORI HARROKERIA ETA INBIDIAN

6. ⁠Galaziarrei 5:26⁠aren arabera, zer ezaugarrik eraman gaitzakete lehiakorrak izatera?

6 Irakurri Galaziarrei 5:26Zerk eraman gaitzake lehiakorrak izatera? Geure burua besteen gainetik ikustea. Horrelako pertsonak harroputzak eta berekoiak dira. Lehiakorrak izatera bultzatu gaitzakeen beste ezaugarri bat inbidia da. Inbidia dutenek besteek dutena nahi izateaz gain, besteek ez edukitzea nahi dute. Izan ere, inbidia besteak gorrotatzeko modu bat da. Horrelako ezaugarriak guztiz baztertu nahi ditugu!

7. Zer adibidek erakusten du harrokeria eta inbidia arriskutsuak direla?

7 Harrokeria eta inbidia hegazkin bateko erregaia kutsatzen duen zikinkeriarekin konparatu ditzakegu. Hegazkina aireratu daiteke, baina zikinkeriak erregaiaren hodiak ixten baditu, motorrek lurreratu baino lehen indarra galdu dezakete eta hegazkinak istripua izan dezake. Modu berean, norbaitek Jehoba denbora batez zerbitzatu dezake. Baina bere motibazioa harrokeria eta inbidia badira, istripua izango du, hau da, Jehoba zerbitzatzeari utziko dio (Es 16:18). Ondorioz, bere burua kaltetzeaz gain, besteak ere kaltetuko ditu. Orduan, zerk lagundu gaitzake harrokerian eta inbidian ez erortzen?

8. Nola egin ahal diogu aurre harrokeriari?

8 Harrokeriari aurre egin ahal diogu Paulo apostoluak filipoarrei emandako aholkua kontuan hartzen badugu: «Ez egin deus ere norgehiagokeriaz edota harrokeriaz, apaltasunez baizik, besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz» (Flp 2:3). Besteak gu baino hobeak direla pentsatzen badugu, ez gara gu baino gaitasun eta trebetasun handiagoak dituztenekin lehian arituko. Horren ordez, beraiengatik poztuko gara, bereziki trebetasun horiek Jehobaren zerbitzurako erabiltzen badituzte. Aldi berean, anai-arreba trebe hauek Pauloren aholkua jarraitzen badute, guk ditugun ezaugarri onak ikusteko gai izango dira. Ondorioz, denon artean kongregazioan bakea eta batasuna bultzatuko ditugu.

9. Nola izan dezakegu menpean inbidia edukitzeko joera?

9 Gure mugak ditugula onartzen badugu, inbidia edukitzeko joera menpean izan dezakegu. Apalak bagara, ez gara beste guztiak baino hobeak garela erakusten saiatuko. Horren ordez, gu baino gaitasun handiagoak dituztenengandik ikasten saiatuko gara. Adibidez, kongregazioko anaia batek hitzaldi publiko bikainak ematen baditu, nola prestatzen den galdetu ahal diogu. Arreba bat sukaldari ona bada, zergatik ez dizkiogu hobetzeko aholkuak eskatzen? Eta gazte batek lagunak egiteko erraztasunik ez badu, aholkuak eskatu ahal dizkio erraztasuna duenari. Horrelako gauzak egiten baditugu, ez gara inbidian eroriko eta geure gaitasunak hobetuko ditugu.

IKASI DEZAGUN BIBLIAKO EREDUETATIK

Apala izan zelako, Gedeonek bakea mantendu zuen efraimdarrekin (Ikusi 10-12 paragrafoak)

10. Zer arazori egin zion aurre Gedeonek?

10 Pentsa dezagun zer gertatu zen Manasesen leinuko Gedeon eta Efraimen leinuko gizonen artean. Jehobaren laguntzarekin Gedeon eta bere 300 gizonek garaipen ikaragarria lortu zuten eta, honen ondorioz, harrokerian erori zitezkeen. Orduan, Efraimeko gizonak Gedeonengana etorri ziren, ez zoriontzera, liskarretan hastera baizik. Gedeonek Jainkoaren etsaien aurka borrokatzeko hasiera batean ez zituenez kontuan hartu, haserre bizian zeuden. Izan ere, beraien kezka nagusia jendeak euren leinuari ohorea ematea zen. Baina, inportanteena ahaztu zuten: Gedeonek Jehobaren izenari ohore ematen eta bere herria babesten lagundu zuela (Ep 8:1).

11. Nola erantzun zien Gedeonek efraimdarrei?

11 Gedeonek apaltasunez honakoa esan zien efraimdarrei: «Zer da, bada, nik egindakoa zuek egindakoaren aldean?». Orduan, Jehobak iraganean efraimdarrak nola bedeinkatu zituen zehatz-mehatz azaldu zien. Ondorioz, gizon hauek «baretu egin» ziren (Ep 8:2, 3). Gedeon, Jainkoaren herrian bakea mantentzeko harrokeria alde batera uzteko prest egon zen.

12. Zer ikasi dezakegu efraimdar eta Gedeonengandik?

12 Zer ikasi dezakegu pasarte honetatik? Efraimdar gizonengandik, gure ohorea defendatu beharrean, Jehobaren ohorea defendatu behar dugula ikasten dugu. Familiaburu eta adindunok Gedeonen eredutik ere zerbait ikasi dezakegu. Guk egindako zerbaitengatik norbait gurekin haserre badago, gauzak bere ikuspuntutik ikusten saiatu beharko ginateke. Gainera, pertsona horrek egindako gauza onengatik zoriondu dezakegu. Horretarako, apalak izan behar dugu. Batez ere beste pertsona oker dagoela argi dagoenean. Izan ere, bakea guk arrazoia edukitzea baino askoz ere inportanteagoa da.

Jehobak gauzak zuzenduko zituela ziur zegoenez, Anak barneko bakea berreskuratu zuen (Ikusi 13 eta 14 paragrafoak)

13. Zer zailtasun izan zuen Anak eta nola gainditu zuen?

13 Pentsa dezagun Anaren ereduan ere. Elkana izeneko lebitar batekin ezkonduta zegoen eta honek asko maite zuen. Baina, Elkanak beste emazte bat zuen, Penina. Elkanak Penina baino gehiago maite zuen Ana. Hala ere, «Peninak bazuen seme-alabarik; Anak, berriz, ez». Horregatik, Peninak «gogorki iraindu eta nahigabetu ohi zuen Ana». Nola sentitu zen Ana? Lur jota! «Negarrari eman eta jan ere ez zuen egiten» (1 Sm 1:2, 6, 7). Hala ere, Bibliak ez du esaten Ana nolabait mendekua hartzen saiatu zenik. Horren ordez, Jehobari bere bihotza ireki eta berak lagunduko ziola ziur zegoen. Aldatu al zen Peninaren jarrera? Bibliak ez du esaten. Baina, Anak barruko bakea berreskuratu eta mantendu zuela dakigu: «Haren begitarteak ez zirudien lehengoa» (1 Sm 1:10, 18).

14. Zer ikasten dugu Anaren eredutik?

14 Zer ikasten dugu Anaren eredutik? Norbait zurekin lehian ibiltzen saiatzen bada, gogoratu zuk duzula egoeraren kontrola. Ez duzu bere jokoan sartu beharrik. Gaitza gaitz orde itzuli beharrean, berarekin bakeak egiten saiatu (Erm 12:17-21). Ondo erantzuten ez badu ere, zuk barneko bakea mantenduko duzu.

Jehoba lana bedeinkatzen ari zela ikusi zutenez, Apolo eta Paulo ez ziren elkarren artean lehian ibili (Ikusi 15-18 paragrafoak)

15. Zertan ziren antzekoak Apolo eta Paulo?

15 Azkenik, ikus dezagun zer ikasi dezakegun Apolo eta Pauloren ereduetatik. Biek Idazkiak ederki ezagutzen zituzten. Gainera, biak oso ezagunak eta irakasle apartak ziren. Eta biek ikasle asko egiten lagundu zuten. Baina, inoiz ez ziren bata bestearekin lehian ibili.

16. Nolako gizona zen Apolo?

16 Apolo «izatez Alexandriakoa zen» eta hiri hau lehen mendeko hezkuntza gune inportantea zen. Dirudienez, «hizlari bikaina eta Liburu Santuetan oso aditua» zen (Eg 18:24). Korinton zerbitzatu zuenean, anai-arreba batzuek argi erakutsi zuten bera beste anaiak baino nahiago zutela. Adibidez, nahiago zuten Apolo Paulo baino (1 Ko 1:12, 13). Egongo ote zen Apolo banaketa horren atzean? Ez, zaila da hori imajinatzea. Izan ere, Apolok Korinto utzi zuenean, Paulok itzultzeko eskatu zion (1 Ko 16:12). Paulok ez luke hau inoiz egingo Apolo kongregazioa banatzen ari zela sentitu izan balu. Argi dago, orduan, Apolok bere dohainak modu egokian erabili zituela, hau da, berri ona zabaltzeko eta anai-arrebak indartzeko. Gainera, ez dago zalantzarik Apolo gizon apala zela. Adibidez, Bibliak ez du esaten minduta sentitu zenik Akila eta Priszilak Jainkoaren bidea modu zehatzagoan azaldu ziotenean (Eg 18:24-28).

17. Nola bultzatu zuen Paulok bakea?

17 Paulo apostoluak bazekien Apolok lan bikaina burutu zuela. Baina, ez zion kezkatzen jendeak Apolo bera baino hobeagoa zenik pentsatzeak. Paulok korintoarrei idatzi ziena irakurtzen dugunean, gizon apala eta zentzuzkoa zela ikusi dezakegu. Ez zitzaion gustatzen jendeak «ni Paulorena naiz» esaten zuenean. Horren ordez, ohore guztia Jehobari eta Jesu Kristori eman zien (1 Ko 3:3-6).

18. ⁠1 Korintoarrei 4:6, 7⁠an oinarrituta, zer ikasi dezakegu Apolo eta Pauloren ereduetatik?

18 Zer ikasi dezakegu Apolo eta Pauloren ereduetatik? Agian, Jehobaren alde gogor lan egiten eta askori bataioraino iristen laguntzen ari gara. Baina hau dena Jehobaren laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzatekeela onartzen dugu. Gainera, Apolo eta Paulorengandik beste irakaspen bat ikasten dugu. Kongregazioan zenbat eta ardura gehiago eduki, orduan eta aukera gehiago bakea bultzatzeko. Zenbat eskertzen dugun izendatutako anaiek bakea eta batasuna bultzatzea! Nola lortzen dute hori? Euren aholkua Jainkoaren Hitzean oinarrituz eta arreta guztia euren buruan ezarri beharrean, Jesu Kristorengan, geure ereduarengan, ezarriz (Irakurri 1 Korintoarrei 4:6, 7).

19. Zer egin dezake gutako bakoitzak? (Ikusi « Ez ibili elkarren lehian» taula ere)

19 Gutako bakoitzak Jainkoak emandako gaitasun edo abilezia batzuk ditu. Dohain horiek «besteen zerbitzura» jarri ditzakegu (1 P 4:10). Agian egiten duguna gutxi dela pentsatzen dugu, baina gogora ezazu puntada txikiek jantzi bat osorik mantentzen dutela. Beraz, egin ditzakezun gauza txikienek ere kongregazioa elkartuta mantendu dezakete. Gogor saiatu gaitezen espiritu lehiakorra gure bihotzetik kentzen. Egin dezagun ahal dugun guztia kongregazioan bakea eta elkartasuna bultzatzeko (Ef 4:3).

sjj 80. KANTA Dastatu eta ikustazu zein ona den Jainkoa

^ § 5 Pitzadura txikiek buztinezko ontzia ahuldu dezaketen bezala, bata bestearekin lehia bizian aritzeak kongregazioa ahuldu dezake. Izan ere, kongregazioa sendo eta elkarturik ez badago, ezinezkoa izango da Jainkoa adoratzeko ingurune baketsua izatea. Artikulu honetan, espiritu lehiakorra garatzea zergatik baztertu behar dugun ikusiko dugu. Gainera, kongregazioan giro baketsua bultzatzeko zer egin behar dugun aztertuko dugu.

^ § 4 Izenak aldatu egin dira.