Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

32. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Sendotu Sortzailearengan duzun fedea

Sendotu Sortzailearengan duzun fedea

«Fedea, itxaroten dena lortzeko segurtasuna da, ikusten ez diren gauzez konbentzitua egotea» (HEB 11:1).

sn 15. KANTA Kreazioak Jehobaren aintza erakusten du

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer irakatsi dizute gure Sortzaileari buruz?

 JEHOBAREN lekuko bezala hazi bazara, seguraski txiki-txikitatik Jehobari buruz ikasi duzu. Bera Sortzailea dela, izaera erakargarria daukala eta gizadiarentzat helburu zoragarria duela erakutsiko zizuten (Has 1:1; Eg 17:24-27).

2. Zer pentsatzen dute batzuek Sortzaile batengan sinesten dutenei buruz?

2 Hala ere, jende askok ez du sinesten Jainkorik dagoenik edo berak gauza guztiak sortu zituenik. Horren ordez, bizia ustekabean agertu zela eta poliki-poliki sinpleak deitutako bizi-formetatik konplexuagoetara eboluzionatu zutela sinesten dute. Hauetariko batzuk eskola handikoak dira eta zientziak Biblia oker dagoela frogatu duela ziurtatzen dute. Gainera, Sortzailearengan fedea dutenak eskolagabeak, ergelak edota inozoak direla ere esaten dute.

3. Zergatik da beharrezkoa bakoitzak bere fedea sendotzea?

3 Eragina izango ote du gugan ospe handiko batzuen ikuspuntuak? Zalantzan jarriko al dugu Jehoba gure Sortzaile maitekorra dela? Pentsatu dezagun honetan: «Zergatik sinesten dut Jehoba Sortzailea dela?». Horretan sinesteko esan zidatelako edo frogak nire kabuz aztertzeko denbora hartu dudalako? (1 Ko 3:12-15). Jehobaren lekuko izaten zenbat denbora daramagun axola gabe, denok jarraitu behar dugu gure fedea sendotzen. Hau egiten badugu, Bibliaren kontrakoa pentsatzen dutenek ez digute «pentsaera eta argudio hutsalez» engainatuko (Kol 2:8; Heb 11:6). Gu laguntzeko, artikulu honetan hurrengo galderak erantzungo ditugu: 1) Zergatik ez dute askok Sortzaile batengan sinesten? 2) Nola sendotu dezakezu zure Sortzailearengan, Jehobarengan, duzun fedea? Eta 3) nola mantendu dezakezu zure fedea sendo?

ZERGATIK EZ DUTE ASKOK SORTZAILE BATENGAN SINESTEN?

4. ⁠Hebrearrei 11:1 kontuan hartuta, zertan oinarritzen da benetako fedea?

4 Askoren ustez, fedea frogarik gabe zerbait sinestea da. Baina, Bibliaren arabera, hori ez da benetako fedea (Irakurri Hebrearrei 11:1). Zerbaitez konbentzituta egoteko, hau da, horretan fedea izateko froga argiak behar dira. Beraz, nahiz eta Jehoba, Jesus eta Erreinua ezin ditugun ikusi, benetakoak direla sinesteko froga argi asko ditugu (Heb 11:3). Lekukoa den biokimikari batek hau esan zuen: «Gure fedea ez da itsua; ez du zientziak frogatu duena alde batera uzten».

5. Zergatik sinesten dute askok bizia Sortzailerik gabe hasi zela?

5 Orduan, Sortzaile bat existitzen dela hain argi badago, zergatik ez dute askok izaki bizidun guztiak sortuak izan zirela sinesten? Batzuek, besterik gabe, ez dituztelako frogak euren kabuz aztertu. Robert orain Jehobaren lekukoa da eta berak dio: «Eskolan ez zidatenez inoiz sorkuntzari buruz hitz egin, egia ez zela pentsatu nuen. 22 urte nituenean, Jehobaren lekukoekin hitz egin nuen eta Jainkoak dena sortu zuela sinesteko Bibliak ematen dituen arrazoi onak entzun nituen» (Ikusi « Gurasoentzat mezu garrantzitsua» taula). b

6. Zergatik baztertzen dute batzuek Sortzaile batengan sinestea?

6 Batzuek ikusten dutena bakarrik sinesten dutela esaten dute eta, horregatik, ez dute Sortzaile batengan sinesten. Baina, egia esanda, ikusten ez dituzten gauza batzuetan sinesten dute, adibidez, grabitatean. Izan ere, indar hau existitzen den frogak dituzte. Biblian aipatzen den fede mota ere frogetan oinarrituta dago. Ebidentzia hauek «ikusten ez diren» gauzak existitzen direla frogatzen dute (Heb 11:1). Froga hauek geure kabuz aztertzeko denbora eta energia behar da. Baina jende asko ez dago esfortzu hori egiteko prest. Frogak aztertzeko denbora hartzen ez duen pertsona Jainkorik ez dagoen ondoriora iritsi daiteke.

7. Eskoladun guztiek ukatzen al dute Jainkoak gauza guztiak sortu zituela? Azaldu.

7 Frogak aztertu ondoren, zientzialari batzuek Jainkoak unibertsoa sortu zuela sinetsi dute. c Robertek bezala, hauetariko batzuek ez dela Sortzaile bat existitzen onartu izan dute, sorkuntza ez delako inoiz unibertsitateetan irakatsi. Hala ere, zientzialari asko Jehoba ezagutu eta maitatzera iritsi dira. Zientzialari hauek egin zuten bezala, guk ere Jainkoarengan dugun fedea sendotu behar dugu, gure hezkuntza zein izan den axola gabe. Inork ezin du hori gure ordez egin.

NOLA SENDOTU DEZAKEZU SORTZAILEARENGAN DUZUN FEDEA?

8, 9. a) Zer galdera aztertuko dugu? b) Nola lagunduko dizu sorkuntza aztertzeak?

8 Nola sendotu dezakezu zuk zeuk Sortzailearengan duzun fedea? Ikus ditzagun lau modu.

9 Sorkuntza ikertuz. Animaliak, landareak eta izarrak arretaz aztertuz Sortzailearengan duzun fedea sendotu dezakezu (Sal 19:2 [19:1, NWT]; Is 40:26). Gauza hauek zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta seguruago egongo zara Jehoba gure Sortzailea dela. Gure argitalpenek askotan sorkuntzaren xehetasunei buruzko artikuluak izaten dituzte. Ez utzi artikulu horiek irakurtzeari, nahiz eta zuretzat agian ulertzeko zailak izan; saiatu ahal duzun guztia ikasten. Gainera, azken urteetan lurralde biltzarretan aurkeztu diren sorkuntzari buruzko bideo zoragarriak aurkitu ditzakezu jw.org-n. Ez ahaztu hauek berriro ikustea!

10. Sortzaile bat dagoela erakusten duen adibide bat eman (Erromatarrei 1:20).

10 Gure inguruan dauden gauzak aztertzen ditugunean, Sortzaileari buruz zer erakusten diguten pentsatu behar dugu (Irakurri Erromatarrei 1:20). Adibidez, eguzkiak lurrean bizia egoteko behar den argia eta beroa ematen du. Baina eguzki izpi batzuk arriskutsuak izan daitezke eta gizakiok hauengandik babesa behar dugu. Ba al dugu babes hori? Bai noski. Lurrak erradiazio kaltegarriak filtratzen dituen ozono-geruza du. Zenbat eta izpi ultrabioleta gehiago egon, orduan eta ozono gas gehiago dago. Beraz, ez al litzateke logikoa izango prozesu honen atzean maitekorra eta adimentsua den Sortzaile bat dagoela pentsatzea?

11. Non aurkitu dezakezu kreazioari buruzko zure fedea sendotzeko laguntza? (Ikusi « Fedea sendotzeko laguntzak» taula)

11 Kreazioari buruzko zure fedea sendotzeko jo Índice de las publicaciones Watch Tower (Index des publications des Témoins de Jéhovah) argitalpenera edota egin bilaketa jw.org-n. «Diseinatua izan al zen?» ataleko bideo eta artikuluekin hasi zaitezke. Motzak dira eta animaliei eta landareei buruzko gauza harrigarriak aurkezten dituzte. Gainera, zientzialariak naturan ikusten dutena kopiatzen nola saiatu diren azaltzen dute.

12. Biblia aztertzean, zertan erreparatu behar dugu?

12 Biblia aztertuz. Lehen aipatutako biokimikariak, hasiera batean, Sortzaile bat existitzeko aukera baztertzen zuen. Denborarekin, hala ere, fedea edukitzen hasi zen. Honakoa dio: «Nire fedea ez zen zientziari esker ikasi nituen gauzetan bakarrik oinarritzen, Biblian ikasi nituen gauzetan ere oinarrituta zegoen». Agian dagoeneko Biblia ondo ezagutzen duzu. Hala ere, zure Sortzailearengan fedea sendotzeko, Jainkoaren Hitza aztertzen jarraitu behar duzu (Jos 1:8; Sal 119:97). Adibidez, pentsa ezazu gertakari historikoen Bibliako azalpen zehatzetan eta profezietan, baita liburuen arteko harmonian ere. Hau eginez gero, zure fedea indarberrituko da, eta ziur egongo zara Sortzaile maitekor eta jakintsu batek sortu gintuela eta Biblia inspiratu zuela (2 Tm 3:14; 2 P 1:21). d

13. Aipatu Jainkoaren Hitzean aurkitzen dugun jakinduriaren adibide bat.

13 Jainkoaren Hitza aztertzean, ikusi zein lagungarriak diren bere aholkuak. Adibidez, Bibliak diru-gosea kaltegarria dela eta «atsekabe asko» sortzen dituela aspalditik esaten du (1 Tm 6:9, 10; Es 28:20; Mt 6:24). Praktikoa izaten jarraitzen al du abisu honek? Gaur egungo jendearen jarrerari buruz hitz egiten duen liburu batek (The Narcissism Epidemic) dio: «Normalean, materialista den jendea ez da hain zoriontsua eta depresiorako joera handiagoa du. Diru pixka bat gehiago lortu nahi dutenek ere, osasun arazo gehiago dituzte, bai mentalak, baita fisikoak ere». Zein mesedegarria den diru-gosearen aurka Bibliak ematen digun abisua! Gogoratzen al duzu zuretzako lagungarria izan den beste biblia-printzipiorik? Zenbat eta gehiago estimatu biblia-aholkuak, orduan eta konfiantza handiagoa izango dugu gure Sortzaile maitekorrak eman dizkigun aholkuetan (St 1:5). Ondorioz, bizitzaz gehiago gozatuko dugu (Is 48:17, 18).

14. Zer ikasiko duzu Jehobari buruz Biblia aztertzean?

14 Biblia aztertu ezazu Jehoba gehiago ezagutzeko helburuarekin (Jn 17:3). Hau egiten duzun heinean, bere izaera eta ezaugarriak ezagutuko dituzu, sorkuntzan ikus ditzakezun berberak. Argi dago ezaugarri horiek benetako pertsona batenak direla eta ez norbaiten imajinazioak sortutakoak (Ir 34:6, 7; Sal 145:8, 9). Jehoba hobeto ezagutu ahala, zure fedea handitu, zure maitasuna sakondu eta berarekin duzun adiskidetasuna gehiago estutuko da.

15. Nola lagunduko dizu zure fedea besteekin konpartitzeak?

15 Jainkoarengan duzun fedea besteekin konpartitu ezazu. Hau egiten baduzu, zure fedea indarberrituko da. Baina, zer egin dezakezu predikatzean norbaitek Jainkoa existitzen dela zalantzan jartzen badu eta zer esan ez badakizu? Gure argitalpenetan azaltzen den Bibliako erantzun bat aurkitzen saiatu eta, orduan, pertsonarekin honi buruz hitz egin (1 P 3:15). Esperientzia duen anaia edo arreba baten laguntza ere eskatu dezakezu. Pertsonak Bibliaren erantzunak onartzen dituen ala ez axola gabe, ikerketa egin izana zuretzat lagungarria izango da. Zure fedea gero eta sendoagoa izango da eta, ondorioz, ez duzu zalantzarik egingo itxuran eskola handiko edo jakintsuak direnek Sortzailerik ez dela existitzen esaten dutenean.

ZURE FEDEA SENDO MANTENDU

16. Zer gertatu daiteke ez badugu gure fedea sendo mantentzen?

16 Jehoba zerbitzatzen zenbat denbora daramagun axola gabe, gure fedea sendo mantentzen jarraitu behar dugu. Zergatik? Kontuz ibiltzen ez bagara, gure fedea ahuldu daitekeelako. Gogoratu, fedea ikusten ez diren gauzen frogetan oinarrituta dago. Ikusten ez duguna erraz ahaztu dezakegu; horrexegatik deitu zion Paulok fede faltari «errazki trabatzen gaituen bekatua» (Heb 12:1, TB). Zer egin dezakegu, orduan, gure fedea sendo mantentzeko? (2 Ts 1:3).

17. Zerk lagundu gaitzake fedea sendo mantentzen?

17 Lehenik eta behin, erregutu sarri Jehobari bere espiritu santua emateko. Zergatik? Fedea espiritu santuaren fruituaren ezaugarrietako bat delako (Ga 5:22, 23NWT). Izan ere, bere espiritu santuaren laguntzarik gabe, ezingo dugu gure Sortzailearengan fedea sendotu eta mantendu. Jehobari bere espiritua eskatzen jarraitzen badiogu, eman egingo digu (Lk 11:13). Zehatz-mehatz honakoa eskatu dezakegu: «Fedea gehitu iezaguzu» (Lk 17:5, BJU).

18. 1. Salmoa 2, 3 bertseten arabera, zer ohore daukagu?

18 Gainera, Jainkoaren Hitza aztertzeko ohitura izan (Irakurri 1. Salmoa 2, 3). Salmo hau idatzia izan zenean, israeldar gutxi batzuek zituzten Jainkoaren Lege osoaren aleak. Hala ere, erregeek eta apaizek eskuragarri zituzten eta zazpi urtero Israelgo «gizon-emakumeak, haurrak» eta etorkinak biltzeko antolaketak egiten zituzten Jainkoaren Legearen irakurketa entzuteko (Dt 31:10-12). Jesusen garaian ere, pertsona gutxi batzuek zituzten Idazkiak eskuragarri. Ale gehienak sinagogetan gordetzen ziren. Gaur egun aldiz, jende gehienak Jainkoaren Hitz osoa edo honen zati batzuk irakurtzeko eskuragarri ditu. Hau izugarrizko ohorea da. Nola erakusten dugu opari zoragarri hori estimatzen dugula?

19. Zer egin behar dugu gure fedea sendo mantentzeko?

19 Ohore hau estimatzen dugula erakusteko, Jainkoaren Hitza maiz irakurtzeko ohitura izan behar dugu. Biblia irakurtzea eta aztertzea denbora librerako utzi beharrean, ordutegi bat izan beharko genuke. Ohitura honi tinko eusten badiogu, fedea sendo mantenduko dugu.

20. Zer egiten jarraitu behar dugu?

20 Mundu honetako jakintsu eta ikasiek ez bezala, Jainkoaren Hitzean fede sendoa daukagu (Mt 11:25, 26). Liburu Santu honen azterketaren ondorioz, lurreko egoera zergatik ari den okertzen eta Jehobak hau konpontzeko zer egingo duen ikasi dugu. Beraz, jarrai dezagun gure fedea sendotzen eta ahal dugun gehienei gure Sortzailearengan fedea izaten laguntzen (1 Tm 2:3, 4). Segi dezagun etorkizuna irrikaz itxaroten. Garai horretan lurreko biztanle guztiek Jehoba goratu eta Apokalipsia 4:11⁠ko hitzak esango dituzte: «Gure Jaun eta Jainko hori, zu bazara nor aintza [...] hartzeko, zeuk baitzenituen gauza guztiak egin».

sjj 2. KANTA Jehoba da zure izena

a Bibliak argi azaltzen du Jehoba guztiaren Sortzailea dela, baina jende askok ez du hori sinesten. Bizia inork sortu gabe agertu zela defendatzen dute. Jainkoarengan eta Biblian dugun fedea indartzen gogor saiatzen bagara, esaten dutenak ez du gure konfiantza ahulduko. Artikulu honek fedea nola indartu dezakegun azalduko du.

b Eskola publiko askotan, irakasleek ez dute Jainkoak gauza guztiak sortu zituen posibilitatea aipatu ere egiten. Hori egingo balute, ikaslearen erlijio askatasunean sartuko liratekeela esaten dute.

c Sorkuntzan sinesten duten profesional batzuen komentarioak, hauen artean zientzialari batzuenak, Guía de Estudio (CIENCIA Y TECNOLOGÍA > ENTREVISTA) edo Guide de recherche (SCIENCE, TECHNOLOGIE > INTERVIEW) argitalpenean aurkitu daitezke. Hauetariko komentario batzuk euskaraz jw.org-n aurkitu ditzakezu (BIBLIAKO IRAKASPENAK > ZIENTZIA ETA BIBLIA).

d Adibidez, jo jw.org-ra eta irakurri «Bat al dator Biblia zientziarekin?» artikulua (BIBLIAKO IRAKASPENAK > BIBLIARI BURUZKO GALDERAK) edota ikusi Gerrit Lösch: Profeten hitzen bidez indartuak bideoa (LIBURUTEGIA > BIDEOAK > JW BROADCASTING > HITZALDIAK).