Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

33. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Pozik egon Jehobaren alde egin dezakezunarekin

Pozik egon Jehobaren alde egin dezakezunarekin

«Hobe begiek ikusten dutenaz gozatu, desiren atzetik noraezean ibiltzea baino» (KOH 6:9NWT).

sjj 111. KANTA Zer-nolako poza dugun!

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Nola ari dira saiatzen anai-arreba asko Jehobaren zerbitzuan gehiago egiten?

  MUNDU honen azkena iristen den bitartean, lan handia dugu gure aurrean (Mt 24:14; Lk 10:2; 1 P 5:2). Jehoba zerbitzatzeko ahal dugun guztia egin nahi dugu denok. Anai-arreba asko beraien zerbitzua zabaltzen ari dira. Batzuek aitzindari izan nahi dute. Beste batzuek Betelen zerbitzatu edo eraikin teokratikoen eraikuntzan parte hartu nahi dute. Anaia asko ere laguntzaile edo adindun izateko baldintzak betetzen saiatzen ari dira (1 Tm 3:1, 8). Zelako poza sentituko duen Jehobak bere herria bera zerbitzatzeko prest ikustean! (Sal 110:3NWT; Is 6:8).

2. Nola sentitu gaitezke ez baditugu gure helburu espiritual batzuk betetzen?

2 Hala ere, agian desanimatuta sentitu gaitezke dagoeneko denboratxo bat pasa bada eta gure helburu espiritual batzuk oraindik ez baditugu lortu. Edo, beharbada, triste sentitzen gara gure adin edo egoeragatik Jehobaren erakundean zerbitzu batzuk ez daudelako gure eskura (Es 13:12). Hori da Melissari gertatu zitzaiona. b Izugarri gustatuko litzaioke Betelen zerbitzatzea edo Berri-emaileen eskolara joatea, baina honakoa dio: «Eskaera egiteko adin muga gainditu dut. Horregatik, aukera horiek ametsak besterik ez dira niretzat. Batzuetan, desanimatuta sentitzen naiz».

3. Zer egin behar dute batzuek Jehobaren zerbitzuan ardura gehiago jasotzeko?

3 Gazte eta osasuntsu diren batzuek, ardura gehiago jasotzeko prest egon baino lehen, heldutasuna behar dute eta ezaugarri zehatz batzuk garatu behar dituzte. Alde batetik, beharbada, oso argiak dira, erabakiak azkar hartzen dituzte eta lanerako prest daude. Baina, beste aldetik, agian pazientzia gehiago izaten, lana hobeto egiten eta besteekin errespetuz jokatzen ikasi behar dute. Behar dituzun ezaugarriak lantzen gogor saiatzen bazara, gutxien espero duzunean, beharbada ardura gehiago jasoko dituzu. Begira zer gertatu zitzaion Nick izeneko anaiari. 20 urte zituenean, erabat dezepzionatuta sentitu zen ez zutelako laguntzaile izendatu. Honakoa dio: «Gauzaren bat gaizki egiten ari nintzela pentsatu nuen». Baina ez zuen amore eman. Ahal zuen guztia egin zuen kongregazioan eta predikazioan. Gaur egun sukurtsal-batzorde baten kidea da.

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Desanimatuta al zaude Jehobaren zerbitzuan helburu zehatzen bat ez duzulako lortu? Hala bada, hitz egin Jehobarekin eta esaiozu nola sentitzen zaren (Sal 37:5-7). Gainera, esperientzia duten anai-arrebei Jainkoaren zerbitzuan hobetzeko aholkuak eskatu ahal dizkiezu eta, orduan, aholku horiek betetzeko ahal duzun guztia egin. Hala eginez gero, agian, zure helburua beteko duzu. Baina, lehen aipatutako Melissaren kasuan bezala, beharbada, orain ezinezkoa da zuretzat helburu hori lortzea. Zer egin dezakezu orduan? Nola mantendu dezakezu poza? Galdera hau erantzuteko, artikulu honetan honakoa aztertuko dugu: 1) Poza non bilatu, 2) zure poza nola handitu eta 3) poz handiagoa izateko zer motako helburuak jarri ditzakezun.

POZA NON BILATU

5. Pozik egoteko, zertan jarri behar dugu arreta? (Kohelet 6:9NWT)

5 Bibliaren arabera, toki egokian bilatzen badugu, poza aurkituko dugu (Irakurri Kohelet 6:9NWT c). Izan ere, «begiek ikusten dutenaz» gozatzen duen pertsonak, daukana estimatu egiten du, adibidez, momentuan duen egoera. Baina bere «desiren atzetik noraezean» ibiltzen den pertsonak, eduki ezin dituen gauzak nahi ditu. Beraz, ez dago inoiz pozik. Orduan, zer ikasten dugu? Poza lortzeko, lortu ezin ditzakegun gauzetan arreta jarri beharrean, dauzkagun gauzetan jarri behar dugula.

6. Zer parabola aztertuko dugu eta zer ikasiko dugu honetatik?

6 Pozik egoteko, askotan, erronka berriak behar ditugu. Baina posible al da dugun egoera aldatu gabe poza mantentzea? Bai, posible da. «Begiek ikusten dutenaz», hau da, oraintxe ditugun gauzez gozatu dezakegu. Nola? Hau jakiteko, aztertu dezagun Mateo 25:14-30 pasartean aurkitzen dugun talentuei buruzko Jesusen parabola. Oraintxe bertan dugun egoeran poza nola mantendu, baita nola handiagotu ere, ikasiko dugu.

ZURE POZA NOLA HANDITU

7. Talentuei buruzko Jesusen parabola laburbildu.

7 Parabolan, gizon bat bidaia bat egitera zihoan. Atera aurretik, bere morroiei deitu eta talentuak eman zizkien negozioetan aritzeko. d Bakoitzaren trebetasuna kontuan hartuz, gizonak bost talentu eman zizkion lehen morroiari, bi besteari eta talentu bat hirugarrenari. Lehen bi morroiek gogor egin zuten lan euren nagusiarentzat diru gehiago lortzeko. Hirugarrenak, berriz, ez zuen ezer egin emandako diruarekin eta nagusiak kanpora bota zuen.

8. Zergatik egon zitekeen pozik lehen morroia?

8 Lehen morroia oso pozik sentituko zen bere nagusiak bost talentu eman izanagatik. Diru kopuru handia zen eta bere nagusiak berarengan konfiantza handia zuela frogatzen zuen horrek! Baina zer esan dezakegu bigarren morroiari buruz? Desanimatuta sentitu zitekeen ez zituelako lehen morroiak bezainbeste talentu jaso. Baina, zer egin zuen?

Zer ikasi dezakegu Jesusek aipatutako bigarren morroiari buruz? 1) Bere nagusiarengandik bi talentu jaso zituen. 2) Bere nagusiarentzat diru gehiago lortzeko gogor egin zuen lan. 3) Bere nagusiaren talentuak bikoiztu zituen (Ikusi 9-11 paragrafoak)

9. Zer ez zuen Jesusek esan bigarren morroiari buruz? (Mateo 25:22, 23)

9 Irakurri Mateo 25:22, 23. Jesusek ez zuen esan bigarren morroia bi talentu bakarrik jaso izanagatik haserre eta nahigabetuta sentitu zenik. Ez zuen morroia honelako zerbait marmarka esanez deskribatu: «Hau al da jasoko dudan guztia? Zergatik? Bost talentu jaso dituen morroiak bezainbeste egin dut lan. Nire nagusiak estimatzen ez banau, nik ere bi talentuak lur azpian ezkutatu eta, berarentzat lan egin beharrean, niretzat egingo dut».

10. Zer egin zuen bigarren morroiak emandako talentuekin?

10 Lehen morroiak bezala, bigarren morroiak nagusiak emandako lana garrantzitsua zela ulertu zuen eta gogor egin zuen lan bera zerbitzatzeko. Ondorioz, nagusiak emandako talentu kopurua bikoiztu egin zuen eta nagusiak bere ahalegin handiak saritu egin zituen. Gainera, zoriondu eta ardura gehiago ere eman zizkion!

11. Nola handitu dezakegu gure poza?

11 Era berean, Jehobaren zerbitzuan duzun edozein eginkizunetan guztiz murgiltzen bazara, poz handiagoa sentituko duzu. Adibidez, egon zaitez predikatze-lanean erabat lanpetuta eta gogor aritu kongregazioarekin elkarlanean (Eg 18:5; Heb 10:24, 25). Bileretarako ondo prestatu eta, horrela, iruzkin animagarriak eman ahal izango dituzu. Aste-barruko bileran duzun edozein aurkezpen serio hartu. Kongregazioan zerbait egiteko eskatzen badizute, fidagarria eta puntuala izan. Ez pentsatu ematen dizkizuten eginkizunak ez direla inportanteak edota ez dutela zure denbora merezi. Gogor lan egin trebeagoa izateko (Es 22:29). Jarduera eta eginkizun espiritualetan zenbat eta gehiago murgildu, orduan eta azkarragoa izango da zure aurrerapena eta handiagoa zure poza (Ga 6:4). Gainera, besteek zuk nahi zenukeen arduraren bat jasotzen badute, errazagoa izango zaizu beraiengatik pozik egotea (Erm 12:15; Ga 5:26).

12. Zerk lagundu zien Nick eta Melissari poz handiagoa izaten?

12 Gogoratzen al duzu Melissa, Betelera edo Erreinuaren berri-emaileen eskolara joan naiz zuen arreba? Nahi zuena ez lortu arren, honakoa esaten du: «Aitzindaritzan eta predikatze mota desberdinetan guztiz murgilduta egoten saiatzen naiz. Honek poz handia eman dit». Eta, Nick-ek? Nola egin zion aurre dezepzioari laguntzaile izendatu ez zutenean? «Eskura nituen gauzetan jarri nituen arreta eta ahaleginak, adibidez, predikazioan eta bileretan iruzkin animagarriak ematean. Betelen zerbitzatzeko eskaera ere bete nuen eta hurrengo urtean bertan gonbidatu ninduten».

13. Zer emaitza lortuko duzu oraintxe dituzun eginkizunetan murgilduta bazaude? (Kohelet 2:24)

13 Oraintxe bertan dituzun eginkizunetan guztiz murgilduta bazaude, jasoko ote dituzu etorkizunean ardura gehiago? Agian bai. Hori gertatu zen Nick-en kasuan. Baina horrela ez bada, Melissaren kasuan bezala, hala ere poz handiagoa izango duzu eta Jehobaren alde egiten ari zarenagatik oso zoriontsu sentituko zara (Irakurri Kohelet 2:24). Honetaz gain, gure Nagusia, Jesu Kristo, zure ahaleginekin pozik dagoela jakitean, dudarik gabe izugarrizko poza sentituko duzu.

POZ HANDIAGOA LORTZEKO HELBURUAK

14. Gure eginkizunetan ahal dugun guztia egiten ari bagara ere, zer gehiago egin behar dugu?

14 Oraintxe bertan ditugun eginkizunetan ahal dugun guztia egiten ari bagara, esan nahi al du honek Jehobaren zerbitzuan gehiago egiten saiatu behar ez dugunik? Inola ere ez! Helburu berriak ipini beharko genituzke, adibidez, predikazioan trebeagoak eta anai-arrebentzat lagungarriagoak izatea. Arreta geure buruan jarri beharrean besteei zerbitzatzean jartzen dugunean, helburu horiek lortuko ditugu (Es 11:2; Eg 20:35).

15. Zer helburuk lagundu zaitzakete poz handiagoa sentitzen?

15 Zer helburu jarri ditzakezu? Eskaiozu Jehobari zuretzat errealistak diren helburuak zeintzuk diren jakiteko laguntza (Es 16:3; St 1:5). Saiatu al zaitezke artikuluko  lehen paragrafoan aipatutako helbururen bat lortzen? Adibidez, aitzindari erregularra edo laguntzaile izan zaitezke edota Betelen edo eraikuntza teokratikoen proiektuetan zerbitzatu dezakezu. Ikasi al dezakezu berri onak zabaltzeko hizkuntza berri bat? Joan al zaitezke beste eremu batera predikatzera? Helburu hauei buruz gehiago jakiteko, irakurri Organizados para hacer la voluntad de Jehová (Organisés pour faire la volonté de Jéhovah) liburuko 10. kapitulua eta zure kongregazioko adindunekin hitz egin. e Horrelako helburuak lortzen saiatu ahala, besteek zure aurrerapena ikusi ahal izango dute eta, gainera, zuk zeuk poz handiagoa sentituko duzu.

16. Zer egin dezakezu oraintxe bertan helburu zehatzen bat ezin baduzu lortu?

16 Baina zer egin dezakezu artikulu honetan aipatutako helburuak oraintxe bertan lortu ezin badituzu? Gakoa beste helbururen bat jartzea da, zuk lortu dezakezun bat. Pentsa ezazu hurrengo aukeretan.

Zein izan daiteke lortu dezakezun helburu bat? (Ikusi 17. paragrafoa) g

17. 1 Timoteori 4:13, 15⁠aren arabera, zer egin dezake anaia batek irakasle hobea izateko?

17 Irakurri 1 Timoteori 4:13, 15. Anaia bataiatua bazara, irakurle, hizlari eta irakasle hobea izaten saiatu zaitezke. Zergatik? «Gauza hauetaz etsi gabe» arduratzen bazara, zure entzuleei laguntzeko hobeto prestatuta egongo zarelako. Hobetu zure irakurketa eta irakaskuntza liburuxkako ikasgai bakoitza aztertzeko eta praktikan jartzeko helburua ipini. Ideia bakoitza banan-banan aztertu, etxean ondo praktikatu eta ezaugarri hori zure hitzaldietan erakusten saiatu. Eskatu laguntza aholkulari laguntzaileari edo hitz egiten eta irakasten gogor saiatzen diren beste adindunei (1 Tm 5:17). f Liburuxkako ikasgaietan pentsatzeaz gain, pentsatu zure entzuleen fedea nola indartu dezakezun edo ikasitakoa praktikan jartzera nola motibatu ditzakezun. Hala eginez gero, bai zu, baita besteak ere, pozez beteko zarete.

Zein izan daiteke lortu dezakezun helburu bat? (Ikusi 18. paragrafoa) h

18. Zerk lagundu gaitzake predikazioan helburuak betetzen?

18 Guztiok dugu predikatzeko eta ikasleak egiteko eginkizuna (Mt 28:19, 20; Erm 10:14). Trebeagoa izan nahi al duzu lan garrantzitsu honetan? Irakaskuntza liburuxkan aztertzen duzuna aplikatu ahala, helburu zehatzak jarri. Non aurkitu ditzakezu aholku praktiko gehiago? Adibidez Kristauon zerbitzu eta bizimodua lan-koadernoan eta aste barruko bileretan erakusten diren elkarrizketa ereduen bideoetan. Ideia desberdinak erabiltzen saiatu, emaitza onenak zeinek ematen dituen ikusteko. Aholku hauek praktikan jartzen badituzu, predikatzaile hobea bihurtuko zara eta izugarrizko poza sentituko duzu (2 Tm 4:5).

Zein izan daiteke lortu dezakezun helburu bat? (Ikusi 19. paragrafoa) i

19. Nola landu ditzakezu kristau ezaugarriak?

19 Zer helburu jarri behar dituzun pentsatzerakoan, ez ahaztu garrantzitsuenetariko bat: ezaugarri kristauak lantzea (Ga 5:22, 23; Kol 3:12; 2 P 1:5-8). Zer egin dezakezu helburu hori lortzeko? Demagun zure fedea sendotu nahi duzula. Zergatik ez dituzu irakurtzen gure argitalpenetan honi buruz ematen diren aholku praktikoak? Honetaz gain, JW Broadcasting® programen zatitxoak ikusi ditzakezu, batez ere zailtasunen aurrean fede paregabea erakutsi duten anai-arrebenak. Orduan, zure bizitzan beraien fedea nola imitatu dezakezun pentsatu.

20. Nola handitu dezakegu poza eta dezepzioa gutxitu?

20 Dudarik gabe, guztiok egin nahiko genuke Jehobaren alde orain egiten ari garena baino gehiago. Jainkoaren mundu berrian, bera bete-betean zerbitzatzeko aukera izango dugu. Bitartean, gure eskura dagoen edozein aukera aprobetxatzen badugu, gure poza handitu eta dezepzioa gutxitu dezakegu. Are inportanteagoa: Jehobari, gure Jainko zoriontsuari, ohorea eta aintza emango dizkiogu (1 Tm 1:11). Beraz, pozik egon gaitezen Jehobaren alde egin ditzakegun gauzengatik!

sn 45. KANTA Egin aurrera!

a Jehoba asko maite dugunez, bere zerbitzuan ahal dugun guztia egin nahi dugu. Hori kontuan hartuta, predikazioan edo kongregazioan gehiago egitera bultzatuta sentitu gaitezke. Baina zer gertatu daiteke, ahalegin guztiak egin arren, helburu batzuk ezin baditugu lortu? Zerk lagundu gaitzake Jehobaren zerbitzuan lanpetuta egoten eta poza mantentzen? Erantzuna Jesusen talentuen parabolan aurkituko dugu.

b Izen batzuk aldatu egin dira.

c Kohelet 6:9NWT: «Hobe begiek ikusten dutenaz gozatu, desiren atzetik noraezean ibiltzea baino. Hau ere huskeria da, haizea harrapatu nahian ibiltzea».

d ZER ESAN NAHI DU? Talentu bat langile arrunt batek 20 bat urtetan irabazten zuen diru-kopurua zen.

e Kongregazioko anaia bataiatuei laguntzaile eta adindun izateko baldintzak betetzera animatzen zaie. Baldintza hauek zeintzuk diren ikusteko, jo Organizados para hacer la voluntad de Jehová liburuko 5. eta 6. kapituluetara (Organisés pour faire la volonté de Jéhovah 5. eta 6. kapituluak).

f ZER ESAN NAHI DU? Aholkulari laguntzailea adindun eta kongregazioko laguntzaileei, beharrezkoa denean, aholkua bakarka emateko eginkizuna duen adinduna da. Aholku horiek mintzalekutik egiten diren partehartzeei buruzkoak dira.

g IRUDIAREN AZALPENA: Irakasle hobea izateko helburua lortzeko, anaia batek gure argitalpenak aztertzen ditu.

h IRUDIAREN AZALPENA: Informalki predikatzeko helburua jarri ondoren, arreba batek harreman-txartela eskaintzen dio kafetegi bateko zerbitzari bati.

i IRUDIAREN AZALPENA: Eskuzabala izateko helburua duen arreba batek beste bati opari bat ematen dio.