Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

37. IKASKETARAKO ARTIKULUA

«Herri guztiak dardararaziko ditut»

«Herri guztiak dardararaziko ditut»

«Herri guztiak dardararaziko ditut, eta herri guztietako ondasunak hemen bilduko dira» (AG 2:7).

sjj 24. KANTA Zatoz Jehobaren mendira

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zer motatako dardara egongo zela aurresan zuen Ageo profetak?

 «MINUTU gutxitan, dendak eta eraikin zaharrak behera etortzen hasi ziren». «Jende guztia izu-izu egina zegoen [...]. Jende askok bi minutu inguru iraun zuela esan zuen. Baina niri, oso luzea egin zitzaidan». 2015⁠ean Nepalen gertatu zen lurrikaratik bizirik atera ziren batzuen komentarioak dira hauek. Horrelako esperientzia ikaragarririk bizi izan bazenu, ez zenukeen erraz ahaztuko.

2 Gaur egun, hala ere, beste dar-dar mota bat bizitzen ari gara. Honek ez dio hiri bati edo herrialde bati bakarrik eragiten, herri guztiei baizik, eta urte asko darama dardarka. Hori Ageo profetak aurresan zuen: «Bai, honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Denbora gutxi barru, zeru-lurrei eta itsaso-lehorrei dardara eragingo diet» (Ag 2:6).

3. Zein da Ageok deskribatzen duen dardara eta benetako lurrikara baten arteko desberdintasuna?

3 Ageok deskribatzen duen dardara ez da benetako lurrikara bat bezalakoa, honek suntsipena bakarrik ekartzen baitu. Horren ordez, dardara honek emaitza onak lortzen ditu. Jehobak berak esaten digu: «Herri guztiak dardararaziko ditut, eta herri guztietako ondasunak hemen bilduko dira, eta neure etxea ospez beteko dut» (Ag 2:7). Zer esan nahi zuen profezia honek Ageoren garaian bizi izan zirenentzat? Eta zer esan nahi du guretzat gaur egun? Galdera hauen erantzuna aztertzeaz gain, gaur egun herri guztiei dardara eragiten nola parte hartu dezakegun ikusiko dugu.

AGEOREN GARAIKO MEZU ANIMAGARRIA

4. Zergatik bidali zuen Jehobak Ageo profeta bere herriarengana?

4 Jehobak Ageo profetari lan garrantzitsu bat eman zion. Gogora dezagun urte batzuk lehenago zer gertatu zen. K.a. 537. urtean Babilonian erbesteratuta zegoen juduen talde bat Jerusalemera itzuli zen eta Ageo, seguraski, beraien artean zegoen. Hara iritsi eta denbora gutxira, adoratzaile leial hauek Jehobaren etxeko, hau da, tenpluko oinarriak jarri zituzten (Esd 3:8, 10). Baina laster, zoritxarrez, egoera aldatu egin zen. Ingurukoen oposizioarengatik desanimatu eta proiektua bertan behera utzi zuten (Esd 4:4; Ag 1:1, 2). Beraz, K.a. 520. urtean, juduen gogoa berriz pizteko eta tenpluaren eraikuntza bukatzera motibatzeko bidali zuen Jehobak Ageo (Esd 6:14, 15). *

5. Zergatik izango zen animagarria Ageoren mezua Jainkoaren herriarentzat?

5 Ageoren mezuaren helburua Jehobarengan fedea indartzea zen. Profetak, ausardiaz, honakoa esan zien desanimatuta zeuden juduei: «“Izan adorea, herri oso horrek! [...] Ekin lanari, Neu nago zuegaz-ta” diño Gudarozteen Jaunak» (Ag 2:4, EB). «Gudarozteen Jauna» adierazpena oso animagarria izango zen, Jehobak aingeruen gudaroste izugarri baten gain boterea duelako. Beraz, judutarrek bere laguntzan konfiantza jarri behar zuten lana burutu ahal izateko.

6. Zein izango zen Ageok aurresandako dardararen ondorioa?

6 Jehobak herri guztiei dardara sinboliko bat eragingo ziela esatera bidali zuen Ageo. Mezu honek garai hartako munduko potentziari, Persiari, dardara eragingo ziola erakusten zuenez, asko lagunduko zien desanimatuta zeuden eta tenplua eraikitzeari utzi zioten judutarrei. Zein izango zen dardara horren ondorioa? Lehenik, Jainkoaren herriak tenpluaren eraikuntza bukatuko zuen. Gero, juduak ez zirenek ere berreraikitako tenpluan Jehoba adoratuko zuten. Dudarik gabe, mezu hura Jehobaren herriarentzat oso animagarria izango zen! (Za 8:9).

LURRA DARDARARAZTEN DUEN LANA

Lurrean dardara eragiten duen lanean parte hartzeko ahal duzun guztia egiten al duzu? (Ikusi 7 eta 8 paragrafoak) *

7. Dardara eragiten duen zer lanean lagundu dezakegu gaur? Azaldu.

7 Zer esan nahi du Ageoren profeziak guretzat gaur egun? Berriz ere Jehoba herri guztiei dardara eragiten ari da baina, oraingoan, gu ere laguntzen ari gara. Pentsatu honetan: 1914⁠ean Jehobak Jesu Kristo bere zeruko Erreinuaren errege egin zuen (Sal 2:6). Erreinua agintzen hastea berri txarra izan zen munduko agintarientzat. Honek nazioentzat «Jainkoak erabakitako garaia erabat bete» zela esan nahi zuen. Beste hitz batzuetan: Jehoba ordezkatzen zuen agintaririk ez zegoen garaia bukatu zen (Lk 21:24). Horregatik, 1919⁠tik aurrera bereziki, Jehobaren herria Jainkoaren Erreinua gizadiarentzat esperantza bakarra dela esaten aritu da. «Jainkoaren erregetzaren berri on» hauen predikazioak mundu guztiari dardara eragin dio (Mt 24:14).

8. 2. Salmoa 1-3 pasartearen arabera, nola erantzun dio nazioen gehiengoak mezu honi?

8 Nola erantzun dio jendeak mezu honi? Gehienek baztertu egin dute (Irakurri 2. Salmoa 1-3). Nazioak asaldatu edo aztoratu egin dira. Uko egiten diote Jehobak izendatutako agintaria onartzeari. Ez dute uste predikatzen dugun Erreinuaren mezua «berri ona» denik. Izan ere, gobernu batzuk predikatze-lana debekatzera iritsi dira! Nahiz eta nazio horietako agintari askok Jainkoa zerbitzatzen dutela esan, ez diote euren botereari uko egin nahi. Beraz, Jesusen garaiko agintariek egin zuten bezala, gaur egungo agintariak Jehobak aukeratutakoaren aurka jartzen dira bere zerbitzari leialei eraso eginez (Eg 4:25-28).

9. Zer egiten du Jehobak nazioen erantzun negatiboaren aurrean?

9 Zer egiten du Jehobak nazioen erantzun negatiboaren aurrean? 2. Salmoa 10-12 pasarteak erantzuten du: «Jokatu, beraz, zentzu onez, erregeok; zentza zaitezte, munduko agintariok. Zerbitzatu Jauna begirunez, bizi ikaraz, oi gizaki hilkorrok, bera sumindu eta zuen nagusigoa gal ez dadin, bat-batean pizten baitzaio haserrea. Zorionekoak harengan babesten direnak!». Jehobak, bihotz onekoa denez, aurkari hauei aldatzeko aukera ematen die. Oraindik Jainkoaren Erreinua onartu dezakete. Baina, ez da denbora asko gelditzen. Mundu honen «azken egunetan» bizi gara (2 Tm 3:1; Is 61:2). Ez da inoiz hain premiazkoa izan jendeak egia ezagutzea eta Jehoba zerbitzatzeko erabakia hartzea.

DARDARARI ERANTZUN POSITIBOA

10. Nola deskribatzen du Ageo 2:7-9 pasarteak pertsona batzuen erantzun positiboa?

10 Batzuek Ageok aurresandako dardarari ondo erantzun diote. Dardara honen ondorioz, herri guztietako «ondasunak», hau da, bihotz oneko pertsonak, Jehoba adoratzera etorriko zirela esan zuen Ageok (Irakurri Ageo 2:7-9). * Isaiasek eta Mikeasek ere azken egunetan horixe gertatuko zela aurresan zuten (Is 2:2-4; Mi 4:1, 2).

11. Zer egin zuen anaia batek Erreinuaren mezua entzun zuenean?

11 Ikus dezagun egoitza nagusian zerbitzatzen duen Ken anaiak egin zuena dardara sortzen duen mezu hau entzun zuenean. Ondo gogoratzen du orain dela 40 bat urte Erreinuaren mezua lehenengo aldiz entzun zuen momentua. Kenek dio: «Lehenengo aldiz Jainkoaren Hitzaren egia entzun nuenean, oso pozik nengoen mundu honen azken egunetan bizi ginela jakiteaz. Jainkoaren onespena eta betiko bizia lortzeko zer egin behar nuen ulertu nuen: mundu ezegonkor honetatik ihes egin eta Jehobaren ondoan tinko egon. Jehobari otoitz egin eta segituan egin nuen hau. Mundua atzean utzi eta inoiz dar-dar egingo ez duen Jainkoaren Erreinuaren segurtasunera egin nuen ihes».

12. Nola bete da aintzaz Jehobaren tenplu espirituala azken egun hauetan?

12 Argi dago Jehoba bere herria bedeinkatzen aritu dela. Azken egun hauetan, bere adoratzaileen kopurua izugarri handitu dela ikusi dugu. 1914⁠an milaka gutxi batzuk besterik ez ginen. Gaur egun aldiz, zortzi milioi baino gehiago ari gara Jainkoa adoratzen, eta urtero milioika lagun elkartzen zaizkigu Oroitzapenean. Modu honetan, Jehobaren tenplu espiritualaren lurreko ataria bete dute «herri guztietako ondasun» denek. Tenplu hori Jehobak bera garbi adoratzeko egin duen antolaketa da eta, bertan daudenek, izaera berria janzteko egin dituzten aldaketekin Jehobaren izena goraipatu dute (Ef 4:22-24).

Munduan zehar, Jainkoaren herriak besteei Jainkoaren Erreinuari buruz poz-pozik hitz egin die (Ikusi 13. paragrafoa

13. Zein beste profezia bete ditu Jehobaren zerbitzarien hazkundeak? (Ikusi azaleko irudia)

13 Gertakari zirraragarri hauek beste profezia batzuk ere bete dituzte, esaterako, Isaias 60⁠a. Kapitulu horretako 22. bertsetak dio: «Hain gutxi izanik, milaka ugalduko dira; hain kaskar izanik, nazio handi bihurtuko. Berehala gertaraziko dut nik, Jaun honek, garaia iritsi bezain laster». Askoz ere jende gehiago Jehoba adoratzen hasi denez, zoragarria den zerbait gertatzen ari da. «Ondasun» hauek Jainkoaren Erreinuaren berri onak predikatzeko gogo bizia ekartzeaz gain, hainbat trebetasun eta abilezia ere ekarri dituzte. Ondorioz, Jainkoaren herriak «nazioen esnea», hau da, abilezia hauek erabili ditzake Isaiasek esan zuen bezala (Is 60:5, 16, oharra). Gizon-emakume baliotsu hauen laguntzarekin, 240 herrialdetan berri onak predikatu eta 1.000 hizkuntza baino gehiagotan argitaratzen ditugu argitalpenak.

ERABAKITZEKO GARAIA

14. Zer erabaki behar du jendeak?

14 Amaieraren garai honetan, herrien dardara jendea erabaki bat hartzera behartzen ari da. Noren alde jarriko dira? Jainkoaren Erreinuaren alde ala munduko gobernuetan jarriko dute konfiantza? Denek egin beharko diote aurre erabaki honi. Jehobaren herria, nahiz eta bizi den lurraldeko gobernuaren legeak obeditu, munduko politikari dagokionez erabat neutrala da (Erm 13:1-7). Badaki munduaren parte ez den Erreinu hori gizadiaren arazoen konponbide bakarra dela (Jn 18:36, 37).

15. Nola deskribatzen du Apokalipsia liburuak Jehobaren herriak edukiko duen leialtasun-proba?

15 Apokalipsia liburuak Jehobaren herriak azken egunetan edukiko duen leialtasun-proba deskribatzen du. Probaldi horretan pertsekuzio eta oposizio latza izaten jarraituko dugu. Mundu honetako gobernuek gure adorazioa beraiengana zuzentzeko eskatuko digute eta beraien alde jartzen ez direnak pertsegituko dituzte (Ap 13:12, 15). Guztiak, «txiki nahiz handi, aberats nahiz behartsu, libre nahiz esklabo, eskuineko eskuan nahiz bekokian marka bat» eramatera behartuko dituzte (Ap 13:16). Antzinako esklabuei, norenak ziren erakusteko, kendu ezin zen marka bat jartzen zieten. Era berean jendeak, gaur egun ere, mundu guztiak eskuan edo bekokian marka bat eramatea esperoko du. Euren pentsamendu eta ekintzek sistema politikoarenak direla eta honen alde daudela erakutsiko dute.

16. Zergatik da premiazkoa Jehobari diogun leialtasuna sendotzea?

16 Onartuko al dugu marka sinboliko hau munduko gobernuen alde jarriz? Marka onartu nahi ez dutenek arazo eta arrisku asko izango dituzte. Izan ere, Apokalipsia liburuaren arabera, marka hori ez daramatenek ezin izango dute ezer erosi edo saldu (Ap 13:17). Baina Jainkoaren herriak badaki zer egingo duen Jainkoak marka daramatenekin (Ap 14:9, 10). Beraz, marka hori eraman beharrean, beraien eskuetan honakoa idatziko dute: Jehobarena (Is 44:5). Orain da Jehobari diogun leialtasuna sendoa dela ziurtatzeko garaia. Hala bada, Jehobak pozik esango du bereak garela!

AZKEN DARDARA

17. Zer izan behar dugu kontuan Jehobaren pazientziari buruz?

17 Jehobak azken egun hauetan pazientzia handia erakutsi du, ez baitu inor suntsitua izaterik nahi (2 P 3:9). Denei eman die damutzeko eta erabaki zuzena hartzeko aukera. Baina bere pazientziak ez du betirako iraungo. Aukera hori baztertzen dutenak Moisesen garaiko Faraoiaren antzeko egoeran egongo dira. Jehobak honakoa esan zion Faraoiari: «Nire ahalmen guztia erakutsi nahi izan banu zu eta zure herria izurriz jotzean, honezkero suntsitua zinatekeen mundu honetatik; baina bizirik utzi zaitut nire ahalmena erakusteko eta mundu osoan nire izena iragar dezaten» (Ir 9:15, 16, oharra). Azkenean herri guztiek jakin beharko dute Jehoba egiazko Jainko bakarra dela (Ez 38:23). Nola gertatuko da hori?

18. a) Zer beste dardara mota deskribatzen da Ageo 2:6, 20-22 pasartean? b) Nola dakigu Ageoren hitzak etorkizunean beteko direla?

18 Ageok profezia esan eta ehunka urte geroago, Paulo apostoluak Ageo 2:6, 20-22⁠ko hitzak etorkizunean beteko zirela erakutsi zuen (Irakurri). Honakoa idatzi zuen Paulok: «Jainkoak hau hots egiten digu orain: “Oraindik beste behin, lurrari ez ezik, zeruari ere dar-dar eragingo diot”. “Oraindik beste behin” hitzek hau adierazten dute: dar-dar egiten duten gauzak, eginak direnez, desagertu egingo direla, dar-dar egin ez dezaketenak bakarrik geldi daitezen» (Heb 12:26, 27). Bertsek hauek aipatzen duten dardara eta Ageo 2:7⁠ko dardara desberdinak dira. Izan ere, Paulok aipatutakoak Jehobaren agintzeko eskubidea baztertzen dutenentzat, Faraoiarentzat bezala, betiko suntsipena esan nahiko du.

19. Zerk ez du dardararik egingo, eta nola dakigu?

19 Zerk ez du dardararik egingo? Paulok honela jarraitzen du: «Horregatik, dardaratuko ez den erreinua hartu dugunez, izan gaitezen esker oneko eta eman diezaiogun Jainkoari berak atsegin duen kultua begirunez eta errespetuz» (Heb 12:28). Azken dardara handiaren ostean, egoera baretzen denean, Jainkoaren Erreinua izango da dar-dar egingo ez duen bakarra. Bere tokian tinko jarraituko du! (Sal 110:5, 6; Dn 2:44).

20. Zer erabaki hartu behar du jendeak, eta nola lagundu ahal diogu?

20 Ez dago denbora galtzerik! Jendeak erabaki bat hartu behar du: Mundu honek bultzatzen duen eta suntsipenera daraman bizimoduaren alde jarri, edo Jainkoaren nahiarekin bat datorren eta betiko bizira daraman bizimodua izaten saiatu (Heb 12:25). Gure predikazioaren bidez, gai inportante honetan, zein aldetan jarri erabakitzen lagundu ahal diogu jendeari. Lagundu diezaiegun «ondasun» baliotsu gehiagori Jainkoaren Erreinuaren alde jartzen. Eta gogoratu ditzagun Jesus, gure Jaunaren, hitzak: «Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau, herri guztiek haren berri izan dezaten. Orduan etorriko da azkena» (Mt 24:14).

sjj 40. KANTA Norenak gara?

^ § 5 Artikulu honek Ageo 2:7⁠ari buruzko ulermena eguneratuko du. Herri guztiak dardararazten ari den lan zirraragarrian nola parte hartu ikasiko dugu. Batzuek lan honi erantzun positiboa eta beste batzuek negatiboa emango diotela aztertuko dugu.

^ § 4 Tenpluaren eraikuntza K.a. 515. urtean bukatu zenez, badakigu Ageok Jehobak emandako lanean arrakasta izan zuela.

^ § 10 Hau gure ulermenaren eguneraketa da. Bihotz oneko pertsonak ez zirela herri guztiak dardararaztearen ondorioz Jehoba zerbitzatzen hasi esan izan dugu. Ikusi aldizkari honen 2006⁠ko maiatzaren 15⁠eko alearen «Preguntas de los lectores» edo «Questions des lecteurs».

^ § 63 IRUDIAREN AZALPENA: Ageok Jainkoaren herriari tenplua gogo biziz berreraikitzeko esan zion; gaur egungo Jainkoaren herriak gogo biziz predikatzen du Jainkoaren mezua. Lurrean dardara eragiten duen lanean, bikote batek azkeneko dardarari buruz predikatzen du.