Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

38. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Gehiago hurbildu zure familia espiritualarengana

Gehiago hurbildu zure familia espiritualarengana

«Neure eta zuen Aitarengana noa» (JN 20:17).

sjj 3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer harreman izan dezakegu Jehobarekin?

 JEHOBAREN adoratzaileen familiaren barne Jesus, «izaki guztietan lehen-sortua», eta milioika aingeru daude (Kol 1:15; Sal 103:20). Lurrean egon zenean, Jesusek gizaki leialek Jehobari Aita deitu ahal ziotela esan zuen. Izan ere, bere jarraitzaileekin hitz egiterakoan, Jehoba «neure eta zuen Aita» zela adierazi zien (Jn 20:17). Eta geure burua Jehobari eskaini eta bataiatzen garenean, anai-arrebez osatutako familia maitekorraren parte izatera iristen gara (Mk 10:29, 30).

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Batzuentzat zaila da Jehoba Aita maitekor bat bezala ikustea. Beste batzuek agian ez dakite beraien anai-arrebei maitasuna nola erakutsi. Jesusek Jehoba Aita maitekorra dela eta berarengana hurbildu gaitezkeela erakutsi zigun. Ikus dezagun nola. Gainera, Jehoba imitatuz, gure anai-arrebei maitasuna erakusteko moduak aztertuko ditugu.

JEHOBAK BERARENGANA HURBILDU ZAITEZEN NAHI DU

3. Nola hurbiltzen gaitu Jehobarengana otoitz ereduak?

3 Jehoba Aita maitekorra da. Jesusentzat Jehoba ez da guraso gogor eta zorrotza, baizik eta goxoa, maitekorra eta hurbilerraza. Guk ere modu horretan ikustea nahi du. Hau argi ikusten da Jesusek bere ikasleei zeri buruz otoitz egin zezaketen irakastean. Otoitz eredua honela hasi zuen: «Gure Aita» (Mt 6:9). Jesusek posible zuen Jehobari «Ahaltsua», «Egilea» edo «Gizaldien Erregea» deitu, eta berez ez litzateke gaizki egongo, Bibliak titulu horiek guztiak erabiltzen baititu Jehoba aipatzean (Has 49:25; Koh 12:1; 1 Tm 1:17). Hala ere, Jesusek Jehobari «Aita» deitzeko esan zigun.

4. Nola dakigu Jehobak gu berarengana hurbiltzea nahi duela?

4 Zaila egiten al zaizu Jehoba Aita maitekor bat dela pentsatzea? Batzuontzat hala da. Gure aita ez bazen gurekin goxoa izan, agian zaila egingo zaigu maite gaituen aita bat imajinatzea. Baina, zein kontsolagarria den Jehobak gure sentimenduak erabat ulertzen dituela jakitea! Guregandik hurbil egon nahi du. Horregatik, bere Hitzak honakoa egitera animatzen gaitu: «Hurbil zaitezte Jainkoarengana, eta hurbildu egingo zaizue» (St 4:8). Jehobak maite gaitu eta izan dezakegun Aitarik onena izango dela esaten digu.

5. ⁠Lukas 10:22⁠aren arabera, nola laguntzen digu Jesusek Jehobarengana hurbiltzen?

5 Jesusek Jehobarengana hurbiltzen lagundu gaitzake. Jehoba oso ondo ezagutzen du eta bere ezaugarriak modu perfektuan imitatzen ditu. Horregatik honakoa esan zuen: «Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du» (Jn 14:9). Zaharragoa den anaia batek bezala, Jesusek gure Aita errespetatzen eta obeditzen, honi gustatzen ez zaizkion gauzak baztertzen eta bere onespena lortzen irakasten digu. Baina lurrean izan zuen bizimoduarekin erakusten du, batez ere, zein maitekor eta goxoa den Jehoba (Irakurri Lukas 10:22). Ikus ditzagun adibide batzuk.

Aita maitekor batek bezala, Jehobak aingeru baten bidez indartu zuen bere Semea (Ikusi 6. paragrafoa) *

6. Zer egoeratan entzun zion Jehobak Jesusi? Aipatu adibide batzuk.

6 Jehobak bere seme-alabei entzuten die. Ikus dezagun bere lehen Semeari nola entzun zion lurrean egon zen bitartean. Jehobak, zalantzarik gabe, Jesusek eskainitako otoitz ugariak entzun zituen (Lk 5:16). Jesusek erabaki garrantzitsuak hartzeko otoitz egitean, esaterako 12 apostoluak aukeratu behar zituenean, Aitak entzun egin zion (Lk 6:12, 13). Gainera, oso larri sentitu zenean egin zituen otoitzak ere entzun zituen. Adibidez, Judasek saldu baino lehentxeago, Jesusek barren-barrenetik egin zion otoitz izango zuen proba latzari buruz. Jehobak otoitza entzuteaz gain, aingeru bat bidali zuen bere Seme maitea sendotzeko (Lk 22:41-44).

7. Zer sentitzen duzu Jehobak zure otoitzak entzuten dituela jakitean?

7 Gaur egun ere, Jehobak bere zerbitzarien otoitzak entzuten jarraitzen du eta garai aproposean eta modurik onenean erantzuten ditu (Sal 116:1, 2). Indiako arreba batek Jehobak bere otoitzak nola erantzun zituen ikusi zuen. Arazo emozional larriak zituen eta laguntzeko erregutzen zion. Honakoa idatzi zuen: «2019⁠ko maiatzeko JW Broadcasting® programak kezkak eta antsietatea ditugunean zer egin dezakegun azaldu zuen eta horixe zen behar nuena. Nire otoitzen erantzuna izan zen».

8. Nola erakutsi zuen Jehobak Jesus maite zuela?

8 Jesusek lurrean eginkizun zaila izan zuen, baina Jehobak maitatu eta zaindu egin zuen. Gu ere modu berean maitatzen eta zaintzen gaitu (Jn 5:20). Jesusek izan zituen behar espiritual, emozional eta fisiko guztiak ase zituen. Gainera, maite zuela eta berarekin pozik zegoela esan zion bere Semeari (Mt 3:16, 17). Jesusek bere zeruko Aita maitekorra bere ondoan beti egongo zela eta lagunduko ziola zekienez, ez zen inoiz bakarrik sentitu (Jn 16:32).

9. Nola dakigu Jehobak maite gaituela?

9 Jesusek bezala, Jehobaren maitasuna modu askotan ikusi dugu guztiok. Pentsatu: Jehobak berarengana erakarri gaitu eta zoriontsu egiten gaituen eta gure behar emozionalak asetzen dituen familia espiritual maitekor bat eman digu (Jn 6:44). Gure fedea sendo mantentzeko behar dugun elikagai espiritual guztia ere ematen digu. Gainera, egunero bizitzeko behar duguna lortzen laguntzen digu (Mt 6:31, 32). Jehobak digun maitasunean pentsatzen dugun heinean, guk diogun maitasuna ere handitu egiten da.

MAITATU ZURE FAMILIA ESPIRITUALA JEHOBAK EGITEN DUEN MODUAN

10. Nola imitatu dezakegu Jehobak gure anai-arrebei dien maitasuna?

10 Jehobak gure anai-arrebak maite ditu. Baina guretzat agian beti ez da erraza maitasun hori sentitu eta adieraztea. Azken finean, denok gara kultura eta jatorri desberdinekoak, eta guztiok egiten ditugu besteak haserretu eta dezepzionatzen dituzten akatsak. Baina denok saiatu gaitezke gogor gure familia espiritualaren maitasuna handitzen. Nola? Gure Aita imitatuz, anai-arrebei maitasuna erakutsiz (Ef 5:1, 2; 1 Jn 4:19). Ikus dezagun zer ikasi dezakegun Jehobaren eredutik.

11. Nola imitatu zuen Jesusek Jehobaren erruki handia?

11 Jehoba oso «errukitsua» da (Lk 1:78). Errukitsua dena, besteak sufritzen ikustean, kezkatu egiten da eta laguntzeko eta kontsolatzeko moduak bilatzen ditu. Jendearekin jokatu zuen moduarekin, Jesusek Jehobaren errukia imitatu zuen (Jn 5:19). Behin, «jendetza ikustean, errukitu egin zitzaien Jesus, nekatuak eta lur jota baitzeuden, artzain gabeko ardiak bezala» (Mt 9:36). Jesusen errukia sentimendu goxo bat baino gehiago zen. «Nekatu eta zamatu» guztiei laguntza eskaini zien eta gaixorik zeudenak sendatu zituen (Mt 11:28-30; 14:14).

Imitatu Jehoba anai-arrebekin errukitsua eta eskuzabala izanez (Ikusi 12-14 paragrafoak) *

12. Nola erakutsi ahal diegu errukia gure anai-arrebei?

12 Gure anai-arrebek dituzten arazoetan pentsatzen badugu, errukia erakutsi ahal izango diegu. Adibidez, pentsa arreba batek gaixotasun larri bat daukala. Bere arazoari buruz ez du inoiz hitz egiten, baina seguraski laguntza praktiko txiki bat asko eskertuko luke. Ez zaio erraza egingo familiaren behar fisikoak asetzea. Lagundu al dezakegu janaria prestatzen edo etxea garbitzen? Edo demagun anaia batek lana galdu duela. Eskertuko al luke diru pixka bat lan berri bat aurkitu bitartean? Agian guregandik datorrela esan gabe, laguntza hori eman ahal diogu.

13, 14. Nola izan gaitezke eskuzabalak Jehoba bezala?

13 Jehoba eskuzabala da (Mt 5:45). Errukia erakusteko ez genuke gure anai-arrebek laguntza eskatu arte itxaron behar. Jehobak bezala, lehen pausoa eman dezakegu. Adibidez, guk eskatu gabe gure Aitak eguzkia ateratzen du egunero! Eta eguzkiaren berotasunak guztiok bizirik mantentzen gaitu, ez eskertuta daudenak bakarrik. Behar ditugun gauzak emanez, Jehobak maite gaituela erakusten digu. Zenbat maite dugun Jehoba hain ona eta eskuzabala izateagatik!

14 Zeruko Aita imitatuz, gure anai-arrebek eskuzabaltasuna erakusteko lehen pausoa ematen dute. Adibidez, 2013⁠an, Haiyan supertifoiak sekulako triskantza sortu zuen Filipinetan. Gure anai-arreba askok etxeak eta ondasunak galdu zituzten. Baina mundu osoko familia espirituala ziztu bizian etorri zen laguntzera. Askok dirua eman zuten edo eraikuntza lan izugarrian parte hartu zuten. Urtebete baino gutxiagoan ia 750 etxe berreraiki edo konpondu zituzten! COVID-19 pandemian zehar, Lekukoek gogor egin dute lan euren anai-arrebak laguntzeko. Gure familia espirituala segituan laguntzen dugunean, maite dugula erakusten dugu.

15, 16. 86. Salmoa 5⁠aren arabera, zein da gure zeruko Aita imitatzeko modu inportante bat?

15 Jehoba barkabera da (Irakurri 86. Salmoa 5). Egunero-egunero gure zeruko Aitak barkatu egiten digu (Sal 103:10-14). Jesusen jarraitzaileak inperfektuak ziren; hala ere, Jesus barkabera izan zen beraiekin. Gure bekatuak barkatuak izan daitezen bere bizitza eskaintzeko ere prest egon zen (1 Jn 2:1, 2). Jehoba eta Jesus barkaberak direla ikusita, ez al zara beraiengandik gertuago sentitzen?

16 Eskuzabaltasunez «elkarri barkatuz», gure arteko maitasun lotura sendotzen da (Ef 4:32). Noski, besteei barkatzea oso zaila izan daiteke batzuetan. Beraz, badugu zertan hobetu. Arreba batek eskuzabaltasunari eta batak besteari barkatzeari buruzko artikulu bat irakurri zuen eta asko lagundu zion. * Honakoa dio arrebak: «Artikulu honek beste ikuspuntu bat izaten lagundu dit, positiboagoa. Artikuluaren arabera, barkatzeak ez du esan nahi gaizki egindakoa onartzen duzunik edo sortutako mina sentitzen ez duzunik. Horren ordez, barkatzeak erresuminari joaten uztea eta barneko bakea mantentzea esan nahi du». Anai-arrebei eskuzabaltasunez barkatzen diegunean, maite ditugula eta gure Aita Jehoba imitatzen dugula erakusten dugu.

ESTIMATU JEHOBAREN FAMILIAN DUZUN TOKIA

Helduek eta gazteek anaiartea maite dutela erakutsi dute (Ikusi 17. paragrafoa) *

17. ⁠Mateo 5:16⁠aren arabera, nola ohoratu dezakegu gure zeruko Aita?

17 Ohore handia da nazioarteko familia maitekor baten parte izatea. Ahalik eta jende gehienak Jainkoa gurekin adoratzea nahi dugu. Hau kontuan izanda, ez genuke inoiz Jehobaren edo bere herriaren izena zikindu dezakeen ezer egin nahi. Ondo jokatzen saiatzen gara jendea Jehobarengana erakarria sentitu dadin (Irakurri Mateo 5:16).

18. Zerk lagundu gaitzake ausardiaz predikatzen?

18 Batzuetan, gure zeruko Aita obeditzen dugulako, batzuek gutxietsi edo pertsegitu ere egin gaitzakete. Zer egin dezakegu besteei gure sinesmenei buruz hitz egin behar diegunean beldur bagara? Jehoba eta bere Semeak lagunduko diguten konfiantza izan dezakegu. Esan beharrekoari buruz ez kezkatzeko esan zien Jesusek bere jarraitzaileei. Zergatik? Jesusek esan zien: «Une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan; ez zarete zuek mintzatuko, zuen Aitaren Espiritua mintzatuko da zuen bidez» (Mt 10:19, 20).

19. Aipatu ausardiaz predikatu zuen norbaiten eredua.

19 Ikus dezagun Hegoafrikan Robert anaiari gertatutakoa. Orain dela denbora bat, biblia-ikasle berria zenean eta Bibliaren ezagutza gutxi zuenean, soldadutza egin nahi ez izateagatik epaitegi militar baten aurrean aurkeztu behar izan zuen. Ausardiaz bere kristau anai-arrebak maite zituelako neutral mantendu nahi zuela azaldu zuen. Gure familia espiritualean zuen tokia estimatu zuen! «Nortzuk dira zure anai-arrebak?» galdetu zion epaile batek bat-batean. Robertek ez zuen galdera hau espero. Baina segituan, eguneko aipua gogoratu zuen, Mateo 12:50: «Zeruko nire Aitaren nahia egiten duena, horixe dut nik anaia, arreba eta ama». Nahiz eta Robert biblia-ikasle berria izan, Jehobaren espirituak galdera hura eta espero gabeko beste galdera batzuk erantzuten lagundu zion. Dudarik gabe, Jehoba Robertez oso harro sentituko zen! Eta guk ere egoera zailetan ausardiaz predikatzeko berarengan konfiantza jartzen dugunean, gutaz harro dago.

20. Zer segi behar dugu egiten? (Joan 17:11, 15)

20 Asko eskertzen dugu hain maitekorra den familia espiritualaren parte izatea. Izan dezakegun Aitarik onena dugu, baita maite gaituzten anai-arreba asko ere. Jarraitu dezagun beti eskerrak ematen. Satanas eta bere jarraitzaile gaiztoak gure zeruko Aitaren maitasuna zalantzan jarri dezagun eta gure batasuna hausten saiatzen dira. Hala ere, gure familiak batuta jarraitu dezan, Jesusek gu zaintzeko eskatu zion Aitari (Irakurri Joan 17:11, 15). Jehoba otoitz hura erantzuten ari da. Jesusek bezala, ez dezagula inoiz zalantzan jarri gure zeruko Aitak maite gaituela eta lagunduko digula. Segi dezagun gure familia espiritualarengandik gero eta hurbilago egoten.

sjj 99. KANTA Milaka anai-arreba

^ § 5 Anai-arrebez osatutako familia maitekorraren parte izateko ohore paregabea dugu. Guztiok sendotu nahi dugu gure arteko maitasun lotura. Nola egin dezakegu? Gure Aitak maitatzen gaituen modua imitatuz, eta Jesusen eta gure anai-arreben eredua jarraituz.

^ § 16 Ikusi aldizkari honetako 2012⁠ko azaroak 15⁠eko alearen 26-30 orrialdeetako «Perdónense liberalmente unos a otros» edo «Pardonnons-nous volontiers les uns aux autres» artikulua.

^ § 57 IRUDIAREN AZALPENA: Jehobak aingeru bat bidali zuen Getsemaniko baratzera Jesus indartzera.

^ § 59 IRUDIAREN AZALPENA: COVID-19 pandemian zehar, askok elikagaiak lortzen eta banatzen egin zuten lan.

^ § 61 IRUDIAREN AZALPENA: Ama batek bere alabari laguntzen dio espetxean dagoen anaia bati gutun animagarri bat idazten.