Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

43. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Ez etsi!

Ez etsi!

«Ez gaitezen, beraz, aspertu on egiten, zeren, etsitzen ez badugu, jasoko baitugu uzta bere garaian» (GA 6:9).

sn 44. KANTA Parte hartu pozik uztan

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zergatik gaude Jehobaren lekukoak izateaz zoriontsu eta harro?

OSO zoriontsu eta harro sentitzen gara Jehobaren lekuko izateaz! Jehobaren herria gara eta, besteei berari buruz predikatuz eta irakatsiz, bere Lekukoak garela frogatzen dugu. Izugarrizko poza sentitzen dugu «betiko bizirako jarrera egokia» duen norbaiti sinestun bihurtzen laguntzen diogunean (Eg 13:48NWT). Jesus bezala sentitzen gara. Bere ikasleek predikazioan izan zituzten bizipen politak kontatu zizkiotenean, «pozez bete» zen (Lk 10:1, 17, 21).

2. Nola erakutsi dezakegu predikazioa guretzat oso inportantea dela?

2 Predikazioa oso inportantea da guretzat. Paulo apostoluak honakoa eskatu zion Timoteori: «Egin kontu zeure buruari eta irakasten duzunari». Honakoa ere esan zion: «Hori eginez, bai zeure burua, bai entzuleak salbatuko baitituzu» (1 Tm 4:16). Beraz, gure predikazioak biziak salbatzen ditu. Jainkoaren Erreinuko hiritarrak garenez, kontuz ibiltzen gara egiten dugunarekin. Gure jokabideak Jehoba goraipatzea eta predikatzen ditugun berri onekin bat etortzea nahi dugu beti (Flp 1:27). Gure irakaspenari kontu egiten diogula erakusten dugu predikaziorako ondo prestatuz eta, besteei predikatu baino lehen, Jehobaren laguntza eskatuz.

3. Zelako erantzuna jaso dezakegu Erreinuko mezua predikatzean? Aipatu adibide bat.

3 Nahiz eta ahal dugun guztia egin, agian gure eremuan jendeak ez du Erreinuko mezuan interesik izango. Pentsa dezagun Georg Lindal anaiari gertatutakoan. Islandian zehar bakar-bakarrik predikatu zuen 1929-1947 arte. Milaka liburu utzi zituen baina inork ez zuen egia onartu. Honakoa idatzi zuen: «Badirudi batzuk egiaren aurka jarri direla. Baina gehienek ez dute batere interesik». Galaadeko misiolariak iritsi eta lana zabaldu ostean ere, bederatzi urte pasa ziren islandiar batzuek Jehobari euren burua eskaini eta bataiatu arte. *

4. Nola sentitu gaitezke jendeak Biblia ikasteko interesik agertzen ez duenean?

4 Pena ematen digu jendeak Biblia ikasteko interesik agertzen ez duenean. Paulo bezala sentitu gaitezke: «Handia da nire nahigabea, etengabea nire bihotzaren mina» (Erm 9:1-3). Judu gehienek Jesus promestutako Mesias zela ukatu zutenean esan zituen Paulok hitz hauek. Agian norbaitekin Biblia ikasten ari zara. Gogor saiatzen zara irakasle ona izaten eta bere alde otoitz egiten. Baina, zer gertatzen da ikasitakoa ez badu praktikan jartzen eta ikastaroa eten behar baldin baduzu? Eta ez badiozu inori bataioraino iristen lagundu? Zure errua dela eta Jehoba zurekin pozik ez dagoela sentitu behar al duzu? Artikulu honetan bi galdera erantzungo ditugu: 1) Zer da predikazioan arrakasta izatea? 2) Predikatzen dugunean, zer espero beharko genuke?

ZER DA PREDIKAZIOAN ARRAKASTA IZATEA?

5. Zergatik ez ditu Jehobarentzat egiten dugun lanak espero genituen emaitzak lortzen beti?

5 Bibliak Jehobaren nahia egiten duenari buruz honakoa dio: «Egiten duen guztia ongi zaio ateratzen» (Sal 1:3). Hala ere, honek ez du esan nahi Jehobaren alde egiten dugun guztia guk nahi bezala aterako denik. Gure edo besteen inperfekzioaren ondorioz, gizakiok «kezkak ugari» ditugu (Jb 14:1). Gainera, gure aurka daudenek batzuetan predikazioa denbora batez gelditu dezakete (1 Ko 16:9; 1 Ts 2:18). Nola neurtzen du Jehobak gure predikazioaren arrakasta? Azter ditzagun galdera hau erantzuten lagunduko diguten biblia-printzipio batzuk.

Aurrez-aurre, eskutitzez edo telefonoz predikatzen dugun axola gabe, Jehobak gure esfortzuak estimatzen ditu (Ikusi 6. paragrafoa)

6. Nola neurtzen du Jehobak bere alde egindako lanaren arrakasta?

6 Jehobak gure esfortzuak eta iraupena kontuan hartzen ditu. Nahiz eta besteek ez entzun, bera maite dugulako gogo biziz predikatzen dugunean, Jehoba oso pozik dago gurekin. Paulok esan zuen: «Zintzoa da, bai, Jainkoa eta ez da ahaztuko zuek egin duzuenaz, ezta, lehen nahiz orain fededunak zerbitzatuz, berari agertu diozuen maitasunaz ere» (Heb 6:10). Jehobak guk erakutsitako maitasuna eta ahaleginak gogoratzen ditu, nahi bezalako emaitzarik ez lortu arren. Beraz, Paulok korintoarrei esandako hitzak ere zuretzat izan daitezke: «Jaunak ez duela zuen nekea saririk gabe utziko», nahiz eta neke horrek espero zenuen emaitzarik ez eman (1 Ko 15:58).

7. Zer ikasi dezakegu Paulo apostoluak bere predikazioaz esandakotik?

7 Paulo apostolua misiolari bikaina zen eta hiri pila batetan kongregazio berriak sortu zituen. Baina, irakasle ona ez zela esanez kritikatu zutenean, ez zen kristau bihurtzen zenbati lagundu zien kontatzen hasi. Bere gainetik jarri nahi zutenei erantzun beharrean, honako hau besterik ez zuen esan: «Lan gehiagotan egon naz» (2 Ko 11:23, Ke, ortografia egokitua). Paulok bezala, gogoan izan Jehobarentzat inportanteena lan gogor egitea eta ez etsitzea dela.

8. Zer izan behar dugu gogoan gure predikazioari buruz?

8 Jehobari gure predikazioa asko atsegin zaio. Jesusek 70 ikasle bidali zituen Jainkoaren Erreinuari buruzko mezua predikatzera, eta «poz-pozik itzuli ziren». Zergatik zeuden hain pozik? Honakoa esan zuten: «Deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izena aipatzean». Hala ere, Jesusek beraien pentsaera zuzendu zuen honakoa esanez: «Ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako» (Lk 10:17-20). Jesusek bazekien predikazioan ez zituztela beti ikaragarrizko bizipenak izango. Izan ere, ez dakigu Jesusen ikasleei entzun zietenen artean zenbat bihurtu ziren kristau. Ikasleen pozteko arrazoia ez zen jendeak entzutea izan behar bakarrik. Garrantzitsuagoa zen Jehobak beraiek egindako ahalegin handiak atsegin zituela jakitea.

9. Galaziarrei 6:7-9 pasartearen arabera, zer gertatuko da predikazioan ez badugu etsitzen?

9 Predikazioan irauten badugu, betiko biziko gara. Erreinuko egiaren haziak erein eta lantzen ditugun bitartean, «Espiritua ereiten» dugu. Hau da, Jainkoaren espiritu santuari gure bizitzan eragina izaten uzten diogu. «Aspertu» edo «etsitzen ez badugu», nahiz eta inori bataiora iristeraino ez lagundu, Jehobak betiko bizia bilduko dugula ziurtatzen digu (Irakurri Galaziarrei 6:7-9).

ZER ESPERO BEHARKO GENUKE?

10. Zeren araberakoa da jendearen erantzuna?

10 Jendearen erantzuna bihotzean duenaren araberakoa da batez ere. Jesusek hau azaldu zuen hazia erein zuen nekazari baten parabolan. Lur desberdinetan erein zuen hazia, baina batek bakarrik eman zuen fruitua (Lk 8:5-8). Jesusek esan zuen lur mota bakoitzak jende desberdina irudikatzen duela. Jainkoaren mezuari beraien bihotzaren arabera erantzuten diote (Lk 8:11-15). Nekazariak bezala, guk ere ezin dugu gure lanaren fruitua kontrolatu, hau gure entzuleak bihotzean duenaren araberakoa baita. Gure ardura Erreinuko mezuaren hazi ona ereiten jarraitzea da. Paulo apostoluak esan zuen bezala, «bakoitzak, berak egindako lanaren arabera saria hartuko du», eta ez bere lanaren emaitzen arabera (1 Ko 3:8).

Noek urte askoz leialki predikatu arren, bere emaztea, semeak eta euren emazteak bakarrik sartu ziren berarekin arkan. Hala ere, Noek Jehoba obeditu eta berak emandako lana burutu zuen (Ikusi 11. paragrafoa)

11. Zergatik zegoen Jehoba pozik Noeren predikazioarekin jendeak kasurik ez egin arren? (Ikusi azaleko irudia).

11 Historian zehar, Jehobaren zerbitzari askok entzun nahi ez zuen jendeari predikatu diote. Adibidez, Noe seguraski 40 edo 50 hamar bat urtez «justiziaren predikatzaile» izan zen (2 P 2:5, Ur, ortografia egokitua). Zalantzarik gabe, jendeak bere predikazioari ondo erantzutea esperoko zuen, baina Jehobak ez zuen esan horrelakorik gertatuko zenik. Horren ordez, Noeri arka eraikitzeko agindu zionean, Jainkoak esan zion: «Sar zaitezte ontzian emaztea eta biok, baita zure semeak ere emazteekin» (Has 6:18). Gainera, Jehobak arka eraikitzean nolako tamaina izan behar zuen esan zionean, jende askorentzat tokirik ez zela egongo ikusirik, ez zutela askok entzungo konturatuko zen (Has 6:15). Dakigunez, inork ez zion Noeri kasurik egin (Has 7:7). Pentsatu al zuen Jehobak Noek porrot egin zuela? Inola ere ez! Jehoba Noerekin oso pozik zegoen, leialtasunez berak esandakoa egin baitzuen (Has 6:22).

12. Nahiz eta jendeak ez entzun eta oposizioa jasan, zergatik sentitu ahal izan zuen Jeremiasek poza bere predikazioan?

12 Jeremias profetak ere 40 urte baino gehiagoz predikatu zuen, nahiz eta jendeak ez entzun edo bere aurka egon. Etsaien irain eta isekengatik hainbeste desanimatu zen, non bere eginkizuna uztea pentsatu zuen (Jr 20:8, 9). Baina ez zuen etsi. Zerk lagundu zion bere sentimendu negatiboak gainditzen eta predikazioan poza sentitzen? Bi gauza inportante izan zituen kontuan. Lehenik, Jainkoaren mezuak «itxaropenez beteriko etorkizuna emango» ziola jendeari (Jr 29:11). Bigarrenik, Jehobak aukeratu zuela bere izenean herriari hitz egiteko (Jr 15:16). Guk ere mundu ilun honetan itxaropenez beteriko mezua ematen dugu eta, bere Lekuko bezala, Jehobaren izena daramagu. Bi gauza inportante hauetan arreta jartzen badugu, jendearen erantzuna zein den axola gabe, poza sentituko dugu.

13. Zer ikasi dezakegu Markos 4:26-29 pasarteko Jesusen parabolatik?

13 Espiritualki haztea pixkanaka-pixkanaka gertatzen da. Jesusek ideia hau irakatsi zuen lo egiten duen nekazariaren parabolan (Irakurri Markos 4:26-29). Nekazariaren esfortzuen fruitua pixkanaka etorriko zen eta ez zegoen bere kontrolpean. Guk ere gure biblia-ikasleak ikasten duena praktikan jartzen duela ikusteko, agian denbora luzez itxaron behar dugu. Nekazariak ezin ditu landareak berak nahi duen abiaduran haztera behartu. Era berean, guk ere ezin dugu gure biblia-ikaslearen fedea guk nahi bezain azkar haztera behartu. Beraz, ez desanimatu edo etsi bere aurrerakuntza zuk espero bezain azkar ez bada ematen. Nekazaritzan bezala, ikasleak egitean behar-beharrezkoa da pazientzia (St 5:7, 8).

14. Zer adibidek erakusten du gure predikazioaren emaitzak ikusteko denbora behar dela?

14 Toki batzuetan, gure predikazioaren emaitzak ez dira urtetan ikusten. Pentsa dezagun Gladys eta Ruby Allen izeneko bi ahizpen bizipenean. 1959⁠an, Kanadan, aitzindari erregular bezala bidali zituzten Quebec probintziako herri batetara. * Auzokideen presioa eta Eliza katolikoaren eraginaren ondorioz, jendeak ez zuen Erreinuko mezua entzun nahi. Gladysek honakoa kontatu zuen: «Bi urtetan zehar, egunero-egunero zortzi orduz joaten ginen atez ate, baina ez genuen inorekin hitz egin! Etxeko jabeak atera hurbildu, gu ginela ikusi eta ez ziguten irekitzen. Baina ez genuen amore eman». Poliki-poliki, jendea atseginagoa izaten eta beraiei entzuten hasi zen. Orain hiru kongregazio daude herri horretan (Is 60:22).

15. Zer ikasi dezakegu 1 Korintoarrei 3:6, 7⁠tik ikasleak egiteko lanari buruz?

15 Ikasleak egitea talde-lana da. Kongregazioko guztiok zerbait egin dezakegu norbait bataioraino iristen laguntzeko (Irakurri 1 Korintoarrei 3:6, 7). Adibidez, anaia batek esku-orri bat edo aldizkari bat uzten dio interesa erakutsi duen norbaiti. Ezin duenez etxeko jabeari komeni zaion orduan itzuli, beste berri-emaile bati eskatzen dio joateko. Berri-emaile horrek biblia-ikastaroa hasten du. Anai-arreba desberdinak gonbidatzen ditu ikastarora eta hauetako bakoitzak ikaslea modu desberdinean animatzen du. Ikaslea ezagutu duten anai-arreba guztiek ureztatzen dute egiaren hazia. Horrela, parte hartu duten guztiak poz-pozik egon daitezke ikaslea bataiatzen denean (Jn 4:35-38).

16. Nahiz eta osasun kaxkarra edo indar falta izan, zergatik sentitu dezakezu poza zure predikazioan?

16 Agian, osasun txarragatik edo indar faltagatik ezin duzu lehen egiten zenuen bezainbeste egin predikatzeko eta irakasteko lanean. Hala ere, pozik egoteko arrazoiak badituzu. Begira zer egin zuen Dabid erregeak berak eta bere gizonek amalektarrengandik beraien familiak eta ondasunak berreskuratu zituztenean. 200 gizon borrokan parte hartzeko neka-neka eginda zeudenez, gauzak zaintzen gelditu ziren. Borroka irabazi ondoren, jasotako gauza guztiak denen artean banatzeko agindu zuen Dabidek (1 Sm 30:21-25). Antzeko zerbait gertatzen da ikasleak egiteko lanarekin. Agian ezin duzu predikatzeko eta irakasteko lanean nahiko zenukeen bezainbeste egin. Baina ahal duzun guztia egiten baduzu, poz handia sentitu dezakezu norbait Jehoba ezagutu eta bataiatzen den bakoitzean.

17. Zer eskertu behar diogu Jehobari?

17 Asko eskertzen dugu Jehobak gure zerbitzua estimatzea. Badaki ezin dugula inor entzutera edo bera adoratzera behartu. Hala ere, gure ahaleginak eta maitasuna kontuan hartu eta saritu egiten ditu. Gainera, predikatze-lanean ahal duguna eginez pozik egoten irakasten digu (Jn 14:12). Zalantzarik gabe, amore ematen ez badugu, Jehoba pozik egongo da gurekin. Beraz, ez etsi!

sjj 67. KANTA Predikatu berri onak gogotsu

^ § 5 Norbaitek Biblia ikasi nahi duenean, oso pozik gaude. Baina, ez duenean nahi, pena ematen digu. Zer gertatzen da zure biblia-ikasleak ez badu aurrera egiten? Edo ez baduzu inor bataioraino iristen lagundu? Ikasleak egiteko lanean porrot egin duzula esan nahi al du honek? Artikulu honetan, jendearen erantzuna zein den axola gabe, predikazioan arrakasta zergatik izan dezakegun eta poza nola mantendu dezakegun aztertuko dugu.

^ § 3 Ikusi 2005⁠eko Anuario de los testigos de Jehová (Annuaire 2005 des Témoins de Jéhovah) liburuko 205-211⁠ko orrialdeak.

^ § 14 Ikusi Gladys Allenen bizipena aldizkari honen 2002⁠ko irailak 1⁠eko alearen «No cambiaría nada» (Je ne changerais rien!) artikuluan.