Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Lankide ona al zara?

Lankide ona al zara?

«HAREN ondoan nengoen ni, obra-maisu bezala; […] beraren aurrean jolastuz aldioro» (Es 8:30). Bertset honek, Jainkoaren Semea lurrera etorri baino lehen bere Aitarekin urte askoz lan egin zuela adierazten du. Gainera, Jesusentzat Jainkoarekin lan egitea jolastea bezain pozgarria dela esaten du.

Zeruan zegoenean, Jesusek lankide ona izaten ikasi zuen. Gero, lurrera etorri zenean, besteekin batera lanean ondo aritzearen eredu ezin hobea ezarri zuen. Nola lagundu gaitzake Jesusen ereduak? Gertutik aztertzen badugu, lankide onak izaten lagunduko diguten hiru printzipio ikusiko ditugu. Printzipio hauek elkarlanean estu-estu aritzeko aukera emango digute.

Jehoba eta Jesusen ereduak gogoan izanda, ikasi eta bizi izan duzuna lankideekin konpartitzeko prest egon

1. PRINTZIPIOA: BATAK BESTEA OHORATU

Lankide onak apaltasunez berarekin lana egiten dutenen balioa onartzen du eta ez da berak egindakoagatik harrokeriatan ibiltzen. Jarrera apal hau ikasi zuen Jesusek bere Aitarengandik. Sortzaile titulua berak bakarrik merezi arren, Jehobak bere Semeak egindako lan inportantea besteek ezagutzea nahi zuen. Argi ikusten da hori Jehobak esan zituen hitz hauetan: «Egin dezagun gizakia; izan bedi gure irudiko» (Has 1:26). Seguruenik Jehobaren apaltasuna asko eskertzen zuen Jesusek (Sal 18:35NWT).

Lurrean egon zenean, Jesusek antzeko apaltasuna erakutsi zuen. Egindakoagatik goraipatua izatean, merezi zuenari eman zion meritu guztia (Mk 10:17, 18; Jn 7:15, 16). Jesus bere ikasleekin giro baketsua mantentzen saiatu zen eta bere lagunak bezala tratatu zituen, ez morroi bezala (Jn 15:15). Ikasleei oinak ere garbitu zizkien apal izaten irakasteko (Jn 13:5, 12-14). Guk ere lankideak baloratu behar ditugu. Ez dugu komeni zaiguna beraien aurretik jarri behar. Meritua nork jasoko duen pentsatzen egon beharrean, «batak bestea elkar ohoratzen» badugu, askoz gehiago lortuko dugu (Erm 12:10, Ha, euskara batura egokituta).

Gainera, apala denak «askoren aholkuez arrakasta» dagoela onartzen du (Es 15:22). Esperientzia edo trebetasunak izan arren, gogoratu behar dugu den-dena dakien gizakirik ez dagoela. Jesus berak ere guztia ez zekiela onartu zuen (Mt 24:36). Gainera, interes bizia zuen bere ikasle inperfektuen iritzia jakiteko (Mt 16:13-16). Ez da harritzekoa, beraz, lankideak berarekin hain eroso sentitzea! Era berean, apaltasunez gure mugak onartzen ditugunean eta besteei parte hartzen uzten diegunean, beraiekin bakean egongo gara eta elkarrekin «arrakasta» izango dugu.

Adindunek elkarrekin lan egiten dutenean da bereziki inportantea Jesusen apaltasuna imitatzea. Espiritu santuak adindun-taldeko edonorengan eragina izan dezakeela gogoratu behar dute. Beraien bileretan guztiek parte hartzeko askatasuna dutela sentitzen badute, elkarrekin kongregazio osoaren onerako izango diren erabakiak hartuko dituzte.

2. PRINTZIPIOA: «JAKIN DEZATELA ARRAZOITSUAK ZARETELA»

Lankide ona arrazoitsua da besteekin lan egitean. Malgua da eta behar denean amore emateko prest dago. Dudarik gabe, Jesusek aukera asko izan zituen bere Aita arrazoitsua dela ikusteko. Adibidez, Jehobak gizakiek merezi zuten heriotza zigorretik askatzeko bidali zuen Jesus (Jn 3:16).

Beharrezkoa edo egokia zenean, Jesus amore emateko prest egon zen. Esaterako, nahiz eta Israelgo herrira bidalia izan, Feniziar emakume bati lagundu zion (Mt 15:22-28). Bere ikasleengandik espero zuenarekin ere arrazoitsua izan zen. Esaterako, bere lagun minetako batek, Pedrok, besteen aurrean ukatu zuenean, barkatzeko prest egon zen. Gainera, Pedrori ardura handiak eman zizkion beranduago (Lk 22:32; Jn 21:17; Eg 2:14; 8:14-17; 10:44, 45). Jesusen ereduak erakusten duen bezala, besteei arrazoitsuak garela erakutsi behar diegu amore emateko prest egonez (Flp 4:5NWT).

Arrazoitsuak izateak, moldakorrak izaten lagunduko digu mota desberdineko jendearekin elkarlanean aritzean. Jesusek bere inguruan zeudenak oso ongi tratatu zituen. Horregatik, bere etsaiak jeloskor jarri eta salatu egin zuten, esaterako, bere mezua onartu zuten «zergalari eta bekatarien laguna» izateaz (Mt 11:19). Jesusek egin zuen bezala, ibili al gaitezke elkarlanean desberdinak direnekin? Louisek Betelen eta eskualde-arduradun zerbitzuan mota desberdineko anai-arrebekin lan egin du. Berak dio: «Besteekin lan egiteak tamaina desberdineko harriekin pareta bat eraikitzea bezalakoa da. Harrien kokalekuan aldaketak eginez, pareta zuzena lortu dezakezu. Ni ere aldaketa pertsonalak egiten saiatu naiz paretak zuzena izaten jarraitu dezan». Hori da jarrera egokia!

Lankide onak ez du kontrola mantentzearren informazioa ezkutatzen

Noiz erakutsi dezakegu elkarlanean aritzeko jarrera egokia gure kongregazioan? Aukera ederra dugu gure predikatze-taldearekin gaudenean. Adibidez, familia ardura desberdinak dituztenekin edo gure adinekoak ez direnekin predikatu dezakegu. Arrazoitsuak izan al gaitezke geure erritmoa edo predikazio mota aldatuz? Horrela, predikazioaz gehiago gozatuko dute.

3. PRINTZIPIOA: KONPARTITZEKO PREST EGON

Lankide ona konpartitzeko prest dago, adibidez, dakiena «besteen zerbitzura» jarriz (1 Tm 6:18). Bere Aitaren ondoan lanean egon zenean, Jesusek argi eta garbi ikusiko zuen Jehoba ez zela berarengandik gauzak ezkutatzen ari. Izan ere, Jehobak «zeruak ezarri zituenean», Jesus han zegoen eta berarengandik ikasi zezakeen (Es 8:27). Beranduago, Jesusek bere Aitak «jakinarazitako guztia adierazi» zien poz-pozik bere ikasleei (Jn 15:15). Eredu hori jarraituz, guk ere, ikasi eta bizi izan duguna anai-arrebekin konpartitzeko prest egon behar dugu. Lankide onak ez du kontrola mantentzearren beharrezkoa edo lagungarria den informazioa gordeko. Plazer handiz partekatuko ditu ikasi dituen gauza onak.

Gainera, gure lankideekin hitz animagarriak konpartitu ditzakegu. Norbaitek gure ahaleginak ikusi eta bihotzez eskertzen dituenean, ez al gara ondo sentitzen? Jesusek bere lankideei beraiengan ikusten zituen ezaugarri onak esateko denbora hartu zuen (Konparatu Mateo 25:19-23; Lk 10:17-20). Berak egin zituen ekintzak baino «are handiagoak» egingo zituztela esan zien (Jn 14:12). Hil aurreko gauean, bere apostolu leialak zoriondu zituen esanez: «Zuek sendo iraun duzue nirekin nire probaldietan» (Lk 22:28). Imajinatu nola ukituko zituzten hitz hauek beraien bihotzak! Zalantzarik gabe, gehiago egitera bultzatuko zituen. Era berean, gure lankideak zoriontzeko denbora hartzen badugu, zoriontsuagoak izango dira eta, seguruenik, lan hobeagoa egingo dute.

LANKIDE ONA IZAN ZAITEZKE

«Lankide onak ez du perfektua izan beharrik», dio Kayode izeneko anaia batek, «horren ordez, bere ingurukoei pozik egoten eta lana arinago egiten laguntzen die». Horrelako lankidea al zara? Zergatik ez diozu zure lankide kristau baten bati galdetzen nolako lankidea zaren? Jesusen ikasleek berarekin lan egiteaz gozatu zuten bezala, gozatzen al dute besteek zurekin elkarlanean aritzeaz? Hala bada, Paulo apostoluak esan zituen hitzak esan ahal izango dituzu: «Zuekin elkarlanean [nabil] zuen pozerako» (2 Ko 1:24).