Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

8. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Alaitzen al dute bihotza zure aholkuek?

Alaitzen al dute bihotza zure aholkuek?

«Lurrin eta usainki gozoek bihotza alaitzen, adiskidearen aholkuak barrua gozatzen» (ES 27:9).

sn 42. KANTA «Gauza ez direnei lagundu»

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zer ikasi zuen anaia batek aholkua emateari buruz?

 ORAIN dela urte asko, bi adindun bilerak galtzen ari zen arreba batengana joan ziren bisitan. Elkarrizketan aurrea eraman zuen adindunak, bileretara joateari buruzko aipu batzuk irakurri zizkion arrebari. Anaiak bisita ondo joan zela pentsatu zuen, baina joaten ari zirela, arrebak esan zien: «Ez daukazue ideiarik. Ez dakizue zer pasatzen ari naizen». Aholku eman aurretik adindunek ez zioten bere egoera edo arazoei buruzko galderarik egin. Beraz, arrebari ez zitzaion iruditu emandako aholkua lagungarria izan zenik.

2 Atzera begira, aurrea eraman zuen adindunak esaten du: «Hasieran arrebak errespeturik gabe hitz egin zidala pentsatu nuen. Baina gehiago pentsatu ahala, aipu egokiekin etorri beharrean, galdera egokiekin etorri behar nuela konturatu nintzen. Adibidez: “Zer moduz zaude? Zer egin dezaket zuri laguntzeko?”». Bizipen honi esker, anaia enpatia handia duen eta asko laguntzen duen artzaina da orain.

3. Nork eman dezake aholku kongregazioan?

 3 Artikulu hau adindunei zuzendua dago bereziki, aholkua emateko ardura baitute. Baina beraiek ez dira aholkua eman dezaketen bakarrak. Adibidez, kongregazioko anaia edo arreba batek lagun bati Biblian oinarritutako aholkua eman ahal dio (Sal 141:5NWT; Es 25:12). Edo adineko arreba batek arreba gazte bati aholkua eman ahal dio, esaterako, Titori 2:3-5 aurkitzen diren gaiei buruz. Eta, noski, gurasoek seme-alabei askotan aholkuak eman behar dizkiote. Beraz, denoi ondo etorriko zaigu «bihotza alaitzen» duten aholku praktiko eta animagarriak nola eman gogoratzea (Es 27:9).

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Lau galdera aztertuko ditugu artikulu honetan: 1) Zein da aholkua emateko motibazio egokia? 2) Benetan beharrezkoa al da? 3) Nork eman beharko luke? 4) Nola eman ditzakegu aholku lagungarriak?

ZEIN DA MOTIBAZIO EGOKIA?

5. Zergatik izango da errazago aholku bat onartzea adindunak modu erakargarrian ematen badu? (1 Korintoarrei 13:4, 7).

5 Adindunek anai-arrebak maite dituzte. Horregatik, hauetako bat hanka sartzera doala ikusten dutenean aholku ematen diote (Ga 6:1). Baina, hau egin aurretik, ona da adindunak Paulok maitasunari buruz esandakoan pentsatzea. «Maitasuna eraman onekoa eta bihozbera da. […] Dena barkatzen du, dena sinesten, dena itxaroten, dena ongi eramaten» (Irakurri 1 Korintoarrei 13:4, 7). Hitz hauetan hausnartzeak, bere motibazioa aztertzen eta aholkua jarrera onarekin ematen lagunduko dio. Adindunaren maitasuna nabaritzean, aholkua jasotzen duenari errazago egingo zaio aholkua onartzea (Erm 12:10).

6. Zer eredu ona ezarri zuen Paulok?

6 Paulok oso eredu ona jarri zien adindunei. Tesalonikarrek aholkua behar zutenean ez zuen zalantzarik egin eta eman egin zien. Baina, bere eskutitzetan, aholkua eman aurretik zoriondu egin zituen, maitasunez eta leialtasunez egindako lana eta iraupenagatik. Gainera, beraien bizitza ez zela erraza eta pertsekuzioa jasaten ari zirela kontuan hartu zuen (1 Ts 1:3; 2 Ts 1:4). Honetaz gain, eredugarriak zirela esan zien (1 Ts 1:8, 9). Nola sentituko ote ziren hau guztia entzutean? Zalantzarik gabe oso pozik! Argi dago Paulok asko maite zituela. Honi esker, tesalonikarrei bidalitako bi eskutitzetan, aholku lagungarriak eman ahal izan zizkien (1 Ts 4:1, 3-5, 11; 2 Ts 3:11, 12).

7. Zer arrazoi egon daiteke norbaitek aholkuren bat ez onartzeko?

7 Zer gertatzen da aholkua modu egokian ematen ez bada? Esperientzia handiko adindun batek dio: «Batzuetan aholkuak ez dira onartzen, ez onak ez direlako, emateko moduagatik baizik». Zer ikasten dugu? Aholkuaren atzean haserrearen ordez maitasuna dagoenean, askoz errazagoa dela onartzea.

BENETAN BEHARREZKOA AL DA AHOLKUA?

8. Zer galdetu beharko lioke adindun batek bere buruari aholku bat eman aurretik?

8 Adindunak ez luke presarik eduki behar norbaiti aholku emateko. Eman aurretik, bere buruari honakoa galdetu beharko lioke: «Benetan zerbait esan behar al diot? Ziur al nago zerbait oker egiten ari dela? Biblia-printzipioren bat hautsi al du ala iritzi kontua da?». Adindunak zentzuduna dela erakutsiko du «arin-arin hitz egiten» ez badu (Es 29:20, Ke, euskara batura egokituta). Zer egin ez badaki, beste adindun batengana jo dezake. Eta bien artean, anaia edo arreba horrek Bibliako printzipioen aurka doan zerbait egin duen aztertu dezakete (2 Tm 3:16, 17).

9. Zer ikasten dugu Paulorengandik aholkuak emateari buruz? (1 Timoteori 2:9, 10)

9 Demagun adindun batek norbaiti janzkerari buruzko aholku bat eman ala ez zalantza egiten duela. Adindunak bere buruari galdetu beharko lioke: «Bibliaren arabera, ba al dago arrazoirik zerbait esateko?». Bere iritzian oinarritu nahi ez duenez, beste adindun edo kristau heldu batengana jo dezake. Bion artean, Paulok janzkerari buruz esan zuena aztertu dezakete Biblian (Irakurri 1 Timoteori 2:9, 10). Paulok ez zuen zerrenda bat egin zer jantzi eta zer ez jantzi esanez. Printzipio ireki batzuk eman zituen modestiaz eta zentzu onez janzteko eta apaintzeko esanez. Eta Bibliaren aurka joan gabe janzteko gustu desberdinak daudela aitortu zuen. Beraz, aholkua beharrezkoa den ala ez erabakitzerakoan, adindunek anaia edo arreba hori modestiaz eta zentzu onez janzten ari den ikusi behar dute.

10. Zer hartu behar dugu kontuan erabaki pertsonalei buruz?

10 Bi kristau helduk erabaki desberdinak hartu ditzakete eta biak onargarriak izan. Ez genuke inoiz gure iritzia inori inposatzen saiatu behar (Erm 14:10).

NORK EMAN BEHARKO LUKE AHOLKUA?

11, 12. Aholkua beharrezkoa bada, zer galdetu behar dio adindun batek bere buruari eta zergatik?

11 Aholkua eman behar dela argi dagoenean, galdera bat sortzen da: Nork eman behar du aholkua? Aholkua adin txikiko bati edo ezkondutako arreba bati eman behar bazaio, adindunak familiaburuarekin hitz egingo du. Honek agian nahiago du aholkua berak eman edo adindunak ematen duenean bertan egon. * Edo,  3. paragrafoan aipatu den bezala, batzuetan agian hobe da arreba gazte bati aholkua arreba heldu batek ematea.

12 Hala ere, adindunak beste zerbait eduki behar du kontuan: «Ni al naiz anaia edo arreba horri aholkua emateko pertsona egokiena, edo hobe al da beste norbaitek ematea?». Adibidez, autoestimu arazoak dituen norbaitek hobeto jasoko du antzeko egoera bizi izan duen adindun baten aholkua. Izan ere, horrelako sentimenduak izan baditu, errazago egingo zaio enpatia erakustea. Hala ere, anaia edo arreba batek Bibliak eskatzen dizkion aldaketak egin behar dituenean, adindun guztiek daukate hori egitera animatzeko ardura. Beraz, aholkua ematea beharrezkoa denean, azkenean, inportanteena ematea da.

NOLA EMAN DITZAKEGU AHOLKU LAGUNGARRIAK?

Zergatik izan behar dute adindunek «entzuteko bizkor»? (Ikusi 13 eta 14 paragrafoak)

13, 14. Zergatik da garrantzitsua adindunek anai-arrebei entzutea?

13 Entzuteko prest egon. Aholkua emateko prestatzen ari denean, adindunak galdera hauek egin behar dizkio bere buruari: «Zer dakit anaia edo arrebaren egoerari buruz? Zer arazori ari da aurre egiten? Egongo ote da nik ez dakidan arazoren bat? Zer da orain benetan behar duena?».

14 Aholkua eman behar duen adindunarentzat, Santiago 1:19-20⁠ko printzipioa oso lagungarria da: «Gizaki orok izan behar du entzuteko bizkor, hitz egiteko nagi eta haserretzeko ere nagi». Adindunak egoera ondo ezagutzen duela pentsatu dezake. Baina, hala al da benetan? Esaera Zaharrak 18:13⁠ak gogorarazten digu: «Entzun baino lehen erantzuten duenak zentzugabearen lotsa jasan beharko du». Egoera ezagutzeko modurik onena pertsonari galdetzea da. Beraz, zerbait esan aurretik entzun egin behar da. Zer ikasi zuen artikuluaren hasieran aipatutako adindunak?Berak onartzen du bisita prestaturik zeukan informazioarekin hasi beharrean, galderak eginez hasi behar zuela. Adibidez, «Zer moduz zaude? Zer egin dezaket zuri laguntzeko?». Adindunek benetan gertatzen ari dena jakiteko denbora hartzen badute, anai-arrebak lagundu eta animatuko dituzte.

15. Nola jarraitu dezakete adindunek Esaera Zaharrak 27:23⁠ko printzipioa?

15 Ezagutu artaldea. Hasieran ikusi dugunez, aholkua lagungarri izateko ez da nahikoa aipu pare bat irakurri edo ideiaren bat ematea. Anai-arrebek adindunak beraiez arduratzen direla, ongi ezagutu eta ulertzen dituztela, eta laguntzeko prest daudela sentitu behar dute (Irakurri Esaera Zaharrak 27:23, Ur *). Noski, horretarako adindunek anai-arreben lagun onak izaten saiatu behar dute.

Zerk erraztuko die adindunei aholkuak ematea? (Ikusi 16. paragrafoa)

16. Zer egin dezakete adindunek aholku lagungarriak emateko?

16 Anai-arrebek ez lukete sentitu behar adindunak enpresa-gizon lanpetuak bezalakoak direnik eta norbaitek hanka sartzen duenean bakarrik gerturatzen direla. Horren ordez, adindunek anai-arrebekin hitz egiteko ohitura izan behar dute. Gainera, arazoak dituztenean, hor daude interesa erakusten. Esperientzia handiko adindun batek dio: «Hori egiten baduzu, anai-arreben lagun ona izatera iritsiko zara eta horrek aholkua ematea erraztuko dizu». Onartzea ere errazago egingo zaio aholkua jasotzen duenari.

Zergatik erakutsi behar dute adindunek pazientzia eta goxotasuna aholkuak ematean? (Ikusi 17. paragrafoa)

17. Noiz da bereziki beharrezkoa adindunek pazientzia eta goxotasuna erakustea?

17 Erakutsi pazientzia eta goxotasuna. Ezaugarri hauek beharrezkoak dira bereziki hasiera batean Biblian oinarritutako aholkua berehala onartzen ez bada. Horrelakoetan, inportantea da adindunak pazientzia ez galtzea. Bibliak honakoa aurresan zuen Jesusi buruz: «Kanabera printzatua [edo pitzatua] ez du hautsiko, ahulduriko argi-metxa ez du itzaliko» (Mt 12:20). Beraz, adindunak anaia edo arrebaren alde otoitz egin dezake. Aholkua ulertzen eta jarraitzen laguntzeko eskatu ahal dio Jehobari. Gainera, agian esandakoan pentsatzeko denbora beharko duela hartu behar du kontuan. Aholkuak pazientziaz eta goxotasunez ematen direnean, askoz errazagoa da onartzea. Baina noski, aholkua Jainkoaren Hitzean oinarritu behar da beti.

18. a) Zer izan behar dugu kontuan aholku ematean? b) Zertaz ariko dira hitz egiten taulako irudian agertzen diren gurasoak?

18 Ikasi zure akatsetatik. Inperfektuak garenez, ezinezkoa da artikulu honetan ikusitakoa beti zehatz-mehatz jarraitzea (St 3:2). Akatsak egin, egingo ditugu. Kontua da hauetatik ikasi nahi dugula. Anai-arrebek maite ditugula sentitzen badute, errazago izango zaie mintzen ditugunean barkatzea (Ikusi « Gurasoentzako oharra» taula ere).

 

ZER IKASI DUGU?

19. Nola alaitu dezakegu gure anai-arreben bihotza?

19 Guztiok inperfektuak garenez, ez da erraza aholku lagungarriak ematea. Beraz, gogoan izan ditzagun artikulu honetan aztertu ditugun printzipioak. Lehenik, ziurtatu aholkua motibazio egokiarekin emango duzula. Bigarrenik, aholkua eman aurretik, pentsatu honetan: «Beharrezkoa al da? Ni al naiz emateko pertsona egokiena?». Hirugarrenik, ezer esan aurretik, anaia edo arrebaren arazoa ongi ulertzeko, galderak egin eta arretaz entzun. Saiatu gauzak bere ikuspuntutik begiratzen. Goxotasunez hitz egin eta lagun ona izaten saiatu. Hau guztia egiten badugu, gure helburua lortuko dugu: lagungarriak diren eta «bihotza alaitzen» duten aholkuak ematea (Es 27:9).

sjj 103. KANTA Artzainak Jehobaren opariak dira

^ § 5 Aholkuak ematea ez da beti erraza. Beraz, nola egin dezakegu ematen dugun aholkua lagungarria eta animagarria izateko? Artikulu hau bereziki adindunei zuzendua dago, ematen dituzten aholkuek bihotza ukitu dezaten.

^ § 11 Ikusi Buruzagitzaren antolaketa kongregazioan artikulua aldizkari honen 2021⁠eko otsaileko alean.

^ § 15 Esaera Zaharrak 27:23, Ur, euskara batura egokituta: «Ongi ezagutu itzazu zure ardiak, eta eduki itzazu begien aurrean zure artaldeak».